Partekatu edukia
Euskara
Gaia: Orbaibarko Administrazio Zerbitzuen Batasuneko plantilla organikoan hizkuntza eskakizun elebiduneko lanpostuak aurreikuspen falta.
Lehendakari andrea:
1. 2022ko ekainaren 20an, erakunde honek Administrazioan Euskaraz Taldearen idazki bat jaso zuen. Horren bidez, kexa egin zuten Orbaibarko Administrazio Zerbitzuen Batasunean bertako langile organikoen artean profil elebiduna duten langileak falta direlako eta euskaraz jakitea ez delako merezimendutzat hartzen.
Idazki horretan, zera azaldu zen:
a) 2022ko otsailaren 14an, Orbaibarko Administrazio Zerbitzuen Batasunaren plantilla organikoa argitaratu zen Nafarroako Aldizkari Ofizialean. Sei lanpostuetatik, batek ere ez dauka profil elebiduna, eta ez da merezimendutzat hartzen euskaraz jakitea.
b) Euskarari buruzko Foru Legearen 17. artikuluak aitortzen du eremu mistoko herritar guztiek euskara nahiz gaztelania erabiltzeko eskubidea dutela Nafarroako administrazio publikoei zuzentzeko.
b) 2022ko martxoaren 3an, Orbaibarko Administrazio Zerbitzuen Batasunari eskatu zioten egokitu zezala plantilla organikoa Euskarari buruzko Foru Legearen 17. artikuluak eskaintzen dituen bitartekoen bidez eta idazkaritza-lanposturako eskatu zezala C1 mailako euskarako hizkuntza-eskakizuna. Oraindik ere ez dute erantzunik jaso.
c) Horregatik, arreta euskaraz jasotzea bermatzeko, plantilla organikoan profil elebiduna duen langileak sar daitezela eskatu dute, eta euskaraz jakitea merezimendu gisa erregulatu dadila.
2. Jarraian, erakunde honek Orbaibarko Administrazio Zerbitzuen Batasunera jo zuen eta mahai gainean jarritako gaiari buruzko informazioa eskatu zion.
Jasotako txostenean, honako hau esaten da:
“Orbaibarko Administrazio Zerbitzuen Batasunak idazkaritza, kontu-hartzailetza, diruzaintza eta administrazio-lanak eskaintzen dizkie Garinoain, Oloritz (4 kontzejuz osaturiko Udala), Orisoain, Puiu eta Untzueko udalei.
Plantilla honako hauek osatzen dute: idazkaritza-postua (kontu-hartzailetza ahalmenak baliatzen dituena), ofizial administrariaren postua (diruzaintza ahalmenekin), administrari laguntzailearen 3 postu (%100eko lanaldiarekin) eta laguntzaile-postua (% 20ko lanaldiarekin, Leotzko Udalarekin partekatua).
Garinoain, Puiu eta Untzueko udalak eremu mistoan sartu zirenetik 2017an, hainbat gertakari gertatu dira Baldorbako eremuan (suteak, udal-hauteskundeak 2019an, uholdeak, pandemiaz gain), eta udal bakoitzak gertakari horietan jarri du arreta, eta udal horiek dituzten administrazio-baliabide guztiak bideratu dituzte horietara, eta baliabide horiek gutxi dira indarrean dagoen legeriaren arabera beren gain hartu behar dituzten gaitasun guztietarako, udalerri bakoitzeko biztanleria gorabehera.
Udal horietako udalbatzak beren ekintza politikoan jarri dute arreta eta hori lehenetsi dute; urte hauetan zehar gertaturiko gertakari desberdinak konpontzea, izan ere, gertakari horiek garrantzia bereko beste esparru batzuetan jarduteko aukera murriztu dute, hala nola, gure herrietako bizilagunak beren udalera euskaraz zuzendu ahal izatea. Administrazioan Euskeraz Taldeak, hain zuzen ere, aipatu du Batasunaren plantilla organikoak ez duela jasotzen euskara eskatzen duen lanposturik, ez eta aipaturiko plantillako lanpostuetako batean euskaraz jakitea merezimendutzat hartzeko aukerarik. Gomendatu du planteatu dadila idazkaritza-posturako C1 maila eskatzeko aukera.
Azken hiru urteetan, Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiaren epai desberdinek zein Nafarroako Administrazio Epaitegiaren ebazpenek (Administrazioan Euskeraz Taldeak seguru asko izango duela horien berri) jurisprudentzia ezarri dute eremu mistoan lanpostu desberdinetan euskara eskatzeko eta merezimendu gisa aintzat hartzeari dagokionez eta horien ehunekoei dagokienez.
Epai eta ebazpen horiek lanpostu bakoitzaren analisi edo azterketa bat egiteko betebeharra ezartzen dute, dagokion administrazioan dagoen demanda errealaren arabera, zein dagokion administraziora euskaraz zuzendu daitezkeen herritarren ehunekoaren arabera. Era berean, epai eta ebazpen horiei jarraikiz, plantilla organiko desberdinetako lanpostuetan euskara derrigor eskatu ahal izateko, beharrezkoa da derrigortasun hori eskatuko duten herritarrak egotea.
Beraz, plantilla organikoa aldatu eta dagokion lanpostuari derrigortasun edo merezimendu hori eman aurretik, beharrezkoa da lanpostuei buruzko azterketa bat egitea, bai eta inkesta/azterketa bat egitea ere, eskualdeko hizkuntza-errealitateari buruzkoa, derrigortasun edo merezimendu hori zenbat lanpostuk izan beharko luketen zehaztu ahal izateko.
