Partekatu edukia
Euskara
Gaia: Euskarazko osasun arretarik eza eta elebitasunik eza osasun arloko hainbat elementutan
Osasun Kontseilari
Kontseilari andrea:
1. 2022ko urriaren 5ean, instituzio honek […]ren idazki bat jaso zuen. Horren bidez, kexa bat aurkeztu zuen Osasun Departamentuaren aurrean, euskarazko osasun-arretarik ezagatik eta osasun-esparruko hainbat elementutan elebitasunik ez izateagatik.
Idazki hartan, hauxe zioen:
a) Ez dago bermatuta euskarazko osasun-arreta, ez lehen mailako arretan, ez ospitaleetan, ez larrialdi-zerbitzuetan.
b) Osasunbidearen kartel asko gaztelaniaz baino ez dira agertzen.
c) Osasun-langileen uniformeak gaztelaniaz baino ez daude.
d) Txosten klinikoak eta dokumentazio orokorra ere gaztelaniaz baino ez daude.
2. Ondoren, erakunde honek Osasun Departamentura jo zuen, gai horri buruzko informazio eske.
Honako hau jartzen du jaso genuen txostenean:
“1. Osasun Departamentuak osasun zerbitzuetara jotzeko orduan herritarrek euskara erabiltzeko aukera izan dezaten burutzen dituen ekintzak Nafarroako Administrazio Publikoetan euskararen erabilera arautzen duen 103/2020 Foru Dekretuan daude jasota; halaber, ekintza horiek uztailaren 8an onetsi zen 32/2020 Foru Aginduaren bidez onartutako Osasun Departamentuaren Hizkuntza Planean (2020-2022) onartutako lan-ildoetan jasota daude.
2. Osasun-arreta euskaraz ematea bermatzeari dagokionez, bai lehen mailako arretan, bai ospitale eta larrialdietan:
a) 2018an diagnostikoa egin zen eremu euskaldun eta Pirinioetako hizkuntza-gaitasunari eta prestakuntza-beharrei buruz. Era berean, inkesta bat egin zen eremu mistoan egoera horren berri izateko.
b) Diagnostikoak egoera desberdina jaso zuen langileek hizkuntza menderatzeari eta jakiteari dagokionez, eta, ondorioz, zaila zen zentro eta zerbitzu guztietan euskaraz arreta emateko langile gaituak izatea.
c) Ahal den neurrian, gabezia horiek zuzentzen joateko, ekintza hauek burutu dira:
i. Lanpostu berriei euskara nahitaez jakiteko betekizuna esleitu zaie, eta esleipen horren intentsitatea handiagoa izan da eremu euskaldunean mistoan baino (Lehen Mailako Arretan zein Osasun Mentalean) eta Zerbitzu Zentraletan.
ii. Euskararen ikaskuntza sustatzeko urteko deialdiak, prestakuntza-eskaintza berriekin, iraupen luzeko ikastaroak egitea neurri ekonomikoekin erraztuz.
iii. Departamentuko zentro eta zerbitzuetan ahozko arreta emateko gomendioak biltzen dituzten protokoloak egin eta zabaldu dira.
iv. Giden bidez profesional elebidunen artean euskara eta hizkuntza-gaitasuna sustatzea (harrera eta erizaintza), osasun-buletinak euskaraz, astero “Euskara-ikastaroa 5 minututan” ekintza bidaltzea, prestakuntza-jardunaldiak egitea Osasungoa Euskalduntzeko Erakundearekin batera.
v. Identifikatzaileak banatzea, bai mahaikoak, bai pinak, herritarrek profesional elebidunak identifikatzea errazteko.
d) Departamentua jakitun da ekimen horien guztien irismen mugatuaz, baina osasun-arloko profesionalak gaitzeko lan-ildo horretan jarraitzeko konpromisoa hartzen du, herritarrek arreta euskaraz jasotzeko duten eskubidearen eskaerari erantzun ahal izateko.
3. Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuak argitaratzen dituen kartelei dagokienez:
a) Hizkuntza Planak eremu fisikoetan herritarrei informazio elebiduna eskaintzeko helburua jasotzen du. Oraindik kartel batzuk gaztelania hutsez egon daitezkeela onartuta ere, ahalegin berezia egin da hizkuntza-paisaia (errotulazioa, kartelak eta abar) elebiduna izan dadin:
i. Idatzizko arretari dagokionez, formatuarekin eta euskarrietan duten antolamenduarekin lotutako protokoloak onartu eta zabaldu dira.
ii. Itzulpenflow aplikazioa gaitu da, testuak egiten diharduten unitateetako langileek, elebidunak izan edo ez, itzulpen-eskaerak egin ahal izan ditzaten.
b) Departamentuaren bolumenak eta neurriek, zerbitzuen hedapenak eta sakabanatzeak zaildu egiten dute kasu guztietan kartelak (batez ere neurri handiagoan unitateen mende daudenak, ez ordea Departamentu osoak partekatzen dituenak eta komunak direnak) elebidunak izatea. Departamentuaren asmoa Hizkuntza Planean bere gain hartutako jarduketa-ildo hori azpimarratzen jarraitzea da.
4. Osasun-langileen uniformeei dagokienez:
a) Arrazoia du kexa aurkeztu duen pertsonak, ospitaleetako osasun-langileen uniformeak gaztelaniaz bakarrik daudela adieraztean. Departamentuak adierazi du uniforme sanitarioak eskuratzeko etorkizuneko pleguetan gertaera hau kontuan hartzeko interesa duela. Lehen Mailako Arretari dagokionez, eta Larrialdietako Zerbitzuetarako, uniformeak hornitzeko pleguetan zerbitzu horien identifikazio elebiduna iaz sartu zen.
Bi aukera aztertzen ari dira. Lehenengoa gaztelaniazko egungo izendapenari euskarazko izena eranstea da. Bigarren aukera uniformetik estamentuaren identifikazio guztiak kentzea eta identifikazio hori uniformeari erantsitako elementu baten bidez egitea da, soineko horri lotutako euskarri baten bidez, baina soinekotik aparte.
Bi kasuetako edozeinetan, ezarpena ezin da berehalakoa izan, eta apurka-apurka egin behar da, ezin direlako uniforme guztiak batera kendu. Beraz, zahartu eta narriatu diren soinekoak kendu eta berriak jarri ahala ordeztuko dira.
Aukeratutako edozein hautabidetan, datorren martxotik aurrera hasiko da, mantalen kontratu berria esleitzearekin batera. Beraz, ezin da datarik eman Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuko langileen uniforme guztiak aldatzea lortzeari dagokionez.
b) Nafarroako Unibertsitate Ospitaleko identifikazio-txartelei dagokienez, elebidunak dira.
5. Txosten klinikoei eta dokumentazio orokorrari dagokienez:
a) Herritarrek bi hizkuntzatan jaso ditzakete hitzorduen abisuak, idatziz zein SMS bidez.
b) Une honetan historia kliniko informatizatuen edukiak gaztelaniaz daude. Konplexutasun handiko gaia da eta ez da agertzen Hizkuntza Planaren lehentasunen artean. Gogoan izan behar da historia klinikoak hainbat profesionalek erabiltzen eta partekatzen dituzten tresnak direla, eskakizun handikoak eta kalitate tekniko handia eskatzen dutela egiten diren oharretan (sintomatologia, diagnostikoak, tratamenduak, etab.). Aldi berean, profesional horiek askotarikoak dira hizkuntza-gaitasunetan ere eta batzuek ezin dituzte irakurri eta ulertu euskara hutsez egin daitezkeen oharrak. Era berean, mediku-txostenak automatikoki zehaztasun, kalitate eta berme sanitarioarekin itzultzeko teknologia ez dago behar bezala garatuta”.
3. Jasota geratu den bezala, kexaren helburua Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuaren eremuan euskara erabiltzeari dagokionez interesdunak identifikatu dituen arazo batzuk dira.
Zehatzago esanda, kexaren sustatzaileak lau gai identifikatzen ditu: osasun-arreta, kartelak, uniformeak eta txosten klinikoak eta dokumentazio orokorra.
Osasun Departamentuak, bere aldetik, inplizituki onartzen du osasun-arreta euskaraz eskaintzeko arazoa, baina jakinarazten du horri buruzko neurriak hartzen ari dela. Kartelen kasuan, informazio elementuak elebidun eskaintzeko helburua ezarri bada ere, baliteke oraindik kartelen batzuk gaztelania hutsez egotea. Uniformeei dagokienez, arazoa onartzen du, baina epe ertain-luzera konpontzeko hainbat aukera aztertzen ari direla adierazten du. Eta, azkenik, txostenei dagokienez, adierazten du arrazoi teknikoengatik eta logistikoengatik ez dagoela Departamentuaren lehentasunen artean horiek euskaraz eskaintzeko aukera.
