Bilaketa aurreratua

Ebazpenak

Nafarroako Arartekoaren Ebazpena (Q21/763) Iruñako Udalari gomendatzea indarrik gabe utz dezala kexaren egileak 2019ko uztailaren 8ko ohiz kanpoko uholdeek eragindako kalteengatik eskatutako laguntzaren ukoa, oinarri duena Nafarroako Nekazaritzako Ustiategien Erregistroan inskribatuta ez egotea, eta laguntza hori ematea, baldin eta deialdiko gainerako betekizunak betetzen badira.

2021 iraila 02

Nekazaritza, Merkataritza, Industria eta Turismoa

Gaia: La denegación de una ayuda para explotaciones agrícolas por los daños provocados por unas inundaciones extraordinarias.

Nekazaritza

Garapen Ekonomiko eta Enpresarialeko Kontseilaria

Kontseilari anderea:

1. 2021eko uztailaren 29an, instituzio honek idazki bat jaso zuen. Horren bidez, [...] kexa bat aurkeztu zuen Landa Garapeneko eta Ingurumeneko Departamentuaren aurrean nekazaritza-ustiategietarako laguntza ukatzeagatik 2019ko uztailaren 8ko ezohiko uholdeek eragindako kalteengatik.

2. Ondoren, erakunde honek Landa Garapeneko eta Ingurumeneko Departamentura jo zuen, gai horri buruzko informazio eske.

2021eko abuztuaren 23an Departamentuaren txostena jaso zen, eta txostenaren kopia bat interesdunari helarazi zaio.

3. Kexaren arrazoia laguntza ekonomiko bat ukatu izana da, foru-agindu honen babesean eskatu zena: 164/2019 Foru Agindua, abenduaren 10ekoa, Landa Garapeneko eta Ingurumeneko kontseilariak emana, zeinaren bidez onesten baita deialdi bat eta haren oinarri arautzaileak, hain zuzen ere 2019ko uztailaren 8an Nafarroako Erdialdean izandako ohiz kanpoko euri-jasen eta uholdeen ondorioz nekazaritza eta abeltzaintzako ustiategietan kaltetutako elementuak konpontzeko laguntzak emateko.

Laguntza deialdiko bigarren oinarrian ezarritako betebeharra betetzen ez zelako ukatu zen. Bigarren oinarrian esaten da eskatzaileek Nafarroako Nekazaritzako Ustiategien Erregistroan inskribatuta egon behar dutela.

Interesdunak alegatu du Erregistroan baja ematea ofizioz gertatu zela, hari entzun gabe eta ezer jakinarazi gabe, nahiz eta Departamentuak baduen haren jardueraren berri:

“Urte hauetan guztietan, izapideak modu zuzenean eta legearen arabera egiten saiatu naiz. Nekazaritza Politika Erkidearen aitorpena/deklarazioa egin nuen 2015era arte. Orduan, mintegiko landareen komertzializazioaren deklarazioa egiten hasi nintzen. Nekazaritza Politika Erkidearen laguntzarik eskatu ez nuenez eta landareen komertzializazioaren deklarazioa egin nuenez, Nekazaritza Departamentuarekiko nire betebeharrak betetzat jo nituen.

2019ko uztailaren 8an, uholde larri bat izan genuen, galera eta kalte material handiak eragin zituena. Nafarroako Gobernuko, EHNE sindikatuko, polizia foraleko eta Guardia Zibileko teknikariek egiaztatu zituzten ondorio horiek.

Nekazaritza Departamentuko laguntzak eskatzean, ukatu egin zizkiguten; izan ere, NPB egin ez genuenez, baja eman ziguten Nafarroako Nekazaritzako Ustiategien Erregistroan, lehen esan dudan bezala, ebazpena jakinarazi eta errekurtsorik aurkeztu gabe.

Urtero jasotzen ditut Ingurumen Osasuneko teknikarien bisitak.

Nafarroako Mintegien Erregistroan inskribatuta nago eta pasaporte fitosanitarioak egiteko baimena dut.

Nafarroako gobernuak urtero gogorarazten dit ekoizpen- eta komertzializazio-aitorpenak aurkezteko betebeharra, bai eta epea ere.

Baina, antza, NPB ere aurkeztu beharra zegoen; nik uste nuen laguntzak eskatzen zituztenek soilik egin behar zutela hori. Betebehar hori ez didate inoiz gogorarazi. NPB aurkezteari utzi nionez, baja eman zidaten Nafarroako Nekazaritzako Ustiategien Erregistroan, esanbidezko ebazpenik eta errekurtsorik jarri gabe”.

4. Departamentuaren txostenean, ondorio hauek jasotzen dira:

“1. Hori guztia ikusirik, Nekazaritzako Erregistroko Atalak ondorioztatu du indarreko araudiaren arabera jokatu duela. Nafarroako Nekazaritzako Ustiategien Erregistroak une oro jaso du, (...) jaunari dagokionez, hark aitortutako nekazaritza-jarduera.

