Bilaketa aurreratua

Ebazpenak

Nafarroako Arartekoaren Ebazpena (Q18/884), zeinaren bidez iradokitzen baitzaie, Erroibarreko Udalari eta Bidausi Hondakin Solidoen Mankomunitateari, arretaz zaindu dezaten zaborrik ez pilatzea kexan aipatzen den birziklatze-etxolaren inguruan eta inguru hori mantentzea behar den segurtasun, osasun eta txukuntasun baldintzetan.

2019 martxoa 11

Energia eta ingurumena

Gaia: Las molestias que ocasiona a los vecinos y el peligro que entraña para los menores, la ubicación actual de una caseta de reciclaje en la localidad de Erro.

Ingurumena

Erroibarreko Alkatea

Alkate jaun hori:

____________________________________________

Bidausi Hondakin Solidoen Mankomunitateko burua

Alkate jaun hori:

  1. 2018ko azaroaren 30ean erakunde honek […] jaunaren idazki bat jaso zuen. Haren bidez kexa aurkezten zuen Erroibarreko Udalaren aurrean eta Bidausi Hondakin Solidoen Mankomunitatearen aurrean, Erro herrian dagoen birziklatze-etxola beste leku batean kokatzeko egin zuen eskaera ez zutelako aintzat hartu, oraingo kokapenak auzokideentzako eragozpenak eta adingabeentzako arriskuak ekartzen baditu ere.

    Idazki horretan, hauxe adierazi zuen:

    1. Urte honen hasieran, Bidausi Mankomunitatearen jakinarazpen bat jaso zuten, eta haren bidez jakin zuten Erro herrian birziklatze-etxola batzuk jarriko zirela. Jakinarazpen horretan zehazten zen etxola horien kokapena herrian dagoen hostalaren aparkalekua izanen zela.

      Baina, ekainean Erroko Zelaia auzunean duten etxera joan zirenean, etxola han kokatuta zegoela aurkitu zuten. Nonbait, aldi batez, hostalaren aparkalekuan kokatuta egon zen, eta ondoren kokapen hori aldatu zen.

    2. Etxola horiek olioak, pinturak, pozoiak, silikona, eta abar biltzeko erabiltzen dira. Anitzetan herritarrek gai horiek kanpoan uzten dituzte, etxolan sartzen ez direlako, edo etxola horiek beteta daudelako. Horrek arriskua dakar, auzune horretan gutxienez hamaika adingabe bizi direlako. Arriskuaz gain, zaratak eragozpenak ekartzen dizkie.
    3. Hasierako kokapenak, Erroko Hostalean, eragozpen gutxiago sortuko lituzke, eta adingabeek zailago izanen lukete horietara iristea.

      Horregatik jo zuten Bidausi Mankomunitatera, beren kezka adieraziz eta kokapena aldatzeko arrazoiak jakin nahian. Mankomunitateak erantzuna igorri zien esanez edukiontzien kokapena Udalari zegokiola eta, kasu honetan, Erroko Udala bera izan zela kokapenaren aldaketa eskatu zuena.

    4. 2018ko abuztuaren 2an alkateak azaldu zien kokapena aldatu zela etxola horiek Erroko Hostalaren aparkalekuan ezarri ahal izateko horma baten lanak ordaindu behar zituelako Udalak, toki entitateak horretarako diru baliabiderik ez zuelarik.
    5. Erantzunarekin ados ez izanik, bi eskabide aurkeztu zituzten, 2018ko abuztuaren 4an eta urriaren 8an, baina orain arte ez dute erantzunik jaso.

      Haietan berresten zuen bere kezka, adingabeentzat ekartzen ahal dituen arriskuengatik, han ikusi dituztelako lanparak, leihoetako beirak, telebista bat, oliontzi bat, pestizida-ontzi hutsak, barnean gaiaren hondarrak zituztenak, denbora luzez han utzita, edonoren eskura.

      Horregatik guztiagatik, etxolaren oraingo kokapena aldatzeko eskatzen zuen, ekartzen duen arriskuagatik, eta handik eramateko, edo Erroko Hostalaren aparkalekura, edo auzokideei eragozpenik sortzen ez dien beste leku batera. Horren kokapena leku ireki bat izan liteke, herritik kanpo.

  2. Kexa jaso ondoren, erakunde honek Erroko Udalera eta Bidausi Hondakin Solidoen Mankomunitatera jo zuen, gai horri buruzko informazio eske.
  3. 2018ko abenduaren 28an erakunde honek Bidausi Hondakin Solidoen Mankomunitatearen txostena jaso zuen, bertan azaltzen zirela honako hauek:
    “2017ko urriaren 11n ofizio bat igorri nion Erroibarreko Udaleko alkateari, etxola horien kokapenari buruz.

