Bilaketa aurreratua

Ebazpenak

Nafarroako Arartekoaren ebazpena (Q20/1231), Mairagako Mankomunitatearen lankidetza falta deklaratzen duena eta Nafarroako Arartekoaren erakundearekiko erakutsi duen jarrera kontrakotzat jotzen duena.

2020 abendua 31

Covid-19

Gaia: La situación laboral del personal administrativo respecto a la posibilidad de teletrabajar, con motivo de la crisis sanitaria ocasionada por la covid-19.

Covid-19a

Mairagako Mankomunitateko presidentea

Nafarroako Arartekoaren ebazpena (Q20/1231), Mairagako Mankomunitatearen lankidetza falta deklaratzen duena eta Nafarroako Arartekoaren erakundearekiko erakutsi duen jarrera kontrakotzat jotzen duena.

1. 2021eko apirilaren 19an, erakunde honek ebazpen bat bidali zion Mairagako Mankomunitateari, […] andreek aurkeztutako kexarekin loturik. Mankomunitateko administrazio-langileen lan egoerari buruzkoa da kexa, diskriminatzailea dela uste baitute, COVID-19k eragindako osasun-krisiaren ondorioz telelana egiteko aukerari dagokionez.

Zehazki, honako hau ebatzi zen:

“Mairagako Mankomunitateari gomendatzea, COVID-19ren ondorioz sortutako egoerarekin zerikusia duten langileak antolatzeko neurriak hartu baino lehen, erabakiak toki-erakundearen barruan sortutako koordinazio-kabinetearen barruan eztabaida daitezela eta hark bere iritzia eman dezala, ukitutako langile publikoek ere parte hartuta”.

Nafarroako Foru Komunitateko Arartekoari buruzko uztailaren 3ko 4/2000 Foru Legearen 34.2 artikuluarekin bat, Mairagako Mankomunitateari bi hilabeteko epea eman zitzaion ebazpenaren onarpenaren berri emateko.

2. Gomendioari erantzuteko legez ezarritako epea igarotakoan, Mairagako Mankomunitateak ez zuen erantzunik eman.

Horren aurrean, erakundeak erantzuteko eskatu zion berriro, 2021eko abuztuaren 2ko idazkiaren bidez, eta lankidetzan jarduteko beharra gogorarazi zion eta oharkizun bat helarazi zion Mairagako Mankomunitateari.

3. 2021eko irailaren 7an (gomendioa egin zenetik lau hilabete eta erdi baino gehiago igaro ondoren), Mairagako Mankomunitatearen idazki bat jaso zen, eta bertan jakinarazi zuten kexaren egileek gora jotzeko errekurtsoa jarri zutela Nafarroako Administrazio Auzitegian, Mankomunitate horretako Presidenteak 2020ko irailaren 25ean emandako Ebazpenaren aurka, langileen antolaketa-neurriak onartzeari buruzkoa. Adierazi zuten, halaber, toki erakundea Nafarroako Administrazio Auzitegiaren ebazpenaren zain zegoela, Mankomunitateak errekurtsoaren erantzunean alegatutakoa aipatu zuten eta hauxe ondorioztatu zuten: “Beraz, Nafarroako Administrazio Auzitegiak emango duen ebazpenari itxarongo zaio eta hura beteko da, bai eta jurisdikzio arrunteko auzitegiena ere. Haiek dute Mankomunitatearen administrazio-egintza zuzenbidearekin bat datorren ala ez zehazteko ardura”.

4. Aurreko jakinarazpenari erantzunez, erakunde honek beste idazki bat bidali zion Mairagako Mankomunitateari 2021eko irailaren 8an, egindako gomendioari erantzun egin behar zitzaiola esanez. Horren harira, bidalitako idazkian honako hau adierazi zen:

“Mairagako Mankomunitateak, beraz, ez dio funtsezko erantzunik eman erakunde honen gomendioari, eta adierazi du itxaron egingo duela Nafarroako Administrazio Auzitegiak eta, hala badagokio, jurisdikzio-organoek ebazten dutenaren zain.

Nafarroako Arartekoari buruzko uztailaren 3ko 4/2000 Foru Legearekin bat etorriz, Mairagako Mankomunitateak erakunde horri lagundu behar dio, eta, kasu honetan, emandako ebazpena eta hartu beharreko neurriak onartu direla jakinarazi behar du, edo, bestela, ezezkoa eman eta, bere ustez, gomendioa ez betetzea justifikatzen duten arrazoiak jakinarazi behar ditu.

