Partekatu edukia
Euskara
Gaia: La escasa valoración, a juicio del autor de la queja, del conocimiento del euskera en una convocatoria para la provisión de un puesto de trabajo de dietista-nutricionista del Servicio Navarro de Salud-Osasunbidea.
Euskara
Osasun kontseilaria
Kontseilari jauna:
Kexa jaso ondoren, erakunde honek Osasun Departamentura jo zuen, gai horri buruzko informazio eske.
Jasotako txostenean, hauxe adierazten da:
“Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuko zuzendari kudeatzaileak ekainaren 18an emandako 571E/2017 Ebazpenaren bidez, Nafarroako Foru Komunitateko Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzua erakunde autonomoko dietista-nutrizionista izateko lanpostu bat oposizio-lehiaketaz betetzeko nahiz lanpostu horretan aldi baterako kontratazio bidez eta aldi baterako barne igoeraren bidez aritzeko hautagaien zerrendak hautaproben bitartez osatzeko deialdi bat onetsi zen. Deialdi hori Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu zen (125. zenbakia), 2018ko ekainaren 29an.
Deialdi horren oinarrietatik lehenean (Arau orokorrk
izenekoan) azaltzen da zer arauri jarraituko zaion alderdi guztietan.
Arau horietako bat 347/1993 Foru Dekretua da, azaroaren 22koa, Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuan sartzeko eta bertako lanpostuak betetzeko arauak ematen dituena, eta arau horren 5. artikuluak dio oposizio-lehiaketa sistemak elkarren ondoko bi aldi izango dituela. Lehiaketaldian, lehiatzaileek alegaturiko merezimenduen kalifikazioa egingo da, deialdian ezartzen den baremoari jarraikiz. Haren balorazioa ezingo da bi aldietan gehienez ere erdiets daitekeen puntuazioaren % 40 baino gehiago izan.
Horregatik, deialdiaren 6.4.2 oinarriak dio lehiaketaldiaren balorazioa ez dela baztergarria izango, eta gehienez ere 40 puntukoa izango dela.
Aipatutako deialdiaren II. eranskinean, jasotako merezimenduen baremoari dagokionean, Osasun kontseilariaren irailaren 19ko 100/2011 Foru Aginduak aplikatu beharreko merezimenduen baremoa arautzen du. Hain zuzen, arau horrek, III. eranskinean, osasun-arloko langile diplomadunentzako oposizio-lehiaketen deialdietako baremoa zehazten du, txanda irekirako eta igoera-txandarako, eta, alde batetik, zehazten du 1. atalean (Egindako zerbitzuak
izenekoan) 17 puntu emango direla gehienez, eta, beste aldetik, 2. atalean (Prestakuntza, irakaskuntza, ikerkuntza eta hizkuntzak
izenekoan) 22 puntu emango direla gehienez.
Bestalde, ekainaren 15eko 103/2017 Foru Dekretuak euskararen erabilera arautzen du Nafarroako administrazio publikoetan, beren erakunde publikoetan eta menpeko dituzten zuzenbide publikoko entitateetan.
Arau horren 27. artikuluak dio eremu euskalduneko herrietako lanpostuetan sartzeko, euskaraz jakitea merezimendu gisa hartzeak merezimendu-baremoaren gainerakoari esleitu zaion puntuazio osoarekiko %11ko balorazioa izango duela. Horren ondoren, 31. artikuluak dio merezimendu berak % 7ko balorazioa izango duela eremu mistoan merezimendu-baremoaren gainerakoari esleitu zaion puntuazio osoarekiko (bai eta Foru Komunitateko Administrazioko zerbitzu zentraletan ere).
Hori horrela, aipatutako 103/2017 Foru Dekretua betetzeko, euskaraz jakitea 4,29 punturekin balora daiteke eremu euskaldunean aritzeko diren lanpostuetan, eta 2,73 punturekin eremu mistoan aritzeko diren lanpostuetan.
Deialdian jasotakoaren arabera, 40 puntu eman ahal izango dira gehienez baremoen balorazioan, eta horrek merezimendu guztiei berdin-berdin eragin ahalko die, eta ez soilik euskararen merezimenduari.
