Partekatu edukia
Enplegu publikorako sarbidea
Gaia: Las dificultades de las personas con discapacidad cognitiva en el acceso al empleo público en Navarra.
Enplegu publikora heltzea
Lehen Lehendakariordea Lehendakaritza, Berdintasun, Funtzio Publiko eta Barne Kontseilaria
Kontseilari jauna:
2019ko azaroaren 19an, instituzio honek idazki bat jaso zuen. […] anderearena, bertan Lehendakaritzako, Berdintasuneko, Funtzio Publikoko eta Barneko Departamentuaren aurrean kexa bat aurkezten zuen, enplegu publikora sartzeko prozeduretan elbarritasun kognitiboa duten pertsonentzako lekurik gordetzen ez zela azaltzen zuen.
Idazki hartan, hauxe zioen:
Bestalde, nahiz eta euskara duen ama hizkuntza, ezin izango du inoiz ziurtagiri bidez egiaztatu ezin hobeto hitz egiten duela, ez duelako titulurik eta ezingo duelako inoiz izan.
Hori dela eta, azterketak egiteko sistema, zuzentzeko metodoa eta desgaitasuna duten pertsonentzako plazen erreserba aldatzea eskatzen zuen, desgaitasun kognitiboa duten pertsonen eskubideak bermatzeko.
Ondoren, erakunde honek Lehendakaritzako, Berdintasuneko, Funtzio Publikoko eta Barneko Departamentura jo zuen, gai horri buruzko informazio eske.
Honako hau jartzen du jaso genuen txostenean:
“(…) andreak Nafarroako Arartekoari aurkeztutako kexa dela eta (Nafarroako Foru Erkidegoko Administrazioan sartzeko deialdietan desgaitasun kognitiboa duten pertsonentzako plazarik ez dela gordetzen jakinarazten du egileak kexa horretan), hauxe jakinarazten da:
Horren harira, zehaztu behar da Nafarroako Foru Erkidegoko Administrazioan sartzeko deitzen diren hautapen-prozesuetan plazak gordetzeko hainbat txanda aplikatzen direla, gaur egun indarrean den araudiarekin bat etorriz.
Lehenik eta behin, mailaz igotzeko txanda. Hain zuzen, Nafarroako Administrazio Publikoen zerbitzuko langileen estatutuaren testu bategina onesten duen abuztuaren 30eko 251/1993 Legegintzako Foru Dekretuaren 15. artikuluan jasotzen da txanda hori. Arau horren arabera, langileak mailaz igo ahal izateko, sartzeko hautapen-prozesuetan lanpostu huts batzuk erreserbatuko dira Nafarroako edozein administrazio publikotako funtzionarioek txanda murriztuaren bidez bete ditzaten, eta horretarako, artikulu horretan zehaztutako baldintzak bete beharko dituzte.
Bigarrenik, erreserba-txanda bat aurreikusten da ehuneko 33ko desgaitasuna edo handiagoa duten pertsonentzat. Hala, aurrez aipatutako abuztuaren 30eko 251/1993 Legegintzako Foru Dekretuak 7. Xedapen Gehigarrian zehazten duenaren arabera, Nafarroako Administrazio Publikoetako lan publikoaren eskaintzetan lanpostu hutsen %7 gutxienez gorde eginen da %33ko desgaitasuna edo handiagoa duten pertsonentzat, betiere hautapen-probak gainditzen badituzte eta, dagokion unean, aipatutako desgaitasun-gradua eta bete beharreko lanarekin eta eginkizunekin bateragarria dela frogatzen badute.
Azkenik, berrikiago, erreserba-txanda bat gehitu da genero-indarkeriaren biktima diren emakumeentzat. Emakumeen eta Gizonen arteko Berdintasunari buruzko apirilaren 4ko 17/2019 Foru Legearen 24.7 artikuluan zehazten da txanda hori. Alde horretatik, lan publikoaren eskaintzei genero-eraginaren txostena erantsiko zaie, eta lanpostuen %2 gordeko da indarkeria matxistaren biktima diren emakumeentzat, betiere izaera hori frogatu eta hautapen-prozesuak gainditzen badituzte.
