Partekatu edukia
Euskara
Gaia: Denegación a un funcionario de la asistencia a un curso intensivo de euskera durante su jornada laboral.
Funtzio publikoa
Eskubide Sozialetako kontseilaria eta Lehendakariordea
Kontseilari jauna:
2018ko urtarrilaren 15ean, erakunde honek (...) jaunaren idazki bat jaso zuen. Idazki horretan, (...) jaunak kexa bat aurkeztu zuen Eskubide Sozialen Departamentuan, ukatu egin ziotelako lanaldi barruan Euskarabidea-Euskararen Nafar Institutuak antolatutako ikastaro trinko batean parte hartzea, eta horrek diskriminazio-egoera batean jartzen zuelako administrazioko beste langile batzuen aldean, bai eta baimen-egun solteak izateko oztopoak dituelako ere.
Idazki horretan, hauxe adierazi zuen:
«Nire idazkian, bi kexa ageri dira:
Lehenik eta behin, zuen babesa eskatzen dut, ukatu egin baitidate Euskarabidean 2018ko apirilaren 9tik 2018ko maiatzaren 7ra arte euskara-ikastaro trinko bat (A.1.2. maila) egiteko ordutegi-konpentsazioa. E mailako funtzionarioa naiz duela 5 urtez geroztik. Gaur egun, El Vergel egoitzan dut lanpostua. Urteotan ikusi dudanez, Euskarabideko ikastaroetan parte hartzen duten pertsona guztiek baimena eskuratzen dute ikastaroetan parte hartzeko (Euskarabidean egiazta daiteke hori), Pertsonen Autonomiarako eta Garapenerako Nafarroako Agentziako langile urriek izan ezik, soldatarik gabeko baimena eskatu behar baitute parte hartzeko.
Horrek eragiten dituen uzkurdura eta hertsadura direla eta, beste langile batzuk ez gara ausartu ere egiten aukera hori planteatzera eta idatziz edo eskaera-orri bidez eskatzera. Izan ere, erantzuna sistematikoa da, eta legezko formulismo bat baino ez da ematen arrazoitzat (jasotzen dituzuen eskaera urrien erregistro bat izango duzuelakoan nago). Hori, nire ustez, diskriminazio nabarmena da nire karrera profesionalerako, beste lan-aukera batzuk izateko eta, jakina, lana eta familia bateragarri egiteko. Izan ere, ikastaroa lanorduetan egin ezin dudanez, behartuta nago nire bi urte eta erdiko semearekin denbora gutxiago pasatzera, edo orduak metatuta murrizketa bat izatera (hori da nire kasua).
Euskarabideko iraganeko eta gaur egungo partaideei erreparatuta, ikus daiteke denek dutela baimen hori, edozein maila eta funtzio dutela ere eta Osasunbiden, Nukleoan, Foruzaingoan, Hezkuntzan eta beste arlo batzuetan lan egiten dutela ere, eta gure Agentziak soilik galarazten duela eskubide hori gainerako funtzionarioen baldintza berberetan baliatzea.
Ukapen horrek, jakina, hitzezkoa edo idatzizkoa izan, disuasio- eta hertsadura-ahalmena du Agentziako gainerako langileengan, eta eskubide hori edukiz husten du. Izan ere, gure kasuan, lanpostuetako bakar batean ere ezin da eskubide hori baliatu, eta hori, nire ustez, lege-iruzurra edo botere-gehiegikeria da.
Nafarroako Gobernuaren gaur egungo politikek euskararen ikaskuntza eta erabilera bultzatzen eta sustatzen dute (horren adibide da administrazioetan euskara erabiltzeari buruzko duela gutxiko foru-dekretua), bai lana eta familia bateragarri egitea ere, eta, nire ustez, kontraesanean daude Agentziako langileoi eskubide hori baliatu nahi dugunean sistematikoki ematen zaigun ukoarekin.
Halaber, ez zait justua iruditzen lankide batzuk, funtzionarioak ez direnak, ordezkatuak izatea, eta Pertsonen Autonomiarako eta Garapenerako Nafarroako Agentziako langileok, funtzionarioak izanda ere, eskubide hori baliatzerik ez izatea.
