Bilaketa aurreratua

Ebazpenak

Nafarroako Arartekoaren Ebazpena (Q19/418); horren bidez Donamariako Udalari eskatzen dio eman diezaiola interesdunari 2018. urteko herri-ondasunen aprobetxamenduen esleipenarekin lotutako informazioa, hark eskatu bezala.

2019 maiatza 23

Nekazaritza, Merkataritza, Industria eta Turismoa

Gaia: El desacuerdo de la autora de la queja con la negativa del Ayuntamiento de Donamaría a facilitarle los criterios de adjudicación del aprovechamiento de unos pastos comunales.

Nekazaritza eta abeltzaintza

Donamariako alkatea

Alkate andre hori:

2019ko apirilaren 11n, erakunde honek […] andrearen idazki bat jaso zuen; horren bidez, kexa adierazi zuen Donamariako Udalaren aurrean, herri-lurren banaketaren arauketarekin ez zegoelako ados.

Idazki horretan, hauxe adierazi zuen:

Bere aitak abeltzaintza-ustiategi bat du Donamarian, eta, NPE laguntzak jasotzeko lurrak izan behar dituenez kantitate jakin batean, lursail batzuk erabiltzeko baimena eskatu dio udalari. Alabaina, hirugarren urtez, eskatu dituen eta behar dituen lurrak baino gutxiago eman dizkio udalak.2019ko otsailaren 22an, instantzia bat aurkeztu zion Donamariako Udalari, eta, haren bidez, galdetu zuen zein den herri-lurzatien banaketa arautzen duen udal-ordenantza, eta eskatu zuen erakuts ziezaiotela 2018ko banaketa.2019ko apirilaren 10eko erantzunean, udalak adierazi zion herri-larren aprobetxamendua ohitura tradizionalen arabera egiten zela, eta, 5/2018 Foru Legearen, Gardentasunari buruzkoaren, 32.4 artikuluari jarraikiz, erabaki zutela eskaera zuzenean ukatuko zela, eragindako pertsonen intimitatea zaintze aldera. Gainera, herri-lurrak banatzeko erabiltzen zen kalkulu matematikoa azaldu zioten.Interesduna ez dago ados erantzun horrekin, honako arrazoi hauengatik:

  • Ezin da ohitura tradizionalei jarraikiz egin duela denbora gutxitik egiten den ekintza bat (herri-larren aprobetxamendua), NPE nahiko berria baita. Irizten du udalak dagokion aginduaren bidez arautu beharko lukeela lurren banaketa, NPEren ondorioetarako.
  • Herri-lurren banaketaren berri ematen ahal diote, pertsonen datuak agerian jarri gabe.
  • Abeltzaintzako ustiategiak enpresak dira; beraz, ez da pertsonen intimitatea urratzen.
  • Herri-lurrak modu jakin batean banatzea erabaki bada, dokumenturen batean jaso beharko litzateke erabaki hori.

Horregatik guztiagatik, eskatzen du argitzeko aipatutako alderdi horiek.

Kexa jaso ondoren, erakunde hau harremanetan jarri zen Donamariako Udalarekin, eta gai horri buruzko informazioa eskatu zion.

Jasotako txostenean, hauxe adierazten da:

Lehena.- 2019ko otsailaren 22an, idazki bat (I. ERANSKINA) aurkeztu zuela (…) andreak. Idazki horren bidez, herri-lurren banaketaren ordenantza eskatzen zuen, NPEren ondorioetarako, bai eta aurreko urteko (2018) banaketa ikustea ere. Lehena.- 2019ko otsailaren 22an, idazki bat (I. ERANSKINA) aurkeztu zuela (…) andreak. Idazki horren bidez, herri-lurren banaketaren ordenantza eskatzen zuen, NPEren ondorioetarako, bai eta aurreko urteko (2018) banaketa ikustea ere.

2019ko apirilaren 3an erantzun zitzaion eskaera horri, Alkatetzaren 15/2019 Ebazpenaren bidez. Interesdunari helarazi zitzaion idazki hori.

Bigarrena.- Ebazpen horretan, interesdunak mahaigaineratutako gai guztiak eta haietatik sortutakoak ebatzi zirela, behar bezala arrazoituta, urriaren 1eko 39/2015 Legearen, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzkoaren, 88. artikuluarekin bat.