2. Kexaren egileak dioena ez da egia: "baja eman ziguten Nafarroako Nekazaritzako Ustiategien Erregistroan, lehen esan dudan bezala, ebazpena jakinarazi eta errekurtsorik aurkeztu gabe”. Nafarroako Nekazaritzako Ustiategien Erregistroan ez da egon baja emateko administrazio-egintzarik. (...) jaunak ez zuen nekazaritza-jarduera hori aitortu, horretarako gaitutako bideak erabiliz, eta horregatik ez da ageri Nafarroako Nekazaritzako Ustiategien Erregistroko 2016ko eta hurrengo urteetako urteroko katalogazioetan.

5. Nafarroako Nekazaritzako Ustiategien Erregistroari buruzko Foru Legearen testu bategina onesten duen 150/2002 Legegintzako Foru Dekretuak, uztailaren 2koak, 6. artikuluan, erregistro horretan nola inskribatu erregulatzen du, eta hauxe xedatzen du:

“1. Inskripzio prozedura hasteko, zilegi izanen da bi modalitate hauetako bat erabiltzea:

a) Ustiategiko titularrak edo haren ordezkariak eskatzea.

b) Ofizioz, Nekazaritza, Abeltzaintza eta Elikadura Departamentuak berak eskatzea, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioan eta haren erakunde autonomoetan dauden datuak oinarri. Ofiziozko inskripzio proposamenak interesatuari jakinaraziko zaizkio hark datuak berretsi edo hala bide denean, zuzendu ditzan.

2. Nekazaritza ustiategi bat inskribatu ondoren, nahitaezkoa izanen da ustiategiko titularrak Erregistroari funtsezko aldaketak jakinaraztea, aurreko zenbakiko b) letran agintzen dena ezertan galarazi gabe.

Funtsezko aldaketen artean dago nekazaritza-jardueran baja ematea (5. artikulua).

6. Aurreko arauditik ondorioztatzen da nekazaritza-ustiategia erregistroan inskribatzeko, bai eta funtsezko aldaketak egiteko ere (hala nola baja emateko), ezinbestekoa dela egintza espresu bat egitea.

Halaber, ondorioztatzen da, baldin eta inskripzioa (jarduerarena edo aldaketena) ofizioz egiten bada (Administrazioan dauden datuak oinarri hartuta), lehenbizi proposamen bat egin behar zaiola interesdunari.

Kexaren xede den kasuan, ez da ikusten baja prozedura horren bidez gertatu zenik. Eta, araudi horren arabera, nekazaritza-jarduera 2016tik ez aitortzeak ez dakar berekin, automatikoki, Erregistroan egoteari uztea [dena den, datu horrek berekin ekar zezakeen, bidezkoa izanez gero, ofiziozko prozedura bat hastea, arestian aipatutako 6.1 artikuluaren b) letraren arabera].

Horregatik, gomendatzen da indarrik gabe uztea Nafarroako Nekazaritzako Ustiategien Erregistroan inskribatuta ez egoteagatik laguntza-eskaerari emandako ukoa, interesdunaren eskaera onartzea eta laguntza ematea, baldin eta deialdiko gainerako betekizunak betetzen baditu.

7. Beraz, eta Nafarroako Foru Komunitateko Arartekoaren erakundea arautzen duen uztailaren 3ko 4/2000 Foru Legearen 34.1. artikuluak ematen dizkion eskumenen arabera, hau jo du beharrezkotzat:

Landa Garapeneko eta Ingurumeneko Departamentuari gomendatzea indarrik gabe utz dezala kexaren egileak 2019ko uztailaren 8ko ohiz kanpoko uholdeek eragindako kalteengatik eskatutako laguntzaren ukoa, oinarri duena Nafarroako Nekazaritzako Ustiategien Erregistroan inskribatuta ez egotea, eta laguntza hori ematea, baldin eta deialdiko gainerako betekizunak betetzen badira.

Nafarroako Foru Komunitateko Arartekoaren erakundea arautzen duen uztailaren 3ko 4/2000 Foru Legearen 34.2. artikuluari jarraikiz, eta aginduzkoa betez, Landa Garapeneko eta Ingurumeneko Departamentuak bi hileko epean jakinarazi beharko du ebazpen hau onartzen duen eta, dagokionean, hura betetzeko zer neurri hartu dituen.

Lege-agindu horretan xedatzen denez, aipatutako administrazio publikoak arartekoaren erabakia onartzen ez badu, erakunde honek erabaki dezake gai hori 2021. urteari dagokion urteko txostenean sartzea eta Nafarroako Parlamentuan azaltzea, jarrera hori izan duen administrazio publikoa berariaz aipatuz, baldin eta arartekoaren iritziz erabakia onartzea posible bazen.

Adeitasunez, zure erantzunaren zain,

El Defensor del Pueblo de Navarra

Nafarroako Arartekoa

Francisco Javier Enériz Olaechea

Partekatu edukia