Bilaketa aurreratua

Ebazpenak

Nafarroako arartekoaren ebazpena (Q22/1339); horren bidez: a) Herritarrekiko Harremanetarako Departamentuari gomendatzen zaio, Euskarabidearen bitartez eta bere estatutuetako 3. artikuluaren babesean, behar diren neurriak har ditzala udalerriaren egungo izen ofiziala den “Mendigorria” terminoaren erabilera sustatzeko udalerriaren lehengo izena zen “Mendigorría” terminoaren ordez. b) Lurralde Kohesiorako Departamentuari seinale horiek ordezten ez diren bitartean Nafarroako errepideetan dauden seinaleetan Mendigorria udalerriari buruzko erreferentziak zuzentzeko iradokitzen zaio

2023 otsaila 27

Euskara

Gaia: “Mendigorria” udalerriaren izen ofiziala ez erabiltzea Nafarroako Gobernuaren trafiko eta komunikazio seinaleetan.

Lurralde Kohesiorako Kontseilaria

HerritarrekikoHarremanetarakoKontseilaria

Kontseilari jaun-andreak:

1. 2022ko azaroaren 30ean, instituzio honek [...]ren idazki bat jaso zuen, Hizkuntz Eskubideen Behatokiaren ordez. Horren bidez, kexa bat aurkeztu zuen Nafarroako Gobernuaren eskumeneko hizkuntza-paisaiaren hainbat elementutan izen ofizialaren arabera Mendigorria izena ez emateagatik eta, dokumentazio grafikoaren bidez, bereziki trafiko-seinale batzuk aipatuz.

Idazki hartan, hauxe zioen:

a) 2019ko apirilaren 17an onartu zen udalerriaren izena «Mendigorría» izatetik «Mendigorria» izatera igaroko zela; hala eta guztiz ere, «Mendigorría» izendapenak Nafarroako Gobernuaren trafiko-seinaleetan, komunikazioetan eta liburuxketan erabiltzen jarraitu zuen.

b) Euskarabideara idazki bat bidali zen, Nafarroako Gobernuko departamentu eskudunekin arazoaren konponbidea azter zezaten eskatzeko, baina oraindik ez zaio erantzunik eman.

2. Ondoren, erakunde honek Herritarrekiko Harremanetarako Departamentura jo zuen, gai horri buruzko informazio eske.

Honako hau jartzen du jaso genuen txostenean:

“Gobernuak 2022ko azaroaren 27an  (…)-ren idazkia jaso zuen, Q22/1339 espedientean aipatzen dena, eta Lurralde Kohesiorako Departamentuak bere gain hartu zuen erantzuna helarazteko eskumena; beraz, ildo beretik, Nafarroako Arartekoari eskatzen diogu Q22/1339 espedientea Lurralde Kohesiorako Departamentuari berresleitzeko”.

3.Informazio hori ikusita, instituzio honek Lurralde Kohesiorako Departamentura jo zuen, gai horri buruzko informazio eske.

Honako hau jartzen du jaso genuen txostenean:

“Behin baino gehiagotan adierazi den bezala, bide-seinaleen eguneratzea seinale horien beharrei eta zaharkitzeari lotuta dago, seinaletika mantentzeko  irizpide teknikoetan eta ez-linguistikoetan oinarrituta, eta horrela dago jasota Nafarroako biziguneen izenak erabiltzeko eta haiek grafikoki adierazteko irizpideak ezartzen dituen otsailaren 28ko 5/2018 Foru Dekretuan. Aipatutako foru dekretuak,  xedapen iragankor bakarrean, honakoa   jasotzen du: “Foru dekretu honetan ezarritakoa seinaleztapen berrien errotulazioan aplikatuko da, eta jarriak dauden seinaleak egokitu eginen dira kontserbazioa, mantentze-lanak edo berritzeak direla-eta aldian behin haiek ordezten direnean.”

Beraz, seinaleztapena ordezteko unean terminologia ofiziala sartuko da”.

4. Jasota geratu denez, kexak bi gai aurkezten ditu: alde batetik, izaera formala duena, interesdunak arazoa aztertzeko eta arazo hori konpontzeko neurriak hartzeko eskatuz 2022ko azaroaren 27an aurkeztutako idazki bati ez erantzuteari lotuta dagoena; eta, bestetik, izaera materiala duen beste bat, planteatu den arazoari lotuta dagoena, hau da, udalerriaren izen ofiziala "Mendigorria" izan arren dirudienez Nafarroako Gobernuaren trafiko-seinaleetan eta komunikazioetan "Mendigorría" izena erabiltzen jarraitzen delako.

5. Lehenengo gaiari dagokionez, adierazi behar da Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 21.1 artikuluak ezartzen duela administrazio publikoen betebeharra dela   honako hau: “ebazpen espresua eman eta jakinaraztera prozedura guztietan, edozein dela ere prozedura hasteko modua”.

