Bilaketa aurreratua

Ebazpenak

Nafarroako Arartekoaren ebazpena (Q22/1083); horren bidez, a)Baztango Udalari gogorarazten zaio herritarrek aurkeztutako eskarerei garaiz eta behar bezala erantzuteko legezko betebeharra duela. b) Baztango Udalari gogorarazten zaio nahitaezko desjabetzearen prozedurak izapidetzeko legezko betebeharra duela, Nahitaezko Desjabetzeari buruzko 1954ko abenduaren 16ko Legean aurreikusitakoarekin bat etorriz. c) Baztango Udalari gomendatzen zaio, duela hamar urte baino gehiagotik balio justua finkatu eta ordaindu gabe dagoen heinean, beharrezko neurriak har ditzala balio justua finkatzeko eta ahalik eta lasterren interesdunari, bidezko berandutze-interesekin ordaintzeko

2022 urria 28

Herri Lanak eta Zerbitzuak

Gaia: La falta de abono al autor de la queja del justiprecio por un procedimiento de expropiación iniciado en 2009.

Baztango Alkatea
Alkate jauna:

1. 2022ko irailaren 12an, instituzio honek […] jaunaren idazki bat jaso zuen, zeinaren bidez kexa bat jarri zuen Baztango Udalaren aurka, bere lursailean egindako desjabetze-prozesua irregulartzat jotzen duelako.

Idazki hartan, hauxe zioen:

a) Baztango Udalak 2009ko urriaren 5ean egindako ohiko osoko bilkuran “Baztango Udal Planeko Elizondoko IV. sektoreko Barne-Babeseko eta -Eraberritzeko Plan Bereziaren 1. unitatea eta Elizondoko Jaime Urrutia kalearen eta Santiago kalearen arteko plaza urbanizatzeko proiektua egikaritzeko nahitaezko desjabetzea” erabaki zen.

b) Erabaki horren ondorioz, 2009ko azaroaren 4ko Nafarroako Aldizkari Ofizialean, 136. zenbakian, 13.936 eta 13.937. orrialdeetan, desjabetzeak ukitutako ondasun eta eskubideen zerrenda argitaratu zen; horien artean zegoen interesdunak 16. poligonoko 28. zenbakiko katastro-partzelaren gainean zuen jabetza-eskubidea.

c) 2009ko abenduaren 30ean egin zen  ezohiko osoko bilkuran “Baztango Udal Planeko Elizondoko IV. sektoreko Barne-Babeseko eta -Eraberritzeko Plan Bereziaren 1. unitatea eta Elizondoko Jaime Urrutia kalearen eta Santiago kalearen arteko plaza urbanizatzeko proiektua egikaritzeko nahitaezko desjabetzearen espedientea behin betiko onartzea” erabaki zen.

d) Erabaki hori betez, 2010eko apirilaren 21ean zitazioa egin zitzaion, 2010eko ekainaren 4an, 10:00etan, Baztango Udaletxeko Idazkaritzan. Hitzordu horren arrazoia honakoa izan zen. “[zure finka] okupatu aurreko eta, hala badagokio, finka hori behin betiko okupatu aurreko akta egitea”.

e) Nahitaezko Desjabetzeari buruzko Legearen 52. artikuluan ezarritakoa betez, 2010eko ekainaren 4an okupazioaren aurreko akta egin zen. Akta horretan 534,49 euroko gordailua ezarri zen.

f) Alkateak 2010eko abuztuaren 3an emandako ebazpenaren bidez, interesdunari errekerimendua egin zitzaion “desjabetu beharreko ondasunak abeniko izapidetzean eskuratu ahal izateko, eta horretarako 15 eguneko epea ezarri zen aipatutako abenikoa lortzeko”.

g) Ondore horretarako 2010eko abuztuaren 20an idazki bat aurkeztu zuen Udalean, 116.778,42 euro ordaintzea proposatuz, hau da, peritu batek egindako balorazioaren emaitza den zenbatekoa.

h) 2010eko irailaren 16an bere proposamena onartzearen aurkako txostena jaulki zen, eta, horren ondorioz, 2010eko irailaren 30ean,   alkatetzaren ebazpenaren  bidez, honako errekerimendua egin zitzaion: “20 eguneko epean (…)  prezio-orria aurkeztea; orri horretan desjabetzen den objektuari zenbatesten zaion balioa zehaztuko da (…), balorazio hori arrazoitua izan beharko da eta peritu baten sinadurak abalatu ahal izango du, eta gastuak jabearen kontura izango dira”.

i) CD00570623477 erregistro-zenbakidun posta ziurtatuaren bidez, 2010eko azaroaren 5ean bere prezio-orria igorri zion Baztango Udalari.

j) Gaiari buruzko beste berririk ez zuenez, 2016ko otsailaren 24an idazki bat aurkeztu zuen Baztango Udalean. Idazki horren bidez bere prezio-orrian ezarritako balio justua, dagozkion legezko interesak eta eragindako kalte-galeren ordaina ordaintzeko eskatu zuen.

k) Orain arte, ez zaio azken idazki horri erantzun, eta ez da balio justurik ordaindu.

