Bilaketa aurreratua

Ebazpenak

Nafarroako arartekoaren ebazpena (Q22/851): a) Itzagako Zerbitzuen Mankomunitateari herritarrek aurkeztutako eskabideak garaiz eta behar bezala ebazteko legezko betebeharra gogoraraztea. b) Itzagako Zerbitzuen Mankomunitateari gomendioa egitea, herritarrek administraziora euskaraz jotzeko eta arreta hizkuntza horretan jasotzeko duten eskubidea bermatzeko beharrezko neurriak har ditzan.

2022 urria 20

Euskara

Gaia: Itzagako Administrazio Zerbitzuen Mankomunitateko plantilla organikoan euskarazko hizkuntza-eskakizuna duen langilerik ez izatea.

Itzagako Administrazio Zerbitzuen Mankomunitatearen Presidentea

Presidente andrea:

1. 2022ko ekainaren 13an, instituzio honek idazki bat jaso zuen, Joseba Otano Villanueva jaunarena, Administrazioan Euskaraz Taldearen ordez, bertan Itzagako Administrazio Zerbitzuen Mankomunitatearen plantilla organikoan euskarazko hizkuntza-eskakizuna duen langilerik ez dagoelako kexa bat planteatzen zuen.

Idazki hartan, hauxe zioen:

a) 2022ko otsailaren 21ean Itzagako Administrazio Zerbitzuen Mankomunitateko Plantilla Organikoa argitaratu zuen Nafarroako Aldizkari Ofizialak.

b) 11 lanpostu dira. Lanpostuek ez dute hizkuntz profil elebidunik eta ez dago euskara meritu gisa kontuan hartzeko inolako xedapenik.

c) Mankomunitateko kide dira eremu mistoko hainbat udalerri.

d) Udalerri horietako herritarrek Mankomunitatera euskaraz jotzeko duten eskubidea bermatzeko, 2022ko martxoaren 3an eskabide bat aurkeztu zuen plantilla organikoa aldatzeko eskatuz, bereziki kontu-hartzaile eta idazkari lanpostuak, baina oraindik ez zaio erantzunik eman.

2. Ondoren, erakunde honek Itzagako Administrazio Zerbitzuen Mankomunitatera jo zuen, gai horri buruzko informazio eske.

Jasotako txostenean, Mankomunitateak bere plantilla organikoa Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu izanaren kopia bat baino ez du ematen.

3. Jasota geratu denez kexaren xedea  da Itzagako Zerbitzuen Mankomunitateko plantilla organikoan ez dela aurreikusten hizkuntza-eskakizun elebiduna duten lanposturik.

2022ko otsailaren 21eko Nafarroako Aldizkari Ofizialean agertzen den bezala, Itzagako Administrazio  Zerbitzuen  Mankomunitateko plantilla organikoan 11 lanpostu daude (idazkari 1, kontu-hartzaile 1, 5 administrari eta 4 langile zerbitzu anitzetarako), eta plaza horiei ez zaie derrigorrez euskara jakin beharrik ezartzen edo ez da ezagutza hori merezimendu gisa baloratzen.

Kontuan izan behar da, Itzagako Zerbitzuen Mankomunitatearen estatutuetan ezarritakoaren arabera, honako hauek osatzen dutela mankomunitatea: “Elo, Untziti, Ibargoiti, Itzagaondoa, Lizoain-Arriasgoiti eta Urrotz-Hiria udalerriak” (1. artikulua). Udalerri horietatik, Euskarari buruzko abenduaren 15eko 18/1986 Foru Legearen 5.1.b) artikuluan ezartzen denarekin bat, Itzagaondoa, Arriasgoiti/Lizoain-Arriasgoiti eta Urrotz-Hiria eremu mistoa deitzen denaren barruan daude.

4. Kexa honen xede den arazoa ebazten hasi aurretik, izaera formala duen gai bati heldu behar zaio: interesdunak 2022ko martxoaren 3an aurkeztu zuen eskabideari ez erantzutea.

