Bilaketa aurreratua

Ebazpenak

Nafarroako Arartekoaren Ebazpena (Q21/130). Horren bidez, Osasun Departamentuari honako hau iradokitzen zaio: Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuko enplegu publikoa lortzeko deialdietan, eremu mistoan eta ez-euskaldunean, lanpostuetarako euskararen ezagutza baloratzeko, gutxienez, atzerriko hizkuntzen puntuazio berarekin.

2021 martxoa 11

Euskara

Gaia: La falta de valoración del euskera en la convocatoria para el puesto de trabajo de Técnico Especialista en Laboratorio (TEL) del Servicio Navarro de Salud-Osasunbidea.

Euskera

Osasun kontseilaria

Kontseilari andrea:

1. 2021eko otsailaren 9an, erakunde honek [...] andreak aurkeztutako idazkia jaso zuen, Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuko laborategiko teknikari-talde baten ordez, eta, horren bidez, Osasun Departamentuaren aurkako kexa bat adierazten zuen, enplegu publikoko deialdietan euskara baloratzeari dagokionez, eta aipamen berezia egin zion Osasunbidea‑Nafarroako Osasun Zerbitzuko laborategiko teknikari espezialistaren (LTE) 31 lanpostu betetzeko lehiaketa-oposizioari.

2. Kexa jaso ondoren, erakunde honek Osasun Departamentura jo zuen, gai horri buruzko informazio eske.

2021eko martxoaren 5ean, erakunde honek eskatutako txostena jaso zuen, eta haren kopia bat helarazi zaio interesdunari.

3. Islatuta geratu denez, kexa aurkezteko arrazoia da Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioan enplegu publikoa lortzeko hainbat deialditan, eta, bereziki, Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuko laborategiko teknikari espezialista (LTE) lanposturako deialdian, euskara ez baloratzea.

Osasun Departamentuak bidalitako txostenean, onesten da Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuak ez duela balioetsiko euskara jakitea Euskararen Foru Legeko eremu mistoan eta ez-euskaldunean, ingelesa, frantsesa eta alemana jakitearekin gertatzen ez den bezala. Arrazoitzen denaren arabera, egoera hori Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiak irailaren 27an emandako 216/2019, 217/2019 eta 218/2019 epaien emaitza zen, foru dekretu honetako zenbait agindu deuseztatu baitzituzten: 103/2017 Foru Dekretua, azaroaren 15ekoa, euskararen erabilera arautzen duena Nafarroako administrazio publikoetan, beren erakunde publikoetan eta menpeko dituzten zuzenbide publikoko entitateetan.

4. Erakunde honek bere iritzia eman du kexan adierazitako gaiari buruz.

Q20/458 espedientean, Lehendakaritzako, Berdintasuneko, Funtzio Publikoko eta Barneko Departamentuaren aurka aurkeztutako kexa bat aztertu zen, eremu mistoan eta ez-euskaldunean euskararen ezagutza ez baloratzeagatik; izan ere, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren eta haren erakunde autonomoen zerbitzuko lanpostuak betetzeko hainbat deialditan atzerriko hizkuntzen ezagutza puntuatzen da. Erakunde honek departamentu horri iradoki zion Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioko lanpostuak lortzeko prozesuan euskara baloratzeko arau bat onets zezala, eta, horrez gain, Nafarroako berezko hizkuntza den aldetik, berma zezala euskara ez dela atzerriko hizkuntzak baino gutxiago baloratuko, horiek meritu orokor gisa baloratzen badira eta ez lanpostutik eratorritako meritu gisa.

Halaber, O20/18 ofiziozko jarduketan, Osasun Departamentuari iradoki zion ahalik eta lasterren alda zezan 110/2011 Foru Agindua, irailaren 19koa, Osasun kontseilariak emana, Osasunbidea‑Nafarroako Osasun Zerbitzuan sartu eta bertako lanpostuak betetzeko prozeduretan aplikatu beharreko merezimendu baremoak arautzen dituena, eta euskararen ezagutzari buruzko balorazioa txerta zezan, Nafarroako berezko hizkuntza den neurrian, eremu mistoko eta ez‑euskalduneko lanpostuetarako, orokorrean, atzerriko hizkuntzaren ezagutza baloratzen denean.

Duela gutxi, Q21/36 espedienteak Osasun Departamentuaren aurka aurkeztutako kexa bat aztertu zuen, enplegu publikoa eta sustapena lortzeko deialdietan euskara baloratzeagatik, eta aipamen berezia egin zitzaion Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuko 110 zaindari-lanpostu betetzeko eta aldi baterako kontratazio-zerrendak eta barne-sustapena eratzeko oposizio-lehiaketari. Erakunde honek honako hau iradoki zion departamentu horri: Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuko enplegu publikoa lortzeko deialdietan, eremu mistoan eta eremu ez‑euskaldunean, lanpostuetarako euskararen ezagutza baloratzeko, gutxienez, atzerriko hizkuntzen puntuazio berarekin.

Departamentuak aipatutako epaiek ez dute eragozten Administrazioak enplegu publikoa lortzeko deialdietan euskararen ezagutza meritu gisa baloratzea, baldin eta puntuazioa proportzionatua bada. Horrez gain, Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiak eta Nafarroako Kontseiluak zalantzan jarri dute euskara ez baloratzea; izan ere, atzerriko hizkuntzak orokorrean baloratzen dira.

5. Horrenbestez, eta uztailaren 3ko 4/2000 Foru Legearen 34.1 artikuluak aitortzen dizkion eskumenekin bat etorriz, Nafarroako Arartekoak beharrezkotzat jo du:

Osasun Sailari iradokitzea Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuko enplegu publikoa lortzeko deialdietan, eremu mistoan eta eremu ez-euskaldunean, lanpostuetarako euskararen ezagutza baloratzeko, gutxienez, atzerriko hizkuntzen puntuazio berarekin.

Uztailaren 3ko 4/2000 Foru Legearen, Nafarroako Foru Komunitateko Arartekoari buruzkoaren, 34.2 artikuluarekin bat etorriz, egoki da Osasun Sailak gehienez ere bi hilabeteko epean jakinaraztea, aginduzkoa denez, erabaki hau onetsi duen, eta hala bada, erabakia betetzeko zer neurri hartu dituen.

Legezko agindu horretan xedatutakoari jarraikiz, ebazpena ez bada onesten, Nafarroako Parlamentuari aurkeztuko zaion 2020ko txostenean sartu ahal izango da kasua, eta berariaz aipatuko da dagokion administrazioak ez duela aldeko jarrera hartu, horretarako aukera zuelarik ere.

Adeitasunez, zure erantzunaren zain,

El Defensor del Pueblo de Navarra

Nafarroako Arartekoa

Francisco Javier Enériz Olaechea

Partekatu edukia