Bilaketa aurreratua

Ebazpenak

Nafarroako Arartekoaren ebazpena (Q18/89) Lehendakaritzako, Funtzio Publikoko, Barneko eta Justiziako Departamentuari iradokitzea, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioko aldi baterako kontratazioetarako deialdietan, hautaketa-prozesua oposizio-lehiaketa bidez egiten denean, eta funtzioak eremu mistoan edo euskaldunean gauzatu daitezkeenean, euskara merezimendu moduan baloratzea.

2018 apirila 05

Euskara

Gaia: Falta de valoración del conocimiento del euskera en las convocatorias para la constitución de listas de contratación temporal de puestos de Conductor Auxiliar de Bombero y de Peón Auxiliar de Bombero.

Euskara

Lehendakaritzako, Funtzio Publikoko, Barneko eta Justiziako Kontseilaria

Kontseilari anderea:

  1. 2018ko otsailaren 5ean, erakunde honek […] jaunakaurkeztutako idazki bat jaso zuen,Administrazioan Euskaraz Taldearen izenean, Lehendakaritzako, Funtzio Publikoko, Barneko eta Justiziako Departamentuari zuzendutako kexa bat jasotzen zuena euskaraz jakitea ez zelako baloratzen Suhiltzaile Gidari Laguntzaile eta Suhiltzaile Peoi Laguntzaile postuetarako aldi baterako kontratazioetarako zerrendak eratzeko deialdietan.

    Kexaren egileak hauxe zioen:

    1. 2017ko abenduaren 28an, deialdi hauek argitaratu ziren Nafarroako Aldizkari Ofizialean:
      • Abenduaren 11ko 2974/2017 Ebazpena, Funtzio Publikoko zuzendari nagusiak emana, hautaproben bidez Suhiltzaile Gidari Laguntzaile postuetarako aldi baterako kontratazioetarako izangaien zerrenda bat osatzeko deialdia onartzen duena.
      • Abenduaren 11ko 2975/2017 Ebazpena, Funtzio Publikoko zuzendari nagusiak emana, hautaproben bidez Suhiltzaile Peoi Laguntzaile postuetarako aldi baterako kontratazioetarako izangaien zerrenda bat osatzeko deialdia onartzen duena.
    2. Bi deialdiek bete egin behar dute azaroaren 15eko 103/2017 Foru Dekretua, euskararen erabilera arautzen duena Nafarroako administrazio publikoetan, beren erakunde publikoetan eta menpeko dituzten zuzenbide publikoko entitateetan.

      Eremu euskaldunaz ari dela, 27.1 artikuluak honela dio: Eremu euskaldunean dauden Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren unitate organikoetako lanpostuetarako, betiere ele bikotzat jo ez badira, euskara merezimendu moduan baloratuko da sarbidea oposizio-lehiaketa bidez egiten denean. Balorazio hori % 11koa izanen da, merezimendu-baremoaren gainerako zatiari esleitutako puntuazioari dagokionez, eta lanpostu horiek betetzeko merezimendu-lehiaketetan, % 10ekoa, merezimendu-baremoaren gainerako zatiari esleitutako puntuazioari dagokionez.

      Eremu mistoaz ari dela, 31.1 artikuluak honela dio: Eremu mistoan dauden Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren unitate organikoetako lanpostuetarako, betiere ele bikotzat jo ez badira, euskara merezimendu moduan baloratuko da sarbidea oposizio-lehiaketa bidez egiten denean. Balorazio hori % 7koa izanen da, merezimendu-baremoaren gainerako zatiari esleitutako puntuazioari dagokionez, eta lanpostu horiek betetzeko merezimendu-lehiaketetan, % 6koa, merezimendu-baremoaren gainerako zatiari esleitutako puntuazioari dagokionez.

    3. Aipatutako deialdietan, gehienez ere 40 puntuko kalifikazioa izanen duen proba teoriko bat eta gai kalifikazioa lortu beharreko proba fisikoak sartzen dira.

      Bestalde, merezimenduen balorazioan, deitutako lanpostu berean edo antzekoetan eskainitako zerbitzuak puntuatzen dira, gehienez ere 10 punturekin. Euskara ez da merezimendu moduan baloratzen, eta, beraz, urratu egiten da azaroaren 15eko 103/2017 Foru Dekretua.