Hirugarrena.- Orobat, ebazpenean adierazi zela hura aurkaratzeko modukoa zen ala ez, eta zer errekurtso aurkezten ahal ziren haren aurka, urriaren 1eko 39/2015 Legearen, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzkoaren, 112. artikuluarekin bat.

Laugarrena.- Bere lehen eskaerari erantzun zitzaiola, banaketa zer ordenantzak arautzen duen adieraziz:

“1. (…)ri jakinarazten diogu herri-ondasunen aprobetxamendua arautzen duen ordenantza 2005eko martxoaren 11n onetsi zuela behin betiko Donamariako udalbatzak, eta 69. NAOn argitaratu zela, 2005eko ekainaren 10ekoan. Hain zuzen ere, ordenantzak 5. artikuluan adierazten du Donamariako Udalari dagozkiola herri-lurren gaineko xedapen, administrazio, aprobetxamendu-araubide eta antolaketako eskumenak, ordenantzan xedatutako baldintzetan.

Horrez gainera, honako hau dio 16.1 artikuluak: “Oro har, bizikidetza-unitateak izango dira herri-lurren aprobetxamenduaren onuradun, titularrak honako eskakizun hauek betetzen baditu:

  1. Adinez nagusia izatea, edo adingabe emantzipatua edo judizialki gaitua.
  2. Bizilagun gisa izena emanda egotea Biztanleen Udal Erroldan, gutxienez bi urteko antzinatasunez.
  3. Benetan herrian bizitzea, modu jarraituan, gutxienez urtean bederatzi hilabetez.
  4. Udalerriarekiko zerga-betebeharrak aseta izatea”.
    Arau-baldintza horiek kontuan hartuta, eta, zehazki, 18. artikuluak dioena (“Donamariako Udalaren herri-larreen aprobetxamendua honako modalitate hauetan eginen da, eta honako lehentasun-ordena honetan: bizilagunen esleipen zuzenaren bidez. Ohitura tradizionalaren arabera…”), arautzen da herri-lurren banaketa”.

Naiz eta interesduna ez egon ados, aipatutako udal-ordenantzak Donamariako Udalari ematen dizkio herri-lurren gaineko xedapen, administrazio, aprobetxamendu-araubide eta antolaketako eskumenak.

Bosgarrena.- Bigarren eskaerari dagokionez, jakinarazi zitzaiola legez ezinezkoa zela eskaera hori onartzea:

“2. Bigarren eskaerari dagokionez 2018ko banaketa ikustea, maiatzaren 17ko 5/2018 Foru Legeak, Gardentasunari, informazio publikoa eskuratzeari eta gobernu onari buruzkoak, honako hau dio 32.4 artikuluan: “Aitzitik, eskaera ezesten ahalko du zuzenean ukitutakoen eskubideen berme handiagoa lehenetsi behar dela iritzita, agirian bildutako datuek haien intimitateari edo segurtasunari eragiten ahal diotenean, edo adingabeenak direnean”.

Izan ere, eskatzaileak ez du zertan jakin ez nor diren eskatzaileak, ez zenbat AzLU dituzten, ez eta zenbat ha izango dituzten ere, datu horiekin eskatzaile bakoitzak zenbateko laguntza jasoko duen ondorioztatzen ahalko lukeelako, eta horrek haien intimitatean eraginen lukeelako argi eta garbi.

Seigarrena.- Erabilitako banaketa-metodoari buruzko informazioa eman zitzaiola gardentasun osoz:

“3.- Alabaina, ez dugu inolako eragozpenik araudiaren arabera erabiltzen den banaketa-moduari buruzko azalpenak emateko.

Nafarroako Gobernuak Donamaria udalerriko herri-lurren hektarea kopurua jakinarazten digu urtero.

Kantitate horri, data horretan aprobetxamendu zuzenerako esleituta dauden herri-lurrei dagozkien hektarea kopurua kentzen zaio, eta kenketa horren emaitzatik ateratzen da banatu beharreko hektarea kopurua.

Gero, Nafarroako Gobernuaren abeltzaintza-erroldatik, eskatzaile bakoitzak duen AzLU kopurua jakinarazten digute. Horri esker, badakigu zein den AzLU kopurua, orotara.

Ondoren, banatu beharreko herri-lurren hektarea kopurua guztirako AzLU kopuruaz zatitzen da. Horrela kalkulatzen dugu zenbat hektarea dagozkion AzLU bakoitzari.

Azkenik, eskatzaile bakoitzari zenbat hektarea dagozkion kalkulatzen da, hark duen AzLU kopurua AzLU bakoitzari dagokion hektarea kopuruarekin biderkatuz”.