Kexaren egileak baieztatzen duenaren arabera, Mankomunitateko plantilla organikoan hizkuntza-eskakizun elebiduna duen lanposturik ez dagoela egiaztatuta, eskaera bat aurkeztu zuen Mankomunitatean arazoari irtenbidea emateko eskatuz, baina oraindik ez du erantzunik jaso.

Mankomunitateak, bere aldetik, ez du kexaren egileak esandakoa ezesten eta, ondorioz, hark esandakoa onartzen duela uler daiteke.

Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 21.1 artikuluak ezartzen duenaren arabera, Administrazioa “behartua dago ebazpen espresua eman eta jakinaraztera prozedura guztietan, edozein dela ere prozedura hasteko modua”.

Betebehar hori zein denbora-koordenatutan bete behar den mugatzearen ondoreetarako, 21. artikuluaren 2. atalak honakoa ezartzen du: “Ebazpen espresua jakinarazteko gehieneko epea, dagokion prozedura arautzen duen arauan zehaztutakoa izango da”. Era berean, 21. artikuluaren 3. atalean honako hau gehitzen da: “Prozedurei dagozkien arauetan ezarrita ez badago, hiru hilabete izango da gehieneko epea”.

Aztergai dugun kasu honetan, eskabidea aurkeztu zenetik zazpi hilabete baino gehiago igaro direnez, ez dago zalantzarik gehieneko epe hori ez dela betetzen ari, eta, ondorioz, erakunde honek egokitzat jotzen du Itzagako Zerbitzuen Mankomunitateari gogoraraztea herritarrek aurkeztutako eskabideak garaiz eta behar bezala ebazteko betebeharra duela.

5. Euskarari buruzko abenduaren 15eko 18/1986 Foru Legearen 1.2.a) artikuluak bere helburuen artean ezartzen du honako hau: “Herritarrek euskara jakin eta erabiltzeko duten eskubidea babestea”.

Eremu mistoan euskara erabiltzeari dagokionez, aipatu den Foru Lege horren 17. artikuluak honako eskubide hau aintzatesten du, “Herritar guztiek euskara nahiz gaztelania erabiltzeko eskubidea dute Nafarroako Administrazio Publikoei zuzentzeko”. Gainera, eskubide hori bermatze aldera, administrazio publikoek honako hauek egin ahal izango dituztela  ezartzen du: “a) Urteroko lanpostuen eskaintza publikoan zehaztea zein lanpostutarako izanen den nahitaezkoa euskaraz jakitea; b) Gainerako lanpostuetara iristeko deialdietan euskara jakitea merezimendu moduan baloratzea”.

Arau horiek garatuz azaroaren 15eko 103/2017 Foru Dekretuak, euskararen erabilera arautzen duena Nafarroako administrazio publikoetan, beren erakunde publikoetan eta menpeko dituzten zuzenbide publikoko entitateetan, 3.1.b) artikuluan adierazten du bere funtsezko helburuetako bat dela eremu mistoan honakoa ahalbidetzea: “gauzagarri egitea herritarrek duten eskubidea euskaraz nahiz gaztelaniaz zuzentzeko Nafarroako administrazio publikoengana, beren erakunde publikoengana eta menpeko dituzten zuzenbide publikoko entitateengana”.

Kasu honetan, Mankomunitatea eremu mistoan dauden udalerriek osatzen dutela eta plantilla organikoan hizkuntza-eskakizun elebidunik duen lanposturik ez dagoela egiaztatuta, erakunde honek uste du, a priori, ez dagoela bermatuta udalerri horietako herritarrek Mankomunitatera euskaraz jotzeko duten eskubidea.

Horregatik, erakunde honek komenigarritzat jotzen du Itzagako Zerbitzu Mankomunitateari gomendioa egitea, herritarrek administraziora euskaraz jotzeko duten eskubidea bermatzeko beharrezko neurriak har ditzan.

6. Eskubide hori bermatzeko kexaren egileak berariaz eskatzen du idazkariaren eta kontu-hartzailearen lanpostuetan C1 eskakizuna exijitzea.

