Partekatu edukia
Euskara
Gaia: La falta de utilización del euskera y de un lenguaje inclusivo de género en el programa de fiestas 2019 de Gorraiz.
Euskara
Eguesibarko alkatea
Alkate andre hori:
Kexa jaso ondoren, erakunde honek Eguesibarko Udalera jo zuen, gai horri buruzko informazio eske.
Jasotako txostenean, hauxe adierazten da:
“Eguesibarko udalerrian euskararen erabilera eta sustapena arautzen dituen udal ordenantzak (Nafarroako Aldizkari Ofiziala, 20. zk, 2013/01/31) xedatzen du bide elebiduna (gaztelania eta euskara) erabiliko dutela herritarrentzat oro har aritzen direnean.
Kexaren harira, jakinarazi behar dugu, zuzen edo oker, Udal honek arrazoi hauengatik erabili zuela gaztelania bakarrik: egitaraua ibarreko barruti jakin bateko jai batzuetakoa zelako, eta ez ibar osoko jaietakoa, eta, ondorioz, nahikoa zelako gaztelaniaz argitaratzea.
Erabilitako hizkuntzari dagokionean, adierazi beharrekoa da egitaraua ez dela ez baztertzailea ez diskriminatzailea emakumeentzat, eta ez dela urratzen komunikazio ez-sexistaren erabilera eta sustapena arautzen duen Udal ordenantza (NAO, 80. zk., 2018/04/26).
Gaztelaniaz, izaki bizidunak izendatzeko substantiboetan, maskulinoaren erabilera generikoa egin daiteke klasea izendatzeko; hau da, espezieko banako guztiak aipatzeko, sexu bereizketarik egin gabe: gaztelaniaz, todos los ciudadanos tienen derecho al voto (herritar guztiek dute boto eskubidea).
Gaztelaniaz forma maskulinoa eta femeninoa bereizketarik egin gabe bikoizteko joera dago gaur egun, gainerakoan emakumeak itzalean uzten direla argudiatuta; joera hori, ordea, hizkuntzaren ekonomiaren printzipioaren aurkakoa da, eta hizkuntzarekin zerikusirik ez duten arrazoietan oinarritzen da. Hori dela eta, egitarauko testuak saihestu egiten ditu bikoizketa horiek; izan ere, errepikapenek sintaxi eta komunztadura aldetik zailtasunak sortzen dituzte, eta testuaren idazketa eta irakurketa beharrik gabe konplikatzen dute.
Gainera, maskulino/femenino oposizioa ez bezala, maskulinoaren erabilera generikoa markarik gabekoa da izatez (gizonezkoak ez ezik emakumezkoak ere biltzen dira forma generiko horretan), edozein dela ere multzoko partaide diren sexu bakoitzeko banakoen kopurua.
Horrenbestez, erabilitako hizkuntza ez da, inola ere, diskriminatzailea eta baztertzailea”.
Honako hauek dira euskarari buruzko abenduaren 15eko 18/1986 Foru Legeak, bere 1. artikuluan, funtsezkotzat
jotzen dituen helburuak, eta, hortaz, Nafarroako botere eta administrazio publiko guztiek bermatu beharrekoak: a) Herritarrek euskara jakin eta erabiltzeko duten eskubidea babestea eta hori betetzeko tresnak zehaztea; eta b) Euskararen berreskurapena eta garapena zaintzea Nafarroan, euskararen erabilera sustatzeko neurriak adieraziz.
Foru lege horren arabera, Nafarroako toki entitateek, beren eskumenen esparruan, ordenantzak onesten ahalko dituzte, beren mugartean euskararen erabilera arautu edo sustatzeko, betiere foru lege honetan adierazitakoaren aurkako xedapenik ezarri gabe (azken xedapenetan bigarrena).
Eguesibarko udal esparruan, Udalak euskara erabiltzea eta sustatzea arautzeko ordenantza bat onartu zuen. Honela dio ordenantza horretako zioen azalpenean: Euskara udalerriko hizkuntza ofizialetako bat dela uste du Eguesibarko Udalak. Horrez gain, herritarrek euskara sustatzearen eta normalizatzearen alde duten jarrera islatu nahi izan da ordenantza honetan. (…) Ordenantza honen helburua euskararen hizkuntza normalizazioa denez, euskararen erabilera eta sustapena bultzatu behar ditu. Beraz, Eguesibarko herritarren hizkuntza eskubideak bermatu behar ditu
.
Zioen azalpenean adierazitakoarekin bat etorriz, hauxe da ordenantzaren xedea, 1. artikuluan zehazten denez: Euskararen erabilera sustatu eta normalizatzea, Udalaren eskumeneko esparru guztietan
.
