Bilaketa aurreratua

Ebazpenak

Nafarroako Arartekoaren Ebazpena (Q22/1228); horren bidez, Antsoaingo Udalari iradokitzen zaio, etorkizunari begira, Antsoaingo Udalaren Musika Eskolan izena emateko formularioan herritarrek prestakuntza zein hizkuntzatan jaso nahi duten adierazteko laukitxo bat sartzea, horrela ikasketa horiek euskaraz egiteko aukera bistaratzea ahalbidetuko delako.

2023 urtarrila 02

Euskara

Gaia: Antsoaingo Udalaren Musika Eskolan euskarazko talderik ez eskaintzea eta, ondorioz, musika prestakuntza euskaraz jasotzeko beste ikastetxe batzuetara joan beharra izatea.

Antsoaingo Alkatea

Alkate jauna:

1. 2022ko urriaren 25ean, instituzio honek [...]aren idazki bat jaso zuen. Horren bidez, [...] ordez, kexa bat jarri zuen Antsoaingo Udalaren aurka, Antsoaingo Udalak ez diolako ordaindu alaba Antsoain ez den beste musika-eskola batean matrikulatzeagatik ordaindu behar izan zuen soberakina, Antsoainek taldeak euskaraz ez eskaintzeagatik.

Idazki hartan, hauxe zioen:

a) Antsoaingo udal musika eskolak euskarazko talderik eskaintzen ez zuenez, bere semea/alaba Artikako eskolan matrikulatu behar izan zuen.

b) Artikan erroldatuta ez zeudenez, 372 euro ordaindu behar izan zituzten matrikularen kontzeptuan.

c) 2022ko irailaren 15ean, eskabide baten bidez ondare-erantzukizun gisa  186 euro ordaintzeko eskatu zioten Udalari. Munta hori Artikan erroldatutako pertsona baten matrikulari dagokion zenbatekoaren eta berak erroldatu gabe gisa ordaindu behar izan zuenaren arteko aldea da.

2. Ondoren, erakunde honek Antsoaingo Udalara jo zuen, gai horri buruzko informazio eske.

Honako hau jartzen du jaso genuen txostenean:

“- Q22-829 espedientean jasota dagoen kexari buruzko gomendioari erantzuteko Alkatetza honen azaroaren 28ko txostenean azaltzen den bezala, Antsoaingo Udala ahal den neurrian euskarazko musika-irakaskuntzaren eskaerari erantzuten saiatzen da ondore horretarako maila eta ikasgai guztietan euskarazko taldeak sortuz.  Horretarako  matrikulazio-fasean eskolak euskaraz edo gaztelaniaz nahi dituzten galdetzen zaie matrikulatzen diren pertsonei. Horrela, hizkuntza bakoitzeko matrikulazio-datuak kontuan hartuta, Musika Eskola eskaerei erantzuten saiatzen da, taldeak antolatuz.

- Euskarazko eta gaztelaniazko taldeen zein eskari dagoen jakin ahal izateko, ezinbestekoa da udalak ikasleen matrikulazio-datuak eskura izatea. Gai honi dagokionez garrantzitsua da adieraztea kexa aurkeztu duen pertsonak ez duela matrikularik formalizatu Antsoaingo musika eskolan 2022-2023 ikasturterako, eta, beraz, ezin izan da matrikula hori aintzat hartu taldeak osatzeko orduan.

- Ezin da esan alaba bertze musika eskola batean matrikulatzeko erabakia zuzenean Antsoaingomusika eskolan euskarazko talderik atera ez delako gertatu denik, Udal honek ez duelako aukerarik izan kexa aurkeztu duen herritarraren euskarazko irakaskuntza-eskaerari erantzuteko, ez baitu musika eskolan matrikularik formalizatu. Hala egin izan balu, bere eskariari erantzun zaion ala ez ikusiko litzateke, eta, ohikoa den bezala, erantzun ezean, matrikularen zenbatekoa itzuliko zitzaion.

- Amaitzeko, gure ustez, alaba bertze musika eskola batean matrikulatzeko erabakiak ez du inolako zerikusirik AntsoaingoUdalarekin, eta, beraz, (…) udalak ez du zertan inolako konpentsazio ekonomikorik ordaindu”.

3. Jasota geratu denez, kexaren xedea Udalaren ondare-erantzukizuna da, ustez Ansoáin/Antsoaingo udal musika eskolan euskarazko talderik ez eskaintzeagatik eta, ondorioz, musika-prestakuntza hizkuntza horretan jasotzeko bertze ikastetxe batzuetara joan behar izateagatik.

Kexaren egileak adierazten duenez, Antsoaingo  udal musika eskolan euskarazko taldeak eskaini ez zirenez, adingabe baten gurasoek Artikako zentro batera joan behar izan zuten semeak/alabak  musika-prestakuntza hizkuntza horretan jasotzeko aukera izan zezan. Horregatik ordaindu zuten zenbatekoaren eta Artikan erroldatuta egon izan balira ordaindu beharko luketenaren arteko aldea Antsoaingo   udalak ordaintzeko eskatzen dute.

Udalak, bere aldetik, adierazten du erreklamazioa ez dela bidezkoa, adingabearen gurasoek ez baitzuten Antsoaingo udal musika eskolan matrikula formalizatu ere egin, eta, ondorioz, ez zutelako aukerarik eman euskarazko talde bat osatzeko ikaslerik zegoen ala ez egiaztatzeko.

4. Konstituzioaren 106.2 artikuluak ezartzen duenez “partikularrek, legeak finkatutakoaren arabera, jasaten duten edozein gaitz, ondasun eta eskubideengatik kalte orderako eskubidea dute, indar nagusigo batez izan ezik, gaitza herri zerbitzuetarako ondorio bat denean”.