2. Ondoren, erakunde honek Baztango Udalara jo zuen, gai horri buruzko informazio eske.

Honako hau jartzen du jaso genuen txostenean:

“Aurkeztutako kexak 2009an, duela 13 urte, hasitako espediente bati egiten dio erreferentzia. Eta Arartekoaren ofizioa jaso arte udalak ez zuen (…) jaunaren kezkaren eta kexaren berririk. Azken 13 urteetan 5 idazkari izan dira eta hainbat administrariren iraupen luzeko bajak egon dira, eta horrek eragina izan du eta une honetan ere eragina du udalaren administrazio-kudeaketan, batez ere dokumentazio zaharra kontrastatu behar denean.

Oraingoz udaleko zerbitzu teknikoak ez dira gai izan kexa-idazkian aipatutako datuak eta administrazio-egintzak kontrastatzeko.

Hala ere, Arartekoari zuzendutako kexan jasotako gertakariak egiaztatzen badira, behinola amaitu ez zen espediente baten aurrean egongo ginateke. Desjabetze-espediente horretan ez zen bidezko balio justua ezarri. Data kontuan hartuta, iraungitako eta, gainera, gauzatutako espedientea da, lursaila okupatuta eta plaza eginda dagoelako. Adierazitakoa kontuan hartuta gaia beste eremu batean aztertu beharko litzateke.

Hala ere, udal zerbitzu teknikoek aurkeztutako dokumentazioa ikertzen eta aztertzen jarraituko dute, eta, ildo horretatik, kexan adierazten diren gertakariak egiaztatzen badira, komenigarritzat jotzen da kexa jarri duen pertsonarekin bilera bat adostea, konponbide posibleak aztertzeko”.

3. Jasota geratu denez, kexa hau 2009an hasitako desjabetze-prozedura baten ondorio da eta, horren ondorioz, kexagilearen finka okupatu eta bertan plaza publiko bat eraiki arren, oraindik ez zatekeen balio justurik ordainduko.

4. Hala jabetza pribaturako eta jarauntsirako eskubidea (1. paragrafoa) nola eskubide horien funtzio soziala aitortu ondoren (2. paragrafoa), Konstituzioaren 33. artikuluak,  3. atalean, honakoa ezartzen du: “Inor ez da izango bere ondasun eta eskubideez gabetua baliagarritasun publikoa edo interes sozial justifikaturen bat ez bada medio dagokion kalteordaina eta legeek erabakitzen dutena­ren arabera”.

Horrela, Konstituzioak ezartzen  du hiru baldintza bete behar direla ondasun edo eskubide bat kentzeko:

a) Onura publikoko edo gizarte-intereseko arrazoi justifikatu bati erantzun behar zaio;

b) Kalte-ordaina ordaindu behar da; eta,

c) Lege-mailako arau batean aurreikusitako prozedura bete behar da.

5. Prozeduraren ikuspegitik, prozedura orokor bat eta prozedura berezi batzuk bereiziz, nahitaezko desjabetzeari buruzko 1954ko abenduaren 16ko Legea da desjabetzeak bete behar duena.

Oro har, Legeak prozedura bat diseinatzen du, eta prozedura horretan funtsezko 4 une bereiz daitezke: onura publikoaren edo interes sozialaren deklarazioa; okupatzeko beharraren deklarazioa; balio justua finkatzea; eta, azkenik, balio justua ordaintzea eta ondasuna edo eskubidea jabetzan hartzea.

Praktikan, desjabetzeko ohiko prozedura hori ezohiko bihurtu da, ia sistematikoki aplikatzen baita Legearen 52. artikuluan aurreikusitako premiazko desjabetze-prozedura. Prozedura horren ezaugarri nagusia da ondasuna okupatzen dela balio justua finkatu eta ordaindu aurretik.

6. Aztergai dugun kasu honetan, interesdunak aurkeztutako dokumentazioa kontuan hartuta, finka desjabetzeko aplikatu beharreko prozedura presakoa zela ondoriozta daiteke, Baztango alkatearen 2010eko apirilaren 21eko ebazpenak berariaz hau adierazten zuelako: “Nafarroako Gobernuak, 2010eko martxoaren 15eko Erabakiaren bidez (…), Nahitaezko Desjabetzeari buruzko Legearen 52. artikuluarekin bat etorriz, nahitaezko desjabetzea egitearen ondoreetarako deklaratzen du premiazkoa dela Jaime Urrutia kalearen eta Santiago kalearen artean plaza urbanizatzeko proiektua gauzatzeak ukitutako lursailak okupatzea (azpimarratua erantsi egin da).

Horren ondorioz, arestian adierazi den bezala, bidezko okupazio-akta egin eta finka okupatu zen; hala ere, balio justua finkatzeko eta ordaintzeko unea iritsitakoan, ematen du prozedura errailetik atera zela; izan ere, horri buruzko azken jarduketa interesdunak bere prezio-orria ematea izan zen.

