Bilaketa aurreratua

Ebazpenak

Nafarroako Arartekoaren Ebazpena (Q18/651) Eratsungo Udalari gomendatzen diona egin dezala (…) kokaturik dagoen mendi-hegalaren azterketa hidrogeologiko-geotekniko bat, aipatutako txosten teknikoetan jasotako ondorioetarako. Era berean, Eratsungo Udalari iradokitzea balora dezan aipatu den txosten teknikoan jasotako eta gomendatutako prebentzio-neurri zuzentzaileak hartzea.

2019 martxoa 04

Gardentasuna eta informazio publikorako eskubidea

Gaia: La denegación por el Ayuntamiento de Eratsun de la solicitud del autor de la queja de la realización de un estudio hidrogeológico geotécnico que determine la procedencia de las aguas subterráneas que afecta a su vivienda y a varios inmuebles del municipio.

Gardentasuna

Alkate jauna:

  1. 2019ko abuztuaren 24an, instituzio honek idazki bat jaso zuen. […] jaunarena, bertan kexa bat aurkeztu zuen Eratsungo Udalak pairatu zuen uholdearen ondorioz egin zen ikerketa geologikoa eman ez diolako.

    Idazki hartan, hauxe zioen:

    1. Eratsungo […] kaleko […].ean dagoen Argiñea etxearen jabea da.
    2. 2018ko maiatzaren 1ean 112ra deitu zuen, ur asko ari zitzaiolako sartzen etxera Kale Nagusira ematen duen aldetik.Etxearen lau hormetatik xurgatzen zen ura, bigarren solairuraino; habeetatik drainatu, etxea hartu eta markak utzi zituen paretetan eta behe-solairuko zoruan.
    3. Eratsungo Udalari jakinarazi zion gertatutakoa.2018ko ekainaren 4an udal-teknikari bat joan zen lekura eta azterketa geologiko bat egiteko eskatu zuen.
    4. Ekainaren 20an azterketa geologiko horren kopia eskatu zuen, ura sartzea etxebizitzaren azpiegituran eragiten ari den arazo larriak konpontze aldera.Alabaina, gaur-gaurkoz ez du jaso.

      Horregatik guztiagatik Erantsungo Udalak, Udal Teknikoaren 2018ko ekainaren 4ko inspekzioaren ondoren egindako ikerketa geologikoa, ahalik eta lasterren ematea eskatzen zuen

  2. Ondoren, erakunde honek Eratsungo Udaletxera jo zuen, gai horri buruzko informazio eske.

    2018ko irailaren 10an Udalaren txostena jaso zen, txosten horretan aipatzen zen Udalak eskatu ziola Udal Teknikoari ahalik eta lasterren ikerketa geologikoa egin zezan.

    Horren ondorioz, instituzio honek aipaturiko espedientean azaldutakoaren arabera gai horretan gure esku-hartzea amaitutzat eman zuen.

  3. 2018ko urriaren 26an kexaren igorlea, berriro ere, instituzio honengana hurbildu zen, oraindik ikerketa geologikoa eman ez ziotela azalduz.

    2018ko abenduaren 7an zegokion txostena bidali zigun Eratsungo Udalak, bertan, txostena interesdunari eman zitzaiola azaltzen zuen. Ondorioz, instituzio honek gure esku-hartzea amaitutzat eman zuen.

  4. 2018ko abenduaren 19an, kexa aurkeztu zuen pertsonak erakunde honetara jo zuen eta hauxe azaldu zuen labur: hark jasotako dokumentazioa ez zetorren bat Eratsungo Udalari eskatutakoarekin; izan ere, hark jasotakoa Ohar teknikoa - aurretiazko diagnostiko hidrogeologiko geoteknikoaren txostena da, aurretiazko izapide horren ondotik txosten geologikoa eskatu bazuen ere.
  5. Jarraian, erakunde honek Eratsungo Udalera jo zuen berriro, gai horri buruzko informazio eske.

    2019ko urtarrilaren 18an, eskatutako txostena jaso genuen, eta horren kopia bat igorri zitzaion interesdunari. Txostenak zioenaren arabera, udalaren esku dagoen dokumentazio tekniko bakarra kexa aurkeztu duenari igorritako txostena da.

  6. 2019ko otsailaren 1ean, interesdunak beste idazki bat aurkeztu zuen erakunde honetan. Idazkian, interesdunak bere etxebizitzak pairatzen dituen kalteen berri emanda, Eratsungo Udalari eskatu dio azterketa hidrogeologiko-geotekniko bat egin dezala, […] etxebizitza eraisten eta herriko beste hainbat etxebizitza, lurpea eta lurra kaltetzen ari diren lurpeko urak nondik datozen argitze aldera.
  7. 2019ko otsailaren 18an, eskatutako txostena bidali zuen Eratsungo Udalak. Azterketa hidrogeologiko-geoteknikoa egiteko eskaera dela-eta, kexa jarri zuenak egina, Eratsungo Udalak honako hau dio:

    (...) jaunak egin duen eskaera aztertuta, esan behar dugu udal honek otsailaren 15eko osoko bilkuran aho batez erabaki duela, 'ez kontratatzea […] etxebizitza eraisten ari diren lurpeko urak nondik datozen argituko duen azterketa hidrogeologiko -geoteknikorik.