Nire bigarren babes-eskaera ere aurrekoarekin loturik dago. Nire asmoa euskara ikastea da; besteak beste, administrazio barruan ematen dizkidan aukerengatik, funtzionarioa bainaiz. Beste arrazoi nagusietako bat nire semearen hezkuntzari gertutik jarraitzea da, D ereduan matrikulatu nahi baitut. Horretarako, eta banekienez (beste lankide batzuen bitartez eta nire nagusien ahozko erantzunen bitartez) 'ezinezkoa’ zela Pertsonen Autonomiarako eta Garapenerako Nafarroako Agentziak lan-ordutegiaren barruan euskara ikasteko aukera ematea, Hizkuntza Eskolan izena eman dut (lehen mailan), eta, astearte, ostegun eta ostiraletan ditudanez eskolak, nire ordu-metaketa bidezko lanaldi-murrizketaren barruan, batzuetan egun horiek egun solte gisa eskatzen ditut euskara ikastera joateko.
Honekin batera aurkezten dudan lan-egutegiaren arabera, 249 egun lan egitea dagokit. Horietatik 108 egunetan astean zehar egiten dut lan (astelehenetik ostiralera), eta gainerakoak arratsaldeak dira, edo larunbat- edo jaiegun-goizak. Hortaz, 141 egunetan, binaka baino ezin ditut izan egun solteak.
Nire nagusiek hitzez esaten didate, behin eta berriz, etengabe eta modu hertsagarrian esan ere, egun solte bat bakarrik hartzen badut ez nautela ordezkatuko. Binaka hartu behar ditudala. Badirudi hori kontraesanean dagoela lana eta familia bateragarri egiteko dudan oinarrizko eskubidearekin. Izan ere, egunak haien premien arabera hartu behar baditut, lana eta familia bateragarri egiteko aukera, nire askatasuna eta nire eskubidea desagertu egiten dira. Gutxi gorabehera esan nahi du parte hori ez dudala kobratzen, baina hertsatu egiten naute, eta lankideak nire kontra jartzen dituzte. Izan ere, presioa egiten didate egun solteak binaka aukeratu ditzadan, salbu eta aukeratzen dudan eguna astelehenetik ostiralera arteko egun bat bada eta goizeko txandan, egun horietan kaltea txikiagoa baita ordezkatzen ez banaute. Gaur egun, lanaldiaren herenaren murrizketa dut; alegia, 21 egunetik ia 7. Beste behin ere, iruditzen zait nire eskubidea desagertu egiten dela eta edukiz husten dela, baldin eta egunen erdiak soilik balia baditzaket edo lanaldiaren herenaren murrizketa beharrean lanaldiaren erdiaren murrizketa eskatzera hertsaturik banago ordezka nazaten (horrek berekin dakarren kalte ekonomikoarekin), nahiz eta badakidan ni ordezkatzeko betebeharra dutela. Nire beste eskaeran adierazi bezala, Osasunbidean (gauez ere lan egiten da bertan) eta administrazioaren beste arlo batzuetan zilegi da egun solte bat hartzea, ordezkatu egiten baitzaituzte.
Aurreko kasuan bezala, ni funtzionarioa naiz, baina niri ukatu egiten badidate edo balizko traba oro jartzen badidate, murrizketa duten behin-behineko beste lankide batzuek ez dute egun solte bat murrizketa gisa eskatzeko aukera ere planteatzen.
Amaitzeko, nabarmendu nahi dut, nire semea zaintzeko, azken urteotan maiz erabili ditudala soldatarik gabeko baimenak. Hortaz, hilabete bat eskatu behar badut euskara ikasteko, baliteke muga (hots, hiru hilabete bi urtero) gainditzea.
Horiek horrela, babesa eskatzen dizuet bi kasuetan, bi eskubideak ez daitezen aplika Pertsonen Autonomiarako eta Garapenerako Nafarroako Agentziako langileekin ia deuseztatzerainoko modu murriztailean».
Horiek ikusita, erakunde honek Eskubide Sozialen Departamentura jo zuen, hizpidera ekarritako auziaz informazioa eskatzeko.
Jasotako txostenean, hauxe adierazten da:
«Interesdunak 2018ko apirilaren 9tik maiatzaren 7ra bitartean Euskarabideren euskara-ikastaro trinko batera joateko baimena eskatu zion egoitzako zuzendaritzari. Kontuan hartuz ikastaro horretara joateko baimena emateak ia hilabete batez lanera ez joatea dakarrela, baimen horrek ez dakarrela ordezko batek behin-behinean haren lanpostua hartzea, haren lana ezin dutela lankideek hainbeste denboraz beren gain hartu eta lehentasuna El Vergeleko egoiliarrak egokiro artatzea dela, eskaera ezetsi egiten da.
Funtzionarioek prestakuntza jasotzeko eskubidea badute ere, departamentu honen irizpideen arabera, zerbitzu publikoaren funtzionamendu egokiari eragiten ez diotenean soilik baimentzen dira prestakuntza-ikastaroak.
