Bilaketa aurreratua

Ebazpenak

Nafarroako Arartekoaren Ebazpena (Q18/892) Hezkuntza Departamentuari gomendatzen dio Pablo Sarasate Musika Kontserbatorio Profesionalak bete dezala euskararen erabilera Nafarroako administrazio publikoetan, beren erakunde publikoetan eta menpeko dituzten zuzenbide publikoko entitateetan arautzen duen azaroaren 15eko 103/2017 Foru Dekretuan ezarritakoa.

2019 urtarrila 16

Euskara

Gaia: La disconformidad de la autora de la queja con el uso del euskera en la documentación que proporciona el Conservatorio Profesional de Música “Pablo Sarasate”.

Euskara

Kontseilari anderea:

  1. 2018ko abenduaren 4an, instituzio honek idazki bat jaso zuen. […] anderearena,, bertan Hezkuntza Departamentuaren kontrako kexa bat aurkeztu zuen Pablo Sarasate Musika eskolan ez zutelako euskarako zerbitzurik eskaintzen.

    Idazki hartan, hauxe zioen:

    1. Gaztelaniaz bakarrik zeuden idatzita bere alaba 2018/2019 ikasturte honetan Pablo Sarasate Musika Kontserbatorio Profesionalean matrikulatzeko bete eta aurkeztu behar izan zituen agiriak (izen-emate inprimakia eta baimen‑orria).
    2. Horrexegatik, 2018ko urriaren 4an honako hau eskatzen zuen idatzi bat aurkeztu zuen:
      • Komunikazioak euskaraz jasotzeko aukera izatea, 103/2017 Foru Dekretuaren 20. artikuluari jarraikiz, zeinaren arabera ezartzen baita herritarrei oro har zuzendutako komunikazioak bi hizkuntzetan idatzita egon behar direla.
      • Aipatutako 6. artikulu hori betetzea, honako hau xedatzen duena: Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren departamentuek eta beraiekin lotura duten edo beraien menpeko diren erakunde publiko eta zuzenbide publikoko entitateek behar diren planak prestatuko dituzte, foru dekretu honetako 3. artikuluan aurreikusitako helburuak erdiets daitezen.
    3. Emandako erantzunak ez zuenez interesduna asebete, 2018ko abenduaren 4an instantzia bat aurkeztu zuen Hezkuntza Departamentuan. Bertan, Kontserbatorioak euskarari emandako trataera baztertzailea azaltzeaz gain, neurriak hartzeko eskaera egin zuen, 103/2017 Foru Dekretuak xedatutakoa betetze aldera.

      Aldi berean, beste idatzi bat bidali zion kontserbatorioari, zeinetan bere desadostasuna adierazten zuen eta zentroari azaltzen zion bere eskaera aintzat hartzeko derrigortasuna zuela, Hezkuntza Departamentuaren menpekoa izateaz gain, herritarrei ematen dien zerbitzua dela bide.

      Adierazitakoagatik, Pablo Sarasate Musika Kontserbatorio Profesionalari eskatu zion zerbitzu elebiduna emateko, 103/2017 Foru Dekretuan ezarritakoari jarraikiz.

  2. Ondoren, erakunde honek Hezkuntza Departamentura jo zuen, gai horri buruzko informazio eske.

    Honako hau jartzen du jaso genuen txostenean:

    (…) andreak aurkeztutako idatziari dagokionez, zeinetan bere desadostasuna adierazi zuen Pablo Sarasate Musika Kontserbatorio Profesionalak euskaraz emandako zerbitzuarekiko, aipatutako araudiak ez du komunikazio guztiak bi hizkuntzetan igortzeko derrigortasunik ezartzen, Pablo Sarasate Kontserbatoriotik erantzun ziotenaren ildo beretik. Gainera, badakigu zentroak zailtasunak dituela, ez baitu langile elebidun nahikorik, baina, hala ere, beharrezko aurrerapausoak ematen ari da Nafarroako hizkuntza bien presentzia bermatuko duen hezkuntza- eta kanpo komunikazio‑zerbitzuak eskaintzeko.