    Zentzu horretan, kontuan hartu da Udalak dagoeneko ahalegin ekonomiko handia egin duela gaur egun dauden txostenak ordaintzeko (horren kopia interesdunari eta erakunde horri eman zitzaien).
    Bestalde, (...) jaunak, egin dituen adierazpenetatik eta iritzietatik haratago, ez du frogarik edo zantzurik erakutsi haren eraikinean ura sartzearen ardura garbia Udalarena dela ondorioztatzeko.

    Horregatik, baliabide publikoen kudeaketan eraginkortasun- eta efizientzia-printzipioaren aurkakoa dela iritzi da ahalegin ekonomiko handiagoa egitea (…) jaunaren eraikinean sartzen den ura nondik datorren zehazteko, batez ere, dauden datuen arabera, frogarik ez dagoenean eraikuntzari eragindako kalte posible horiek Administrazio honen erantzukizuna direla esateko.

    Zentzu horretan, gogora ekarri behar dugu Espainiako Konstituzioko 103.1 artikuluak xedatutakoa: han da, Administrazio Publikoak objektibotasunez erabiltzen ditu interes orokorrak, eta eraginkortasunaren, hierarkiaren, deszentralizazioaren, deskontzentrazioaren eta koordinazioaren printzipioen arabera jarduten du, legeari eta Zuzenbideari bete-betean men eginez.

    Halaber, Nafarroako Toki Ogasunei buruzko martxoaren 10eko 2/1995 Foru Legeko 3. artikuluak honako hau jasotzen du: Foru Lege honek xedatutakoa betez, Nafarroako toki-erakundeek legalitate-, eraginkortasun- eta arrazionaltasun-printzipioen arabera jokatu beharko dute lege honek ezartzen dituen baliabideen kudeaketari dagokionez, beren eskumenekoak diren xedeak betetzeko, Nafarroako Ogasun Publikoarekin koordinatuta eta erantzukidetasun osoa.

    Horregatik, eskura ditugun baliabide mugatuak izanik, Udal honek ezin ditu herriko edozein auzokidek eskatzen dizkion jarduera guztiak gauzatu; aitzitik, bere eskumenekoak diren, bere ardurapean dauden, eta, gainera, aipatutako baliabide publikoen kudeaketa arrazionalarekin eta efizientearekin bat datozen jarduera guztiak egingo ditu.

    Horrela, eta aipatu den moduan, erabaki da ez dela kostu ekonomikoa eragingo duen beste inolako jarduerarik gauzatuko, harik eta (...) jaunaren adierazpenetatik haratago, eta arrazoituz, toki-erakunde honek aipatutako kalteetan erantzukizunik duela ondorioztatuko den frogarik edota zantzurik ez badago.

  8. Agerian geratu den bezala, kexak lotura du interesdunak azterketa hidrogeologiko-geotekniko bat egiteko eskaerarekin, azterketa horren bitartez […] etxebizitza (interesduna jabea izanik) eraisten ari diren uren jatorria argitze aldera. Ur horiek, interesdunak adierazitakoaren arabera, herriko beste hainbat etxeri, lurpeari eta lurrari ere eragiten diete.

    Aipatu den moduan, eta interesdunaren etxebizitza kokatzen den eremuaren analisi geologikoari dagokionez, Eratsungo Udalak esan du ez duela dokumentazio gehiagorik, kexa jarri duenari helarazitakoa baizik. Azterketa hidrogeologiko-geoteknikoa egiteko eskaerari dagokionez, Eratsungo Udalak uko egin dio aipatu azterketa enkargatzeari, ez baitago zantzu arrazoizkorik esateko, kexa jarri duenaren adierazpenetatik haratago, udalak duela interesdunaren etxebizitzan sortutako kalteen erantzukizuna; kalteak urak etxebizitza hartu izanaren ondorioz sortu dira.

