Bilaketa aurreratua

Ebazpenak

Nafarroako Arartekoaren Ebazpena (Q19/315); horren bidez, Itzagako Administrazio Zerbitzuen Mankomunitateari iradokitzen dio egin ditzala egin beharreko jarduketak, Lizoian-Arriasgoitiko 11. industrialdeko 14. lurzatian dagoen etxebizitzan ur-hornidura jartzeko, proiektuan adierazitako hornidura-saretik.

2019 apirila 30

Herri Lanak eta Zerbitzuak

Gaia: La falta de abastecimiento de agua a una vivienda situada en una parcela de su propiedad sita en Lizoain-Arrasgoiti.

Zerbitzu publikoak

Itzagako Administrazio Zerbitzuen Mankomunitateko presidentea

Presidente jauna:

  1. 2019ko martxoaren 8an, […] andrearen, […] jaunaren eta […] jaunaren idazki bat jaso zuen erakunde honek. Idazki horretan, kexa adierazi zuten Itzagako Administrazio Zerbitzuen Mankomunitatearen eta Landa Garapeneko, Ingurumeneko eta Toki Administrazioko Departamentuaren aurrean, beren jabetzakoa den eta Lizoain-Arrasgoitin dagoen lurzati batean duten etxebizitza batean ([…] baserria) ur-hornidurarik ez dagoelako.

    Idazki horretan, hauxe azaldu zuten:

    1. 2018ko ekainaren 27an, alegazioak aurkeztu zizkioten goi-hornidurako obren proiektu honi: Mendinuetako konponbidea, 6. fasea. Itzagaondoko eta Lizoaingo hodiak.
    2. Aurkeztutako alegazioen artean, adierazi zuten aipatutako proiektu horretan ez zela aurreikusten ur-hornidurarik jarriko zenik beren jabetzako etxebizitzan, 11. poligonoko 14. lurzatian dagoenean ([…] baserria).
    3. oki Administrazioko Zuzendari Nagusiaren abuztuaren 24ko 597/2018 Ebazpenaren bidez, jendaurreko informazioko fasea ebatzi zen, eta behin betiko onetsi ziren proiektua bera eta hark eragindako ondasunen eta eskubideen zerrenda. […] baserrian ur-hornidurarik ez zela-eta aurkeztutako alegazioari buruz, honako hau zioen: Lurzatia, eta han dauden eraikinak, urbanizaezin gisa sailkatuta daude, eta, zehazki, Nekazaritza Produktibitate Ertaina kategorian; kategoria horretan, ez da derrigorrezkoa hirigintza-zerbitzuak ematea.
    4. 2018ko irailaren 28an, gora jotzeko errekurtsoa aurkeztu zuten aipatutako ebazpen horren aurka, eta adierazi zuten etxebizitza dagoen lurzatiaren sailkapena okerra zela.
    5. 2018ko urriaren 16an, gora jotzeko errekurtsoaren dokumentazio osagarria aurkeztu zuten, honako eduki honekin:

      “1/2017 Legegintzako Foru Dekretuaren, uztailaren 26koaren, Lurraldearen Antolamenduari eta Hirigintzari buruzko Foru Legearen testu bategina onesten duenaren, indarreko 90. artikuluak, errekurtsoaren xede den ebazpenak dioenari dagokionez, lurzorua urbanizagarri gisa sailkatzen du zuzenean, artikuluan bertan xedatutako eskakizunak betetzen dituenean edo hor deskribatutako egoeraren batean dagoenean, eta ez du ezartzen hirigintza-planteamenduak hala sailkatu behar duenik. Hiri-lurzoruaren sailkapena guztiz irizpide objektiboen edo materialen mende jartzen du; hori horrela, nahikoa da lurzoruak arauan jasotako eskakizunak betetzea, automatikoki hiri-lurzoru gisa sailkatua izan dadin juridikoki. Artikulu horren idazketa 35/2002 Foru Legeak, abenduaren 20koak, Lurraldearen Antolamenduari eta Hirigintzari buruzkoak, xedatutako hiri-lurzoruaren hirigintza-araubidearen aldaketatik dator. Uztailaren 4ko 10/1994 Foru Legea, Nafarroako Lurraldearen Antolamenduari eta Hirigintzari buruzkoa, indarrean egon baino lehen ere ‒lurzoru bat hiri-lurzoru gisa aitortzeko plangintzak hala sailkatzea eskatzen zuen horrek‒, ez zen eskatzen udal-planaren sailkapen formalik, Lurzoruaren Araubideari eta Hiri Antolamenduari buruz Legearen Testu Bateratuan adierazten den eran (1346/1976 Errege Dekretua, apirilaren 9koa).

      Errekurtsoan aipatzen den lurzorua, beraz, hiri-lurzoru gisa sailkatuta dago, 1976an bateratutako eta indarreko legediak berretsitako araudiaren arabera.

