Bilaketa aurreratua

Ebazpenak

Nafarroako Arartekoaren ebazpena (Q22/1154); horren bidez: a) Auritz/Burgueteko Udalari herritarrek aurkeztutako eskabideak garaiz eta behar bezala ebazteko legezko betebeharra duela gogorarazten zaio. b) Auritz/Burgueteko Udalari gomendioa egin, herritarrek administraziora euskaraz jotzeko eta arreta hizkuntza horretan jasotzeko duten eskubidea bermatzeko beharrezko neurriak har ditzan.

2022 abendua 13

Euskara

Gaia: La falta de contestación del Ayuntamiento de Auritz Burguete a una instancia relativa a la escasez de puestos bilingües en la Plantilla Orgánica del Ayuntamiento.

Aurizko Alkatea

Alkate jauna:

1.2022ko urriaren 3an, instituzio honek [...]k, Administrazioan Euskaraz Taldearen izenean, aurkeztutako idatzi bat jaso zuen. Horren bidez, kexa bat jartzen du Aurizko Udalaren aurka, Udalaren plantilla organikoan lanpostu elebidun gutxi daudelako.

Idazki hartan, hauxe zioen:

a) 2022ko ekainaren 20an, instantzia bat aurkeztu zuen Aurizko Udalean, eta nabarmendu zuen udalerria eremu euskaldunean egon arren, soilik Udaleko plantilla organikoko lanpostu bakar batean eskatzen dela euskara jakitea.

b) Udalak oraindik ez dio erantzun instantzia horri.

2. Ondoren, erakunde honek Aurizko Udalara jo zuen, gai horri buruzko informazio eske.

Honako hau jartzen du jaso genuen txostenean:

“Idazkaritzako lanpostuari dagokionez, Toki Administrazioko eta Despopulazioko Departamentuak Nafarroako toki entitateetako Idazkaritzako lanpostu hutsak egonkortzeko prozesu irekian finkatuko dituen plazetako bat da, Nafarroako Foru Komunitatean gaikuntza duten funtzionarioentzat gordetako lanpostuetan behin-behinekotasuna murrizteko premiazko neurriei buruzko maiatzaren 30eko 16/2022 Foru Legean eta Nafarroako Toki Administrazioari buruzko uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legean jasotako aurreikuspenekin bat etorriz. Egonkortze-prozesu horren guztiaren ebazpenaren zain gaude, arlo horretan hartu beharreko neurriak hartzeko. Idazkaritzako lanpostuen zerrenda horretan, beraz, Departamentu horren eskumenekoak diren prozesu horretara jotzen dugu, eta ez toki-erakundeenak.

Gainerako plazei dagokienez, honako hau jakinarazten dizut: udalerriak duen egoera demografiko larria (242 biztanle), tokiko maparen ziurgabetasuna, lanpostuak betetzen dituzten pertsonen adina eta toki-erakundearen egoera ekonomiko delikatua kontuan hartuta, buru naizen Korporazioak uste du egoera jasanezina dela eta plazak amortizatu nahi dituela hutsik geratu ahala.

Bestalde, jakinarazten da bai Idazkaritzako eta Kontu-hartzailetzako eginkizunak betetzen ari den pertsonak bai administrazioko langileek urteak daramatzatela prestakuntza jasotzen eta euskarazko eskolak jasotzen”.

3. Jasota geratu denez, kexak bi gai ditu xedetzat: bat izaera formalekoa, legegintzaren arabera ondore horretarako ezarritako epean instantzia bati erantzunik eman ez izanari buruzkoa; eta, bestetik, izaera materialeko beste bat, AurizkoUdaleko plantilla organikoan euskara jakitea eskatzen duten plazen kopuruari buruzkoa.

2022ko maiatzaren 23ko Nafarroako Aldizkari Ofizialean jasota dagoen bezala, AurizkoUdalaren plantilla organikoak 6 plaza ditu, 4 taldetan banatuta daudenak:

a) Langile funtzionarioak: plaza 1;

b) Lan-kontratuko langile finkoak: 3 plaza, administrari laguntzaileenak;

c) Aldi baterako lan-kontratuko langileak: plaza 1, euskarazko teknikariarena1; eta

d) Administrazio-araubidean kontratatutako langileak: Udaleko idazkariaren plaza.

Kexagileak adierazten du plazetako batean baino ez dela eskatzen euskara jakitea, euskarazko teknikariaren plazan, eta horrek arriskuan jartzen duela Aurizkoherritarrek Udalean euskaraz artatuak izateko duten eskubidea.

Horregatik 2022ko ekainaren 20ko bere eskabidean plantilla organikoa aldatzeko eskatu zuen, honako eskakizun hauek izango dituena: C1 maila idazkariaren eta bi administrari-laguntzaileen plazetan; eta B2 maila zerbitzu anitzeko bi lanpostuetarako.

Gaur egun ez dago jasota Administrazioak eskaera horri erantzun dionik.

4. Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 21. artikuluaren 1. atalak ezartzen duenez “Administrazioa behartua dago ebazpen espresua eman eta jakinaraztera prozedura guztietan, edozein dela ere prozedura hasteko modua.”

Betebehar hori bete behar den denbora-koordenatuak mugatze aldera, 21. artikulu bereko 2. atalak honako hau dio: “Ebazpen espresua jakinarazteko gehieneko epea, dagokion prozedura arautzen duen arauan zehaztutakoa izango da”. Jarraian, 3. atalean, ondokoa  adierazten du ““Prozedurei dagozkien arauetan ezarrita ez badago, hiru hilabete izango da gehieneko epea.”

Aztergai dugun kasu honetan, kexaren egileak 2022ko ekainaren 20an aurkeztu zuen eskabidea eta dirudienez  oraindik ez du berariazko erantzunik jaso. Horregatik, erakunde honek komenigarritzat jotzen du Udalari herritarren eskaerei garaiz eta behar bezala erantzuteko duen legezko betebeharra gogoraraztea.

5. Euskarari buruzko abenduaren 15eko 18/1986 Foru Legearen 1.2.a) artikuluak bere helburuen artean ezartzen du honako hau: “Herritarrek euskara jakin eta erabiltzeko duten eskubidea babestea”.

Eremu euskaldunean euskara erabiltzeari dagokionez, 10.1 artikuluak aitortzen du herritar guztien eskubidea dela “Administrazio Publikoekiko harremanetan, euskara nahiz gaztelania erabiltzeko eta berek hautatutako hizkuntza ofizialean harrera izateko eskubidea”.

Arau hori garatuz azaroaren 15eko 103/2017 Foru Dekretuak, euskararen erabilera arautzen duena Nafarroako administrazio publikoetan, beren erakunde publikoetan eta menpeko dituzten zuzenbide publikoko entitateetan, 3.1.a) artikuluan adierazten du dekretuaren funtsezko helburuetako bat dela eremu euskaldunean aukera hau ematea “ahalbidetzea bi hizkuntza ofizialetako edozein erabil daitezen lan-hizkuntza moduan Nafarroako administrazio publikoetan, beren erakunde publikoetan eta menpeko dituzten zuzenbide publikoko entitateetan, bai eta herritarrei zerbitzua emateko ere.”

6. Adierazi berri den araudia kontuan hartuta, interesdunak bere idazkian planteatutako gai materialari dagokionez, erakunde honek lehenengo eta behin  adierazi behar du ez dagoela jasota ezein herritarri Auritz/Burguete Udalean euskaraz artatua izateko eskubidea ukatu zaionik. Ondorioz, erakunde honek ez du zalantzarik Udaleko egungo langileak herritarrentzako euskarazko arreta behar bezala eskaintzen ari direla.

Hala ere, erakunde honek uste du, plantillako lanpostu bakar baterako euskara jakitea eskatzen den heinean, arriskua dagoela Udaleko langileak aldatuz gero euskaraz eskaini beharreko arretari dagokionez behar bezala ezin erantzutekoa, eta are gehiago, Udalak dioen bezala, erakunde horretan plazak amortizatu nahi badira.

Horregatik, Udalaren auto-antolaketarako ahalmena errespetatuz, erakunde honek komenigarritzat jotzen du Udalari gomendioa egitea herritarrek toki-erakundearengana euskaraz jotzeko duten eskubidea bermatzeko neurriak har ditzan.

7.Beraz, eta Nafarroako Foru Komunitateko Arartekoaren erakundea arautzen duen uztailaren 3ko 4/2000 Foru Legearen 34.1. artikuluak ematen dizkion eskumenen arabera, hau jo du beharrezkotzat:

a) Auritz/Burgueteko Udalari  herritarrek aurkeztutako eskabideak garaiz eta behar bezala ebazteko legezko betebeharra duela gogoraraztea.

b) Auritz/Burgueteko Udalari gomendioa egitea, herritarrek administraziora euskaraz jotzeko eta arreta hizkuntza horretan jasotzeko duten eskubidea bermatzeko beharrezko neurriak har ditzan.

Nafarroako Foru Komunitateko Arartekoaren erakundea arautzen duen uztailaren 3ko 4/2000 Foru Legearen 34.2. artikuluari jarraikiz, eta aginduzkoa betez, Aurizko Udalak bi hileko epean jakinarazi beharko du ebazpen hau onartzen duen eta, dagokionean, hura betetzeko zer neurri hartu dituen.

Lege-agindu horretan xedatzen denez, aipatutako administrazio publikoak arartekoaren erabakia onartzen ez badu, erakunde honek erabaki dezake gai hori 2022. urteari dagokion urteko txostenean sartzea eta Nafarroako Parlamentuan azaltzea, jarrera hori izan duen administrazio publikoa berariaz aipatuz, baldin eta arartekoaren iritziz erabakia onartzea posible bazen.

Adeitasunez, zure erantzunaren zain,

Nafarroako Arartekoa

 

Patxi Vera Donazar

Partekatu edukia