Partekatu edukia
Euskara
Gaia: La inexistencia de plazas en euskera en la escuela infantil de Ansoáin-Antsoain.
Euskara
Antsoaingo alkatea
Alkate jauna:
Ondoren, erakunde honek Antsoaingo Udaletxera jo zuen, gai horri buruzko informazio eske.
Honako hau jartzen du jaso genuen txostenean:
“Eskaeren artean honakoak agertzen ziren:
2020-2021 ikasturterako euskarazko lerrorik eskainiko den gurasoei argi informatzea
.
Udal honek adierazi izan duen bezala, ez da euskarazko lerrorik eskaintzen udal haur eskolan; eta ez da eskainiko 2020-2021 ikasturtean ere. Hala jakinaraziko da, berriz ere, matrikulaldia irekitzen den unean. Edonola ere, 0-3 urte arteko familia guztiei informatzeko gutun bat bidali zitzaien otsailaren 5eko datarekin (erantsita). Bestalde, Udal honetako alkatea, zinegotzi batekin batera, ikusirik Antsoainen haur eskolari buruzko bilera bat antolatu zuela guraso talde batek otsailaren 4rako, bilera aretora agertu ziren guraso horiek behar zitzaketen azalpenak eskaintzeko asmoz, eta hala egin zuten.
Ezezkoa balitz, hurrengo urteetan emango diren pausu eta konpromisoak zehaztea (epeak). Hala balitz, progresiboki euskarazko lerroa bermatuko lukeen neurriak zehaztuz
.
Udal honek, 2018an Arartekoari helarazitako bi txostenetan, Antsoaingo haur eskolaren egoera zein zen azaldu zion (erantsita). Era berean, azalpenak eman zizkien Behatokiari eta informazioa eskatu zuten gurasoei: garbi adierazi zuen euskarazko lerroa irekitzeko ezintasuna zegoela, behar adina hezitzaile elebidun ez zegoelako.
Ordurako, Antsoaingo Udalak hainbat neurri hartuak zituen arazo horri aurre egiteko:
Iruñeko Udalean hurrengo 3 urtetarako iragarri dituzten aldaketak kontuan izanik, Antsoaingo gurasoon egoera berraztertu eta euskarazko plazen murrizteak ekarriko duen egoeraz jabetuta, Antsoaingo Udalak dagokion larritasun eta azkartasunez irtenbide bat planteatzea.
Gaur egun ezin da Iruñeko Udalak har ditzakeen erabakien aurreikuspen zehatzik egin, ezta erabaki horien ondorioak noiz hasiko diren finkatu ere. Antsoaingo Udalak eta bere zerbitzu teknikoek kasu bakoitzean dagokion erabakia hartzeko dauden jarduketa alternatibak aztertuko dituzte.
Bestalde jakinarazi nahi dugu haur eskolan egin diren hobekuntzen artean, 2018 urtean derrigorrezko hizkuntza eskakizuna jarri zitzaiola haur eskolako zuzendariaren postuari plantilla organikoan, eta egungo zuzendaria elebiduna dela.
Bukatzeko, Udal honek Arartekoari azken azalpen bat eman nahi lioke gurasoen informazio faltari buruzko kexa dela eta: eskaera azaroan jaso zen, eta ohi baino denbora gehiago behar izan da eskaera zegokion unitatera heldu eta erantzuna emateko; izan ere, Antsoaingo Udala idazkaririk gabe egon da abuztuaren bukaeratik urtarrilaren erdira arte, eta horrek funtzionamendu eragozpen handiak eragin ditu udal barnean. Hala jakinarazi zitzaion Behatokiari, urtarrilaren 14an izandako bilera batean. Data horretan, Behatokiari gai hauen guztien inguruko informazioa helarazi zitzaion”.
Guraso talde batek aurkeztu du kexa, eta Antsoaingo Udaleko haur-eskolan haien seme-alabak euskaraz matrikulatzeko aukera ematea eskatu dute.
Erakunde horrek Q18/409 kexa bideratu zuen, egungo espedientearekin lotuta. Horretan, Antsoaingo Udalari proposatu zitzaion, dagoen eskaera eta eskaera potentziala kontuan hartuta, herriko familiek, hala nahi izanez gero, 0-3 urteko zikloaren irakaskuntza euskaraz egin ahal izateko neurriak azter zitzala, horrek halako zerbitzu publikorako ezohiko kostu gehigarririk eragin gabe. Iradokizun hori onartu egin zuen Antsoaingo Udalak.
Kexan azaltzen da egoera ez dela ia aldatu azken bi urtetik hona, eta gainera, baieztatzen da Antsoainen inguruko eremuetan euskarazko plazen eskaintza aldatu egin dela, Iruñeko Udalak hizkuntza horretako plazen eskaintza aldatzeko hartutako erabakiaren ondorioz.
Antsoaingo Udalak transkribatutako txostena bidali du, eta horretan, bere titularitatekoa duen haur-eskolan euskarazko plazen eskaintza ezartzeko orduan aurre egin beharko lizkiokeen antolakuntza-arazoak zerrendatu ditu.