Zazpigarrena.- Udal-artxibategian dauden datuen arabera, banaketa-metodo hori erabili dela hasiera-hasieratik.

Zortzigarrena.- Donamariako Udalak sentitzen duela banatzeko moduko hektarea gehiago ez izatea, eta, beraz, justizia-eta ekitate-irizpideei jarraikiz egiten duela banaketa”.

Jasota gelditu den eran, Donamaria udalerriko herri-larren aprobetxamenduaren esleipenarekin lotuta dago kexa.

Kexaren egileak adierazi du ez dakiela zer irizpide baliatzen dituen toki-erakunde horrek herri-lurrak esleitzeko, bizilagunek Nekazaritza Politika Erkidearen (NPE) laguntza komunitarioak lortzeari begira, eta, 2018an egindako esleipenei buruz informazioa eskatuta, ukatu egin diotela.

Donamariako Udalak, bere aldetik, goian transkribatutako txostena igorri du. Hor, dauden herri-lurrak NPE laguntzak jaso nahi dituzten bizilagunen artean banatzeko erabiltzen diren irizpideak azaldu dituzte, eta berretsi egin dute interesdunak eskatutako informazioa ez emateko erabakia, hura emanez gero, lursailen esleipendunen intimitaterako eskubidea urratzen ahalko litzatekeelakoan.

Herri-ondasunen aprobetxamendua uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legearen, Nafarroako Toki Administrazioari buruzkoaren, 141. artikuluan eta hurrengoetan dago araututa. Ildo horretatik, xedapen horiek erregelamendu bidez garatuta daude urriaren 18ko 280/1990 Foru Dekretuaren, Nafarroako entitate lokalen ondasun arautegia onesten duenaren, 152. artikuluan eta hurrengoetan.

Herri-larreen aprobetxamenduari buruz, honako hau xedatzen du aipatutako Foru Dekretu horren 202. artikuluak:

1.Behin-behineko esleipena egindakoan, entitateko iragarki oholean jarriko da eta epe bat irekiko erreklamazioak aurkezteko.

Ezarritako epea igaro eta erreklamaziorik aurkeztu ez bada, behin-behineko esleipena, behin betiko bihurtuko da.

Erreklamaziorik aurkeztuz gero, entitate lokalak haiek ebatzi eta behin betiko esleipenari buruzko erabakia hartuko du”.

Agindu horretan xedatutakoa kontuan hartuta, ondorioztatzen da lerri-larreen aprobetxamenduen esleipenak argitaratu egin behar direla, behin-behinekoak diren bitartean, aprobetxamenduen eskatzaileek erreklamazioak aurkezteko duten eskubidea baliatu ahal izateko.

Agindu hori zentzuzkoa da, juridikoki herri-ondasun izaera duten ondasunak izanik, gardentasunaren eta administrazio onaren printzipioei jarrikiz esleitu behar direlako; hori horrela, haiek aprobetxatzeko interesa duten pertsonei aukera eman behar zaie antolamendu juridikoan xedatutakoa urratzen ahal duen edozeren aurka erreklamazioak aurkezteko.

Beste alde batetik, interesdunak dio eskatutako informazioa enpresen jabetzako abeltzaintza-ustiategiei buruzkoa dela.

Maiatzaren 17ko 5/2018 Foru Legeak, Gardentasunari, informazio publikoa eskuratzeari eta gobernu onari buruzkoak, honako hau xedatzen du bere 32.2 artikuluan: Eskatutako informazioa pertsona juridikoei buruzkoa denean, informazioa eman eginen da bertan zuzendaritza, administrazio eta kontrol organoetako ordezkariak, administratzaileak edo kideak diren pertsona fisikoen izen-deiturak eta harremanetarako helbideak egonda ere.

Hortaz, interesdunak eskubidea du Donamariako Udalak 2018an pertsona juridikoei egindako herri-ondasunen aprobetxamenduen esleipenen berri izateko, eta, beraz, ezin da informazio hori ukatu, eta are gutxiago pertsona fisikoen datuen babesean oinarrituta.

Nahiz eta ustiategien titularrak pertsona fisikoak izan, erakunde honi iruditzen zaio Donamariako Udalak ez duela jardun maiatzaren 17ko 5/2018 Foru Legean xedatutakoarekin bat.