Hortaz, Nafarroako Foru Komunitateko Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzua erakunde autonomoko dietista-nutrizionista izateko lanpostu bat oposizio-lehiaketaz betetzeko deialdiak, Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuko zuzendari kudeatzaileak ekainaren 18an emandako 571E/2017 Ebazpenaren bidez onetsitakoak, mota honetako prozedurak arautzeko araudian ezarritakoa betetzen du”.
Argi geratu den moduan, kexa hau aurkeztu da Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuko zuzendari kudeatzaileak ekainaren 18ko 571E/2018 Ebazpenaren bidez onetsitako deialdian, hau da, dietista-nutrizionista izateko lanpostu bat lehiaketa-oposizio bidez betetzeko deialdian, euskaraz jakitea gutxi baloratu dela uste delako.
Kexa aurkeztu duen pertsonak azaldu du, oposizio-lehiaketaren merezimendu-baremoan gehienez 40 puntu lor daitezkeela kontuan hartuta, interesdunek 39 puntu lor ditzaketela baremoaren atal guztietan, euskararen ezagutza alde batera utzita (hau da, 17 puntu gehienez Egindako zerbitzuak
izeneko atalean, eta 22 puntu gehienez Prestakuntza, irakaskuntza, ikerkuntza eta hizkuntzak
izeneko atalean). Hori horrela, deialdia Nafarroako administrazio publikoetan euskararen erabilera arautzen duen azaroaren 15eko 103/2017 Foru Dekretura ekarrita, baliteke hautagai batek puntu bakarra lortzea euskaraz jakiteagatik eremu euskaldunean nahiz mistoan (hautagaiak gainerako 39 puntuak lortu dituelako baremoko beste ataletan).
Euskaraz jakitearen balorazioa desagertzen ez bada ere, merezimendu horrek prozesuan garrantzi txikiagoa duela uste du kexaren egileak, eta hori ez dela bateragarria aurretik aipatutako foru-dekretuan aurreikusitakoarekin.
Transkribatutako txostenean arrazoitutakoa oinarri hartuta, deialdiak indarrean dagoen araudia betetzen duela azaldu du Osasun Departamentuak.
Kexarako bide eman duen deialdiak, haren II. eranskinean, hirugarren atalean, euskararen ezagutzaren balorazioarekin lotuta, Nafarroako administrazio publikoetan euskararen erabilera arautzen duen azaroaren 15eko 103/2017 Foru Dekretuak xedatutakoa dakar gogora.
Araudi horren 27.1 artikuluak honako hau dio eremu euskaldunean dauden Nafarroako Foru Komunitateko administrazioaren unitate organikoei buruz:
Eremu euskaldunean dauden Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren unitate organikoetako lanpostuetarako, betiere ele bikotzat jo ez badira, euskara merezimendu moduan baloratuko da. Sarbidea oposizio-lehiaketa bidez egiten denean balorazio hori % 11koa izango da, merezimendu-baremoaren gainerako zatiari esleitutako puntuazioari dagokionez, eta lanpostu horiek betetzeko merezimendu-lehiaketetan, % 10ekoa, merezimendu-baremoaren gainerako zatiari esleitutako puntuazioari dagokionez.
Araudiaren 31.1 artikuluak, berriz, eremu mixtoari buruzko antzeko xedapen bat du:
Eremu mistoan dauden Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren unitate organikoetako lanpostuetarako, betiere ele bikotzat jo ez badira, euskara merezimendu moduan baloratuko da. Sarbidea oposizio-lehiaketa bidez egiten denean, balorazio hori %7koa izango da, merezimendu-baremoaren gainerako zatiari esleitutako puntuazioari dagokionez, eta lanpostu horiek betetzeko merezimendu-lehiaketetan, %6koa, merezimendu-baremoaren gainerako zatiari esleitutako puntuazioari dagokionez.
Euskaraz jakitea: azaroaren 15eko 103/2017 Foru Dekretura igortzea ezartzen da.
Hori horrela izanik, baremoko gainerako merezimenduentzat gehienez 39 puntuko balorazioa zehaztu denez gero, honako hauek izango lirateke euskaraz jakiteagatik lortu ahalko liratekeen puntuak: 4,29 puntu eremu euskaldunean (%11) eta 2,73 puntu eremu mistoan (%7).
