Bilaketa aurreratua

Ebazpenak

Nafarroako Arartekoaren Ebazpena (Q18/942) Hezkuntza Departamentuari gogorarazten zaiona, kexa eragin duen hezkuntzako ikuskatzailearen lanpostua betetzeko deialdiari lotuta, euskaraz jakiteari dagokion puntuazioari erreparatzeko betebeharra duela. Nafarroako administrazio publikoetako euskararen erabilera arautzen duen azaroaren 15eko 103/2017 Foru Dekretutik dator betebehar hori, eta, hark esaten duena kontuan hartuz, deialdi horretan kontzeptu horrengatik esleitutako puntuazioa behar baino txikiagoa da.

2019 otsaila 13

Euskara

Gaia: La disconformidad con la escasa valoración del euskera en el baremo de méritos y la posibilidad de elaborar la memoria en castellano, en un procedimiento selectivo seguido para la provisión temporal de puestos de Inspector de Educación, mediante adjudicación de comisiones de servicio al personal funcionario.

Euskera

Hezkuntza kontseilari

Kontseilari anderea:

  1. 2018ko abenduaren 24an, instituzio honek idazki bat jaso zuen. […]rena, Administrazioan Euskeraz Taldearen ordez,bertan Hezkuntza Departamentuaren kontra kexa bat jartzen zuen Giza Baliabideen Zuzendariaren 3943/2018 Ebazpenaren kontra, azaroaren 30ekoa, bertan Hezkuntzako Ikuskapen Zerbitzuan ikuskatzaile lanpostuak zerbitzu eginkizunetan aldi baterako betetzeko izangaien zerrenda bat onartzen zen.
  2. Ondoren, erakunde honek Hezkuntza Departamentura jo zuen, gai horri buruzko informazio eske.

    Honako hau jartzen du jaso genuen txostenean:

    […] jaunak, Administrazioan Euskaraz taldearen izenean, kexa bat aurkeztu zuen euskaraz jakitea gutxiegi baloratzen zelako Hezkuntza Ikuskaritzako Zerbitzuan aldi baterako hezkuntza-ikuskatzaile aritzeko egindako deialdian. Zerbitzuen hornidura erregimenean egin da deialdi hori. Kexa horri dagokion Q18/942 espedientearen harira, honako hau jakinarazi du Hezkuntza Departamentuko Giza Baliabideen Zerbitzuko zuzendariak:

    2018ko abenduaren 21ean, Nafarroako Aldizkari Ofizialeko 245. zenbakian, azaroaren 30eko 3943/2018 Ebazpena argitaratu zen, Hezkuntza Departamentuko Giza Baliabideen Zerbitzuko zuzendariarena. Haren bidez, Hezkuntza Ikuskaritzako Zerbitzuan aldi baterako hezkuntza-ikuskatzaile lanpostuan aritzeko izangaien zerrenda bat sortzea onartu zen, zerbitzu-eginkizunen erregimenean.

    2018ko abenduaren 24an, […] jaunak, Administrazioan Euskaraz Taldearen izenean, kexa bat aurkeztu zuen Nafarroako Arartekoaren erakundean, deialdi horretan euskaraz jakitea gutxiegi baloratzen zelako.

    Foru Komunitateko Administrazioak euskararen sustapenarekin duen konpromisoa agerikoa da, eta hori egiaztatzeko nahikoa da hainbat legegintzalditan Foru Komunitateko Administrazioan euskara erabiltzeari buruz onartu diren arauak berrikustea, eta, aztertzen ari garen kexari lotuta, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioko lanpostuak hornitzeko prozeduretan ere euskara merezimendu moduan baloratu izan da.

    Azaroaren 30eko 3943/2018 Ebazpenaren bidez onartutako deialdiak oso-osorik bat egiten du ekainaren 30eko 80/2008 Foru Dekretuarekin, eta hark arautzen du Hezkuntza Departamentuko Hezkuntza Ikuskaritzaren antolaketa eta funtzionamendua; era berean, bat egiten du Hezkuntza kontseilariaren apirilaren 23ko 35/2013 Foru Aginduarekin, eta hark onartzen ditu Hezkuntza Sailari atxikitako hezkuntza-ikuskatzaile lanpostuan aldi baterako ariko diren hautagaien zerrendak kudeatzeko arauak.

