Partekatu edukia
Euskara
Gaia: La falta de valoración como mérito del conocimiento del euskera en una convocatoria para la provisión, mediante concurso de ascenso, de una plaza de subinspector de policía local, realizada por el Ayuntamiento del Valle de Egüés-Eguesibar.
Euskara
Eguesibarko Alkatea
Alkate anderea:
2019ko martxoaren 15ean, instituzio honek idazki bat jaso zuen. […] jaunarena, Administrazioan Euskaraz Taldearen ordez. Horren bidez, kexa bat aurkeztu zuen Eguesibarreko Udaletxearen aurrean, Kexa horretan, adierazi zuen ez zegoela ados udaltzain inspektore izateko mailaz igotzeko lehiaketaren deialdiarekin, ez zelako euskarako ezagupenik baloratzen, hain zuzen ere.
Idazki hartan, hauxe zioen:
Eguesibarko Udalaren Ordenantzaren 16. artikuluan, euskara udal esparruan erabiltzea eta sustatzea arautzen da, eta honako hau adierazten: Eguesibarko Udalak lanpostuak betetzeko egiten dituen deialdi guztietan, euskaraz jakin beharrik ez dagoenetan, merezimendua izanen da euskaraz jakitea
.
Eta 17. artikuluak honako hau gehitzen du:
“Euskara baloratuko da, merezimendua dela ezartzen denean, lanpostuaren eginkizun bereziengatik euskaldunekin komunikatu beharra gertatzen ahal denean, eta euskaraz mintzatzeko eskubidea bermatze aldera.
Horregatik, deialdi bakoitzaren oinarrietan zehaztuko dira lanpostu bakoitzerako behar diren merezimenduak eta haien artean euskaraz jakitea, euskaldunekin komunikatu beharra gertatzen denean, aipatu eskubide hori bermatze aldera.
Herritarrekin harreman zuzenik ez duten lanpostuetan, deialdiko puntu guztien (lehiaketa gehi oposizioa) %3ko balorazioa izanen du euskarak. Herritarrekin harreman zuzena duten lanpostuetan, berriz, deialdiko puntu guztien (lehiaketa gehi oposizioa) %6ko balorazioa izanen du euskarak”.
Horregatik guztiagatik, eskatzen zuen kexaren xede den deialdian euskararen balorazioa %6 izateko Ordenantzak arautu bezala, Udaltzaingoak harreman zuzena duelako herritarrekin, edo, bestela, harreman zuzenik ez dagoela pentsatuz gero, balorazioa %3 izateko.
Ondoren, erakunde honek Eguesibarreko Udaletxera jo zuen, gai horri buruzko informazio eske.
Honako hau jartzen du jaso genuen txostenean:
“Kexa Administrazioan Euskaraz Taldearen ordezkaritzak aurkeztu du.
Uztailaren 3ko 4/2000 Foru Legearen 19.1. artikuluarekin bat etorriz, Berezko pertsonek nahiz pertsona juridikoek, inongo mugarik gabe, Nafarroako Foru Komunitateko arartekoarengana jo ahalko dute
.
Kasu honetan, zalantzazkoa behintzat bada kexaren egilearen legezko interesa, legezko interesa, kontzeptu moduan, Konstituzio Auzitegiaren doktrinaren arabera (Konstituzio Auzitegiaren 257/1988 epaia, abenduaren 22koa [1988\257 RTC]), «interes zuzena» ez bezalakoa delako, eta zabalagoa, eta uzia baliatzen duenak abantailazko posizio edo onura juridiko baten titulartasun potentziala izatearen parekoa delako, gauzatuko litzatekeena uziak aurrera eginez gero. Hau da, uziaren subjektuaren eta objektuaren arteko erlazioak, zeinaren bidez zehazten baita legitimazio aktiboa, berekin dakar administrazio- edo jurisdikzio-bidean errekurritzen den egintza baliogabetzeak berehala izatea ondorio positiboa (onura) edo negatiboa (kaltea) legitimatuarendako, gaur egun edo etorkizunean, baina benetakoa (Auzitegi Gorenaren epaia, 1990eko urriaren 1ekoa [1990\1454 RJ]), eragin zuzena edo zeharkakoa duena aurkezten denaren eremu juridikoan (Auzitegi Gorenaren epaiok: 1991ko otsailaren 4koa [1991\1241 RJ], 1995eko martxoaren 17koa eta ekainaren 30ekoa [1995\2387 RJ eta 1995\5111RJ], 1996ko otsailaren 2koa [1996\1567 RJ], 2000ko urtarrilaren 25ekoa eta 2002ko apirilaren 16koa, beste askoren artean); edo, bestela esanda, baliatutako uziak aurrera egiten badu, edozein abantaila edo onura juridiko gertatzea.