Erakunde honen ustez, euskaraz jakiteagatik emandako puntu horiek guztiak lortzeko aukera egon beharko luke eta horrek eragina eduki beharko luke, 103/2017 Foru Dekretuaren ondoriozko pisu erlatiboa eta eraginkortasuna izan dezaten hautaketa-prozesuan (eta eremu euskalduneko edo eremu mistoko unitateetako lanpostuetan merezimendu horren neurketa desberdinak indarra izan dezan); hala, hautagai batek lor lezakeen gehieneko puntuaketak baremoko atal guztietan jasotako gehieneko puntuaketen batura izan beharko luke: 41,73 puntu (eremu mistoan) eta 43,29 puntu (eremu euskaldunean).
Hori hala ez balitz, baldin eta euskaraz dakien hautagaiak euskaraz ez dakienak adina puntu lortuko balitu gainerako merezimenduengatik, egoera jakin batzuetan ezingo luke lortu araudian aurreikusitako % 7 edo % 11 gehigarri hori.
Aurretik aipatutako hori bateraezina da deialdiak lehiaketaldian gehienez 40 puntu lortu ahal izateko muga bat ezartzearekin (6.4.2 oinarria).
Deialdiaren ezarritako muga horrek galarazi egin dezake hautagai batek deialdiak men egiten dion araudian jasotako merezimendu guztiak lortu ahal izatea. Hau da, hautagai batek 39 puntu lor ditzake egindako zerbitzuengatik eta prestakuntzagatik, irakaskuntzagatik, ikerkuntzagatik eta Europar Batasuneko hizkuntzengatik (110/2011 Foru Aginduan jasota daude horiek, eta, deialdi-lanpostuetan izaera orokorra dute), eta euskaraz jakiteagatik ere beste 4,29 edo 2,73 puntu ere lor ditzake, lanpostua kokatuta dagoen eremuaren arabera (103/2017 Foru Dekretuaren ondoriozkoak dira, eta haztatu beharreko gainerako merezimenduentzat foru-aginduak aurreikusitako puntuaketekin lotuta daude).
Osasun Departamentuaren txostenak ondorioztatzen duenaren arabera, deialdian puntuaketa-muga hori ezarri zen uste zelako azaroaren 22ko 347/1993 Foru Dekretuaren 5. artikuluan aurreikusitakoa betetzen zuela. Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuan sartzeko eta bertako lanpostuak betetzeko arauak ematen ditu Foru Dekretu horrek, eta honako hau dio:
Oposizio-lehiaketa sistemak elkarren ondoko bi aldi izango ditu. Lehiaketaldian, lehiatzaileek alegaturiko merezimenduen kalifikazioa egingo da, deialdian ezartzen den baremoari jarraikiz. Haren balorazioa ezingo da bi aldietan gehienez ere erdiets daitekeen puntuazioaren % 40 baino gehiago izan
.
Hala eta guztiz ere, %40ko muga horrek euskaraz jakiteagatik lor litezkeen merezimenduak bere barne hartzen dituela interpretatuko balitz ere (gai horri buruz hitz egingo dugu hurrengo puntuan), deialditik kanpo dagoen ezerk ez du zehazten ehuneko horri dagokion puntuaketa denik ezarri den hori (hau da, 40 puntu lehiaketaldirako, hautaketa-prozesuko 100 puntuetatik).
Aipatutako horren ondorioz uler daitekeen bezala, lehiaketaldiko gehieneko puntuaketa-muga hori merezimendu-baremoa aplikatzeko eta erregulatzeko arauekin bateragarria izan dadin, puntuaketa-muga horrek puntuak lor daitezkeen atal guztietako gehieneko puntuaketak errespetatu beharko lituzke; izan ere, deialdia egin aurrekoa da araua eta hartan aplikatutako arauek zehazten dute puntuaketa hori, zuzenean edo zeharka. Hori horrela, kasu honetan, puntuaketa horrek 40 puntutik gorakoa izan beharko luke (41,73 puntu eremu mistoko lanpostu bat erreferentziatzat hartuta), eta puntuak modu korrelatiboan eman beharko lirateke lehiaketaldian, oposizio-lehiaketako puntuaketaren %100 osatu arte.
Azaroaren 22ko 347/1993 Foru Dekretuak, gaur egun nola idatzita dagoen kontuan hartuta, aurretik aipatutako % 40ko muga hori ezartzen du lehiaketaldirako haren 5. artikuluan, eta 6. artikuluak honela dio:
“Lehiaketaldian baloratu beharreko merezimenduak honela neurtuko dira:
Bestelako merezimenduak: puntuazioaren gainerakoa, % 100 arte.
Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioarentzat eta haren erakunde autonomoentzat oro har xedatutakoaren arabera baloratuko da euskaraz jakitea, balorazio horretarako ezarritako ehunekoei jarraituz”.
Interpreta daitekeenez, 5. artikuluan aipatzen den % 40ko muga hori 6. artikuluan aipatzen den % 100eko ehunekoarekiko korrelatiboa litzateke, eta azken horretan ez litzateke sartuta egongo euskaraz jakitearen merezimendua.
Hori hala litzateke merezimendu horiek dauden arauak zehazki araututako merezimenduei buruzkoak direlako ehuneko horiek, eta deitutako lanpostu guztietan lirateke aplikagarriak; kanpoan utziko lituzkete, hortaz, ondorio horietarako, euskara-arloko araudian araututako merezimenduak, azken horrek araututakoaren araberakoak eta eremuaren araberakoak baitira horiek (baliteke plaza guztientzat hala ez izatea), eta, gainera, gainerakoa merezimenduei emandakoa oinarri hartuta kalkulatzen dira (hau da, ehuneko gehigarri bat aplikatzen da, eta, bider 1,07 edo bider 1,11 egiten da, gainerako merezimenduak oinarri hartuta, hau da, lanpostu guztien merezimendu orokorrak oinarri hartuta).
Ondorio hori bera atera daiteke, argiago agian, merezimendu-lehiaketa bidez lanpostuak betetzeari buruzko foru dekretu horren beraren 21.3 artikulua ikusita. Honako hau dio:
“Lehiaketaldian baloratu beharreko merezimenduak honela neurtuko dira:
Prestakuntza, irakaskuntza, ikerkuntza eta Europar Batasuneko hizkuntzak: % 100era iritsi arte.
Oro har, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioarentzat eta haren erakunde autonomoentzat xedatutakoaren arabera baloratuko da euskaraz jakitea, balorazio horretarako ezarritako ehunekoei jarraituz.
Hau da, aipatutako araudiaren sistematikan, araudian ezarritako merezimenduak merezimenduen %100 dira, euskara kanpoan utzita, eta leihaketaldian aurreikusitako %40ko mugak haiengan izango luke eragina (izaera orokorra dutelako)".
Horrenbestez, eta uztailaren 3ko 4/2000 Foru Legearen 34.1 artikuluak aitortzen dizkion eskumenekin bat etorriz, Nafarroako Arartekoak beharrezkotzat jo du:
Osasun Departamentuari gomendatzea hark onetsitako eta hautagaien merezimenduen balorazioa eskatzen duten lan-deialdietan Nafarroako administrazio publikoetan euskararen erabilera arautzen duen azaroaren 15eko 103/2017 Foru Dekretuan ezarritako puntuaketa lortu ahal izatea euskaraz dakiten hautagaiek, merezimendu hori ziurtatu dezaketenean, eta beste merezimendu batzuengatik dagokien balorazioari gehitzea, aukera hori mugatu dezakeen guztizko puntuaketa-mugarik jarri gabe.
Kontuan hartuz 4/2000 Foru Legea, uztailaren 3koa, Nafarroako Foru Komunitateko Arartekoari buruzkoa, eta Lege horren 34.2 artikuluarekin bat etorriz, Osasun Sailak gehienez ere bi hilabeteko epean jakinarazi behar du, aginduzkoa denez, erabaki hau onartu duen, eta hala bada, erabakia betetzeko zer neurri hartu dituen.
Lege agindu horretan xedatzen denez, aipatutako administrazio publikoak Arartekoaren erabakia onartzen ez badu, erakunde honek erabaki dezake gai hori 2018. urteari dagokion urteko txostenean sartzea eta Nafarroako Parlamentuan ematea horren berri, Nafarroako Arartekoaren ustez berez posible izan arren aldeko jarrera hori izan ez duen administrazio publikoa berariaz aipatuz.
Zure erantzunaren zain, adeitasunez,
El Defensor del Pueblo de Navarra
Nafarroako Arartekoa
Francisco Javier Enériz Olaechea
Partekatu edukia