    Ageri denez, etxola kokatzeko lekuari buruzko azken erabakia ez dagokio Mankomunitateari.

    2018ko irailaren 7an (…) jaunaren eskabidea jaso genuen, “birziklatze-etxola gure etxearen ondotik lehenbailehen kentzeko” eskatzen zuena.

    2018ko irailaren 18an erantzuna eman zitzaion (…) jaunari, eta jakinarazi zitzaion Mankomunitate honen zerbitzuei jarraibideak eman zitzaizkiela Erroko Hostalaren aparkalekuan ezarritako edukiontziak eta birziklatze-etxola garbitasun baldintza egokietan zaintzeko.

    Erantzun horretan, azaldu zitzaion, orobat, hornigai horiek leku horretatik kentzeari dagokionez, Mankomunitatearen eskumena dela hondakin mota desberdinak biltzea eta garraiatzea, baina edukiontzi mota desberdinen kokalekuaren eta ezarpenaren gaineko erabakia Udalari dagokiola edo, kasua hori bada, Kontzejuari.

    Beraz, ez da Mankomunitatearen eskumena aipatutako birziklatze-etxola kokatzeko lekua erabakitzea”.

  4. 2019ko otsailaren 22an erakunde honek Erroibarreko Udalaren txostena jaso zuen, honako hauek azaltzen zituena:

    “Lehena: Erroibarreko Udalak, gai honi dagokionez, Erroibarreko udalerri guztian birziklatze-etxolak ezartzeari buruz Bidausi Hondakin Solidoen Mankomunitateak igorritako komunikazioa jaso ondoren, eta hain zuzen ere, Erro herrian ezarri beharreko etxolari dagokionez, etxola hori kokatzeko leku egokia aldatzeko eskatu zuen, udalaren zerbitzuek hainbat leku aztertu ondoren, Kontzejuarekin batzarra egin ondoren, eta guztiekin adostasunera iritsi ondoren, adostasun hori lortu zelarik, ororen gainetik, herritar guztien interesa aintzat harturik, eta ez bakar baten interes partikularra.

    Bigarrena: Udal honek gogotik lan egiten du, Mankomunitatea osatzen duten beste udal guztiek bezala, zerbitzu ona emateko hiri-hondakinen gaian, eta zehatzago birziklatzearen gaian. Etxola horien ezarpenak zerbitzu horren aitzin bidea eta hobekuntza ekarri du. Zalantzarik gabe, herritar guztien onura ekarri duelarik, nolabaiteko eragozpen txikia ekar dezake baten batentzat, baina inolaz ere ez (…) jaunak aipatzen duen arriskurik eta eragozpenik. Izan ere, kexa bakarra harena izan baita, inguru horretan, argi dioenez, berak eta bere familiak etxebizitza eta noizbehinkako bizilekua duten bezala, beste hainbeste lagun eta familia bizi direlarik egunero-egunero.

    Hirugarrena: Hasieran proposatutako kokapena aldapan dago, argindarraren zutoin bat dago han, lana zailtzen diona Mankomunitatearen etxolako bilketa eta garbiketa egiten duen kamioi-garabiari, eta lur-sailaren jabetzari dagokionez, zati txiki bat herri-lurra da, eta beste zatia partikular batena, eta hari eskatu beharko litzaioke baimena (erantsita doaz 1 eta 2 argazkiak); Erro herriko Kontzejuak eskatu eta adostasunez onartutako kokapenean, berriz, gainerako edukiontziekin batera dago etxola, karrikaren maila berean, eremua Kontzejuaren jabetzakoa da, eta baldintza guztiak betetzen ditu zerbitzu ona emateko interes orokorrari, eta ez partikular baten interesari, erantzunez (erantsita doaz 3, 4, 5 eta 6 argazkiak).

    Etxolaren kokapena berriro aldatzeak ez du arazoa omen dena konpontzen, izatez ere, beste herritar batzuengana eramanen luke, neurri handiagoan edo txikiagoan kaltetuta sentituko litzatekeen norbait izanen delako beti, non ez den etxola kokatzen herrigunetik kanpo, inor bizi ez den lekuan, eta hori ezinezkoa da.

    Baina, nolanahi ere, hirugarren puntuan adierazten den bezala, berretsi egiten dugu etxolaren oraingo kokapena dela guztientzako eragozpenik txikiena eragiten duena”.