Azkenik, aipatzekoa da, Euskarabidek jakinarazi digunez, (...) jaunak bere kontura eman duela izena ikastaro horretan. Kontuan hartuz lanaldiaren herenaren murrizketa duela eta lanegun osoak metatuz baliatzen duela murrizketa hori, egoitzaren zuzendaritzak jakinarazi du baimena emango duela langileak ikastaroa duen egunetan jai izan dezan, eman zaion lanaldi-murrizketaren kontura».
Interesdunari euskara-ikastaro trinko batean parte hartzeko baimena ukatzeari dagokionez, kexaren egileak Autonomiarako eta Garapenerako Nafarroako Agentziako Kudeaketa eta Baliabideen zuzendariordearen azaroaren 23ko 6852/2017 Ebazpena ekartzen du, ebazpen hori oinarri hartuta ukatzen baita baimena. Ebazpenean hauxe esaten da: «Kontuan hartuz Politika Sozialen Departamentuaren Idazkaritza Tekniko Nagusiak ezarritako irizpidea (hots, ikastaroetan parte hartzeko baimenik ez ematea, baldin eta beharrezkoa bada langileak kontratatzea ikastaroetan parte hartzea eskatzen duten langileak ordezkatzeko) eta Autonomiarako eta Garapenerako Nafarroako Agentziaren zentro independenteek ezarritako irizpidea (Langileen Arloari jakinaraztea langileak kontratatzea beharrezkoa denean ikastaroetan parte hartzeko eskatzen duten langileak ordezkatzeko)».
Halaber, Eskubide Sozialen Departamentuak, aztertutako kexaren harira igorritako txostenean, hauxe adierazi zuen: «Funtzionarioek prestakuntza jasotzeko eskubidea badute ere, departamentu honen irizpideen arabera, zerbitzu publikoaren funtzionamendu egokiari eragiten ez diotenean soilik baimentzen dira prestakuntza-ikastaroak».
Aurreko artikulutik ondorioztatzen da administrazio publikoko langile publikoen artean euskararen ikaskuntza sustatu nahi dela, administraziora doazen herritarrek Nafarroako berezko hizkuntza hori erabiltzeko aukera izan dezaten. Alde horretatik, aipatutako foru-dekretuan ezartzen denez, administrazio publikoek beren langileek euskara herritarrekiko harremanetan erabiltzeko gero eta gaitasun handiagoa izan dezaten sustatuko dute.
Erakunde honen arabera, euskara-ikastaro batera joateko baimena ezeztatzeko arrazoia zerbitzu publikoaren premiekin lotutako inguruabarretan oinarritu daiteke; izan ere, inguruabar horiek berekin ekar dezakete prestakuntza jasotzeko eskubidea, interesdunak baliatu nahi duen eskubide horixe, bertan behera gelditzea. Dena den, Eskubide Sozialen Departamentuaren irizpideak edukiz hustu dezake eskubide horren erabilera.
Kexa-idazkian adierazitako kasuan, Eskubide Sozialen Departamentuak euskara-ikastaro trinko batean parte hartzeko baimena ukatu zion interesdunari, baimen horiek emateko irizpideak eragotzi egiten baitie beste langile batez ordezkatuak izan behar duten langileei euskara-ikastaroetan parte hartzea.
Kasu honetan, kontuan hartu beharrekotzat jotzen da kexaren egileak zerbitzu anitzetako langile gisa ematen dituela bere zerbitzuak eta administrazioak kontratazio-zerrendak dituela horrelako langileak ordezkatzeko. Ez dirudi, beraz, interesduna hilabetez ordezkatzea behar besteko arrazoia denik langileari euskara ikasteko eskubidea galarazteko. Gainera, kontuan hartu behar da administrazio publikoek hizkuntza horren ezagutza sustatu behar dutela, Nafarroako administrazio publikoetan euskararen erabilera arautzen duen azaroaren 15eko 103/2017 Foru Dekretuak ezartzen duenari jarraikiz.
Hori dela eta, erakunde honek beharrezkotzat jotzen du Eskubide Sozialen Departamentuari gomendatzea kexaren egileari eskatutako euskara-ikastaro trinkoan parte hartzeko baimena eman diezaiola.
Lan-bizitza eta familia bateragarri egite aldera interesdunak aitortua duen lanaldiaren herenaren murrizketa baliatzeko modua zehazteko erabiltzen diren inguruabar eta irizpideei dagokienez, kexan adierazten da eskubide hori baliatzeko erregimena ahoz zehazten dela maiz, eta horrek babesgabetasun-sentsazioa sortzen du interesdunarengan.
