Partekatu edukia
Euskara
Gaia: Osasun Sailak Arrotxapeko osasun etxean euskarazko osasun eta administrazio laguntzari buruzko instantzia bati ez erantzutea.
Osasuneko Kontseilaria
Kontseilari andrea:
1. 2022ko urtarrilaren 2an, instituzio honek […]ren idazki bat jaso zuen. Horren bidez, kexa bat jarri zuen Osasun Departamentuaren aurka Arrotxapeako osasun-zentroan ez dagoelako euskarazko arreta mediko eta administratiborik.
Idazki hartan, hauxe zioen:
a) Adierazten duenaren arabera lehen mailako arretako bere medikua zenak Arrotxapeko Osasun Zentroa utzi ondoren euskaraz hitz egiten ez duten mediku bat eta erizain bat esleitu zaizkio.
b) Arreta euskaraz jaso ahal izateko 2022ko irailaren 19an eskabide bat aurkeztu zuen, honakoak izendatzeko eskatuz: “Arrotxapeko Osasun Zentroan mediku eta erizain euskalduna eta administrari euskaldunak“, baina oraindik ez zaio eskaera horri erantzun.
2. Ondoren, erakunde honek Osasun Departamentura jo zuen, gai horri buruzko informazio eske.
Honako hau jartzen du jaso genuen txostenean:
“Arrotxapeko osasun zentroan euskararen eskakizuna duten lau plaza daude. Medikuntzako plaza bat; gaur egun lanpostu honetan baldintza hori betetzen duen profesional batek lan egiten du. Erizaintzako bi plaza; horietan lan egiten duten profesionalek ere euskara ezagutzen dute. Eta, azkenik, harrera arloko plaza bat, euskara dakien administrari batek betetzen duena.
Arrotxapeko osasun zentroan artatzen diren biztanleei euskara dakien profesional bat hautatzeko aukera ematen zaie, nahiz eta egia izan profesional horiek kanpoan daudenean, oporrengatik, laneko bajengatik edo bestelako inguruabarrengatik, arreta horri jarraipena ematea taldeko gainerako profesionalen eta/edo kontratatutako langileen erantzukizuna da.
Kontratatutako profesionalek ez dute euskara jakiteko betebeharrik. Legez beharkizun hori bakarrik da ezinbestekoa lanpostuaz jabetzeko.
Era berean, jakinarazten dizugu (…) jaunari aukera ematen diogula familia-mediku eta kupoko erizain gisa zentroan euskara ezagutzen duten profesionalak hautatzeko.
Azkenik eskerrak eman nahi dizkiogu (…) jaunari bere osasun zentroan dituen zailtasunen eta beharren berri eman izanagatik. Hobetzen saiatzen gara zerbitzu hobea emateko”.
3. Jasota geratu denez kexak bi gai aurkezten ditu: bata formala da, instantzia bati erantzunik eman ez izanari dagokiona; eta, bestea, materiala, herritarrek Arrotxapeko Osasun Zentroan euskaraz artatuak izateko duten eskubideari buruzkoa.
4. Lehenengo gaiari dagokionez, adierazi behar da Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 21.1 artikuluak ezartzen duela administrazio publikoek betebehar hau dutela “ebazpen espresua eman eta jakinaraztera prozedura guztietan, edozein dela ere prozedura hasteko modua”.
Ebazpen- eta jakinarazpen-ataza hori burutu behar den denbora-koordenatuei dagokienez, artikulu bereko 2. atalak honakoa ezartzen du: “ebazpen espresua jakinarazteko gehieneko epea, dagokion prozedura arautzen duen arauan zehaztutakoa izango da”. Era berean, 3. atalak honakoa ezartzen du: “Prozedurei dagozkien arauetan ezarrita ez badago, hiru hilabete izango da gehieneko epea”.
Kasu honetan interesdunak adierazten du eskabidea 2022ko irailaren 19an aurkeztu zuela honakoak izendatzeko eskatuz: “Arrotxapeko Osasun Zentroan mediku eta erizain euskalduna eta administrari euskaldunak“, eta dirudienez oraindik ez zaio erantzun.
Departamentuak, bere aldetik, ez du gai horri buruzko ezer adierazten bere txostenean; beraz, horri buruzko eztabaidarik ez dagoenez, kexa hau ebazteko erakunde honek ondoriozta dezake Departamentuak isilbidez onartzen duela kexagileak gai horri buruz adierazten duen guztia.
Kontuan hartuta kexagileak 2022ko irailaren 19an aurkeztu zuela eskabidea eta oraindik ez zaiola erantzunik eman, ondoriozta daiteke horretarako arauz ezarritako epea gainditua izango zela eta, ondorioz, erakunde honek egokitzat jotzen du Departamentuari herritarren eskaerak garaiz eta behar bezala ebazteko duen betebeharra gogoraraztea.
5. Bigarren gaiari dagokionez, Osasun Departamentuaren txostenetik ondorioztatzen denez, herritarrek Arrotxapeko Osasun Zentroan euskaraz artatuak izateko duten eskubidea bermatuta dago eta interesdunari aukera ematen zaio euskaraz hitz egiten duten plantillako medikuetako edo erizainetako bat esleitzeko eskatzeko. Ondorioz erakunde honek ez du egokitzat jotzen gomendiorik, iradokizunik edo oroigarririk egitea, arazoa konpontzeko bidean dagoela ulertuta.
6. Beraz, eta Nafarroako Foru Komunitateko Arartekoaren erakundea arautzen duen uztailaren 3ko 4/2000 Foru Legearen 34.1. artikuluak ematen dizkion eskumenen arabera, hau jo du beharrezkotzat:
Osasun Departamentuari gogorarazten zaio bere legezko betebeharra dela herritarren eskaerei garaiz eta behar bezala erantzutea.
Aipatutako foru legearen 34.2 artikuluaren ondorioetarako erakunde honek onartutzat jotzen duen erabaki honen formulazioarekin amaiera ematen zaio gai honetan esku hartzeari eta, era berean, kexaren egileari jakinarazten zaio.
Hala ere, horri buruzko oharren bat egin edo ez duzula onartzen adierazi nahi bazenu, gehienez ere aipatu den 34.2 artikuluan ezartzen den bi hilabeteko epean egin dezakezu, eta horrek kasua dagokion urteko txostenean sartzea eragingo du.
Adeitasunez,
Nafarroako Arartekoa
Patxi Vera Donazar
Partekatu edukia