Partekatu edukia
Administrazio publikoen ondasunak
Gaia: La posible ocupación indebida de la plaza pública de Oieregi por parte de un vecino.
Administrazio publikoen ondasunak
Bertizaranako alkatea
Alkate jaun hori:
2020ko otsailaren 10ean […] andreak aurkeztutako idazki bat jaso zuen erakunde honek; haren bidez kexa aurkezten zuen Bertizaranako Udalaren aurrean, herritar batek Oieregiko plaza publikoa okupatzen zuelako.
Ekarritako gaiari dagokionez, 2017an aurkeztu zen 17/809 kexa. Interesdunak orain salatzen duena da eremu publikoaren okupazioak bere horretan jarraitzen duela, eta gehiegizkotzat jotzen du egoera.
Kexa aurkeztu duen pertsonak azaldu zuenez, jardunbide onartua da egur-epaitzak hamabost - hogeita hamar eguneko epe batez karrikan pilatzea eta idortzea, baina kasu honetan okupazio hori gehiegizkoa da intentsitatez zein iraupenez. Ondoren azaltzen duenez, idazki hau aurkeztu den egunean, oraindik ere herriko plazan datza […] jaunak orain hiru urte utzitako zuhaitz-enbor handia, eta ondoan haren atoia, haren jabegoko lur-saila eta egur-epaitza gordetzen duten eraikin batzuk bereiziz eremu publikotik.
Kexa jaso ondoren, erakunde honek Bertizaranako Udalera jo zuen, gai horri buruzko informazio eske.
Udalak erakunde honi igorritako txostenean, gaiaren aurrekariak azaltzen dira, eta orobat ofizio bat igorri zitzaiola Oieregiko Kontzejuari, kexaren berri emanez. Kontzejuaren aldetik, ahoz azaldu zitzaion Udalari azken bi asteetan banatu zirela 2020ko egur-epaitzak, eta horregatik zeudela karrikan egur-epaitza horietako batzuk.
Era berean, Kontzejuak azaldu zuenez, zenbait herritar ari ziren egur-pilaketak egiten, Oieregiko Kontzejuak 2019ko irailaren 7an hartutako Erabakian ezarritako baldintzak betez.
Udalak bere txostenean gehitzen duenez, Udalak berak eman zion salaketaren berri egoera eragin zuen herritarrari, eta hark ahoz erantzun zuen egur-epaitzak plazatik kenduko zituela bere etxebizitzan lekua izan orduko.
Udalaren txostena kexa aurkeztu duen herritarrari helarazi ondoren, hark, 2020ko apirilaren 3ko idazkiaren bidez, bere ezadostasuna berretsi du.
Interesdunak adierazi duenaren arabera, txostenak gaia aurkeztean behin-behineko egur-pilaketa aipatzen du; baina berak salatzen duena da plaza publikoaren okupazio etengabea, honezkero hiru urtez luzatu dena, tartean direla herritar horrek eraikitako egituretan pilatzen diren materialak, objektuak eta atoiak.
Bere adierazpenean argi uzten du egur-epaitzak eremu publikoan banatzea, txikitzea eta idortzea ohitura errotua dela eskualdeko herrietan, eta inoiz ez duela horregatik kexarik aurkeztu. Baina ohitura horretatik harago doala eremu publikoak okupatzea egur txikitua, idortua eta pilatua biltzeko, eta are gehiago horretarako egiturak eraikitzea. Eta herritarrek, oro har, beren lur-eremu pribatuak erabiltzen dituztela horretarako.
Azaltzen duenez, 2020ko egur-epaitza ez ezik, kexan aipatzen den herritarrak zuhaitz-enbor bat du plazan ezarria orain dela hiru urtetik, harekin hesituz beretzat hartzen dituen eremuak bere atoiraino, hantxe baitu aparkatua bere gauzekin; eta eremu publikoan du, orobat, eraikin estali batzuetan pilatua, 2019ko epaitzeko egurra.