Azterketa hori egiteke dago eremu mistoan integratutako udal horietan, eta, beraz, une honetan batasunak ez du beharrezko tresnarik plantilla organikoa eskaturiko baldintzen arabera aldatu ahal izateko.
Edonola ere, gaur egun, Batasuna, Nafarroako gainerako administrazioak bezala, behartuta dago enplegu publikoan behin-behinekotasuna murrizteko premiazko neurriei buruzko abenduaren 28ko 20/2021 Legea betetzera (oinarrizkotzat jotzen den araudia, 2021eko abenduaren 29ko BOEn argitaratua, eta egun horretan bertan sartu zena indarrean).
Hortaz, administrazio honek batasuna bera sortu zenetik hutsik dauden lanpostuak finkatu eta egonkortu behar ditu, azken plantilla organikoan onartuta dauden bezala, eta 2022rako enplegu eskaintza publikoan onetsi zen bezala; eta datozen egunetan egingo da, izan ere, lanpostu horien deialdia 2022ko abenduaren 31 baino lehen egin behar da.
Edonola ere, prozesu horiek egin edo ez gorabehera, eta etorkizuneko plantilla organikoetarako, eremu mistoan dauden Batasuneko udalen udalbatza desberdinei Administrazioan Euskeraz Taldeak egindako eskaera helaraziko zaie.
Azkenik, jakinarazten dizut une honetan idazkaritza eta kontu-hartzailetza zereginak burutzen dituen pertsonak euskaraz dakiela, eta hala egiaztatzen du Hizkuntza Eskolako bere bosgarren tituluak, gaur egungo C1aren baliokidea”.
3. Azaldu den bezala, kexa aurkeztu zen Orbaibarko Administrazio Zerbitzuen Batasunaren plantilla organikoan ez delako aurreikusten hizkuntza-profil elebiduna duen lanposturik.
2022ko otsailaren 14ko Nafarroako Aldizkari Ofizialean jasotzen denaren arabera, Orbaibarko Administrazio Zerbitzuen Batasunaren 2022. ekitaldirako plantilla organikoa funtzionario-plaza batez eta 5 langilez osatzen da, eta horietako bati ere ez zaio eskatzen euskaraz jakitea eta hori gainera ez da merezimendutzat hartzen.
4. Euskarari buruzko abenduaren 15eko 18/1986 Foru Legearen 1.2.a) artikuluan, bere helburuetako bat bezala aitortzen da “herritarrek euskara jakin eta erabiltzeko duten eskubidea babestea”.
Eremu mistoan euskara erabiltzeari dagokionez, aipaturiko Foru Legearen 17. artikuluan honako eskubide hau aitortzen da: “herritar guztiek eskubidea dute euskara zein gaztelania erabiltzeko Nafarroako administrazio publikoetara zuzentzeko”. Gainera, eskubide hori bermatze aldera, administrazio publikoek honako hauek gauzatu ahalko dituzte: “a) Urteroko lanpostuen eskaintza publikoan zehaztea zein lanpostutarako izanen den nahitaezkoa euskaraz jakitea; b) Gainerako lanpostuetara iristeko deialdietan euskara jakitea merezimendu moduan baloratzea”.
Arau horiek garatuz, Nafarroako administrazio publikoetan, beren erakunde publikoetan eta menpeko dituzten zuzenbide publikoko entitateetan euskararen erabilera arautzen duen azaroaren 15eko 103/2017 Foru Dekretuaren 3.1.b) artikuluan, bere funtsezko helburuen artean, honako hau identifikatzen du: “Eremu mistoan, gauzagarri egitea herritarrek duten eskubidea euskaraz nahiz gaztelaniaz zuzentzeko Nafarroako administrazio publikoengana, beren erakunde publikoengana eta menpeko dituzten zuzenbide publikoko entitateengana”.
5. Batasunak arlo honetan duen autoantolaketa-gaitasunari kalterik egin gabe, eta ukaezina bada ere gaur egun idazkaritza eta kontu-hartzailetza lanak egiten dituen pertsonak une honetan euskararen ezagutza duela, plantilla organikoko lanpostu batean ere ez denez eskatzen euskaraz jakitea eta hori ez denez merezimendutzat hartzen, arriskua dago funtzionario hori ez dagoenean ez dela posible izango herritarrari arreta euskaraz behar bezala ematea.
6. Ondorioz, eta Nafarroako Arartekoari buruzko uztailaren 3ko 4/2000 Foru Legearen 34.1 artikuluak esleitu dizkidan ahalmenak erabiliz, jarraian azaldutakoa beharrezkoa dela ebatzi dut:
Orbaibarko Administrazio Zerbitzuen Batasunari gomendatzea har ditzala herritarrek administraziora euskaraz zuzentzeko duten eskubidea bermatzeko beharrezkoak diren neurriak.
Nafarroako Foru Komunitateko Arartekoari buruzko uztailaren 3ko 4/2000 Foru Legearen 34.2 artikuluari jarraikiz, bidezkoa da Orbaibarko Administrazio Zerbitzuen Batasunak, aginduzkoa den bezala, bi hilabeteko epean informa dezala ebazpen hau onartzen duen ala ez, eta, hala badagokio, azal dezala hura betetzeko zein neurri hartuko dituen.
Lege-agindu horretan ezarritakoari jarraikiz, ebazpena ez onartzeak berarekin ekarriko du kasua Nafarroako Parlamentuan azaltzekoa den 2022ko urteko txostenean sartzea, berariaz aipatuta zein den, konponbidea egon litekeela jo ondoren, aldeko jarrerarik hartu ez duen Administrazioa.
Zure erantzunaren zain, agur bero bat bidaltzen dizut,
Nafarroako Arartekoa
Patxi Vera Donazar
Partekatu edukia