Jasotako idatzian aipatzen den inguruabarrak, hau da, kexaren egileek Nafarroako Administrazio Auzitegian administrazio-errekurtsoa aurkezteak, ez du salbuesten toki erakundeak duen legezko betebehar horretatik, eta ez du eraginik.

Nafarroako Toki Administrazioari buruzko Foru Legearekin eta Nafarroako Administrazio Auzitegia arautzen duen araudiarekin bat etorriz, hori organo administratiboa da, eta Auzitegi horrek ebatzi behar dituen gora jotzeko errekurtsoak ere administratiboak dira. Ez dago agindurik Nafarroako Arartekoaren erakunde hau arautzen duen Foru Legean, ez eta beste arau batzuetan ere, ondorioztatzen duenik, gai jakin bati buruzko administrazio-errekurtsoa aurkezteagatik, Nafarroako Arartekoaren ebazpen bati erantzuteko betebeharra bertan behera gelditzen dela. Azken erakunde horrek, gainera, izaera desberdina du, parlamentarioa, eta beste funtzio bat, administrazio-egintzak berrikusteari edo legezkotasun-kontrolari lotuta ez dagoena.

Kexa egin duten herritarrak legitimatuta daude, aldi berean kexa bat aurkezteko Nafarroako Arartekoaren aurrean, eta administrazio-errekurtso bat aurkezteko (kasu honetan Nafarroako Administrazio Auzitegiaren aurrean), Mairagako Mankomunitatearen erabaki baten aurka, baina Mankomunitateak ezin du ukatu bi bide horietako baten erabateko eraginkortasuna, eta hori gertatuko litzateke onartzen bada gomendioaren aurrean ez dela funtsezko jarrera bat hartu behar, harik eta aipatutako Administrazio Auzitegiak ebazpena eman arte.

Horregatik guztiagatik, berriro ere eskatu behar dizut, hamar egun balioduneko epean jakinaraz diezadazun erakunde honen gomendioari buruz hartu duzun erabakia, haren onarpenaren berri emanez.

5. Hamar eguneko epe berri hori igarotakoan, ez zen erantzunik jaso.

Erantzunik ez zegoenez, 2021eko urriaren 5eko Ebazpenaren bidez, Mairagako Mankomunitateak Nafarroako Arartekoari ez diola lagundu deklaratzeko prozedura hasi zen, arestian aipatutako aurrekarietan oinarrituta.

Ebazpenak hamabost egun balioduneko epea ezarri zuen alegazioak aurkezteko.

6. Aurreko atalean aipatutako ebazpenari erantzunez, Mairagako Mankomunitateko presidentearen jakinarazpen hau jaso da 2021eko urriaren 15ean:

“Ikusirik Arartekoaren 2021eko urriaren 5eko jakinarazpena, Mairagako Mankomunitateak ez diola Nafarroako Arartekoari lagundu deklaratzeko prozedura hasten duena. Bertan gogorarazten da Q20/1231 kexan honako hau ebatzi zuela Arartekoak:

“Mairagako Mankomunitateari gomendatzea, COVID-19ren ondorioz sortutako egoerarekin zerikusia duten langileak antolatzeko neurriak hartu baino lehen, erabakiak toki-erakundearen barruan sortutako koordinazio-kabinetearen barruan eztabaida daitezela eta hark bere iritzia eman dezala, ukitutako langile publikoek ere parte hartuta”.

Kontuan harturik Mairagako Mankomunitateko Presidentearen abuztuaren 8ko jakinarazpena, honako hau adierazten duena:

“Mairagako Mankomunitatea Nafarroako Administrazio Auzitegiaren Ebazpenaren zain dago. Ebazpen horrek zehaztuko du Presidentearen 2020ko irailaren 25eko Ebazpena, langileen antolaketa-neurriak onartzeari buruzkoa, zuzenbidearekin bat datorren.”

Kontuan hartuta Nafarroako Administrazio Auzitegiaren 2021eko irailaren 22ko 1538 zenbakiko Ebazpena. Ebazpen horrek ezetsi egiten du […] jarritako 20-01501 zenbakiko gora jotzeko errekurtsoa, Mairagako Mankomunitateko Presidenteak emandako langileen antolaketarako neurriak (telelana) onartzeari buruzko 2020ko irailaren 25eko Ebazpenaren aurka jarritakoa, eta xedatzen du ebazpen hori objektiboki hartu duela agintaritza eskudunak, interes publikoa aintzat hartuta eta langileriaren arloan dituen eskumenak baliatuz. Honekin batera doakizu haren kopia bat.