Erakunde honek ez du egokitzat jotzen eskaera hori gomendio edo iradokizun gisa aurkeztea, bi arrazoirengatik:

a) Mankomunitatearen autoantolaketa-ahalaren parte da herritarrek arreta euskaraz jasotzeko duten eskubidea bermatzeko modua zehaztea eta erabakitzea.

b) Idazkarien eta kontu-hartzaileen eginkizunak direla eta, badira kexaren egileak eskatutako hizkuntza-eskakizunaren aurkako erabaki judizialak. Adibidez, Iruñeko Administrazioarekiko Auzien Epaitegiaren 2377/2020 zenbakiko Epaian, martxoaren 30ekoan, honako hau adierazten zen bosgarren oinarri juridikoan:

“Inolako zalantzarik gabe, ezinezkoa da idazkari eta kontu-hartzaile lanpostuei dagokienez euskara baldintza gisa eskatzea. Estatuko gainerako lekuetan  estatuko gaitasun maila dutenek betetzen dituzte lanpostu horiek, eta Konstituzio Auzitegiak berariaz eta argi adierazi du gai horri buruzko bere iritzia. Iritzi horren arabera ezartzen du ezin dela sarbidea mugatu hizkuntza koofizial bat jakitea baldintza gisa ezarrita; hori eginez gero Konstituzioak aurreikusitako eskubidea urratuko litzateke lanpostu eta kargu publikoetara berdintasun-baldintzetan iristeari dagokionez, eta ezerk ez du eragozten merezimendu ez-baztertzaile gisa baloratzea.

Lanpostu horiei esleitutako eginkizunetako batek ere ez du bestelako irtenbiderik justifikatzen, eta, beraz, aurkaratutako Ebazpenak adierazten duen bezala, neurriz kanpokoa da lanpostu horietan euskaraz C1 mailako hizkuntza-eskakizuna duen ezagutza-maila ezinbesteko baldintza gisa eskatzea.

Beraz, Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Salak adierazitakoarekin bat eta,aldi berean, Auzitegi Gorenaren doktrina jasoz, printzipio orokorra, oraindik ere, gaztelaniaz besteko Espainiako hizkuntzak jakitea merezimendu ez-baztertzaile gisa baloratu ahal izatea da eta, plaza zehatz eta jakin batzuetarako, botere publiko eskudunek izaera hori eman diezaioketela dagokion autonomia-erkidegoko hizkuntza koofizialaren ezagutza-probari”.

Beraz, erakunde honen ustez, Itzagako Zerbitzuen Mankomunitateak zehaztu behar ditu hartu beharreko neurriak, herritarrek euskaraz hitz egiteko eta arreta hizkuntza horretan jasotzeko duten eskubidea bermatze aldera.

7. Beraz, eta Nafarroako Foru Komunitateko Arartekoaren erakundea arautzen duen uztailaren 3ko 4/2000 Foru Legearen 34.1. artikuluak ematen dizkion eskumenen arabera, hau jo du beharrezkotzat:

a) Itzagako Zerbitzuen Mankomunitateari herritarrek aurkeztutako eskabideak garaiz eta behar bezala ebazteko legezko betebeharra gogoraraztea.

b) Itzagako Zerbitzuen Mankomunitateari gomendioa egitea, herritarrek administraziora euskaraz jotzeko eta arreta hizkuntza horretan jasotzeko duten eskubidea bermatzeko beharrezko neurriak har ditzan.

Nafarroako Foru Komunitateko Arartekoaren erakundea arautzen duen uztailaren 3ko 4/2000 Foru Legearen 34.2. artikuluari jarraikiz, eta aginduzkoa betez, Itzagako Administrazio Zerbitzuen Mankomunitateak bi hileko epean jakinarazi beharko du ebazpen hau onartzen duen eta, dagokionean, hura betetzeko zer neurri hartu dituen.

Lege-agindu horretan xedatzen denez, aipatutako administrazio publikoak arartekoaren erabakia onartzen ez badu, erakunde honek erabaki dezake gai hori 2022. urteari dagokion urteko txostenean sartzea eta Nafarroako Parlamentuan azaltzea, jarrera hori izan duen administrazio publikoa berariaz aipatuz, baldin eta arartekoaren iritziz erabakia onartzea posible bazen.

Adeitasunez, zure erantzunaren zain,

Nafarroako Arartekoa

 

Patxi Vera Donazar

Partekatu edukia