Partekatu edukia
Herri Lanak eta Zerbitzuak
Gaia: El retraso en la reparación de una obstrucción existente en un tramo de la canalización de la fibra óptica, existente en Oskotz (Ayuntamiento de Imotz).
Herri-lanak
Imozko alkatea
Alkate jaun hori:
1. 2020ko urriaren 22an erakunde honek […] jaunaren idazki bat jaso zuen, kexa azaltzen zuena Imozko Udalaren aurrean, zuntz optikoa jartzeko aukera emanen dion kanalizazioa konpondu ez duelako.
2. Kexa jaso ondoren, erakunde honek Imozko Udalera jo zuen, gai horri buruzko informazio eske.
Udaletik jasotako txostenean, hauxe adierazten da:
«-Gertakari horren berri 2020ko irailaren 17an izan zuen udal honek, herritar horren email baten bidez. Hartan jakinarazi zituen zer arazo planteatu zizkioten zuntz optikoaren operadoreek instalazioa haren etxera eramateko, eta gai horri buruzko kontsulta eskatu zuen udal-arkitektoarekin.
-Urriaren 1ean kontsulta argitzeko deitu zion udal-arkitektoak, baina hark ez zion erantzun.
-Berriro ere email bidez egin zuen kontaktua Udalarekin DATA ADIERAZI arazoa konpontzeko eskatuz, eta Udalak zerbitzu anitzetako enplegatua bidali zuen, arazoa bertatik bertara ikus zezan.
-Dirudienez, instalazioa egiteko arazoa da lur azpiko kanalizazioaren zati bat trabatuta egotea.
-Enplegatu hori kontaktuan egon da, bai herritar horrekin, bai instalazioa jarri behar duten langileekin, behin baino gehiagotan, instalazioa erreklamazio-egilearen etxera eramateko aukera desberdinak aztertzeko, dagoen kanalizazioa erabiliz edo kanpokoko aireko instalazio baten bidez.
-Udal hau arazoaren jakinaren gainean dago, eta instalazioa egin behar duen enpresarekin kontaktuan, bertara inguratzen den hurrengo aldian arazoa behin betiko konpondu ahal izateko».
3. Erakunde honek Imozko Udalaren txostena igorri zion kexa aurkeztu zuen herritarrari, bidezkoak iruditzen zitzaizkion alegazioak egin zitzan.
2020ko azaroaren 16an interesdunak idazki bat aurkeztu zuen, honako hauek adieraziz:
«Eskerrik asko zuen kudeaketagatik; izan ere, gaur, behinik behin, izan dut, bi hilabete iragan ondoren, alkateak adierazitako argudio “desegokien” berri, zuk bidali didazun txostenaren bidez, Udal honen jarrera azaltzeko, kanalizazioaren matxuraren konponketaren zoritxarreko kudeaketaren aurrean. Nik, nire aldetik, egin dezakedan gauza bakarra da zuri labur baina zehatz azaltzea auzi honetan izandako gertaerak, horiek egiazta baitaitezke nik ditudan gutunetan. Gaur argi ageri da komunikazio falta dagoela zinegotzien eta funtzionarioen artean.
Zure bitartekaritza eskatzen dizut Imozko Udalarekiko, ahal den lasterren berrezar diezadaten zerbitzua.
Berriro ere eskerrak emanez, adeitasunez, agur.
AUZIAREN DENBORA ILDOA
Irailaren 7tik 11ra – Orange operadorea saiatu zen zuntz optikoa instalatzen nire etxean, baina arrakastarik gabe, kanalizazioan matxura zegoelako; kutxatila bat egiteko eskatu zuen.
Irailaren 14a – Udalari kontsulta eskatu nion udal-arkitektoarekin, bi gai aztertzeko: errepidean dagoen zuloa eta zuntz optikoaren gaia.
Irailaren 15a – Hitzordua eman zidaten urriaren 1erako; adostasuna azaldu nien, eta zuntz optikoaren gaia lehenbailehen konpondu behar zela azaldu nien.
Irailaren 17a – Zuntz optikoaren arazoa azaltzeko eskatu zidaten, eta egun hartan berean eman nien.
Irailaren 19a – Matxuraren lekua bisitatu nuen Oskozko Kontzejuaren buru Garzaron jaunarekin.
Irailaren 22a – Garzaron jaunak idatzi zidan esanez Altzueta jaun alkatearekin eta Beloki andre idazkariarekin kontsulta egin zuela eta kutxatila Xabik (zerbitzu anitzetako enplegatuak) eginen zuela irailaren 28tik urriaren 4ra bitarteko astean; eta honako hau gehitu zuen: “Ez dut Txokarrorekin (udal-arkitektoarekin) hitz egin, guztia argi dagoela eta Udalak bere gain hartzen duela uste baitut”.