Agindu hori garatuz, Sektore Publikoaren Araubide Juridikoaren urriaren 1eko 40/2015 Legearen atariko tituluko IV. kapituluak administrazio publikoen ondare-erantzukizuna arautzen du eta horren lehenengo artikuluan erantzukizunak bete beharreko printzipioak ezartzen dira. Horrela, 38. artikuluaren 1. paragrafoan honako hau adierazten da: “

“Partikularren eskubidea izango da administrazio publikoen kalte-ordaina jasotzea euren ondasun eta eskubideetatik edozeinetan jasotako lesio ororengatik, baldin eta lesio hori zerbitzu publikoen funtzionamendu normal edo anormalaren ondorioz sortu bada, salbu eta ezinbesteko kasuetan edo partikularrak legearen arabera eginbehar juridikoz jasan behar dituen kalteak direnean.” (enfasia erantsia da).

Artikulu horietatik ondorioztatzen denez, ondare-erantzukizuna egon dadin beharrezkoa da:

a) Partikularren ondasun eta eskubideei kalte egitea;

b) Zerbitzu publikoen funtzionamendu normala edo anormala egotea;

c) Kaltearen eta zerbitzu publikoen funtzionamenduaren arteko kausalitate-erlazioa izatea; eta

d) Ezinbesteko kasua edo partikularrak legearen arabera eginbehar juridikoz jasan behar duen kaltea ez izatea.

Aztergai dugun kasu honetan interesdunak alegatzen du kausalitate-erlazioa dagoela Antsoaingo udal musika eskolan euskarazko taldeak ez eskaintzearen eta adingabea Artikako zentro batean matrikulatzeko erabakiaren artean; hala ere, Antsoaingo  eskolan adingabearen matrikula formalizatu ez zenez, era eragingarrian ezin da zehaztu matrikula formalizatu izan balitz adingabeari musika-prestakuntza euskaraz jasotzeko aukera eskainiko ote zitzaion. Izan ere, matrikula formalizatu ez zenez, Udalari ez zitzaion aukerarik eman euskarazko talde bat sortzeko eskari nahikorik ba ote zegoen egiaztatzeko.

Erakunde honen iritziz interesdunak matrikula formalizatu eta prestakuntza euskaraz eskatu izan balu, Udalari aukera emango ziokeen eskaera onartu edo ez erabakitzeko. Kasu hipotetiko horretan, udalak eskaera hori ezetsi izan balu, erakunde honen iritzia izanen litzateke interesdunak bertze leku batera joan behar izan duela eskatu eta ukatu zitzaiona jasotzera, eta kasu horretan interesdunak zuzenean edo zeharka  konpentsazioren bat jaso dezakeela horregatik (adibidez, eragindako administrazioen artean konpentsazio-mekanismoak ezarriz).

Beraz, matrikula formalizatu ez denez eta, ondorioz, Udalari Antsoaingoudal musika eskolan euskarazko taldeak sortzeko biderik zegoen ala ez esateko aukerarik eman ez zaionez, erakunde honek ez du nahikoa irizpen-elementurik aurkitzen kasu honetan  Udalak erantzukizun ekonomikoa duela ondorioztatzeko.

5. Hori gorabehera, kexa hau eta horren sorburua dena izapidetu direnean erakunde honek Antsoaingo  udal musika eskolan matrikula eskatzeko erabilitako inprimakia eskuratu ahal izan du.

Okerrik ezean, erakunde honek eskuratu duen formularioan musika-prestakuntzaren arloan funtsezkoak diren elementuei buruzko lauki ugari daude (maila, instrumentuen aukeraketa, etab.), baina ez dago prestakuntza hori jaso nahi den hizkuntzari buruzko laukirik.

Erakunde honen iritziz, kexa honetan gertatutakoa bezalako arazoak saihesteko, erakunde honen ustez komenigarria da iradokitzea, etorkizunera begira, udalaren musika eskolan erabiltzen den formularioan musika-prestakuntza jaso nahi den hizkuntzari buruzko lauki bat egotea, horrela ikasketa horiek euskaraz egiteko aukera bistaratzea ahalbidetuko delako.

6. Beraz, eta Nafarroako Foru Komunitateko Arartekoaren erakundea arautzen duen uztailaren 3ko 4/2000 Foru Legearen 34.1. artikuluak ematen dizkion eskumenen arabera, hau jo du beharrezkotzat:

Antsoaingo  Udalari iradokitzea etorkizunerako  Antsoaingo  Udalaren Musika  Eskolan izena emateko formularioan herritarrek prestakuntza zein hizkuntzatan jaso nahi duten adierazteko laukitxo bat sartzea, horrela ikasketa horiek euskaraz egiteko aukera bistaratzea ahalbidetuko delako.

Nafarroako Foru Komunitateko Arartekoaren erakundea arautzen duen uztailaren 3ko 4/2000 Foru Legearen 34.2. artikuluari jarraikiz, eta aginduzkoa betez, Antsoaingo Udalak bi hileko epean jakinarazi beharko du ebazpen hau onartzen duen eta, dagokionean, hura betetzeko zer neurri hartu dituen.

Lege-agindu horretan xedatzen denez, aipatutako administrazio publikoak arartekoaren erabakia onartzen ez badu, erakunde honek erabaki dezake gai hori 2022. urteari dagokion urteko txostenean sartzea eta Nafarroako Parlamentuan azaltzea, jarrera hori izan duen administrazio publikoa berariaz aipatuz, baldin eta arartekoaren iritziz erabakia onartzea posible bazen.

Adeitasunez, zure erantzunaren zain,

Nafarroako Arartekoa

 

Patxi Vera Donazar

Partekatu edukia