Hitz batean, legezko interesak lotura du aurkezten denaren eremu juridikoan gaur egun edo etorkizunean gerta daitekeen baina beti benetakoa den etekin edo onura bat lortzearekin, edo kalte zehatz eta jakin bat eragoztearekin.
Legegileak nahi izan du interesduna izateko legitimazioa interes bat lortu nahi izateak ematea, baina ez, Legeak berariaz hala adierazi ezean, legezkotasuna abstraktuki lortu nahi izateak.
Kasu honetan, eta kexaren edukia ikusita, ondorioztatu behar da aurkeztu duenak ez duela legezko interesik, deialdiko oinarrien lehiaketa fasean aintzat hartutako merituen haztapena edozein izanda ere, lortuko lukeen onura ez litzatekeelako materialki hautemangarria izanen.
Horiek guztiak direla eta, kexa ez zen onartu behar, eta ez da onartu behar, aurkeztu zuenak legezko interesik ez izateagatik.
Kexaren edukiari dagokionez, esan behar da deialdia (NAO, 41.zk.a, 2019/02/28koa) Udaltzaingoan inspektoreorde postu bat igotzeko lehiaketa bidez hornitzekoa zela, eta, lehen oinarriaren arabera (arau orokorrak), Nafarroako Poliziei buruzko 23/2018 Foru Legean eta Nafarroako Polizia Kidegoetako Pertsonalaren Erregelamenduan gaiaz xedatuari lotuta zegoela.
Bada, Nafarroako Polizia Kidegoetako Pertsonalaren Erregelamendu aipatuak (718/2003 Foru Dekretua, abenduaren 29koa) berariaz dio honako hau 30. artikuluan (zeinak kabo, sarjentu, inspektoreorde eta inspektore lanpostuetara igotzeko oposizio-lehiaketa arautzen baitu), 2. apartatuan: Lehiaketaldian, izangaiek alegatu eta behar bezala frogaturiko merezimenduak kalifikatuko dira, foru dekretu honen II. eranskinean azaltzen den baremoaren arabera.
Bestalde, II. eranskinak, euskararen balorazioaz, hau dio:
2) Euskaraz jakiteagatik emanen den puntuazioa, bidezkoa denean edo aintzat hartzen denean, hizkuntza-eremuaren arabera aldatuko da, irizpide hauetan oinarrituz:
Eremu mistoan, plantilla organikoaren arabera merezimendu gisa baloratu behar den kasuetan, 5,25 puntu emanen dira euskaraz jakiteagatik.
Bada, inspektoreorde postura igotzeko deialdirako arau horien arabera, Udalak bete behar baititu, euskara jakitea merezimendutzat hartu ahal izateko, hala jasota egon behar du plantilla organikoan, Eguesibar eremu mistoan baitago.
Kasu horretan, plantilla organikoak (NAO, 152 zk.a, 2018/08/07koa), deialdiaren ondorengo 2019koak bezala (NAO, 66 zk.a, 2019/04/04koa), ez du merezimendutzat jotzen inspektoreorde lanposturako, eta, horregatik, argi eta garbi, ez litzateke baloratu behar, baloratzea aipatu 718/2003 Foru Dekretuan xedatuaren aurka egitea litzatekeelako”.
Adierazi den bezala, kexa aurkezteko arrazoia izan da euskara jakitea merezimendutzat ez hartzea Eguesibarko Udalak Udaltzaingoko inspektoreorde postu bat gorako lehiaketa bidez betetzeko egindako deialdi batean.
Kexaren egileak dio Eguesibarko udal esparruan euskararen erabilera eta sustapena arautzeko udal ordenantzak esaten duela Eguesibarko Udalak euskara jakitea nahitaezkoa izan gabe lanpostuak betetzeko egiten dituen deialdi guztietan merezimendua izanen dela euskara jakitea, eta, horregatik, Udalak izandako jokabidea, euskara ez baitu merezimendutzat jo kexaren xede den deialdian, ez dela aipatu ordenantzak xedatuaren araberakoa.
Eguesibarko Udalak lehen transkribatutako txostena bidali du. Bertan esaten da euskara jakitea ez baloratzeko arrazoia izan zela Udaleko plantilla organikoak ez jotzea merezimendutzat euskara jakitea inspektoreorde posturako.
Eguesibarko udal esparruan euskararen erabilera eta sustapena arautzeko udal ordenantzak honako hau dio 1. artikuluan: Ordenantza honen xedea da euskararen erabilera sustatu eta normalizatzea, Udalaren eskumeneko esparru guztietan
.
Normalizazio eta sustapen helburu horiek lortzeko, 2. artikuluan esaten da aipatu 1. artikulu horretan adierazitakoa lortzeko bide espezifiko bat dela euskararen balorazioaren ehunekoa zehaztea euskara lanpostu baterako nahitaezkoa ez den kasuetan.
