Bilaketa aurreratua

Ebazpenak

Nafarroako Arartekoaren ebazpena (Q18/24); horren bidez Iruñeko Udalari gomendatzen zaio kexaren egileari berak eskatutako euskara-ikastaroa egiteko baimena eman diezaiola.

2018 otsaila 05

Euskara

Gaia: La denegación por el Ayuntamiento de Pamplona-Iruña de una autorización solicitada por un funcionario para realizar un curso intensivo de euskera del nivel A.1.2, por tratarse de un nivel inferior al B1.

Euskara

Iruñeko Alkatea

Alkate txit gorena:

  1. 2018ko urtarrilaren 12an, erakunde honek […] jaunaren idazki bat jaso zuen. Idazki horretan, […] jaunak kexa bat aurkeztu zuen Iruñeako Udalean, ukatu egin ziotelako A.1.2 mailako euskara-ikastaro trinko batean izena emateko eskaera, ikastaroak B.1 baino maila baxuagoa zuelako.

    Idazki horretan, hauxe adierazi zuen:

    1. 2017ko urtarrilaren 10ean jakinarazi zioten 2016ko abenduaren 28ko Giza Baliabideen Zuzendaritzaren Ebazpena (6/EL), Udaleko langileek euskara ikasteko 2016-2017 ikasturterako plana onartzen zuenaren osagarria, eta, horren bidez, Giza Baliabideen zuzendariak A.1.1 eta A.1.2 euskara-ikastaro trinkoak egiteko baimena eman zion.
    2. 2018ko azaroaren 24an, Udaleko Giza Baliabideen Idazkaritza Teknikoak jakinarazi zion A.1.2 mailako euskara-ikastaro trinkoan izena emateko eskaera ezetsi ziotela.
    3. Iruñeako Udaleko eta haren erakunde autonomoetako funtzionarioen eta kontratupeko administrazio-langileen 2017tik 2019ra arteko baldintzei buruzko akordioak hauxe ezartzen du 4. artikuluan: «Udalak euskaldundu nahi duten langile guztien euskalduntzea sustatuko du; euskararen sustapenean aurrendari izango da, eta horretarako beharrezkoak diren partidak eta bitartekoak jarriko ditu».
    4. Azaroaren 15eko 103/2017 Foru Dekretuak, euskararen erabilera arautzen duenak Nafarroako administrazio publikoetan, beren erakunde publikoetan eta menpeko dituzten zuzenbide publikoko entitateetan, administrazio publikoek beren langileek euskara herritarrekiko harremanetan erabiltzeko gero eta gaitasun handiagoa izan dezaten sustatuko dutela ezartzen du 41. artikuluan.
    5. Euskarabideko ikastaroetan 2018ko lehen seihilekoko izena emateko jarraibideetan ezartzen denez, ez da B.1 mailatik beherako ikastaro trinkoak egiteko baimenik emango. Hori da, hain zuzen, A.1.2 mailako ikastaro trinkoa egiteko baimen-eskaera ezesteko arrazoi bakarra.
    6. Jarraibideek B.1 mailatik beherako ikastaroetarako baimenak baztertzea ez dator bat zuzenbidearekin, baldin eta euskaldundu nahi duten langileen euskalduntzea sustatu nahi bada. Alde horretatik, kexaren egilearen ustez, onartutako jarraibideak murriztaileagoak dira Udalak langileekin izenpetutako hitzarmen kolektiboa baino.
  2. Horiek ikusita, erakunde honek Iruñeako Udalera jo zuen, hizpidera ekarritako auziaz informazioa eskatzeko.

    Jasotako txostenean, hauxe adierazten da:

    «Hain zuzen ere, 2016-2017 ikasturteko ikaskuntza-planarekin bat, bi ikastaro trinko egiteko baimena eman zitzaion (horixe ikus daiteke honekin batera aurkeztutako agirian), nahiz eta, garai hartako kudeaketa-arauen arabera, ez zen baimen hori eman behar, ez baitzituen betetzen ikastaro trinkoak egiteko bete beharreko baldintzak.

    2017-2018 ikasturte honetarako, […] jaunak berriro eskatu zuen egin zuen azken ikastaro trinkoaren maila bereko ikastaro trinko bat egiteko baimena, eta eskaera ezetsi zioten, ikastaroak B1 baino maila baxuago duelako, gure kudeaketa-arauetan ezarritakoari jarraikiz.