    4. Ebazpenek oposizio-lehiaketa sistema darabilte; beraz:
      • Eremu euskaldunari dagozkion lanpostuetan, euskaraz jakiteari %11ko balorazioa ezarri behar zitzaion, merezimendu-baremoaren gainerako zatiari esleitutako puntuazioari dagokionez.
      • Eremu mistoari dagozkion lanpostuetan, euskaraz jakiteari %7ko balorazioa ezarri behar zitzaion, merezimendu-baremoaren gainerako zatiari esleitutako puntuazioari dagokionez.
  2. Kexa jaso ondoren, erakunde honek Lehendakaritzako, Funtzio Publikoko, Barneko eta Justiziako Departamentura jo zuen, gai horri buruzko informazio eske.

    2018ko martxoaren 13an, departamendu horrek igorritako txostena jaso zen, eta interesdunari helarazi zaio.

    Txosten horrek, laburbilduz, hau esaten du:

    1. Kexan aipatutako deialdien xedea ez da langileak sartzea edo lanpostuak betetzea, baizik eta aldi baterako kontratazioetarako izangaien zerrendak osatzea Servicio de Bomberos de Navarra-Nafarroako Suhiltzaileak zerbitzuaren beharretara.
    2. Abenduaren 31ko 814/2010 Foru Agindua aplikatu behar da, Lehendakaritzako, Funtzio Publikoko, Barneko eta Justiziako kontseilariarena, aldi baterako kontratazioetarako arauak onartzen dituena. Foru-agindu horrek xedatzen du aldi baterako langileen hautaketa berdintasun-, merezimendu-, gaitasun- eta publikotasun-printzipioak bermatuko dituen deialdi bidez egingo dela.

      Kexan adierazitako deialdien kasuan, suteen prebentzio- eta salbamendu-zerbitzuetan sartuko diren pertsonak direnez, proba teoriko bat eta zenbait proba fisiko egiteaz gain, deitutako lanpostu berean edo antzekoetan eskainitako zerbitzuak merezimendu moduan baloratzea jaso da. Horrez gain, gaitasun-ikastaro bat sartu da, baztergarria izango dena.

      Aipatutako araudiaren arabera, deialdiak bat datoz zuzenbidearekin; izan ere, ez azaroaren 15eko 130/2017 Foru Dekretua, euskararen erabilera arautzen duena Nafarroako administrazio publikoetan, beren erakunde publikoetan eta menpeko dituzten zuzenbide publikoko entitateetan, ez haren aurreko ekainaren 15eko 55/2009 Foru Dekretua, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioko eta haren erakunde autonomoetako plantilla organikoan euskaraz jakitearen trataera arautzen duena, ez dira aplikagarriak aldi baterako kontratazioetarako deialdietan. Arau horiek sarrera oposizio-lehiaketa bidez egindako deialdietan eta lanpostuak betetzeko deialdietan dira aplikagarriak.

    3. Aurreko guztia kalterik egin gabe, aldi baterako lanpostuak betetzeko deialdietan, euskararen hizkuntza-eskakizunen bat duten plazen kontratazioa eskaintzen den kasuetan, hala finkatu duela plantillako organikoak, postu horiek baldintza betetzen dutenei egokitzeari.
  3. Agerian geratu den moduan, kexa aurkeztu da aipatutako bi deialdietan euskaraz jakitea ez delako merezimendu moduan baloratzen. Deialdi horien xedea Suhiltzaile Gidari Laguntzaile eta Suhiltzaile Peoi Laguntzaile postuetarako aldi baterako kontratazioetarako izangaien zerrenda osatzea da.

    Lehendakaritzako, Funtzio Publikoko, Barneko eta Justiziako Departamentuak uste du, azaldu diren arrazoiak direla eta, aipatutako deialdietan euskara ez baloratzea zuzenbidearekin bat datorrela.