Urriaren 7a – Udaleko zerbitzu anitzetako enplegatua gida bat pasatzen saiatu zen bi elektrikariren laguntzarekin, eta ez zuten lortu.
Azaroaren 9a – Altzueta jaunak idatzi zidan esanez berriro saiatuko zirela konpontzen hilaren 9tik 15era bitarteko astean.
Azaroaren 12a – Altzueta jauna eta enplegatua matxura konpontzen saiatu ziren, eta ez zuten lortu.
Azaroaren 16a – Gaur jaso dut zure gutuna, eta lehenbiziko aldiz irakurri ditut Udalaren arrazoi “desegokiak”».
4. Ageri denez, kexa aurkeztu da Oskotzen (Imozko Udala) zuntz optikoaren kanalizazioaren zati batean dagoen oztopo baten konponketa atzeratu delako.
Kexaren egileak adierazi duenaren arabera, 2020ko irailaren 7tik 11ra bitartean, zuntz optikoaren zerbitzua instalatzeko kontratatu duen telekomunikazio-enpresak ezin izan zuen zerbitzu hori ezarri, herrian dagoen kanalizazioan oztopo bat zegoelako, eta oraindik ere ez du zuntz optikorik etxean.
Imozko Udalak lehen transkribatutako txostena igorri du, kexa eragin duen auziaren inguruan egin dituen eginbideen berri emanez.
5. Konstituzioaren 103.1 artikuluak eraginkortasunaren irizpidea ezartzen du administrazio publikoen jarduera gidatu behar duten printzipioen artean, eta printzipio hori jasotzen du sektore publikoaren araubide juridikoari buruzko urriaren 1eko 40/2015 Legearen 3.1 artikuluak, ezartzen duenean administrazio publikoak objektibotasunez aritzen direla interes orokorren zerbitzura, eta eraginkortasun, hierarkia, deszentralizazio eta koordinazio printzipioekin bat eginez aritzen direla, Konstituzioari, Legeari eta Zuzenbideari men eginez erabat.
Eraginkortasunaren printzipio konstituzional hori jasotzen da, halaber, Nafarroako Tokiko Administrazioari buruzko uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legean; haren arabera: «Nafarroako Foru Komunitateak Foru Lege honetan ezarritakoaren arabera antolatzen du bere Tokiko Administrazioa, autonomia, parte-hartze, deskontzentrazio, eta koordinazio printzipioak betez interes publikoen kudeaketan, bere jarduerak herritarren konfiantza lor dezan».
6. Kasu honetan, erakunde honek atzematen duenez, Imozko Udalak ez du utzikeriazko jarrerarik izan kexa eragin duen arazoaren aurrean (txostenean jaso dira arazoa konpontzeko egin dituen eginbideak).
Hala ere, interesdunak kontratatu duen zuntz optikoa eraman behar duen kanalizazioaren oztopoaren berri tokiko entitateari eman zitzaion orain bi hilabete luze, eta oraindik ez da lortu herritar horrek etxean instalatu nahi duen zuntz optikoaren zerbitzua ezartzeko behar diren eginbideak burutzerik.
Horregatik, kexaren egileak eskatutakoa ikusirik, erakunde honek egokia ikusten du Imozko Udalari iradokitzea behar diren neurriak hartzea erraztu dezan eta eginbideak egin ditzan, konpontzeko, ahal den lasterren, zuntz optikoaren kanalizazioan dagoen oztopoa, zerbitzu hori interesdunaren etxera iristeko moduan.
7. Horrenbestez, eta uztailaren 3ko 4/2000 Foru Legearen 34.1 artikuluak aitortzen dizkion eskumenekin bat etorriz, Nafarroako Arartekoak beharrezkotzat jo du:
Imozko Udalari iradokitzea behar diren neurriak hartzea erraztu dezan eta eginbideak egin ditzan konpontzeko, ahal den lasterren, zuntz optikoaren kanalizazioan dagoen oztopoa, zerbitzu hori interesdunaren etxera iristeko moduan.
Kontuan hartuz 4/2000 Foru Legea, uztailaren 3koa, Nafarroako Foru Komunitateko Arartekoari buruzkoa, eta Lege horren 34.2 artikuluarekin bat etorriz, bidezkoa da Imozko Udalak jakinaraztea, aginduzkoa denez, gehienez ere bi hilabeteko epean, erabaki hau onartu duen eta, hala bada, erabakia betetzeko zer neurri hartu dituen.
Lege horretan xedatutakoari jarraikiz, ebazpena ez bada onesten, Nafarroako Parlamentuari aurkeztuko zaion 2020ko txostenean sartzen ahalko da kasua, eta berariaz aipatuko da dagokion Administrazioak ez duela aldeko jarrerarik hartu, horretarako aukera zuelarik ere.
Adeitasunez, zure erantzunaren zain,
El Defensor del Pueblo de Navarra
Nafarroako Arartekoa
Francisco Javier Enériz Olaechea
Partekatu edukia