Ebazpen horren 4. orrialdearen hasieran honako hau dio:

“Eta, Auzitegi honek zalantzan jartzen badu ere administrazio-antolakuntzaren alderdi zehatzak negoziatzeko beharra (...), esan daiteke plan hori langileen ordezkariekin negoziatu zela, eta, hitzez, baita gaur errekurritutako ebazpena ere. Gogoan izan behar da […] andrea, gaur egun errekurtsogilea dena, “Covid-19ren arriskuaren aurrean koordinatzeko kabineteko” kide zela. Halaber, langileen ordezkariekin azaroaren 4an egindako bileran ere eztabaidatu zen presentzialtasunaren kontua. (…). Era berean, Mankomunitatearen Batzar Nagusiak 2020ko azaroaren 5ean egindako bileran ere atera zen kontu hori, galdera-eskeen txandan.”

ADIERAZTEN DIZUT

Lehenengo.- Nafarroako Administrazio Auzitegiak 1538 zenbakiko ebazpena eman duela, Mairagako Mankomunitatearen aldekoa, eta hark dioela zuzenbidearekin bat datorrela Presidentearen 2020ko irailaren 25eko 104/2020 Ebazpena, hainbat antolaketa-neurri hartzen zituena.

Bigarrena.- Nafarroako Administrazio Auzitegiaren ebazpenak berak zalantzan jartzen duela administrazio-antolakuntzaren alderdi zehatz batzuk negoziazio kolektibora eraman behar ote diren, lanaldiaren eta lan-ordutegiaren ezarpenarekin bat ez datozenak. Dio, hala eta guztiz ere, langileen ordezkariekin negoziatu dela 2020ko azaroaren 4an, eta gaia eztabaidatu zela 2020ko azaroaren 5eko Batzar Orokorrean.

Epaimahaiak adierazi badu ez dela beharrezkoa Mairagako Mankomunitatearen eta langileen ordezkarien artean antolaketa-neurrien negoziazio kolektiboa egitea, Arartekoak egin duen gomendioak ez du inolako lege-babesik eta Nafarroako Administrazio Auzitegiaren 1538. zenbakiko ebazpen horren aurka dago. Oso larria litzateke Nafarroako Arartekoa bezalako erakunde batek Nafarroako Administrazio Auzitegiaren ebazpen bat urratzea. Noski, Mairagako Mankomunitateak ez du horrelakorik egingo.

Hirugarren.- Mairagako Mankomunitateak ez du inoiz urratu uztailaren 3ko 4/2000 Foru Legea, ez eta Nafarroako Arartekoarekin lankidetza falta izan ere. Mairagako Mankomunitateak Presidentearen ebazpena eman du, zuzenbidearekin bat datorrena, eta Nafarroako Administrazio Auzitegiaren 1538 zenbakiko ebazpena onartu du. Beste gauza bat da Nafarroako Arartekoari ez gustatzea Mairagako Mankomunitatearen erantzuna edo Nafarroako Administrazio Auzitegiaren Ebazpena. Egin behar duena da errespetatu eta men egin.

Beraz, arren eskatzen dizut irakur dezazula Nafarroako Administrazio Auzitegiaren 1538 zenbakiko ebazpena, hari men egin eta artxiba dezazula Mairagako Mankomunitateak Q20/1231 kexan ez duela lagundu deklaratzen duen prozedura, bai eta Q20/1231 kexa bera ere, Mairagako Mankomunitatearen antolaketaren alorrean egindako jarduerak zuzenbidearekin bat datozelako”.

7. Nafarroako Foru Komunitateko Arartekoari buruzko uztailaren 3ko 4/2000 Foru Legeak xedatzen du erakunde horri laguntzeko betebeharra dutela Nafarroako administrazio publikoek. Betebehar horrek barne hartzen du Nafarroako Arartekoaren ebazpenei entzuteko beharra, haren gogoraraztekoak, gomendioak edo iradokizunak onartuz eta dagozkion neurriak hartu direla jakinaraziz, edo, hala badagokio, neurri horiek hartzeari uko egin izana justifikatuz (34.2 artikulua), horretarako legez ezarritako epean (bi hilabete).