Euskarari buruzko abenduaren 15eko 18/1986 Foru Legeak, 1.2 artikuluan, funtsezko helburu hauek ezartzen ditu: euskararen berreskurapena eta garapena babestea Nafarroan, euskararen erabilera sustatzeko neurriak adieraziz
, eta, zehatzago esanda, kasu honi dagokionez, euskararen erabilera eta irakaskuntza bermatzea, borondatezkotasun-, mailakatze- eta errespetu-irizpideei jarraiki, Nafarroako errealitate soziolinguistikoaren arabera
(1.2 artikulua).
Gainera, Foru Lege horrek euskara Nafarroako berezko hizkuntzatzat hartzen du, eta, horren ondorioz, herritar guztiek dute eskubidea
hizkuntza hori jakiteko, ikasteko eta erabiltzeko (2.1 artikulua).
Horrez gain, botere publikoei beharrezko neurriak hartzeko betebeharra ezartzen die, hizkuntza dela-eta herritarrak diskriminatu ez daitezen (3.1 artikulua).
Euskararen irakaskuntzari dagokionez, honako hau aitortzen du 19. artikuluak: herritar guztiek dute irakaskuntza euskaraz izateko eskubidea (...) hezkuntza-maila desberdinetan, ondoko kapituluetan ezarritako eran
; horren ondorioz, administrazio publikoek beharrezkoak diren baliabide pertsonalak, teknikoak eta materialak eman behar dituzte, eskubide hori betetzeko (22. artikulua).
Zehazki, Nafarroako eremu mistoan, Antsoain dagoen eremuan, Foru Legeak bi aurreikuspen ezartzen ditu administrazio publikoetarako, aplikatu beharrekoak: euskara irakaskuntzan pixkanaka, mailaz maila eta behar adina sartzea, ikastetxeetan euskarazko irakaskuntza duten lerroak sartuz, hala eskatzen dutenetan
, eta hezkuntza-maila ez-unibertsitarioetan euskara irakatsiz hala nahi duten ikasleei
(25. artikulua).
Erakunde honen iritziz, Antsoaingo Udalak udal haur-eskolan gaztelaniazko irakaskuntza bakarrik eskaintzean (antza herrian haurrak euskaraz matrikulatzeko eskari bat dagoenean), legegilearen borondatetik aldentzen da, arestian azaldutako Euskararen Foru Legeko 22. eta 25. artikuluetan adierazitakoari erreparatuta.
Bereziki, adierazi behar da foru-lege honen 25. artikuluak xedatzen duela, eremu mistoan, eta hortaz, Antsoainen, euskara haur-hezkuntzako lehen zikloan sartu behar dela, Administrazioak irakaskuntza hizkuntza horretan emateko egiten duen eskaintzak behar bestekoa izan behar duela, eta euskara sartzeko, ikastetxeetan irakasteko lerroak sortu behar direla, hala eskatzen dutenentzat.
Kexa dela-eta Antsoaingo Udalak bidalitako txostenean, euskarazko plazen eskaintzarik eza justifikatzen da antolaketari dagokionean; ez da aipatzen herritarren eskaera-falta egon daitekeenik. Ondorioztatu da eskari hori herrian badagoela, eta aipatu den moduan, udalak ez du alderdi hori eztabaidatzen.
Hori dela-eta, azaldutakoa kontuan hartuta, erakunde honek beharrezkotzat jotzen du Antsoaingo Udalari gomendatzea bere titularitateko haur-eskolan euskarazko plazen eskaintza behar bestekoa ahalbidetzeko behar diren jarduketak burutu ditzala hala nahi duten gurasoen haurrentzat.
Beraz, eta Nafarroako Foru Komunitateko Arartekoaren erakundea arautzen duen uztailaren 3ko 4/2000 Foru Legearen 34.1. artikuluak ematen dizkion eskumenen arabera, hau jo du beharrezkotzat:
Antsoaingo Udalari gomendatzea bere titularitateko haur-eskolan euskarazko plazen eskaintza behar bestekoa ahalbidetzeko behar diren jarduketak burutu ditzala hala nahi duten gurasoen haurrentzat
Nafarroako Foru Komunitateko Arartekoaren erakundea arautzen duen uztailaren 3ko 4/2000 Foru Legearen 34.2. artikuluari jarraikiz, eta aginduzkoa betez, Antsoaingo Udalak bi hileko epean jakinarazi beharko du ebazpen hau onartzen duen eta, dagokionean, hura betetzeko zer neurri hartu dituen.
Lege-agindu horretan xedatzen denez, aipatutako administrazio publikoak arartekoaren erabakia onartzen ez badu, erakunde honek erabaki dezake gai hori 2017. urteari dagokion urteko txostenean sartzea eta Nafarroako Parlamentuan azaltzea, jarrera hori izan duen administrazio publikoa berariaz aipatuz, baldin eta arartekoaren iritziz erabakia onartzea posible bazen.
Adeitasunez, zure erantzunaren zain,
El Defensor del Pueblo de Navarra
Nafarroako Arartekoa
Francisco Javier Enériz Olaechea
Partekatu edukia