  4. Euskarari buruzko abenduaren 15eko 18/1986 Foru Legeak, 1.2 artikuluan, funtsezko helburu hauek ezartzen ditu:
    1. "Herritarrek euskara jakin eta erabiltzeko duten eskubidea babestea eta hori betetzeko tresnak zehaztea.
    2. Euskararen berreskurapena eta garapena babestea Nafarroan, euskararen erabilera sustatzeko neurriak adieraziz.
    3. Euskararen erabilera eta irakaskuntza bermatzea, borondatezkotasun-, mailakatze- eta errespetu-irizpideei jarraiki, Nafarroako errealitate soziolinguistikoaren arabera”.

      15.2 artikuluak, eremu euskaldunari buruzkoak, honako hau ezartzen du: Administrazio bakoitzak, berari dagozkion eskumenen esparruan, zehaztuko du zein lanpostutarako izanen den nahitaezkoa euskaraz jakitea, eta gainerakoentzat,merezimendu kualifikatutzat hartuko da besteren artean.

      Eta 17. artikuluak, eremu mistoari dagokionez, hau esaten du: herritar guztiek euskara nahiz gaztelania erabiltzeko eskubidea dute Nafarroako Administrazio Publikoei zuzentzeko. Era berean, artikulu horren arabera,herritarren eskubide horren erabilera bermatzeko, honako hauek egin ditzakete administrazio horiek: a) urteroko lanpostuen eskaintza publikoan zehaztu zein lanpostutarako izango den nahitaezkoa euskaraz jakitea; b) gainerako lanpostuetara iristeko deialdietan euskaraz jakitea merezimendu moduan baloratu.

      Arau horien arabera, funtzio publikora sartzeko euskara jakiteko eskaera, edo, bestela, euskaraz jakitea merezimendu moduan baloratzea herritarrek hizkuntza hori erabiltzeko duten eskubidearen zerbitzurako tresna moduan ulertzen da; zehazki, legeak zehazten duen moduan, Nafarroako administrazio publikoekin izan beharreko harremanetarako.

  5. Azaroaren 15eko 130/2017 Foru Dekretuak, Nafarroako administrazio publikoetan, beren erakunde publikoetan eta menpeko dituzten zuzenbide publikoko entitateetan euskararen erabilera arautzen duenak, eremu euskaldunean euskara merezimendu moduan baloratzeari buruzko 27. artikuluan, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaz ari dela, honako hau ezartzen du:
    1. “Eremu euskaldunean dauden Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren unitate organikoetako lanpostuetarako, betiere ele bikotzat jo ez badira, euskara merezimendu moduan baloratuko da. Sarbidea oposizio-lehiaketa bidez egiten denean, balorazio hori % 11koa izanen da, merezimendu-baremoaren gainerako zatiari esleitutako puntuazioari dagokionez, eta lanpostu horiek betetzeko merezimendu-lehiaketetan, % 10ekoa, merezimendu-baremoaren gainerako zatiari esleitutako puntuazioari dagokionez.
    2. Eremu euskaldunean dauden Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioko unitate organikoetako zenbait lanpostuk herritarrekin duten arreta- edo tratu-maila kontuan hartuta, horietarako sarbidea oposizio-lehiaketa bidez egiten bada, haren baloraziorako esleitutako ehunekoa % 23koa izanen da, merezimendu-baremoaren gainerako zatiari esleitutako puntuazioari dagokionez, eta, merezimendu-lehiaketa bidez betetzen diren lanpostuetan, berriz, % 20koa izanen da, merezimendu-baremoaren gainerako zatiari esleitutako puntuazioari dagokionez. Lanpostu horien zerrenda onetsiko da hizkuntza-politikaren arloan eskumena duen departamentuko titularrak emandako foru-agindu bidez”.