Aurrez aipatutako ehuneko 33ko desgaitasuna edo handiagoa duten pertsonentzako txandari dagokionean, zehaztu behar da, aurrez adierazitakoaz gain, Nafarroako Foru Erkidegoko Administrazioak deitutako hautapen-probetan beharrezkoak eta arrazoizkoak diren egokitzapen eta doikuntzak ezartzen direla, denbora nahiz baliabide aldetik, proba horiek egiteko, baldin eta desgaitasun hori duten pertsonek horrela eskatzen badute. Horrela, desgaitasuna duten pertsonek berdintasun-baldintzetan parte hartzen dutela bermatzen da, betiere ariketaren zentzua galtzen ez den neurrian.
Era berean, aldi baterako kontrataziorako hautagaien zerrendetan, hiru plazatik bat, lehena, zerrenda horietako kideen artean ehuneko 33ko desgaitasuna edo handiagoa duten pertsonentzat gordetzen da, betiere dagozkion hautapen-probak gainditzen badituzte eta lanpostuari dagozkion zeregin eta funtzioak betetzeko bateragarritasuna egiaztatzen badute.
Aurrekoari, Nafarroako Administrazio Publikoen zerbitzuko Langileen Estatutuaren Testu Bategina onesten duen abuztuaren 30eko 251/1993 Legegintzako Foru Dekretuaren zazpigarren xedapen gehigarriaren 5. atalean zehaztutakoa gehitu behar zaio. Horren arabera: Desgaitasuna duten pertsonentzako txandarako 1. atalean ezarri den lanpostu kopurutik %25 gorde ahal izanen da, gehienez ere, mugako adimen-gaitasuna duten pertsonek edo atzerapen mental arina edo moderatua dutenek betetzeko, betiere %33ko desgaitasuna edo handiagoa dutela frogatzen badute. Erreserba berezi hori ezartzeko, desgaitasun mota hau duten pertsonen ezaugarrietarako egokiak diren lanpostu hutsak egon beharko dira lan publikoaren eskaintzan
.
Adierazita geratu denez, desgaitasun kognitiboa duten pertsonek Nafarroan enplegu publikoa eskuratzeko dituzten zailtasunak islatzen ditu kexak.
Kexaren egileak adierazi du lan- deialdietan lanpostuen kupo bat gorde ohi dela desgaitasun motaren bat onartuta duten pertsonentzat. Alabaina, ez da aintzat hartzen desgaitasun kognitiboa duten pertsonen egoera espezifikoa, eta, horren ondorioz, eta ezarri ohi diren azterketa motaren eta zuzenketa-sistemaren ondorioz (horietan zigortu egiten dira erantzun okerrak), pertsona horiek zailtasun handiak izaten dituzte plaza bat eskuratzeko. Horren harira, interesdunak jakinarazten duenez, beste administrazio publiko batzuek (adibidez, Osakidetzak) eginiko deialdietan, bai azterketak bai zuzentzeko sistema oso desberdinak dira, eta plaza kopuru jakin bat gordetzen da desgaitasun kognitiboa duten pertsonentzat, eta beste kopuru jakin bat onartutako bestelako desgaitasun motaren bat dutenentzat.
Lehendakaritzako, Berdintasuneko, Funtzio Publikoko eta Barneko Departamentuak jakinarazi du zer plaza erreserba egiten diren Nafarroako Foru Erkidegoko Administrazioak deitutako hautapen-prozesuetan, eta, zehazki, mugako adimen-gaitasuna duten pertsonentzat edo atzerapen mental arina edo moderatua dutenentzat.
Desgaitasuna duten pertsonen eskubideei eta haien gizarteratzeari buruzko Lege Orokorraren Testu Bateginak (1/2013 Legegintzako Errege Dekretuak, azaroaren 29koak, onartzen du testu bategin hori), helburu hauek ditu: Aukera-berdintasunerako eta tratu berdinerako eskubidea bermatzea; desgaitasunen bat duten pertsonek beren eskubideak egiaz eta eraginkortasunez baliatzea, gainerako herritarren baldintza berdinetan, betiere autonomia pertsonala, irisgarritasun unibertsala, enplegurako sarbidea, komunitatean barneratzea eta bizimodu beregaina bermatuz, eta orobat bermatuz ezabatu egiten direla diskriminazio mota guztiak, guztia ere Espainiako Konstituzioaren 9.2, 10., 14. eta 49. artikuluekin, Desgaitasunen bat duten Pertsonen Eskubideei buruzko Nazioarteko Konbentzioarekin eta Espainiak sinatutako tratatu eta akordioekin bat etorriz.