      Lurzoru horrek automatikoki, eta plangintzan aitortua izateko beharrik gabe, hiri-lurzorutzat jotzeko legez eskatzen diren baldintzak betetzen dituela erakusteko, honako dokumentazio hau aurkeztu dute:

      1. 1997ko balioespen-txostena; lurzatia 5. zerga-poligonoaren barnean agertzen da, HIRI-EREMU kontsolidatu gisa (San Martin kalea).
      2. Orduan jasotzen zituen eta inoiz eten ez diren zerbitzuak:

        2. 1- Errepide-sarbidea; Leiunera sartzeko errepidearen zolatze-proiektuaren partearen kopia, 1996koa. […]-ko etxebizitzaren argazkia ageri da, eta testua […] jauregi-etxearen alboan.

        2.2- Ur-hornidura; Nafarroako Foru Komunitateko iturburuen erregistroa (titulartasun-aldaketa, 1987koa).

        2.3- Uren ebaluazioa. Leiunera sartzeko errepidearen zolatzerako 1996ko proiektuaren 3. planoaren zati baten kopia, 6 orrialdetik 2.arena; han dauden hustubideak ageri dira: etxeko hustubidea eta igerilekuko hustubidea.

        2.4- Energia elektrikoaren hornidura: Iberdrolaren agiria, konektatzeko eskaeraren data jasota (titulartasun-aldaketa 1987an), eta 2016ko abenduko faktura (CUPS ES 0021 0000 0663 4550 VJ).

      3. 1986ko bizigarritasun-zedula.
      4. Egindako azken obretarako baimena.
      5. 2018ko hiri-lurraren kontribuzioa.
    6. Itzagako Administrazio Zerbitzuen Mankomunitateari interesdunek aurkeztutako gora jotzeko errekurtsoaren berri eman bazitzaion ere, hark ur-hornidurarako hargune bat jarri zuen etxebizitzaren jabeen kontura, eta adierazi zuen etxebizitza dagoen lurzorua urbanizaezin gisa sailkatuta dagoela, baieztapen hori inola arrazoitu edo oinarritu gabe.

      Horregatik guztiagatik, aurkeztutako gora jotzeko errekurtsoaren erantzunik jaso gabe artean, administrazio eskudunei eskatzen zieten aitortu zezatela eskubidea zutela sare publikotik beren jabetzako etxebizitzaraino ur-hornidurako eta saneamenduko zerbitzua izateko.

  2. Gero, erakunde hau harremanetan jarri zen Itzagako Administrazio Zerbitzuen Mankomunitatearekin eta Landa Garapeneko eta Ingurumeneko Departamentuarekin, aipatutako gai horri buruzko informazioa eskatzeko.
  3. 2019ko apirilaren 9an, erakundeak eskatutako txostenak jaso zituen, eta haien kopia igorri zien interesdunei.
  4. Jasota gelditu den eran, arrazoi honengatik jarri zuten kexa: Lizoain-Arriasgoitin kokatutako etxebizitzan ur-hornidura jartzeko obrarik aurreikusi ez zelako “Goi-hornidurako obrak: Mendinuetako konponbidea, 6. fasea. Itzagaondoko eta Lizoaingo hodiak” proiektuan. Proiektu hori 18/2016 Foru Legean dago jasota, abenduaren 13koan, 2017-2019 aldirako toki inbertsioen plana arautzen duenean, II. Eranskinean zehazki, 6.a) artikuluaren babesean (uraren goi-hornidurarako inbertsioak), Itzagako Administrazio Zerbitzuen Mankomunitateak onetsita.

    Kexaren egileek eskatzen dute sar daitezela beharrezko obrak Lizoain-Arriasgoitiko 11. poligonoko 14. lurzatiko etxebizitzari dagokion ur-hornidura jartzeko, obra horiek ez baitaude aurreikusita onetsitako proiektuan.

  5. 7/1985 Legeak, apirilaren 2koak, Toki Araubidearen Oinarriak ezartzen dituenak, xedatzen duenari jarraikiz, udalerrien eskumena da, besteak beste, etxeak ur edangarriz hornitzea (25.2.b) artikulua), eta aukera ematen die udalei haien artean elkartzeko, beren eskumeneko obrak eta zerbitzuak gauzatze aldera (aipatutako legearen 44. artikulua, eta 6/1990 Foru Legearen, uztailaren 2koaren, Nafarroako Toki Administrazioari buruzkoaren, 47. artikulua).

    Ur-hornidurako zerbitzu publikoa berezitzat jotzen dute legeek, eta haren xedea da herritar guztiek ondasun hori (ura) eskuratzeko duten eskubidea betearaztea, oinarrizkotzat eta funtsezkotzat jotzen baita.