Ordenantza hori euskara sustatzeko eta normalizatzeko tresna den aldetik, 10. artikuluaren arabera, Eguesibarko Udalak eta haren mendeko erakunde guztiek bide elebiduna (gaztelania-euskara) erabili beharko dute herritarrentzat oro har aritzen direnean.
Aurreko arauetan oinarrituta, ulertzen da Eguesibarko Udalak bere eskumenen esparruan euskara sustatzeko eta normalizatzeko borondatea duela. Beraz, xede horretarako, besteak beste, gaztelania nahiz euskara erabili beharko lituzke udalerria osatzen duten herrietako jai-egitarauak idaztean; izan ere, komunikazio horiek, berariaz jaiak ospatzen diren herriko biztanleentzat izan arren, oro har, ibarreko biztanle guztiei bideratuta daude (udala bera da antolatzailea).
Gorraizko jai-egitaraua jende-multzo zabal bati zuzendutako dokumentua da, eta herri jakin horretako jaietan zer ekitaldi izango diren herritar guztiei jakinarazteko egiten eta argitaratzen da.
Hori dela eta, erakunde honek Eguesibarko Udalari gomendatzen dio erabil dezala forma elebiduna (gaztelania-euskara) lantzen dituen jai-egitarauak idaztean, nahiz eta ibarreko zati bati bakar bati buruzkoak izan.
Bigarren auziari dagokionez, Eguesibarko Udalak badu ordenantza bat komunikazio ez-sexistaren erabilera eta sustapena arautzeko, eta araudi horren 6. artikuluan, honela dio: “Eguesibarko Udalak eta haren mendeko erakunde autonomoek estereotipo sexistarik gabeko hizkuntza erabiliko dute herritarrekin komunikatzen direnean, bai gaztelaniaz bai euskaraz: Hizkuntza eta irudi ez-sexistak erabiliko dira dokumentu hauetan:
(…) g) Udal jardueren informazio eta propaganda esku-orriak, jaietako egitarauak, iragarkiak eta kartelak”.
Ordenantza horretan xedatutakoa bat dator Emakumeen eta gizonen berdintasun eragingarrirako martxoaren 22ko 3/2007 Lege Organikoaren 14.11 artikuluarekin. Botere publikoen jardute-irizpide orokorrak zehazten dira artikulu horretan, besteak beste, honako hau: administrazio-esparruan sexista ez den hizkera ezartzea, eta hizkera hori suspertzea harreman sozial, kultural eta artistiko guztietan.
Era berean, Emakumeen eta Gizonen arteko Berdintasunari buruzko apirilaren 4ko 17/2019 Foru Legearen 21. artikuluan (Komunikazio inklusiboa eta ez-sexista), honela zehazten da lehen idatz-zatian:
Administrazio publikoek erabiltzen duten hizkera inklusiboa eta ez-sexista izanen da. Hizkera hori erabiliko da Administrazioaren alor guztietan, bai eta zuzenean edo hirugarren pertsonen edo entitateen bidez sortzen diren agiri, formulario, inprimaki edo euskarrietan ere
.
Hori dela eta, erakunde honek Eguesibarko Udalari gomendatzen dio erabil dezala hizkera inklusiboa.
Horrenbestez, eta uztailaren 3ko 4/2000 Foru Legearen 34.1 artikuluak aitortzen dizkion eskumenekin bat etorriz, Nafarroako Arartekoak beharrezkotzat jo du:
Eguesibarko Udalari gomendatzea jaietako egitarauak idaztean bi hizkuntzak (gaztelania eta euskara) erabil ditzala dezala eta hizkera inklusiboa erabil dezala, udalaren beraren ordenantzekin bat etorriz.
Kontuan hartuz 4/2000 Foru Legea, uztailaren 3koa, Nafarroako Foru Komunitateko Arartekoari buruzkoa, eta Lege horren 34.2 artikuluarekin bat etorriz, bidezkoa da Eguesibarko Udalak jakinaraztea, aginduzkoa denez, gehienez ere bi hilabeteko epean, erabaki hau onartu duen eta, hala bada, erabakia betetzeko zer neurri hartu dituen.
Lege agindu horretan xedatzen denez, aipatutako administrazio publikoak Arartekoaren erabakia onartzen ez badu, erakunde honek erabaki dezake gai hori 2019. urteari dagokion urteko txostenean sartzea eta Nafarroako Parlamentuan ematea horren berri, Nafarroako Arartekoaren ustez berez posible izan arren aldeko jarrera hori izan ez duen administrazio publikoa berariaz aipatuz.
Zure erantzunaren zain, adeitasunez,
El Defensor del Pueblo de Navarra
Nafarroako Arartekoa
Francisco Javier Enériz Olaechea
Partekatu edukia