      Foru Dekretu horren beraren hurrengo agindu korrelatiboak, 31. artikuluak, honela dio eremu mistoaz ari dela:

      1. “Eremu mistoan dauden Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren unitate organikoetako lanpostuetarako, betiere ele bikotzat jo ez badira, euskara merezimendu moduan baloratuko da. Sarbidea oposizio-lehiaketa bidez egiten denean, balorazio hori % 7koa izanen da, merezimendu-baremoaren gainerako zatiari esleitutako puntuazioari dagokionez, eta lanpostu horiek betetzeko merezimendu-lehiaketetan, % 6koa, merezimendu-baremoaren gainerako zatiari esleitutako puntuazioari dagokionez.
      2. Eremu mistoan dauden Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioko unitate organikoetako zenbait lanpostuk herritarrekin duten arreta- edo tratu-maila kontuan hartuta, horietarako sarbidea oposizio-lehiaketa bidez egiten bada eta Euskarabidea-Euskararen Nafar Institutuaren aldez aurretiko justifikazio-txostena izanik, haren baloraziorako esleitutako ehunekoa % 14 bitartekoa izan daiteke, merezimendu-baremoaren gainerako zatiari esleitutako puntuazioari dagokionez, eta, merezimendu-lehiaketa bidez betetzen diren lanpostuetan, berriz, % 12 bitartekoa, merezimendu-baremoaren gainerako zatiari esleitutako puntuazioari dagokionez”.
        Erakunde honek interpretatzen duenez, Nafarroako Gobernuaren nahia, goragoko administrazio-arau honen bidez, hauxe da: lanpostu batera sartzeko edo lanpostu bat betetzeko sarbidea oposizio-lehiaketa bidezkoa denean, eta, beraz, hautagaien merezimenduak baloratzen direnean, euskaraz jakitea ere aintzat hartzea, besteren artean.

        Nahi hori guztiz bat dator Euskarari Buruzko Foru Legeak jasotzen dituen helburuekin, eta, azken batean, administrazioko langileriari buruz emandako neurri horiekin bermatu nahi den eskubidearekin.

  6. Aurrekoak esanda, erakunde honen iritziz, bai euskararen erregulatzaile nagusia den Foru Araua, 2017an aldatua, eskualde euskalduna zabaltzeko eta, batez ere eskualde mistoa zabaltzeko, bai Nafarroako Administrazio Publikoetan euskararen erabilera arautzen duen eta aurreko araudia ordezkatzen duen orain gutxiko 103/2017 Foru Dekretua, azaroaren 15ekoa, aurkako guztiak indargabetzeaz gain, beste marko bat ezartzera datoz, euskararen alde gehiago egingo duen marko bat. Horren arabera, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioak zenbait lanpostutarako sarrera oposizio-lehiaketa bidez egitea erabakitzen duenean, euskara merezimendu moduan baloratu behar luke –gutxienez, desiragarria hori da-, Nafarroako zati batean hizkuntza ofiziala delako eta Nafarroako hizkuntza propioa delako, beraz, mantendu, babestu, berreskuratu, garatu eta sustatu beharrekoa.

    Hori dela eta, Lehendakaritzako, Funtzio Publikoko, Barneko eta Justiziako Departamentuak euskara mailaren balorazioa saihesteko erabiltzen duen argudioa, 2013ko Foru Agindu batetan oinarrituz, (Foru Agindu hori beste Lege Foralaren pean eta beste Dekretu Foralaren pean onartu zen), ez dator guztiz bat Nafarroako Parlamentuaren eta Nafarroako Gobernuaren helburu nagusiekin. Nafarroako Administrazioaren barne zerbitzua emateko asmoa duten eta funtzio publikoa gauzatuko duten horiek, nahiz eta emango duten zerbitzua aldi baterako bada ere (zenbait kasutan plaza bakanteetan), bai eremu euskaldunean, bai eremu mistoan, kontratatu guztiak eremu ez-euskaldunerako ez badira behintzat.

    Azken batean, erakunde honen iritziz, Legetik eta 2017ko Foru Dekretutik aparte dago lanpostua behin betikoa edo aldi batekoa den kontuan hartuta (Administrazio Publikoaren erabakiz, bere antolaketa-ahalmena dela eta) baloratzea edo ez baloratzea euskaraz jakitea. Garrantzitsuena izan behar luke, alde batetik, bete beharreko funtzioaren ezaugarriek eta zerbitzua jasoko dutenekin eta babestu nahi den eskubidearen titularrekin izango den harremanak; eta, bestetik, Nafarroako Parlamentuak eta Nafarroako Gobernuak goragoko arau orokorren bidez adierazitako borondateak, beheragoko arau sektorialen eta lehenagokoen gainetik baitaude. Era berean, araudi horretatik aparte dago aldi baterako langileria kontratatzeak, langileen behin-behinekotasun horregatik, lanpostuetara sartzeko edo funtzio publikoko zereginak betetzeko euskara meritu moduan ez hartzea ekartzea, horrekin herritarrei kalte eginez.