  3. Argi ikus daitekeenez, kexa aurkezteko arrazoia Pablo Sarasate Musika Kontserbatorio Profesionalak euskarari bere dokumentazioan emandako erabilera da.

    Kexaren egileak uste du Kontserbatorioak Nafarroako Foru Komunitateko administrazioaren zerbitzu zentral bat ematen duela, eta, beraz, bere jarduketek azaroaren 15eko 103/2017 Foru Dekretuaren 20. eta 21. artikuluen menpean egon behar dutela. Foru Dekretu horrek euskararen erabilera arautzen du Nafarroako administrazio publikoetan, beren erakunde publikoetan eta menpeko dituzten zuzenbide publikoko entitateetan, eta derrigortu egiten ditu horiek guztiak zerbitzu elebiduna ematera. Kexaren egilearen kasuan, aspektu hori ez zen kontuan hartu; izan ere, gaztelaniaz bakarrik zeuden idatzita bete behar zituzten izen-emate inprimakia eta baimen-orria.

    Hezkuntza Departamentuak gorago transkribatutako txostena eman du. Bertan, babestu egiten du Pablo Sarasate Musika Kontserbatorio Profesionalak interesdunak planteatutako kexaren aurrean jarraitutako irizpidea.

    Kontserbatorioak honako gogoeta hau egin zuen kexaren egileari igorritako erantzunean:

    “Pablo Sarasate Musika Kontserbatorio Profesionala Nafarroako Gobernuko Hezkuntza Departamentuaren menpeko zentroa da.Pablo Sarasate Musika Kontserbatorio Profesionala zentro anitza da, eta sentsibilitate guztiei irekita dagoen aldetik, urteak daramatzagu lanean irakasle batzuen lankidetza eskuzabalari esker, dokumentazio akademiko guztia, oharrak, webgunea eta beste batzuk elebidunak izan daitezen eta euskaraz eta gaztelaniaz eskuragarri egon daitezen.G ereduko zentro bat den arren, hau da, euskarazko edo euskararen hezkuntzarik ematen ez duen zentro bat, hizkuntza hori hitz egiten duten irakasleek normaltasun osoz eta inolako arazorik gabe ematen diete arreta ikasle elebidunei.Horrez gain, taldeko irakasgai batzuetako eskolak euskaraz eskaintzen dira bideragarria denean. Horrek beste behin erakusten du errealitate horrekiko dugun sentsibilitatea, eta zentroaren ereduak ezartzen dizkigun derrigortasunetatik haratago doa.

    103/2017 Foru Dekretuaren arabera, eremu mistoan:administrazio publikoetan, erakunde publikoetan eta zuzenbide publikoko entitateetan, barne-erabilerako inprimaki eta idazki ofizialak, izenburuak eta idazpuruak ele biz egin daitezke. Ikus daitekeenez, puntu horretan ez dago inolako derrigortasunik, eta, gaur egun publikoarentzako arreta‑zerbitzuko dokumentazioaren zati bat bi hizkuntzetan eskuragarri dagoen arren, momentu honetan ezin dugu zerbitzu osoa euskaraz eskaini; are gutxiago Hezkuntza Departamentuak ez duenean euskarako profileko lanpostu espezifikorik hornitu ez zentroko atezaintzan ez idazkaritzan. Edozein kasutan, Euskarabidean lantzen ari dira gai hori. Gainera, Departamentuak berak euskarazko profilak kudeatzeaz gain, desgaitasunen bat duten pertsonentzat erreserbatutako plazak ere kudeatu behar ditu, eta, beraz, horrek gehiago konplikatzen du gaia. Pablo Sarasate Musika Kontserbatorio Profesionala ez dago jasota Nafarroako Foru Komunitateko zerbitzu zentraletan; honako hauei egiten diete erreferentzia zerbitzu zentralek: telefonogunea; informazio‑bulegoa; herritarren segurtasuna; bekak, laguntzak eta diru-laguntzak; Nafarroako Zerga Ogasuna; ingurumena eta etxebizitza; nekazaritza eta abeltzaintza; kultura eta turismoa; eta enplegua. Horrenbestez, aipatutako Foru Dekretuaren 20. artikulua ez da aplikagarria”.