    Ikasturte honetan, baimenez arduratzen diren langileen artean aldaketa batzuk egiteaz gain, baimenak kudeatzeko arauetan ere aldaketa bat egin da, arlo horretako adituen irizpide teknikoekin bat, eta B1 baino maila baxuagoetan ikaskuntza beste modalitate batean eraginkorragoa dela erabaki da: ez ikastaro trinkoen bidez, baizik eta autoikaskuntzaren edo epe luzeko ikastaroen bidez, besteak beste.

    Gaur egun, lanean dihardugu prestakuntzaren kudeaketa hobetzeko, eta espero dugu hurrengo ikasturtean aurrerapausoak ematea langile publikoek euskara eta beste gai batzuk ikasteko prestakuntzaren banakako plangintzan. Plangintza horri esker, hobeto aprobetxatuko ditugu baliabide publikoak».

  3. Argi geratu denez, interesdunak Hizkuntzetarako Europako Erreferentzia Esparru Bateratuko A.1.2 baino baxuagoa den euskara-ikastaro trinko bat egiteko eskatutako baimena ukatu diotelako aurkeztu du kexa.

    Eskatutako baimena ukatzeko arrazoitzat ematen da Iruñeako Udalean badaudela jarraibide batzuk, B.1 baino maila baxuagoko ikastaro trinkoak egiteko baimenik emango ez dela diotenak. Udalak jakinarazi duenez, ez da eraginkortzat jotzen ikastaro trinkoen bidez B.1 baino maila baxuagoetan euskara ikastea, eta horregatik hartu zen erabaki hori, kasu horretan egokiagotzat jotzen baita epe luzeko ikastaroak edo autoikaskuntzako ikastaroak egitea.

  4. Azaroaren 15eko 103/2017 Foru Dekretuak, euskararen erabilera arautzen duenak Nafarroako administrazio publikoetan, beren erakunde publikoetan eta menpeko dituzten zuzenbide publikoko entitateetan, irizpide batzuk ezartzen ditu 41. artikuluan, lanbidean aritzeko hizkuntza gaitasunerako:
    1. «Foru dekretu honetako 1.2 artikuluan aipatutako administrazio publikoek, erakunde publikoek eta zuzenbide publikoko entitateek beren langileek euskara herritarrekiko harremanetan erabiltzeko gero eta gaitasun handiagoa izan dezaten sustatuko dute.
    2. Euskarabidea-Euskararen Nafar Institutuak euskaraz trebatzeko ikastaroak antolatuko ditu, hizkuntza horretan trebatutako langileen kopurua behar adinakoa eta nahikoa izan dadin. Hori guztia, Euskarari buruzko Foru Legean, foru dekretu honetan eta onets daitezkeen bestelako garapen-arauetan aurreikusitako helburuak bete daitezen.
    3. Erregelamenduz finkatuko dira aurreko apartatuan aipatutako ikastaro horien modalitateak, ikastaro horietan sartu eta parte hartzeko baldintzak eta haietan beren borondatez parte hartu nahi dutenen betebeharrak.
    4. Prestakuntza jarduerak antolatuko dira lana, familia eta bizitza pertsonala ahalik eta ongiena uztar daitezen.
    5. Agintariek eta zuzendaritzako organoek euskarazko prestakuntzaren urteko planak elkarrekin prestatuko dituzte eta haiek betetzen direla begiratuko dute».

      Bestalde, Iruñeako Udaleko eta haren erakunde autonomoetako langileen 2017tik 2019ra arteko hitzarmen kolektiboaren 4. artikuluko lehenengo eta bigarren ataletan hauxe ezartzen da:

      1. «Langileek euskalduntze-ikastaroetan parte hartzea: Administrazioa elebiduna izan dadin eta harrera euskaraz eman dadin bermatze aldera, Udalak euskaldundu nahi duten langile guztien euskalduntzea sustatuko du; euskararen sustapenean aurrendari izango da, eta horretarako beharrezkoak diren partidak eta bitartekoak jarriko ditu.
      2. Udal honek helburutzat du herritar guztiei harrera eta zerbitzuak berek hautatzen duten Nafarroako hizkuntzetako edozeinetan ematen zaizkiela bermatzea, eta bitartekoak jarriko dira hala nahi duten langile guztiek beren lanpostuarekin edo maila handiagoko lanpostuekin bat datozen hizkuntza-eskakizunak bete ditzaten».
  5. Arau-esparrutik eta lan-harremanetatik ondorioztatzen da Iruñeako Udalak langile publikoen artean euskararen ikaskuntza sustatzeko borondate argia duela, udal administraziora doazen herritarrek Nafarroako berezko hizkuntza hori erabiltzeko aukera izan dezaten. Alde horretatik, Udala aurrendari da euskararen sustapenean, eta konpromisoa hartzen du bere langileek antolatzen diren euskara-ikastaroetan parte hartzeko beharrezkoak diren partidak eta bitartekoak jartzeko.

    Euskarabideak-Euskararen Nafar Institutuak hainbat modalitatetako ikastaroak antolatzen ditu. Horien artean, funtsean, hiru ikastaro mota daude: epe luzekoak (ikasleak eskoletara joaten dira astean bi, hiru edo lau aldiz, irailetik maiatzera bitartean), trinkoak (goizez ematen dira, 6 orduz jarraian hilabetez segidan), eta autoikaskuntza (Interneteko plataforma baten bidez, modu librean edo tutore batek lagunduta).

  6. Iruñeako Udalaren iritziz, ikastaro trinkoak ez dira eraginkorrak euskara-ikaskuntzaren hastapeneko mailetan.
  7. Nolanahi ere, Euskarabidea-Euskararen Nafar Institutuak modalitate hori eskaintzen du, eta gogora dezagun erakunde horrek duela eskumena Nafarroako administrazio publikoetako langileek euskara ikasteko eta hobetzeko prestakuntza antolatzeko eta kudeatzeko, bai eta prestakuntza- eta sustapen-planak egiteko ere euskara administrazio publikoetan erabil dadin.

    Erakunde honen arabera, euskara-ikastaro batean edo modalitate jakin batean (ikastaro trinko batean, kasu honetan) izena emateko baimena ezeztatzeko arrazoia zerbitzu publikoaren premiekin lotutako inguruabarretan oinarritu daiteke; izan ere, inguruabar horiek berekin ekar dezakete prestakuntza jasotzeko eskubidea bertan behera gelditzea. Edonola ere, ezin da pentsatu gai horretan eskumena duen erakundeak eskaintzen duen modalitate jakin bat ez dela eraginkorra euskara ikasteko. Izan ere, erakunde horrek modalitate hori eskaintzen badu, euskara ikasteko eraginkortzat jotzen duelako da.

    Hori dela eta, erakunde honek beharrezkotzat jotzen du Iruñeako Udalari gomendatzea kexaren egileari berak eskatutako euskara-ikastaroa egiteko baimena eman diezaiola.

  8. Horren ondorioz, uztailaren 3ko 4/2000 Foru Legearen 34.1 artikuluak ematen dizkion ahalmenekin bat, Nafarroako Arartekoak beharrezkotzat jo du:

    Iruñeko Udalari gomendatzea kexaren egileari berak eskatutako euskara-ikastaroa egiteko baimena eman diezaiola.

Nafarroako Foru Komunitateko Arartekoaren erakundea arautzen duen uztailaren 3ko 4/2000 Foru Legearen 34.2. artikuluari jarraikiz, eta aginduzkoa betez, Etxarri Aranatzeko Udalak bi hileko epean jakinarazi beharko du ebazpen hau onartzen duen eta, dagokionean, hura betetzeko zer neurri hartu dituen.

Lege-agindu horretan xedatzen denez, aipatutako administrazio publikoak arartekoaren erabakia onartzen ez badu, erakunde honek erabaki dezake gai hori 2017. urteari dagokion urteko txostenean sartzea eta Nafarroako Parlamentuan azaltzea, jarrera hori izan duen administrazio publikoa berariaz aipatuz, baldin eta arartekoaren iritziz erabakia onartzea posible bazen.

Adeitasunez, zure erantzunaren zain,

El Defensor del Pueblo de Navarra

Nafarroako Arartekoa

Francisco Javier Enériz Olaechea

Partekatu edukia