    Beraz, erakundeak uste du komeni dela Lehendakaritzako, Funtzio Publikoko, Barneko eta Justiziako Departamentuari iradokitzea, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioko aldi baterako kontratazioetarako deialdietan, hautaketa-prozesua oposizio-lehiaketa bidez egiten denean, eta funtzioak eremu mistoan edo euskaldunean gauzatu daitezkeenean, euskara merezimendu moduan baloratzea.

  7. Horrez gain, esan behar da Nafarroako administrazio publikoen zerbitzurako aldi baterako langileen kontratazioa ekainaren 5eko 113/ 1985 Foru Dekretuak arautzen duela, haren bidez onartzen da Nafarroako Administrazio Publikoetara Sartzeko Erregelamendua (IV. titulua, Nafarroako Administrazio Publikoen Zerbitzuko Langileriaren Estatutuaren Testu Bateginean jasoa).

    Funtzionarioen hautaketarako eta aldi baterako kontratatutako langileen hautaketa batera erregulatzeak erakusten du funtzio publikoan sartzeko moduak daudela, eta, funtsean, zerbitzuaren iraupena dela bereizgarria.

    Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioan sartzeko euskaraz jakitearen balorazioari buruzko araudian jasotakoaren arabera, erakunde honek interpretatzen duenez, sartzea kontzeptuari buruzko erreferentzia zentzu zabalean ulertu behar da (funtzionarioak sartzea eta kontratatutako langileak aldi baterako sartzea), lehen azaldu bezala, hala ezartzen duelako arauaren helburuak.

    Azkenik, kontuan hartu behar da kexan aipatzen diren deialdietatik, behin zerrendak osatutakoan, kontratu- eskaintzak atera daitezkeela, Nafarroa osoan betetzeko funtzioak, eremu mistoan eta euskaldunean ere bai (azken horretan koofiziala da); horrek arrazoitzen du, deialdietan aurretik zehaztu gabe daudenez plazak, hau da, balizko beharrei erantzutera daudenez zuzenduak, gutxienez eremu mistorako xedatutako balorazio-erregimena aplikatzea, Servicio de Bomberos de Navarra-Nafarroako Suhiltzaileak zerbitzuaren zerbitzu zentralei baitagozkie.

  8. Horrenbestez, eta uztailaren 3ko 4/2000 Foru Legearen 34.1 artikuluak aitortzen dizkion eskumenekin bat etorriz, Nafarroako Arartekoak beharrezkotzat jo du:

    Lehendakaritzako, Funtzio Publikoko, Barneko eta Justiziako Departamentuari iradokitzea, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioko aldi baterako kontratazioetarako deialdietan, hautaketa-prozesua oposizio-lehiaketa bidez egiten denean, eta funtzioak eremu mistoan edo euskaldunean gauzatu daitezkeenean, euskara merezimendu moduan baloratzea.

Nafarroako Foru Komunitateko Arartekoaren erakundea arautzen duen uztailaren 3ko 4/2000 Foru Legearen 34.2. artikuluari jarraikiz, eta aginduzkoa betez, Lehendakaritzako, Funtzio Publikoko, Barneko eta Justiziako Departamentuak bi hileko epean jakinarazi beharko du ebazpen hau onartzen duen eta, dagokionean, hura betetzeko zer neurri hartu dituen.

Lege-agindu horretan xedatzen denez, ukitutako administrazio publikoak arartekoaren erabakia onartzen ez badu, erakunde honek erabaki dezake gai hori 2017. urteari dagokion urteko txostenean sartzea eta Nafarroako Parlamentuan azaltzea, jarrera hori izan duen administrazio publikoa berariaz aipatuz, baldin eta arartekoaren iritziz erabakia onartzea posible bazen.

Adeitasunez, zure erantzunaren zain,

El Defensor del Pueblo de Navarra

Nafarroako Arartekoa

Francisco Javier Enériz Olaechea

Partekatu edukia