  9. Kexa jarri duenari Eratsungo Udalak emandako dokumentazioa aztertuta, urek etxebizitza hartu eta geroztik landutako dokumentazioa aztertuta (aurretiazko diagnostiko hidrogeologiko geoteknikoaren txostena -(...) geologo jaunak landua-, eta lurpeko urek […] etxeari sortutako kalteen txostena -(...) arkitekto tekniko jaunak egina-), erakunde honek hauxe ikusten du:
    • Bi txostenetan nabarmentzen da Eratsun udalerria kokatzen den mendi-hegala oso karstifikaturik dagoen kareharrizko arrokaz osatuta dagoela, eta horren ondorioz jariatze-urak lurpera sartzen dira oso azkar.
    • Bi txostenak bat datoz honetan: filtrazio-arazoek udalerriko etxe gehiagori eragiten die, nahiz eta kexa aurkeztu duenaren etxebizitzaren kasuan, filtrazio horiek urek etxea hartzea ekarri zuten.
    • Bi txostenek kexa jarri duenaren jarrera jasotzen dute, eta haien iritziz, arazoak larriago bihurtu ziren duela hainbat urte Launtzeko bidea hormigoiz zolatu zenetik.
    • Horri dagokionez, eta azterketa hidrogeologikorik egin ez bada ere (lurpea aztertzeko zundaketak edo laginketak, geofisika, trazatzaile-probak, kareharrizko mendigune karstifikatuko hainbat guneren arteko lotura hidraulikoak egiaztatzeko, eta abar), geologoak landutako txostenak gomendatzen du, prebentzio-neurri zuzentzaile gisa, azaleko drainatze-lanak egitea (areka, esate baterako), Launtzeko bidetik eta Igoako bidetik datozen jariatze-urak bideratzeko, eta kareharrizko mendigune karstikoaren bidez pasatzen diren uraren bolumena gutxitzeko. Esku-hartze hori bi gune hauetarako proposatzen da:
      • Launtzeko bideko ertzean, karobiaren parean (hormigoizko bideak eta legarrezko pistak bat egiten duten gunea);
      • eta Launtzeko bidearen eta Igoako bidearen arteko bidegurutzean.
    • Bestalde, bi txostenek ondorioztatzen dute, bakoitza bere modura, eremuan azterketa hidrogeologiko berriak egin behar direla.

      Horrela, geologoak ondorioztatu du:Eratsungo herrigunea kaltetzen duten azal azpiko eta lurpeko uren zirkulazioak aurkitzeko eta kartografiatzeko, eta ura berreskuratzeko/biltzeko, eta azal azpiko eta lurpeko urak drainatzeko neurriak gomendatzeko, kareharrizko mendigune karstifikatuaren azterketa hidrogeologikoa egin beharko da, honako hauek eginda: zundaketa/laginketak, trazatzaile-probak, prospekzio geofisikoak (tomografia elektriko bidez, esate baterako), eta epe ertain/luzerako jarraipen hidrologiko/hidrogeologiko bat eginda.

      Arkitekto teknikoak egindako txostenak, aldiz, honako hau adierazten du: Ondorio gisa, […] etxearen goialdean dagoen mendi-hegalaren azterketa hidrogeologiko-geoteknikoa egitea gomendatzen da, eraikina kaltetzen duten lurpeko urak nondik datozen jakiteko, eta jatorrian esku hartzeko; azterketa hori egin gabe erabakiak hartzea ausarkeria izan daiteke.

      Horregatik guztiagatik, eta kontuan izanik filtrazio-arazo hori herriko beste hainbat etxetan ere gertatzen ari dela (maila baxuagoan bada ere), erakunde honen iritziz nahitaezkoa da Udalari gomendatzea […] etxea kokatzen den mendi-hegalaren azterketa hidrogeologiko-geoteknikoa egin dezan, gaur egunera arte landu diren txosten teknikoetan jasotako ondorioetarako.Halaber, geologoak egindako txostena aitzat hartuta, bidezkoa deritzogu Eratsungo Udalari iradokitzea gomendatutako prebentzio-neurri zuzentzaileak hartzea balora dezan.

  10. Horrenbestez, eta uztailaren 3ko 4/2000 Foru Legearen 34.1 artikuluak aitortzen dizkion eskumenekin bat etorriz, Nafarroako Arartekoak beharrezkotzat jo du:
    1. Gaur egun arte egindako txostenen edukia interesduna kaltetzen duen arazoak herriko beste hainbat etxeri ere eragiten diela ikusirik (neurri apalagoan bada ere), Eratsungo Udalari gomendatzea egin dezala […] kokaturik dagoen mendi-hegalaren azterketa hidrogeologiko-geotekniko bat, aipatutako txosten teknikoetan jasotako ondorioetarako.
    2. Eratsungo Udalari iradokitzea balora dezan aipatu den txosten teknikoan jasotako eta gomendatutako prebentzio-neurri zuzentzaileak hartzea.

Nafarroako Foru Komunitateko Arartekoaren erakundea arautzen duen uztailaren 3ko 4/2000 Foru Legearen 34.2. artikuluari jarraikiz, eta aginduzkoa betez, Eratsungo Udalak bi hileko epean jakinarazi beharko du ebazpen hau onartzen duen eta, dagokionean, hura betetzeko zer neurri hartu dituen.

Lege-agindu horretan xedatzen denez, aipatutako administrazio publikoak arartekoaren erabakia onartzen ez badu, erakunde honek erabaki dezake gai hori 2017. urteari dagokion urteko txostenean sartzea eta Nafarroako Parlamentuan azaltzea, jarrera hori izan duen administrazio publikoa berariaz aipatuz, baldin eta arartekoaren iritziz erabakia onartzea posible bazen.

Adeitasunez, zure erantzunaren zain,

El Defensor del Pueblo de Navarra

Nafarroako Arartekoa

Francisco Javier Enériz Olaechea

Partekatu edukia