Foru Lege horren 39.1 artikuluak honako hau dio: “Informazio eskaerak baiesteak berarekin dakarrenean datu pertsonalak jakinaraztea, bereziki babestuta daudenak, edo hirugarrenen interesak kaltetzeko aukera dagoenean, ebazpena eman behar duen organoak hamabost eguneko epea emanen die ukituei informazioa eskuratzeko berariazko baimena adieraz dezaten edo egokitzat jotzen dituzten alegazioak egin ditzaten”.

Kasu honetan, agerikoa da ez direla bereziki babestutako datuak, datu pertsonalen babesari buruzko araudiak xedatutakoaren arabera, baina eragina izan dezakete pertsona fisiko diren hirugarrenengan. Hori horrela, udal-organo eskudunak hamabost eguneko epea eman behar zien eragindako pertsonei, informazioa emateko berariazko baimena adieraz zezaten edo egokitzat jotzen zituzten alegazioak egin zitzaten, eta ebatzeko epea eten egin behar zuen tarte horretan (39.2 artikulua).

Behin alegazioak jasotakoan edo alegazioak igortzeko epea igarotakoan halakorik jaso gabe, udal-organoak auzia ebatzi behar zuen (39.3), maiatzaren 17ko 5/2018 Foru Lege horren beraren 32.3 artikuluari jarraikiz.

Honako hau dio azken xedapen horrek:

“Eskatutako informazioa pertsona fisikoei buruzkoa denean eta datuak ez badaude bereziki babestuta, organoak jakinarazten ahalko dio informazioa eskatzaileari baldin eta eskaera aztertzean iruditzen bazaio honakoa lehenestekoa dela:

  • Identifikaziorako edo harremanetarako datuak besterik ez direla, eta horiek jakinaraziz ukitutakoen interesei ez zaiela kalte nabarmenik egiten irizten zaionean.
  • Eskatzaileak bere eskaera justifikatzen duenean zuzeneko interes legitimo baten titularra den aldetik, edo herritar gisa duenaz beste eskubide subjektibo baten izenean.
  • Eskatzaileak ikerlaria izatea eta eskuratzeko adierazteko arrazoiak helburu historikoak, zientifikoak edo estatistikoak izatea.
  • Ukituentzako kaltea txikiagoa izatea, agiriaren edo informazioaren datatik hasita hamar urte iragan direlako".

Kasu honetan, interesdunaren aitak eskatutako informazioa ezagutzeko zuzeneko interes legitimoa du, 2018an herri-ondasunen aprobetxamenduaren eskatzailea izan baitzen; hortaz, eskubidea du egindako esleipenen aurka erreklamazioa aurkezteko, eta, beraz, interesdunari informazioa eman behar zaio, nahiz eta lursailen esleipenean pertsona fisikoen datuak agertu.

Horregatik guztiagatik, erakunde honi beharrezkoa iruditu zaio Donamariako Udalari gomendatzea interesdunari entrega diezaiola 2018. urteko herri-ondasunen aprobetxamenduen esleipenarekin lotutako informazioa, hark eskatu bezala.

Horrenbestez, eta uztailaren 3ko 4/2000 Foru Legearen 34.1 artikuluak aitortzen dizkion eskumenekin bat etorriz, Nafarroako Arartekoak beharrezkotzat jo du honako gomendio hau egitea:

Donamariako Udalari gomendatzea interesdunari entrega diezaiola 2018. urteko herri-ondasunen aprobetxamenduen esleipenarekin lotutako informazioa, hark eskatu bezala.

Kontuan hartuz 4/2000 Foru Legea, uztailaren 3koa, Nafarroako Foru Komunitateko Arartekoari buruzkoa, eta Lege horren 34.2 artikuluarekin bat etorriz, Donamariako Udalak jakinarazi behar du, aginduzkoa denez, bi hilabeteko epean gehienez ere, erabaki hau onartu duen ala ez, eta, hala badagokio, erabakia betetzeko zer neurri hartu dituen.

Lege horretan xedatutakoari jarraikiz, ebazpena ez bada onesten, Nafarroako Parlamentuari aurkeztuko zaion 2019ko txostenean sartzen ahalko da kasua, eta berariaz aipatuko da dagokion Administrazioak ez duela aldeko jarrera hartu, posible zenean.

Adeitasunez, zure erantzunaren zain,

El Defensor del Pueblo de Navarra

Nafarroako Arartekoa

Francisco Javier Enériz Olaechea

Partekatu edukia