    Aztertzen ari garen kasuan, ur-hornidura Itzagako Administrazio Zerbitzuen Mankomunitatearen eskumenekoa da, eta, beraz, erakunde publiko horri dagokio hornidura- eta saneamendu-zerbitzuak emateko behar diren instalazioak izatea eta mantentzea bere kargura.

  6. Ur-hornidurako zerbitzua behar bezala eman ahal izateko, aurrez programatu edo planifikatu behar dira egin beharreko obrak, zerbitzua behar bestekoa izanen dela eta baldintza optimoetan emanen dela ziurtatzeko. Programazio hori ere udalerrien eskumenekoa da, Toki Araubidearen Oinarriak ezartzen dituen Legearen 4.1.c) artikuluak ematen dien plangintza-ahalmenaren esparruan.

    Plangintza-ahalmen hori baliatzea hautazkoa da nagusiki (kexaren ardatz den kasuan, zenbait urtez gauzatzen ari diren proiektu baten 6. fasea da), baina, hain zuzen ere hautazko jarduketa bat delako, legeak xedatzen du behar beste arrazoitu behar dela, modu objektiboan (Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko 39/2015 Legearen, urriaren 1ekoaren, 35.1.i) artikulua).

    Kexaren egileen etxebizitza urez ez hornitzeko arrazoiak etxebizitza hori dagoen lurzatiaren hirigintza-sailkapenarekin lotuta daude, Udal Plan Orokorrean lurzoru urbanizaezintzat sailkatuta baitago, nekazaritzako edo abeltzaintzako produktibitate ertaineko kategorian.

    Alabaina, erakunde honen iritziz, badaude zenbait arrazoi kexaren egileen eskaria onartzeko:

    1. Kexan aipatzen den etxebizitzak hiri-lurzoru kontsolidatuari dagozkion berezko zerbitzu guztiak ditu, baita iturburuetako uraren hornidura ere, eta zenbait obra egin dira han (zegokien hirigintza-baimena lortuta). Obra horietako batzuek, gainera, aurrekontu handia izan zuten; 2016an estalkiak ordezteko egindako lanek, esaterako.
    2. Etxebizitzak badu dagokion bizigarritasun-zedula; hortaz, higiezina etxebizitzatzat jotzen da. Hori horrela, eta izaera horri eutsi ahal izateko, ezinbestekoa da higiezinak ur-hornidura izatea [142/2004 Foru Dekretuaren, martxoaren 22koaren, Nafarroako Foru Komunitateko etxebizitzetan bizi ahal izateko gutxieneko baldintzak arautzen dituenaren, 2.2 artikulua, eta Foru Dekretu horren I. Eranskinaren (lehendik egindako etxebizitzetarako baldintzak ezartzen ditu) 2.b) artikulua].
    3. Lizoainibarko Udal Plan Orokorraren 35. artikuluak, hiri-lurzoruan (UC) babesgarriak diren eraikinei buruzkoak, honako hau xedatzen du:

      “Baita UC gisa seinalatutako lurzoruetan ere, eraikin jakin batzuek tratamendu berezia merezi dute, haien ezaugarri historikoak eta/edo arkitektonikoak direla-eta.

      Eraikin horiek Lizoaingo hiri-garapenaren protagonista dira, eta nortasuna ematen dute, irudi hiritarrarekin alderatuta.

      Horiek guztiak zaintzeko interesa ez da interes kultural hutsa, baita soziala eta ekonomikoa ere, eraikitako ondare erabilgarriaren aprobetxamenduaren ikuspegitik.

      Eraikin horiek bi taldetan sailkatzen dira:

      1. Izaera bereziko eraikinak, Lizoaingo historian mugarri izan direnak.
      2. Garai jakin bateko tipologia batekoak diren etxebizitzak, Lizoainen gaur egungo hiri-irudi bereziaren parte direnak.

        BABES-ARAUDIA.

        Zaindu nahi diren eraikinak bost mailatan sailkatzen dira, duten balioaren arabera, tipologiaren eta alderdi arkitektonikoen, historikoen eta funtzionalen ikuspegitik. ON-n.2 planoetan, hirigune bakoitzean (n) babestu beharreko eraikinak seinalatu dira.

        Kasu bakoitzerako, araudiak xedatzen du zer obra egin daitezkeen babes-maila bakoitzean, babestu beharreko ondareen arabera.

        BABES-MAILAK

        1º Izaera berezia. Estilo-batasuna. Ongi zaintzea. Balio arkitektonikoa.

        Babestu beharreko ondasuna: multzo osoa.

        Baimendutako obrak: zaharberritzea.

        (…)

        Oro har, xedatzen da txostena eskatu behar zaiola Vianako Printzea Erakundeari, katalogatutako eraikinetan edozein jarduketa egin ahal izateko, eta, betiere, herri bakoitzeko elizetan edozein esku-hartze egiteko.