Betebehar hori ez betetzeak ekar dezake, besteak beste, kasua Nafarroako Parlamenturako urteko txostenean sartzea edo txosten berezi bat egitea, agintari edo langile arduradunak espresuki aipatuz.

Bestalde, betebehar hori ez betetzeak ekar dezake gaia eta dagokion administrazio-arduraduna erakundeari laguntzen ez dioten Administrazioen eta Erakundeen Erregistroan dagokion atalean sartzea. Nafarroako Foru Komunitateko Arartekoaren azaroaren 9ko 43/2007 ebazpenaren bidez sortu zen erregistro hori.

8. Nafarroako Foru Komunitateko Arartekoari buruzko uztailaren 3ko 4/2000 Foru Legearen 31. artikuluak xedaturikoaren arabera:

“1. Administrazio Publikoetako zerbitzuko edozein organismok edo pertsonak Nafarroako Foru Komunitateko Arartekoaren ikerketei kontra edo oztopo egiteari eusten badio, Nafarroako Foru Komunitateko Arartekoak txosten berezi bat egin dezake horri buruz, urteko txostenean dagokion atalean hori azpimarratzeaz gain.

2. Horretaz gain, Nafarroako Foru Komunitateko Arartekoak bere ebazpenak ez betetzeari eusten diotenak edo bere jarduera oztopatzen dutenak nor diren esan ahalko du, guztiaren berri eman ondoren erantzule den agintari gorenari”.

9. Kasu honetan, ikusten da Mairagako Mankomunitateak ez duela bete Nafarroako Arartekoari laguntzeko legezko betebeharra, izan ere:

a) Gomendioa egin eta toki-erakundeari bidali ondoren, ez zitzaion erantzunik eman legez ezarritako epean.

b) Erakunde honek beste errekerimendu bat egin ondoren, erantzun zuten (gomendioa egin eta lau hilabete eta erdira), Nafarroako Administrazio Auzitegiak (toki erakundearen ebazpen zehatz baten aurrean errekurtsoa aurkeztu baitzen) edo administrazioarekiko auzietako jurisdikzio-organoek (ez zegoen haien aurrean aurkeztutako errekurtsorik) ebazten zutena beteko zutela.

c) Erakundeak adierazi zuen ez erantzuteko legezko arrazoirik ez zegoela (lehen aipatutako arrazoiengatik, laugarren atalean adierazitakoak), baina erantzunik eman gabe jarraitu zuten.

d) Laguntza falta deklaratzeko prozedurari hasiera eman ondoren, lehen transkribatutako jakinarazpena bidali da. Haren bidez, Mairagako Mankomunitateko presidenteak berretsi egin du kexa-espedientean zehar toki erakundeak izan duen jokaera (behar bezala lagundu dela uste baitu) eta zenbait oharkizun egin ditu erakunde honek egindakoari buruz.

10. Mairagako Mankomunitateko presidentearen jarrerak, gainera, kontrako kalifikazioa merezi du, Nafarroako Foru Komunitateko Arartekoari buruzko uztailaren 3ko 4/2000 Foru Legean aurreikusitakoaren arabera.

Kexa-espedientean zehar etengabe mantendu den irizpideak (gomendioaren funtsari ez erantzutea eta Nafarroako Administrazio Auzitegiak ebatzi arte itxarotea) esan nahi du, legezko arrazoirik gabe, Nafarroako Arartekoaren funtzioa ukatu egiten dela, herritarren eskubideak defendatzeko bide espezifikoa baita, eta, gainera, herritarrek aldi berean aurkez ditzakete administrazio-errekurtsoak, hala nola aipatutako Nafarroako Administrazio Auzitegian aurkeztutako errekurtsoak.

Nafarroako Arartekoaren Foru Legearen agindu bakar batek ere ez du babesten, ez eta ordenamendu juridikoaren arau bakar batek ere, erakunde honen gomendio bati, erakunde parlamentarioa izanik, erantzuteko betebeharra bertan behera uztea, administrazio-errekurtso bat ebaztearen baitan egoteagatik. Aurrekoarekin bat etorriz, kontuan hartu behar da organo ikuskatzaile baten aurrean aurkeztutako administrazio-errekurtsoaren xedeak (adibidez, Nafarroako Administrazio Auzitegiari zuzendutako gora jotzeko errekurtsoa) ez duela zertan bat etorri Nafarroako Arartekoaren aurrean egindako kexa batekin, haren eginkizuna eta irismena desberdinak baitira. Gainera, batera gertatze hori egongo balitz ere, ez legoke arrazoirik Nafarroako Arartekoaren gomendio bati buruzko iritzirik ez emateko.