  4. Euskararen erabilera Nafarroako administrazio publikoetan, beren erakunde publikoetan eta menpeko dituzten zuzenbide publikoko entitateetan arautzen duen azaroaren 15eko 103/2017 Foru Dekretuak definitzen ditu administrazioaren zerbitzu zentralak, zehazki, 2 b) artikuluan: Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren zerbitzuetatik, herritar guztientzako arreta ematen dutenak, non kokatutarik dauden kontuan hartu gabe.

    Aipatutako Foru Dekretuaren zioen azalpenean interpretaziorako elementu gehigarriak eskaintzen dira, euskararen erabilerari dagokionez, administrazioaren zein zerbitzu kontsideratu behar diren zentral definitze aldera: foru dekretu honek nafar guztiek hartu behar dituzten zerbitzu administratiboen espezifikotasuna onartzen du, zerbitzu horien kokapena edozein izanik ere. Horregatik, Foru Komunitate osoan jarduten duten zerbitzuak zerbitzu zentraltzat hartuko dira eta haiei ezarriko zaien erregulazio linguistikoa ez da izanen zerbitzu horiek kokatuta dauden hizkuntza eremuaren araberakoa, baizik eta duten eginkizunaren araberakoa, zeina baita Nafarroako herritar guztiei arreta egitea.

    Bestalde, administrazioaren zerbitzu zentraletan euskara erabiltzeari dagokionez, azaroaren 15eko 103/2017 Foru Dekretuaren 19. artikulutik 21.era bitartean dago nagusiki jasota erabilera hori.

  5. Aurreko araubide-aurreikuspenetatik ondorioztatzen da Nafarroako Foru Komunitateko administrazioko zerbitzu zentralek honako ohar definitzaile hauek biltzen dituztela euskararen erabilerari dagokionez:
    1. Zerbitzu zentralek Nafarroako herritar guztientzako arreta ematen dute.Beren jarduketa-eremua Foru Komunitate osoa da, eta, beraz, Foru Komunitateko administrazioan bakarrik existitzen dira, eta ez tokiko erakundeen administrazioan.Horrek berekin dakar zerbitzu horien hartzaile edo erabiltzaile potentzialek –Nafarroako herritar guztiek– derrigorrez jo behar dutela zerbitzu horietara eskaintzen zaizkien zerbitzuez gozatzeko.
    2. Administrazioaren zerbitzu zentralen kalifikazioa ez dago fisikoki dagokien hizkuntza-eremuaren arabera baldintzatuta: eremu euskaldunean, mistoan zein ez‑euskaldunean egon daitezke.
    3. Ez dago Nafarroako Foru Komunitateko administrazioaren zerbitzu zentralak zehazten edo zerrendatzen dituen arau‑zehaztapenik azaroaren 15eko 103/2017 Foru Dekretuaren ondoreetarako; horrenbestez, zerbitzu horiek zehazteko, kasu bakoitza aztertu behar da, banan‑banan.
    4. Zerbitzu zentraletan euskara erabiltzeari buruzko araubide juridikoa espezifikoa da, eta ez da aipatutako 103/2017 Foru Dekretuak Euskararen Foru Legearen 5. artikuluan legez ezarritako hizkuntza‑eremu bakoitzerako ezarritako araubide bera.
  6. Pablo Sarasate Musika Kontserbatorio Profesionalaren hezkuntza-proiektuaren arabera, Nafarroako Gobernuaren Hezkuntza Departamentuaren menpean egonik, 2/2006 Lege Organikoaren (LOE plana izenarekin ezagutzen dena) 48.2 artikuluak xedatutakoaren arabera, musika-irakaskuntza profesionalak ematen dituen irakaskuntza arautuko zentro publiko bakarra da.
    Aipatutako kontserbatorio horretan, abenduaren 22ko 1577/2006 Errege Dekretuak araututako irakaskuntza profesionalak ematen dira. Dekretu horrek Hezkuntzari buruzko martxoaren 3ko 2/2006 Lege Organikoak araututako musika‑irakaskuntza profesionalen curriculumaren oinarrizko alderdiak ezarri zituen, 21/2017 Foru Dekretuak garatukoak, Nafarroako Foru Komunitatearen esparruan.