Administrazio publikoek idatzizko erantzun arrazoitua eman behar diete herritarrek edo beren langileek egiten dituzten eskaerei, betebehar hori ezartzen baitute legeek (Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/205 Legearen 36. artikulua, eta Nafarroako Foru Komunitateko administrazioari buruzko abenduaren 3ko 15/2004 Foru Legearen 7. artikulua).
Kexaren egileak bere eskaeren idatzizko erantzun bat jasotzeko duen eskubidea are indar handiagoz jartzen da agerian, baldin eta administrazioaren ebazpena ez badator guztiz bat egiten den eskaerarekin (ezespen-epaia, osorik edo hein batean). Erantzun hori beharrezkoa da, eta saihestu egiten du adierazitako segurtasun juridikorik ezaren eta babesgabetasunaren sentsazioa. Izan ere, administrazioak hartutako erabakiaren aurrean erreakziona dezake interesdunak, dagokion administrazio-errekurtsoaren bidez. Hortaz, erakunde honek beharrezkotzat jotzen du legezko betebeharrak gogora ekartzea, Eskubide Sozialen Departamentuak idatziz erantzun diezaien interesdunak egiten dituen eskaerei, interesdunak eskatzen duenarekin bat ez datozenean.
Aurreko lerroaldean aurreikusitako metaketa ez zaie aplikatuko unibertsitatez kanpoko irakasleei».
Artikulu horretako bigarren eta hirugarren paragrafoetan ezarritakoaren arabera, zilegi da murrizketa lanaldi osotan metatzea, baldin eta hori bateragarria bada zerbitzuaren funtzionamendu egokiarekin.
Administrazio-organoak kexaren harira egindako txostenean, ez da azaltzen zer heinetan izango den kaltegarria zerbitzu publikoarentzat kexaren egileak berak nahi duen moduan baliatzea murrizketa (alegia, «egun solteen» bidez, egun horiek Hizkuntza Eskola Ofizialean euskara-eskolak dituen egunekin bat etorraraziz).
Erakunde honen ustez, murrizketa egun osoetan metatuta baliatzeko eskaerak behar besteko denboraz egiten badira –ondore horietarako, kontuan hartzekoa da, oinarri berbera baitu, Nafarroako Administrazio Publikoetako funtzionarioen opor, lizentzia eta baimenen erregelamendua onesten duen otsailaren 9ko 11/2009 Foru Dekretuaren 3. artikulua–, eta, horrela, zerbitzua antolatzen bada erabiltzaileei zerbitzu egokia emateko, ez da oztoporik egongo eskatzen dena egiteko.
Alde horretatik, eta lehen gaiari buruz esandakoaren ildotik, ezin da ondorioztatu Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioak ez duela baliabiderik alternatiba bat emateko langilea egun batez lanetik kanpora joaten denetan (hortxe baitago kontratu bidez ordezkatzeko aukera edo, hala badagokio, zerbitzua berrantolatzekoa), eta, hortaz, ezin da eskaera onartzeko eta ordezkapena egiteko baldintzatzat hartu absentzia-egunak «binaka» eskatzen direla (hori da eskaera ezezteko arrazoia, adierazten denaren arabera).
Nolanahi ere, esan bezala, kexa-espedientean ez da arrazoirik azaltzen, erakunde honi ondorioztarazten diona funtzionarioaren eskubideak bertan behera gelditu behar duela, zerbitzuaren funtzionamendua mantentzeko beharra dela eta.
Nafarroako Foru Komunitateko Arartekoaren erakundea arautzen duen uztailaren 3ko 4/2000 Foru Legearen 34.2. artikuluari jarraikiz, eta aginduzkoa betez, Etxarri Aranatzeko Udalak bi hileko epean jakinarazi beharko du ebazpen hau onartzen duen eta, dagokionean, hura betetzeko zer neurri hartu dituen.
Lege-agindu horretan xedatzen denez, aipatutako administrazio publikoak arartekoaren erabakia onartzen ez badu, erakunde honek erabaki dezake gai hori 2017. urteari dagokion urteko txostenean sartzea eta Nafarroako Parlamentuan azaltzea, jarrera hori izan duen administrazio publikoa berariaz aipatuz, baldin eta arartekoaren iritziz erabakia onartzea posible bazen.
Adeitasunez, zure erantzunaren zain,
El Defensor del Pueblo de Navarra
Nafarroako Arartekoa
Francisco Javier Enériz Olaechea
Partekatu edukia