Ebazpen- eta jakinarazpen-ataza hori egin behar den denbora-koordenatuei dagokienez, artikulu bereko 2. atalak honakoa ezartzen du: “Ebazpen espresua jakinarazteko gehieneko epea, dagokion prozedura arautzen duen arauan zehaztutakoa izango da.” Era berean, 3. atalak honako hau gaineratzen du: “Prozedurei dagozkien arauetan ezarrita ez badago, hiru hilabete izango da gehieneko epea”.

Kasu honetan, Herritarrekiko HarremanetarakoDepartamentuak adierazten duen bezala, interesdunak 2022ko azaroaren 27an aurkeztu zuen idazkia Euskarabidean, eta oraindik ere erakunde hori legez ezarritako epearen barruan egongo litzateke horri erantzuteko.

6. Bigarren gaiari dagokionez, interesdunak argazki-materiala aurkezten du, Nafarroako errepideetan dauden trafiko-seinale batzuetan udalerriaren egungo izendapenaren ordez zaharra agertzen dela frogatzeko. Halaber, nahiz eta horren froga elementurik aurkeztu ez, adierazten du Nafarroako Gobernuak lehengo izena behin eta berriz erabiltzen duela hainbat komunikaziotan.

Espediente honen izapidetzean erakunde honek egiaztatu ahal izan du udalerriaren egungo izena ez erabiltzea arazo orokorra dela Foru Komunitateko administrazioetan. Horrela, "Mendigorria" izenaren ordez  "Mendigorría" erreferentziak aurki daitezke toki-erakundeen orrialde ofizialetan (adibidez: https://www.pamplona.es/entidades/ayuntamiento-de-mendigorria-mendigorria), Mendigorriako Udalarena berarena barne (adibidez: http://www.mendigorria.eus/historia/),

Nafarroako Gobernuaren orrian (adibidez: https://www.navarra.es/home_es/Temas/Medio+Ambiente/Evaluacion+ambiental/Autorizaciones+ambientales/M/mendigorria.htm), edo horren komunikatuetan eta jakinarazpenetan (adibidez: https://www.navarra.es/es/noticias/2021/11/11/obras-publicas-inicia-los-trabajos-de-reparacion-del-puente-de-andelos-en-mendigorria-que-cuentan-con-un-presupuesto-de-260.000-euros).

Horregatik, erakunde honen ustez, bere estatutuen 3. artikulua eta, bereziki, 2. ataleko a) eta d) azpiatalak kontuan hartuta, komenigarria litzateke Euskarabideak neurri egokiak hartzea Nafarroako Gobernuko departamentuen artean izendapen ofizialaren erabilera sustatzeko.

Era berean, trafiko-seinaleei dagokienez, seinaleak egungo izendapenera egokitzeko esku-hartze arina baino ez litzateke beharko eta,  beraz, erakunde honen ustez komenigarria da Lurralde Kohesiorako Departamentuari iradokitzea seinale horiek ordeztu arte behar diren neurriak har ditzala seinaleztapena zuzentzeko.

7.Beraz, eta Nafarroako Foru Komunitateko Arartekoaren erakundea arautzen duen uztailaren 3ko 4/2000 Foru Legearen 34.1. artikuluak ematen dizkion eskumenen arabera, hau jo du beharrezkotzat:

a) Herritarrekiko Harremanetarako Departamentuari  gomendatzea, Euskarabidearen bitartez eta bere estatutuetako 3. artikuluaren babesean, behar diren neurriak har ditzala udalerriaren egungo izen ofiziala den “Mendigorria” terminoaren erabilera sustatzeko udalerriaren lehengo izena zen “Mendigorría” terminoaren ordez.

b) Lurralde Kohesiorako Departamentuari seinale horiek ordezten ez diren bitartean  Nafarroako errepideetan dauden seinaleetan Mendigorria udalerriari buruzko erreferentziak zuzentzeko iradokitzea.

Nafarroako Foru Komunitateko Arartekoaren erakundea arautzen duen uztailaren 3ko 4/2000 Foru Legearen 34.2. artikuluari jarraikiz, eta aginduzkoa betez, Herritarrekiko Harremanetarako Departamentuak eta Lurralde Kohesiorako Departamentuak bi hileko epean jakinarazi beharko dute ebazpen hau onartzen duten eta, dagokionean, hura betetzeko zer neurri hartu dituzten.

Lege-agindu horretan xedatzen denez, aipatutako administrazio publikoak arartekoaren erabakia onartzen ez badu, erakunde honek erabaki dezake gai hori dagokion urteko txostenean sartzea eta Nafarroako Parlamentuan azaltzea, jarrera hori izan duen administrazio publikoa berariaz aipatuz, baldin eta arartekoaren iritziz erabakia onartzea posible bazen.

Adeitasunez, zure erantzunaren zain,

Nafarroako Arartekoa

 

Patxi Vera Donazar

Partekatu edukia