  5. Argi geratu denez, kexa aurkezteko arrazoia Erro herrian birziklatze-etxola batentzat aukeratu den kokapena da.

    Kexa aurkeztu duenak azaldu du etxola Zelaia auzunean duen etxebizitzatik hurbil dagoen leku batean ezarri dela, eta auzokideei eragozpenik eraginen ez dien beste leku batera aldatzeko eskatu du. Gainera, interesdunak azaldu du kezka duela etxolaren oraingo kokapenak adingabeentzat ekartzen ahal duen arriskuagatik, han ikusi dituztelako lanparak, leihoetako beirak, telebista bat, oliontzi bat, hondarrak dituzten pestizida-ontzi hutsak, denbora luzez utzita eta edonoren eskura.

    Bidausi Hondakin Solidoen Mankomunitateak bere txostenean azaldu du birziklatze-etxola orain duen kokapenean ezartzeko erabakia Erroibarreko Udalak hartu zuela, eta interesdunaren eskaera dela-eta egin dituen eginbideak argitu ditu.

    Erroibarreko Udalak, berriz, arestian transkribatutako txostena igorri du, eta hartan ondorioztatzen du birziklatze-etxolaren oraingo kokapena egokiena dela herritar guztien interesari erantzuteko, eta ez da ageri kokapen hori aldatzearen aldeko.

  6. Birziklatze-etxola bat eremu publikoan kokatzeko lekua hautazko erabakia da, legez ezarrita ez dagoena, eta beraz, konponbideak hainbat izan daitezke, baina betiere era egokian arrazoitu beharrak dira. Erabaki hori hartzearekin batera, gainera, kokapenak inguruko herritarrei eragiten ahal dizkien eragozpenak (zikinkeria, kiratsa, zarata, arrisku fisikoak, etab.) ahalik eta gehien murrizteko neurriak hartu behar dira.

    Herritarren eskubidea da beren etxe inguruko eremu publikoa, hondakinen edukiontziak han kokatu behar badira, segurtasun, osasun eta txukuntasun baldintza egokietan izatea, eta ez jasatea behar ez den edo gehiegizkoa den eragozpenik (zikinkeria, batez ere), edukiontzien kokapenaren ondorioz.

    Kexa aurkeztu duen pertsonak azaldu duena aintzat harturik, hark esan baitu materiale arriskugarriak ikusi dituela denbora luzez birziklatze-etxolaren ondoan utzirik, gomendagarria da eskumena duen administrazioak salatutako egoera arretaz aztertzea, eta etengabe zaintzea halakorik ez gertatzea, eta inguru hori segurtasun, osasun eta txukuntasun baldintza egokietan mantentzea.

    Horiek horrela, erakunde honek egoki jotzen du Erroibarreko Udalari eta Bidausi Hondakin Solidoen mankomunitateari iradokitzea arretaz zaindu dezaten kexa eragin duen birziklatze-etxolaren inguruan zikinkeriarik ez pilatzea.

  7. Horrenbestez, eta uztailaren 3ko 4/2000 Foru Legearen 34.1 artikuluak aitortzen dizkion eskumenekin bat etorriz, Nafarroako Arartekoak beharrezkotzat jo du:

    Erroibarreko Udalari eta Bidausi Hondakin Solidoen Mankomunitateari iradokitzea arretaz zaindu dezaten birziklatze-etxola horren inguruan zikinkeriarik ez pilatzea, eta inguru hori mantentzea segurtasun, osasun eta txukuntasun baldintza egokietan.

Kontuan hartuz 4/2000 Foru Legea, uztailaren 3koa, Nafarroako Foru Komunitateko Arartekoari buruzkoa, eta Lege horren 34.2 artikuluarekin bat etorriz, bidezkoa da Erroibarreko Udalak eta Bidausi Hondakin Solidoen Mankomunitateak jakinaraztea, aginduzkoa denez, gehienez ere bi hilabeteko epean, erabaki hau onartu duten eta, hala bada, erabakia betetzeko zer neurri hartu dituzten.

Lege horretan xedatutakoari jarraikiz, ebazpena ez bada onesten, Nafarroako Parlamentuari aurkeztuko zaion 2020ko txostenean sartzen ahalko da kasua, eta berariaz aipatuko da dagokion administrazioak ez duela aldeko jarrera hartu, horretarako aukera zuelarik ere.

Adeitasunez, zure erantzunaren zain,

El Defensor del Pueblo de Navarra

Nafarroako Arartekoa

Francisco Javier Enériz Olaechea

Partekatu edukia