    Hain zuzen, ekainaren 30eko 80/2008 Foru Dekretuak hirugarren xedapen gehigarrian finkatzen du nola bete behar diren aldi baterako hezkuntzako ikuskatzaile lanpostuak. Honako hau dio edukiak:

    1. “Hezkuntzako Ikuskatzaileen Kidegoko lantaldeko lanpostu hutsak irakaskuntzako funtzionarioek beteko dituzte aldi batean, zerbitzu-eginkizunetan, berdintasun-, merezimendu-, gaitasun- eta publizitate-printzipioak kontuan izanik.
    2. Irakaskuntzako funtzionario horiek Hezkuntzako Ikuskatzaileen Kidegoan sartzeko ezarritako betekizunak bete behar dituzte.
    3. Kasu guztietan, lanpostu huts horien esleipenean, lehentasuna emanen zaie azken hautapen-prozesuko oposizio-fasea gainditu duten eta plazarik eskuratu ez duten hautagaiei, zerbitzuan behar diren lanbide- eta hizkuntza-profilak kontuan hartuz”.

      Aurreikuspen hori garatuz, apirilaren 23ko 35/2013 Foru Aginduak aldi batean eta zerbitzu-eginkizunen erregimenean hezkuntzako ikuskatzaile-lanak egingo dituzten pertsonak hautatzeko prozedura zehatza ezartzen du. Foru Agindu horrek honako hauek arautzen ditu: hautaketarako printzipioak, lanpostuen jarduerak izango duen erregimena, zerrendak osatzeko eta lehentasunak finkatzeko prozedurak, hautagaiek bete beharreko baldintzak, hautaketa-probak eta abar. Hemen aztertzen ari garen kexari dagokionez, aipatutako Foru Aginduko lehen eranskinak finkatzen du hezkuntzako ikuskatzaileen lanpostuak aldi baterako betetzeko deialdiko merezimenduak baloratzeko baremoa.

      Merituen baremo horren eduki guztiak azaroaren 30eko 3943/2018 Ebazpeneko merezimenduen baremoan daude transkribatuta, eta eduki horiek eragin dute […] jaunaren kexa, Administrazioan Euskaraz taldearen izenean.

      Hautapen-prozedura guztietan, oinarrizko printzipioa izaten da onartutakoan indarrean dagoen araudiarekin bat etortzea deialdia; beraz, ez da posible […] jaunak Administrazioan Euskaraz taldearen izenean aurkeztutako kexa aintzat hartzea, azaroaren 30eko 3943/2018 Ebazpenak oso-osorik bat egiten duelako aplikagarri zaion araudiarekin.

      Horrek guztiak ez dio eragiten, aztertzen ari garenaren moduko etorkizuneko deialdietako edukiak egokitze aldera, Hezkuntza Departamentuak araudi hori aldatzea aztertzeko duen aukerari.

      Hori da jakinarazteko dudan guztia.

  3. Agerian geratu den bezala, hezkuntzako ikuskatzaile lanpostuak aldi baterako betetzeko hautaketa-prozedura baten harira aurkeztu da kexa. Lanpostu horiek funtzionarioei zerbitzu-eginkizunak esleituta beteko dira.

    Interesdunaren desadostasuna alderdi hauek eragin dute:

    1. Kexa eragin duen deialdian, merezimenduen baremoan, euskaraz jakiteak duen balorazio txikiegiak.
    2. Euskarazko ikuskatzaileen kasuan deialdiak memoria euskaraz nahiz gaztelaniaz egiteko ematen duen aukerak.

      Hezkuntza Departamentuari dagokionez, transkribatu den txostena igorri du, eta, haren arabera, deialdiak bat egiten du indarrean dagoen araudiarekin, eta, merezimenduen baremoari dagokionez, Hezkuntza kontseilariaren apirilaren 23ko Foru Aginduak biltzen duena betetzen du, eta agindu horrek onartzen ditu Hezkuntza Departamentuari atxikitako hezkuntza-ikuskatzaileen aldi baterako lanpostuak betetzeko izangaien zerrendei dagozkien kudeaketa-arauak.

  4. Araudien hierarkia-printzipioarekin bat etorriz, Hezkuntza Departamentuak aipatutako foru-aginduaren aplikazioa (kexak aipatzen duen aldi baterako lanpostua betetzeari aplikagarri zaion arau espezifikoa) ordenamendu juridikoko gainerako arauetan bildutakoekin bat etorriz egin behar da, eta, batez ere, gaia arautzen duten edo hari eragiten dioten goragoko mailako arauen edukiak kontuan hartuz.