4. Kexa honen xede diren gaiak Euskarari buruzko abenduaren 15eko 18/1986 Foru Legearen eta azaroaren 15eko 103/2017 Foru Dekretuaren, euskararen erabilera arautzen duena Nafarroako administrazio publikoetan, beren erakunde publikoetan eta menpeko dituzten zuzenbide publikoko entitateetan, esparruan aztertu behar dira, eta baita Foru Dekretuaren zenbait artikulu baliogabetu zituen Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiaren irailaren 27ko 322/2019 Epaiaren esparruan ere.
Foru Legea hiru eremuren bereizketan oinarritzen da (euskalduna, mistoa eta ez-euskalduna), eta horietako bakoitzean hizkuntza eskubide desberdinak daude; ordea, Foru Dekretuak bereizketa ezarri zuen Nafarroako Foru Administrazioaren zerbitzu zentralen eta gainerako administrazioen artean, hau da, lehenengoei araubide espezifikoa aplikatzen zitzaien zein hizkuntza-eremutan kokatuta dauden kontuan hartu gabe eta, bigarrenei, berriz, kokagunearen arabera ezarritako araubidea aplikatzen zitzaien.
Hala ere, Auzitegi Nagusiak Nafarroako Foru Administrazioaren zerbitzu zentraletan euskararen erabilera arautzen zuten hiru artikuluetako 11 ataletatik 5 baliogabetu zituenez, eztabaida sortzen da horietan aplikatu behar den araubideri dagokionez: kokatuta dauden eremukoa, edo, erregelamendu-arau berria onartzen ez den bitartean, Auzitegi Nagusiak baliogabetu ez dituen Foru Dekretuaren II. tituluko II. kapituluko idatz-zatietan jasotakoa.
Foru Legeak ez ditu zerbitzu zentralak eta besteak bereizten eta beraz, Foru Dekretuak egiten duen bereizketa de facto deuseztatuta, Nafarroako Foru Administrazioaren zerbitzu zentraletan euskararen erabilera Dekretuaren II. Tituluko II. Kapituluan berariaz aurreikusten ez den guztian, kokatuta dauden eremuari aplika dakiokeen araubidearen mende egonen da.
5. Hau guztia aintzat hartuta, kexa planteatzen den modu orokorrean, kontuan hartuta Administrazioak arreta euskaraz ahalbidetzeko neurriak hartzen ari dela jakinarazi duela eta, aldi berean, kartelak eta formatu elebiduneko uniformeak daudela jakinarazi duela, erakunde honek herritarren hizkuntza-eskubideak bermatzeko neurri horiek hartzean sakontzeko iradokitzen dio.
6. Beraz, eta Nafarroako Foru Komunitateko Arartekoaren erakundea arautzen duen uztailaren 3ko 4/2000 Foru Legearen 34.1. artikuluak ematen dizkion eskumenen arabera, hau jo du beharrezkotzat:
Osasun Departamentuari osasun-arretaren esparruan herritarren hizkuntza-eskubideak bermatzeko neurriak hartzean sakontzeko iradokitzea.
Nafarroako Foru Komunitateko Arartekoaren erakundea arautzen duen uztailaren 3ko 4/2000 Foru Legearen 34.2. artikuluari jarraikiz, eta aginduzkoa betez, Osasun Departamentuak bi hileko epean jakinarazi beharko du ebazpen hau onartzen duen eta, dagokionean, hura betetzeko zer neurri hartu dituen.
Lege-agindu horretan xedatzen denez, aipatutako administrazio publikoak arartekoaren erabakia onartzen ez badu, erakunde honek erabaki dezake gai hori 2022. urteari dagokion urteko txostenean sartzea eta Nafarroako Parlamentuan azaltzea, jarrera hori izan duen administrazio publikoa berariaz aipatuz, baldin eta arartekoaren iritziz erabakia onartzea posible bazen.
Adeitasunez, zure erantzunaren zain,
Nafarroako Arartekoa
Patxi Vera Donazar
Partekatu edukia