Legearen oinarrian dauden printzipioen artean (3. artikulua), irisgarritasun unibertsala jasotzen da, eta honela definitzen da printzipio hori: Inguruek, prozesuek, ondasunek, produktuek eta zerbitzuek, hala nola objektuek, tresnek, lanabesek eta gailuek bete behar duten baldintza da, segurtasunez eta erosotasunez ulertu, erabil eta gauzatu daitezen, ahal denik eta modurik autonomoen eta naturalenean. Era berean, beste printzipio hauek ere jasotzen dira: bizitza independentea, norbanakoen duintasuna eta autonomia errespetatzea (hor sartzen da pertsonei dagozkien erabakiak hartzeko askatasuna), pertsonen independentzia eta normalizazioa.
Legea, zeharkakotasun-printzipioaren arabera, hainbat esparrutan aplikatu behar da (5. artikulua), hala publikoetan nola pribatuetan, eta horien artean baita enpleguaren esparruan ere.
Legeak ekintza positiboko neurriak hartu behar direla aldarrikatzen du, eta honela definitzen ditu neurri horiek (2. artikulua): neurri espezifikoak dira, desgaitasunaren ondoriozko desabantailak saihestu edo konpentsatzekoak, desgaitasunarekiko pertsonen egitatezko berdintasuna lortzera edo azeleratzera bideratuak eta bizimodu politikoan, ekonomikoan, sozialean, hezkuntzakoan, lanekoan eta kulturakoan erabateko parte hartzea lortzera bideratuak, desgaitasun motak eta mailak aintzat hartuta.
Nafarroako Foru Erkidegoan, 12/2018 Foru Legeak, ekainaren 14koak, xedatzen du Nafarroako Administrazio publikoek desgaitasuna duten pertsonen mesederako ekintza positiboko neurriak hartuko dituztela.
Alde horretatik, honela zehazten du aipatutako legearen 10. artikuluak: Nafarroako Administrazio Publikoek ekintza positiborako neurriak hartuko dituzte desgaitasuna duten pertsonen alde. (…)Ekintza positiborako neurriak izan daitezke laguntza osagarriak eta arau, irizpide eta jokabide onuragarriagoak.Laguntza osagarriak honakoak izaten ahalko dira: laguntza ekonomikoak, laguntza teknikoak, laguntza‑zerbitzu pertsonala, zerbitzu espezializatuak eta komunikaziorako laguntza eta zerbitzu osagarriak. Honako hauek hartzen dira ekintza positiboko neurritzat: desgaitasunaren ondoriozko desabantailak saihestu edo konpentsatze aldera, desgaitasunarekiko pertsonen egitatezko berdintasuna lortzera edo azeleratzera bideratutako neurri espezifikoak eta bizimodu politikoan, ekonomikoan, sozialean, hezkuntzakoan, lanekoan eta kulturakoan erabateko parte hartzea lortzera bideratuak, desgaitasun motak eta graduak aintzat hartuta. Ekintza positiborako neurriak izan daitezke laguntza osagarriak eta arau, irizpide eta jokabide onuragarriagoak. Laguntza osagarriak honakoak izaten ahalko dira: laguntza ekonomikoak, laguntza teknikoak, laguntza‑zerbitzu pertsonala, zerbitzu espezializatuak eta komunikaziorako laguntza eta zerbitzu osagarriak
.
Enplegu publikoa eskuratzeari begira edo langile publikoen barne sustapenari begira, argi geratzen da legegileak borondatea duela desgaitasuna duten pertsonak lan munduan sartzea eta mailaz igo ahal izatea bultzatzeko, eta, pixkanaka, Nafarroako Administrazio Publikoaren plantilletan desgaitasuna duten pertsona gehiago izateko.
Alde horretatik, honela esaten du ekainaren 14ko 12/2018 Foru Legearen 44. artikuluak: Nafarroako Administrazio Publikoek behar diren neurriak hartuko dituzte desgaitasuna duten pertsonen berdintasuna berma dadin enplegu publikoan sartzeko eta barne igoeretan, bai langile finkoak hartzeko deialdietan bai aldi baterako kontratazioan, aplikatzekoa den araudian ezarritakoari jarraikiz. Horrekin batera, enplegu lagunduaren arloko neurriak ezarriko dira, desgaitasuna duten pertsonak eskuratutako lanpostura egokitzen laguntzeko beharrezkoa den kasuan
.