Horri dagokionez, adierazi behar da, premiazko desjabetze kasuetan balio justua finkatzeari eta ordaintzeari dagokionez, Nahitaezko Desjabetzeari buruzko Legearen 52.7 artikuluak gai horri buruz prozedura arrunterako aurreikusitako xedapenetara jotzen duela, eta  berariaz ezartzen du lehentasuna eman behar zaiola izapidetzeari.

Hala, erakunde honen iritziz, lehentasunezko izapidetze hori emanez, interesdunak aurkeztutako prezio-orria jasota, Udalak aztertu eta honako hauek zehaztu behar zituen:

a) Ea onartu egiten zuen, horrela balio justua behin betiko zehaztuz. Hori erabakiz gero Administrazioak ordaindu egin behar zuen (30.1 artikulua); edo,

b) Ea ez zuen onartzen; kasu horretan  Udalak bere prezio-orria egin eta interesdunari helarazi behar zion. Horrelakoetan interesdunak onartu edo errefusatu egin dezake eta, errefusatu egiten badu, Desjabetze Auzitegiak finkatu beharko du balio justua (30.2 eta 31. artikuluak).

Kasu honetan ez da horrelakorik gertatu, eta horrek kalte egin dio interesdunari.

Horregatik, erakunde honek egokitzat jotzen du Baztango Udalari gomendatzea beharrezko neurriak har ditzala interesdunari balio justua eta horren ondoriozko berandutze-interesak (Legearen 57. artikulua) ezarri eta ordaintzeko. Era berean, beharrezkotzat jotzen da Baztango Udalari gogoraraztea nahitaezko desjabetzearen prozedurak aplikatu beharreko legerian aurreikusitakoarekin bat etorriz izapidetu eta ebazteko duen legezko betebeharra.

Udalak kasu honen oinarri diren administrazio-egintzak aurkitzeko dituen arazoak ikusita, egin berri den gomendioa errazago bete dezan,  erakunde honek interesdunak bere kexa-idazkiarekin batera aurkeztutako dokumentuak erantsi dizkio ebazpen honi. Erakunde honek uste du dokumentuok idazki horretan esaten denaren froga nahikoa  direla.

7. Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 21.1 artikuluak ezartzen duenez, “Administrazioa behartua dago ebazpen espresua eman eta jakinaraztera prozedura guztietan, edozein dela ere prozedura hasteko modua”.

Betebehar hori bete behar den denbora-koordenatuak mugatzeko, 21.2 artikuluak honakoa xedatzen du: “Ebazpen espresua jakinarazteko gehieneko epea, dagokion prozedura arautzen duen arauan zehaztutakoa izango da”, eta 21.3 artikuluak  gehienekoa den 3 hileko epea ematen du berariazko eperik ezarrita ez duten kasu hauetan: “Prozedurei dagozkien arauetan  berariazko eperik ezarrita ez  badago”.

Kasu honetan, arestian adierazi den bezala, bere prezio-orria aurkeztu ondoren gertatu zen Udalaren berririk eza kontuan hartuta, interesdunak eskabidea aurkeztu zuen 2016an, baina Udalak oraindik ez dio erantzun.

Horregatik erakunde  honek, halaber, egokitzat jotzen du Baztango Udalari  herritarrek aurkeztutako eskaerei garaiz eta behar bezala erantzuteko legezko betebeharra gogoraraztea.

8. Beraz, eta Nafarroako Foru Komunitateko Arartekoaren erakundea arautzen duen uztailaren 3ko 4/2000 Foru Legearen 34.1. artikuluak ematen dizkion eskumenen arabera, hau jo du beharrezkotzat:

a) Baztango Udalari herritarrek aurkeztutako eskaerei garaiz eta behar bezala erantzuteko duen legezko betebeharra gogoraraztea.

b) Baztango Udalari gogoraraztea nahitaezko desjabetzearen prozedurak izapidetzeko duen legezko betebeharra, Nahitaezko Desjabetzeari buruzko 1954ko abenduaren 16ko Legean ezartzen dena betez.

c) Baztango Udalari gomendatzea, duela hamar urte baino gehiagotik balio justua finkatu eta ordaindu gabe dagoen heinean, beharrezko neurriak har ditzala balio justua finkatzeko eta ahalik eta lasterren interesdunari, bidezko berandutze-interesekin, ordaintzeko.

Nafarroako Foru Komunitateko Arartekoaren erakundea arautzen duen uztailaren 3ko 4/2000 Foru Legearen 34.2. artikuluari jarraikiz, eta aginduzkoa betez, Baztango Udalak bi hileko epean jakinarazi beharko du ebazpen hau onartzen duen eta, dagokionean, hura betetzeko zer neurri hartu dituen.

Lege-agindu horretan xedatzen denez, aipatutako administrazio publikoak arartekoaren erabakia onartzen ez badu, erakunde honek erabaki dezake gai hori 2022. urteari dagokion urteko txostenean sartzea eta Nafarroako Parlamentuan azaltzea, jarrera hori izan duen administrazio publikoa berariaz aipatuz, baldin eta arartekoaren iritziz erabakia onartzea posible bazen.

Adeitasunez, zure erantzunaren zain,

Nafarroako Arartekoa

 

Patxi Vera Donazar

Partekatu edukia