    Zehazki, eztabaida eragiten duen kasu honi dagokionez, azaroaren 15eko 103/2017 Foru Dekretuan biltzen dena hartu behar da kontuan, hark arautzen baitu Nafarroako administrazio publikoetako euskararen erabilera.

    Foru-dekretu horren 31.1 artikuluak honako hau dio eremu mistoan dauden Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren unitate organikoei buruz:

    Eremu mistoan dauden Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren unitate organikoetako lanpostuetarako, betiere ele bikotzat jo ez badira, euskara merezimendu moduan baloratuko da. Sarbidea oposizio-lehiaketa bidez egiten denean, balorazio hori %7koa izango da, merezimendu-baremoaren gainerako zatiari esleitutako puntuazioari dagokionez, eta lanpostu horiek betetzeko merezimendu-lehiaketetan, %6koa, merezimendu-baremoaren gainerako zatiari esleitutako puntuazioari dagokionez.

  5. Kexaren motibo den deialdiak lanpostuak betetzeko prozedura bat onartzen du, merezimenduen baremo bat aplikatzea eskatzen duena, aurrez lanpostuari dagokion memoria baten defentsa gainditu ostean.

    Azaroaren 15eko 103/2017 Foru Dekretuak merezimenduen baremoari dagokionez bildutakoaren arabera, erakunde honen ustez, euskaraz jakiteari dagokin pisuak ezin du izan baremoan konputa daitekeen gainerako zatiari esleitutakoaren %6 baino txikiagoa.

    Oinarri arautzaileen 4.3.1 atalean ezarritakoaren arabera, EGA tituluagatik edo haren baliokidearengatik 0.150 puntu emango dira. Merezimenduen baremoan eskura daitekeen gehienezko puntuazioa 10 puntu denez, euskarak %1,5eko proportzioa du guztizko puntuazioan.

    Proportzio hori, beraz, baremoko gainerako merezimenduei esleitutako puntuazioaren %6 baino nabarmen txikiagoa da, eta, ondorioz, gure irizpideen arabera, euskararen erabilera arautzen duen foru-dekretuaren aurkakoa da. Aztertzen ari garen kasuan, ulertu behar da dekretu horrek ordezkatu egiten dituela argudiatzen den foru-aginduak jaso ditzakeen edukiak (lehenagoko araua eta beheragoko mailakoa da azken hori).

    Horregatik, lege-betebehar hauek gogorarazten dira.

  6. Beraz, eta Nafarroako Foru Komunitateko Arartekoaren erakundea arautzen duen uztailaren 3ko 4/2000 Foru Legearen 34.1. artikuluak ematen dizkion eskumenen arabera, hau jo du beharrezkotzat:

    Hezkuntza Departamentuari gogorarazten zaio, kexa eragin duen hezkuntzako ikuskatzailearen lanpostua betetzeko deialdiari lotuta, euskaraz jakiteari dagokion puntuazioari erreparatzeko betebeharra duela. Nafarroako administrazio publikoetako euskararen erabilera arautzen duen azaroaren 15eko 103/2017 Foru Dekretutik dator betebehar hori, eta, hark esaten duena kontuan hartuz, deialdi horretan kontzeptu horrengatik esleitutako puntuazioa behar baino txikiagoa da.

Nafarroako Foru Komunitateko Arartekoaren erakundea arautzen duen uztailaren 3ko 4/2000 Foru Legearen 34.2. artikuluari jarraikiz, eta aginduzkoa betez, Hezkuntza Departamentuak bi hileko epean jakinarazi beharko du ebazpen hau onartzen duen eta, dagokionean, hura betetzeko zer neurri hartu dituen.

Lege-agindu horretan xedatzen denez, aipatutako administrazio publikoak arartekoaren erabakia onartzen ez badu, erakunde honek erabaki dezake gai hori 2017. urteari dagokion urteko txostenean sartzea eta Nafarroako Parlamentuan azaltzea, jarrera hori izan duen administrazio publikoa berariaz aipatuz, baldin eta arartekoaren iritziz erabakia onartzea posible bazen.

Adeitasunez, zure erantzunaren zain,

El Defensor del Pueblo de Navarra

Nafarroako Arartekoa

Francisco Javier Enériz Olaechea

Partekatu edukia