    Zentroak berak emandako definizioa ikusita, zeinetan adierazten baita Hezkuntzaren Legearen 48.2 artikuluan aurreikusitako irakaskuntza arautua ematen duen eta Hezkuntza Departamentuaren menpekoa den zentro bakarra dela, eta kontuan hartuta egun ez dagoela administrazioaren zerbitzu zentral kontsideratu behar diren zerbitzuen zerrendarik, aurretik aipatu bezala, erakunde honek uste du Pablo Sarasate Musika Kontserbatorio Profesionala administrazioaren zerbitzu zentrala dela, Nafarroako herritar guztiei ematen baitie arreta. Are gehiago, kexa honetan planteatutako kasuan gertatzen den bezalaxe, interesduna Euskararen Foru Legeak ezarritako eremu euskaldunean bizi da (Etxarri‑Aranatz), eta irakaskuntza arautuko zerbitzu hori erabiltzeko aukera bakarra kontserbatorio horretan izena ematea da.

    Horregatik, erakunde honek uste du beharrezkoa dela Hezkuntza Departamentuari gomendatzea Pablo Sarasate Musika Kontserbatorio Profesionalak bete dezala euskararen erabilera Nafarroako administrazio publikoetan, beren erakunde publikoetan eta menpeko dituzten zuzenbide publikoko entitateetan arautzen duen azaroaren 15eko 103/2017 Foru Dekretuan ezarritakoa.

  7. Beraz, eta Nafarroako Foru Komunitateko Arartekoaren erakundea arautzen duen uztailaren 3ko 4/2000 Foru Legearen 34.1. artikuluak ematen dizkion eskumenen arabera, hau jo du beharrezkotzat:

    Horrenbestez, erakunde honek Hezkuntza Departamentuari gomendatzen dio Pablo Sarasate Musika Kontserbatorio Profesionalak bete dezala euskararen erabilera Nafarroako administrazio publikoetan, beren erakunde publikoetan eta menpeko dituzten zuzenbide publikoko entitateetan arautzen duen azaroaren 15eko 103/2017 Foru Dekretuan ezarritakoa.

Nafarroako Foru Komunitateko Arartekoaren erakundea arautzen duen uztailaren 3ko 4/2000 Foru Legearen 34.2. artikuluari jarraikiz, eta aginduzkoa betez, Antsoaingo Udalak bi hileko epean jakinarazi beharko du ebazpen hau onartzen duen eta, dagokionean, hura betetzeko zer neurri hartu dituen.

Lege-agindu horretan xedatzen denez, aipatutako administrazio publikoak arartekoaren erabakia onartzen ez badu, erakunde honek erabaki dezake gai hori 2017. urteari dagokion urteko txostenean sartzea eta Nafarroako Parlamentuan azaltzea, jarrera hori izan duen administrazio publikoa berariaz aipatuz, baldin eta arartekoaren iritziz erabakia onartzea posible bazen.

Adeitasunez, zure erantzunaren zain,

El Defensor del Pueblo de Navarra

Nafarroako Arartekoa

Francisco Javier Enériz Olaechea

Partekatu edukia