Bestalde, kontuan hartu behar da Nafarroako Administrazio Auzitegia Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren parte dela, eta, beraz, Nafarroako Arartekoaren gainbegiratze-esparruaren mende ere badago. Horrek indartu egiten du lehen ateratako ondorioa.

Mairagako Mankomunitateko Presidentearen komunikazioan erabili diren esamoldeak (“gomendioak ez du inolako lege-babesik”, “Nafarroako Administrazio Auzitegiaren ebazpen hori urratzen du”, “oso larria izango litzateke Nafarroako Arartekoa bezalako erakunde batek Nafarroako Administrazio Auzitegiaren ebazpen bat haustea”, “beste gauza bat da Nafarroako Administrazio Auzitegiari ez gustatzea Mairagako Mankomunitatearen erantzuna edo Nafarroako Administrazio Auzitegiaren ebazpena”, “egin behar duena da errespetatu eta men egin”, “irakur dezazula Nafarroako Administrazio Auzitegiaren ebazpena, men egin eta artxiba dezala prozedura”) desegokiak dira, eta ez datoz bat Nafarroako Arartekoaren erakundearen eta hark ikuskatu behar dituen administrazioen arteko harremanek arau izan behar duten elkarrekiko errespetuarekin. Horrez gain, esan behar da baieztapen horiek ez dutela inolako oinarri juridikorik; izan ere, arrazoitutako guztitik ondoriozta daitekeenez, Nafarroako Arartekoa ez dago lotuta Nafarroako Administrazio Auzitegiak ebatz dezakeenarekin, hura ere bere ikuskapenaren mende baitago, eta, alde horretatik, ez die haren ebazpenei “men egin” behar (4/2000 Foru Legearen arabera, Nafarroako Arartekoa ez dago aginduzko mandatu baten mende, eta bere eginkizunak autonomiaz eta bere irizpideen arabera betetzen ditu), nahiz eta errespetu osoa zor dien.

Onargarria da erakunde honen ikuskapenaren mende dauden administrazioak erakunde honek egindako gomendioren batekin bat ez etortzea eta kontrako arrazoiak ematea, betiere sortutako gaiaren funtsari buruz. Baina ez da onargarria, kasu honetan egin den bezala, erantzuna bidegabe luzatzea, de facto eta bere kabuz legez aurreikusita ez dagoen prozedura bertan behera uztea (Nafarroako Administrazio Auzitegiaren aurrean aurkeztutako errekurtsoa), nahiz eta bidezkoa ez dela ohartarazi, eta, azkenik, erakunde honen jarduna deskalifikatzea, eta, eskatzea, administrazio-egintza bat onartzeko, aipatu den errekurtsoaren ebazpenari dagokiona, are gehiago errespetu instituzional egokiarekin bat ez datozen terminoetan egiten bada.

11. Horregatik guztiagatik, uztailaren 3ko 4/2000 Foru Legearekin eta Nafarroako Foru Komunitateko Arartekoaren azaroaren 9ko 43/2007 Ebazpenarekin bat etorriz,

HAU EBAZTEN DUT:

Lehena. Mairagako Mankomunitateko Presidenteak Nafarroako Arartekoaren erakundeari ez diola lagundu deklaratzea.

Bigarrena. Mairagako Mankomunitateko Presidenteak Nafarroako Arartekoaren Erakundearekin izan duen jarrera kontrakotzat jotzea.

Hirugarrena. Adierazpen hau Nafarroako Parlamenturako 2021eko urteko txostenean eta Erakundeari laguntzen ez dioten Administrazioen eta Erakundeen Erregistroan jasotzea, behar den publizitatearekin, Mairagako Mankomunitateko Presidentea errudun gisa identifikatuta.

Laugarrena. Agintaritzari ohartaraztea, txostenak igortzeko lankidetza falta edo bidegabeko atzerapena hautemanez gero, Zigor Kodearen 502.2 artikuluan aurreikusitakoaren arabera jokatuko dela.

Bosgarrena. Mairagako Mankomunitateari ebazpen honen berri ematea.

El Defensor del Pueblo de Navarra

Nafarroako Arartekoa

Francisco Javier Enériz Olaechea

Partekatu edukia