        Lurzoru urbanizaezinean dauden honako eraikin hauek 1. MAILAN sailkatuta daude:

        • [...] BASERRIA. […] ETXEA
        • LIZOAINGO ZUBIA
        • LIZOAINGO ELIZA. AGINAGAKO BASELIZA.

          […] baserriaren ezaugarri historikoei eta arkitektonikoei dagokien babes-mailaren ondorioz ‒Udal Plan Orokorrean bertan aitortutako maila altuena‒, erakunde honen iritziz, kexaren egileek eskatzen dituzten hornidurarako lanen bidez bermatuta geldituko litzateke higiezinaren mantentzea eta haren babesa etorkizunean, eta horiexek dira, hain zuzen ere, Udal Plan Orokorraren helburuak. Ur-horniduraren eta -hustuketaren tasak arautzen dituen Itzagako Administrazio Zerbitzuen Mankomunitatearen Ordenantzaren 8. artikuluak honako hau xedatzen du:

    4. Honako prozedura honi jarraitu beharko dio higiezin batean, industria batean eta abarretan hargune bat jarri nahi duen sustatzaile, eraikitzaile edo pertsona fisiko edo juridiko orok: B) Lurzoru urbanizaezineko edo landa-lurzoruko harguneak:

      Oro har, mankomunitateak ez du baimenik emanen ur-hornidurarako hargunerik jartzeko ez ureztatzeko ez aisialdi-jardueretarako, ez eta lurzoru urbanizaezineko eraikuntzetarako ere, udalerri bakoitzeko hirigintza-plangintzekin bat ez badatoz.

      Lurzoru urbanizaezinean eraikuntzak dituzten jabeek edo eraikuntzen sustatzaileek dagokien eskaera egin beharko dute, eta hor adieraziko dituzte eskaera-egilearen datu pertsonalak, poligonoa, lurzatia eta zer udalerritan jarri nahi den hargunea. Dagokion udalak emandako obra-baimenaren kopia gehituko da.

      Mankomunitateak, nahiz eta obra-baimena izan, eskatutako hornidura-hargunea ukatzen ahalko du, iruditzen bazaio eskatutako harguneak eragin kaltegarriak izaten ahal dituela hiriguneetako horniduran.

      Hargunea jartzeko baimena emanez gero, Mankomunitateak xedatuko du zer lekutan lotuko zaion sareari, non jarriko diren neurketa-gailuak eta zer ezaugarri izan behar dituen konexioak.

      Agindu horretan xedatutakoa kontuan hartuta, erakunde honek uste du interesdunek eskatutakoa ez dela horren aurkakoa, eta, beraz, onargarria dela, dagozkion egokitzapenak eginda, […] baserrian ur-hornidurarako obrak egitea administrazioaren kontura.

      Hori horrela, erakunde honek Itzagako Administrazio Zerbitzuen Mankomunitateari iradokitzen dio egin ditzala egin beharreko jarduketak, Lizoain-Arriasgoitiko 11. poligonoko 14. lurzatian dagoen etxebizitza urez hornitzeko, proiektatutako ur-horniduratik

  7. Horrenbestez, eta uztailaren 3ko 4/2000 Foru Legearen 34.1 artikuluak aitortzen dizkion eskumenekin bat etorriz, Nafarroako Arartekoak beharrezkotzat jo du:

    Itzagako Administrazio Zerbitzuen Mankomunitateari iradokitzea egin ditzala egin beharreko jarduketak, Lizoain-Arriasgoitiko 11. poligonoko 14. lurzatian dagoen etxebizitza urez hornitzeko, proiektatutako ur-horniduratik.

Uztailaren 3ko 4/2000 Foru Legearen, Nafarroako Foru Komunitateko Arartekoari buruzkoaren, 34.2 artikuluarekin bat etorriz, Itzagako Administrazio Zerbitzuen Mankomunitateak, aginduzkoa denez, ebazpen hau onesten duen ala ez adierazi beharko du, bi hilabeteko epean gehienez ere, eta, hala badagokio, zer neurri hartu dituen hura betetzeko.

Lege horretan xedatutakoari jarraikiz, ebazpena ez bada onesten, Nafarroako Parlamentuari aurkeztuko zaion 2019ko txostenean sartzen ahalko da kasua, eta berariaz aipatuko da dagokion Administrazioak ez duela aldeko jarrera hartu, posible zenean.

Adeitasunez, zure erantzunaren zain,

El Defensor del Pueblo de Navarra

Nafarroako Arartekoa

Francisco Javier Enériz Olaechea

El Defensor del Pueblo de Navarra

Nafarroako Arartekoa

Francisco Javier Enériz Olaechea

Partekatu edukia