Ageri denez, kexa aurkeztu da herritar batek Oieregiko plaza publikoa modu ez-bidezkoan okupatzen duela iritzita.
Interesdunak zehaztu du, Udalaren txostenean azaldutakoa ikusita, desadostasuna ez dela planteatzen behin-behinean pilatzeagatik, denbora-tarte labur batez, egur-epaitza eman berria txikitu eta idortu bitartean. Aitzitik ere, eremu publikoaren okupazio etengabea da kexa eragin duen arrazoia, horrek gainditzen duelako ohiturazko jardunbide onartua.
Tokiko entitateen ondasunak arautzen dituen arautegiaren arabera, plaza publikoaren berezko helburu arrunta da herritar guztientzat erabilgai izatea.
Beraz, administrazio-gaikuntza duen kasu berezia izan ezean, eta hori justifikatzen duen arrazoirik izan ezean, ondorioztatu behar da eremu publikoaren okupazio pribatiboa, batez ere iraunkorra bada, ez datorrela bat eremu horientzat aurreikusten den erabilerarekin.
Auzia eragin duen kasuari dagokionez, Bertizaranako Udalak gaiari buruz egin dituen izapideen berri eman du, baina ez du argi adierazten salatzen den eta egun ere irauten duen egoerari buruz duen irizpiderik; eta ez du jarrera argirik hartzen (ez bidezkoa den ala ez adierazten) eremu publikoaren okupazioa gertatzen ari den auziaren inguruan.
Erakunde honen aburuz, balorazio hori berez dagokio administrazio-eskumenari, aurkeztutakoa bezalako salaketa baten aurrean, eremu publikoaren gehiegizko okupazio baten zantzuak jasotzen baitira bertan.
Gainera, erakunde honetako langileek lekua bisitatu zuten, eta egiaztatu ahal izan zuten Oieregiko plazako eremu publikoan bazirela tamaina handiko zenbait enbor, atoi bat eta zurezko panel batzuk ere han jarrita, lekuaren itxurari kalte egiten diotenak, eta erakusten dutenak eremu horren erabilera intentsiboa eta partikularra, eremu publikoari ez dagokiona.
Horiek horrela direla, Bertizaranako Udalari gomendioa egiten zaio behar diren neurriak har ditzan, gehiegizko okupaziorik izan ez dadin Oieregiko plazako eremu publikoan, ez intentsitateari ez denborari dagokienez.
Horrenbestez, eta uztailaren 3ko 4/2000 Foru Legearen 34.1 artikuluak aitortzen dizkion eskumenekin bat etorriz, Nafarroako Arartekoak beharrezkotzat jo du:
Bertizaranako Udalari gomendioa egitea behar diren neurriak har ditzan, gehiegizko okupaziorik izan ez dadin Oieregiko plazako eremu publikoan, ez intentsitateari ez denborari dagokienez, horixe baita kexan salatzen dena.
Kontuan hartuz 4/2000 Foru Legea, uztailaren 3koa, Nafarroako Foru Komunitateko Arartekoari buruzkoa, eta Lege horren 34.2 artikuluarekin bat etorriz, bidezkoa da Bertizaranako Udalak jakinaraztea, aginduzkoa denez, gehienez ere bi hilabeteko epean, erabaki hau onartu duen eta, hala bada, erabakia betetzeko zer neurri hartu dituen.
Lege horretan xedatutakoari jarraikiz, ebazpena ez bada onesten, Nafarroako Parlamentuari aurkeztuko zaion 2020ko txostenean sartzen ahalko da kasua, eta berariaz aipatuko da dagokion Administrazioak ez duela aldeko jarrera hartu, horretarako aukera zuelarik ere.
Adeitasunez, zure erantzunaren zain,
El Defensor del Pueblo de Navarra
Nafarroako Arartekoa
Francisco Javier Enériz Olaechea
Partekatu edukia