Era berean, 6. artikuluak hau dio: Herritarrek Eguesibarko Udalarekin euskaraz aritzeko eskubidea dute
. Horri dagokionez, ordenantza horren 8. artikuluan hau esaten da: Herritarren artean euskararen erabilera sustatzeko, behar bezala adieraziko da langileen eta lanpostuen euskara maila, eta hura erabiltzeko pizgarriak ezarriko
.
Bestalde, 16. artikuluak esaten du euskara jakitea nahitaezkoa ez bada enplegu publiko batean aritzeko, merezimendua izanen dela, eta 17. artikuluan adierazten da nola egin balorazio hori:
“Euskara baloratuko da, merezimendua dela ezartzen denean, lanpostuaren eginkizun bereziengatik euskaldunekin komunikatu beharra gertatzen ahal denean, eta euskaraz mintzatzeko eskubidea bermatze aldera.
Horregatik, deialdi bakoitzaren oinarrietan zehaztuko dira lanpostu bakoitzerako behar diren merezimenduak eta haien artean euskaraz jakitea, euskaldunekin komunikatu beharra gertatzen denean, aipatu eskubide hori bermatze aldera.
Herritarrekin harreman zuzenik ez duten lanpostuetan, deialdiko puntu guztien (lehiaketa gehi oposizioa) %3ko balorazioa izanen du euskarak. Herritarrekin harreman zuzena duten lanpostuetan, berriz, deialdiko puntu guztien (lehiaketa gehi oposizioa) %6ko balorazioa izanen du euskarak.”
Udal ordenantzako aurreikuspenak bat datoz abenduaren 15eko 18/1986 Euskararen Foru Legearen bigarren xedapen gehigarrian (ekainaren 27ko 9/2017 Foru Legeak gehitua) aurreikusitakoarekin:
Nafarroako toki entitateek, beren eskumenen esparruan, ordenantzak onesten ahalko dituzte, beren mugartean euskararen erabilera arautu edo sustatzeko, betiere foru lege honetan adierazitakoaren aurkako xedapenik ezarri gabe
.
Aurreko manuetatik ondorioztatzen da Eguesibarko Udalaren asmoa dela euskara sustatzea eta normalizatzea bere eskumen esparruan, eta, horretarako, besteak beste, espezifikoki baloratu behar du euskara jakitea, jakite hori nahitaezkoa ez den lanpostuetan sartzeko.
Erakunde honen ustez, kexaren xede den deialdian euskara jakitea ez baloratzeak ez ditu betetzen Eguesibarko udal esparruan euskararen erabilera eta sustapena arautzeko udal ordenantzan bildutako helburuak eta aginduak, ordenantza horrek esaten baitu euskara jakitea merezimendua dela, inolako salbuespenik gabe, Udalak jakite hori nahitaezkoa izan gabe egiten dituen lanpostuetarako deialdi guztietan.
Horregatik, erakunde honek uste du egokia dela Eguesibarko Udalari gogoraraztea legezko betebeharra dela, bere udal ordenantzan bertan xedatuaren arabera, euskara jakitea merezimendutzat hartzea, euskara jakitea nahitaezkoa ez den lanpostuetan sartzeko.
Beraz, eta Nafarroako Foru Komunitateko Arartekoaren erakundea arautzen duen uztailaren 3ko 4/2000 Foru Legearen 34.1. artikuluak ematen dizkion eskumenen arabera, hau jo du beharrezkotzat:
Eguesibarko Udalari gogoraraztea legezko betebeharra dela, bere udal ordenantzan bertan xedatuaren arabera, euskara jakitea merezimendutzat hartzea, euskara jakitea nahitaezkoa ez den lanpostuetan sartzeko
Nafarroako Foru Komunitateko Arartekoaren erakundea arautzen duen uztailaren 3ko 4/2000 Foru Legearen 34.2. artikuluari jarraikiz, eta aginduzkoa betez, Eguesibarreko Udalak bi hileko epean jakinarazi beharko du ebazpen hau onartzen duen eta, dagokionean, hura betetzeko zer neurri hartu dituen.
Lege-agindu horretan xedatzen denez, aipatutako administrazio publikoak arartekoaren erabakia onartzen ez badu, erakunde honek erabaki dezake gai hori 2017. urteari dagokion urteko txostenean sartzea eta Nafarroako Parlamentuan azaltzea, jarrera hori izan duen administrazio publikoa berariaz aipatuz, baldin eta arartekoaren iritziz erabakia onartzea posible bazen.
Adeitasunez, zure erantzunaren zain,
El Defensor del Pueblo de Navarra
Nafarroako Arartekoa
Francisco Javier Enériz Olaechea
Partekatu edukia