Beraz, enplegu-politikako neurri bati buruz ari gara, eta berdintasun materialeko printzipio konstituzionalari buruz (Konstituzioaren 9.2 artikulua). Horren arabera: Botere publikoei dagokieinguruabar zehatzak sustatzea, gizabanakoaren eta berak osatzen dituen taldeenaskatasuna eta berdintasuna benetakoak eta eragingarriak izan daitezen; oztopoak kentzea, horiek haien osotasuna eragotzi edo zailtzen badute; eta herritar guztien parte-hartzea erraztea, bai bizitza politikoan, baita ekonomia-, kultura- eta gizarte-bizitzan ere
.
Legegilearen helburu orokor horiek gauzatzeko edo zehazteko baliagarri izan daitezkeen neurrien adibide espezifikoetako bat da Nafarroako Foru Erkidegoak deitutako hautapen-prozesuetan desgaitasuna duten pertsonentzako plazak gordetzea, Lehendakaritzako, Berdintasuneko, Funtzio Publikoko eta Barneko Departamentuak igorritako txostenean aipatzen den moduan. Arestian esan dugunez, Nafarroako Administrazio Publikoen zerbitzuko langileen estatutuaren testu bateginaren zazpigarren xedapen gehigarrian jasotzen dira plaza-erreserba horiek.
Alabaina, kexaren egileak adierazitakoaren arabera, praktikan, egiten diren deialdietan, soilik desgaitasuna duten pertsonentzat gordetzen dira berariaz lanpostuak, eta ez da jasotzen desgaitasun kognitiboa duten pertsonen egoera zehatza. Deialdietako azterketa motak eta zuzenketa-sistema (erantzun okerrak zigortu egiten dira) bereziki kaltegarriak dira horrelako desgaitasunak dituzten pertsonentzat, eta, gainera, aztergai dugun kasuan gertatzen den moduan, ezin dituzte ziurtagiri bidez egiaztatu beren hizkuntza-ezaguerak, nahiz eta euskara ama hizkuntza izan.
Hori dela eta, erakunde honek beharrezkotzat jotzen du Lehendakaritzako, Berdintasuneko, Funtzio Publikoko eta Barneko Departamentuari gomendatzea har ditzala beharrezko neurriak desgaitasun kognitiboa duten pertsonek eskubidea izan dezaten lan publikoak eskuratzeko besteekiko aukera berdintasunean.
Beraz, eta Nafarroako Foru Komunitateko Arartekoaren erakundea arautzen duen uztailaren 3ko 4/2000 Foru Legearen 34.1. artikuluak ematen dizkion eskumenen arabera, hau jo du beharrezkotzat:
Lehendakaritzako, Berdintasuneko, Funtzio Publikoko eta Barneko Departamentuari gomendatzea har ditzala beharrezko neurriak desgaitasun kognitiboa duten pertsonek eskubidea izan dezaten lan publikoak eskuratzeko besteekiko aukera berdintasunean.
Nafarroako Foru Komunitateko Arartekoaren erakundea arautzen duen uztailaren 3ko 4/2000 Foru Legearen 34.2. artikuluari jarraikiz, eta aginduzkoa betez, Lehendakaritzako, Berdintasuneko, Funtzio Publikoko eta Barneko Departamentuak bi hileko epean jakinarazi beharko du ebazpen hau onartzen duen eta, dagokionean, hura betetzeko zer neurri hartu dituen.
Lege-agindu horretan xedatzen denez, aipatutako administrazio publikoak arartekoaren erabakia onartzen ez badu, erakunde honek erabaki dezake gai hori 2017. urteari dagokion urteko txostenean sartzea eta Nafarroako Parlamentuan azaltzea, jarrera hori izan duen administrazio publikoa berariaz aipatuz, baldin eta arartekoaren iritziz erabakia onartzea posible bazen.
Adeitasunez, zure erantzunaren zain,
El Defensor del Pueblo de Navarra
Nafarroako Arartekoa
Francisco Javier Enériz Olaechea
Partekatu edukia