Bilaketa aurreratua

Ebazpenak

Nafarroako Arartekoaren Ebazpena (Q18/114) Nafarroako Unibertsitate Publikoari eta Nafarroako Gobernuko Hezkuntza Sailari iradokitzea neurriak hartzeko unibertsitate horretan erizaintzako gradua euskaraz ezarri ahal izateko, ikasketak aipatutako hizkuntzan egin nahi dituzten ikasleek hala egin ahal izan dezaten.

2018 martxoa 15

Euskara

Gaia: La falta de oferta en la Universidad Pública de Navarra del Grado de Enfermería en euskera.

Euskara

Nafarroako Unibertsitate Publikoko Errektore

Errektore Jaun Txit agurgarria:

____________________________________

Hezkuntza Kontseilaria

Kontseilari Anderea:

  1. 2018ko otsailaren 12an, instituzio honek idazki bat jaso zuen. […] Behatokiaren zuzendariarena, eta haren bidez, kexa aurkeztu zuen Nafarroako Unibertsitate Publikoan Erizaintza euskaraz ikasteko dauden zailtasunen harira.
  2. Ondoren, Nafarroako Unibertsitate Publikoari eta Nafarroako Gobernuko Hezkuntza Sailari zuzendu zen erakundea, piztutako gaiari buruz informazioa eskatzeko.
  3. 2018ko martxoaren 7an Nafarroako Unibertsitate Publikoaren txostena jaso zen eta bertan hau azaldu zen:

    Idatzi honen bitartez […] andreak, Hizkuntz Eskubideen Behatokiko zuzendariak, aurkeztutako kexaren berri ematen zaio Arartekoari. Nafarroako Unibertsitate Publikoan erizaintzako gradua euskaraz ez eskaintzeari buruzkoa da kexa hori.

    Aurkeztutako kexari ezin zaio erantzun ondoren azaldutako arrazoiak direla eta.

    Osasun Zientzien Fakultatea Osasun Zientzien Saileko irakasleez baliatzen da esleituta dituen graduetako ikasketak eskaintzeko, bereziki erizaintzako ikasketak eskaintzeko.Kategoria iraunkorretako irakasleen gabeziari dagokion egitura-arazoa dago, baina ez unibertsitate honetan bakarrik, denetan baizik; eta horrek denbora partzialeko irakasle elkartuetara jotzea dakar, hau da, irakaskuntza lanaldi partzialeko kontratuekin betetzen duten osasun arloko profesionaletara jotzea, alegia.Horren adierazgarri da Osasun Zientzien Fakultatean eskainitako graduetan lanaldi partzialeko kontratua duten irakasleen kopurua % 69koa izatea, eskainitako ikasketen % 60.Hala eta guztiz ere, zifra horiek ez dute % 40 eta % 30 gainditzen, hurrenez hurren (unibertsitatearen batez bestekoan), eta horrek argi eta garbi erakusten du arazoaren nondik norakoa.

    Unibertsitatearen aldetik ahalegin handia egin da lanaldi osoko irakasleen ehunekoak gora egin dezan, baina emaitzak eskasak izan dira, unibertsitateko irakasle iraunkorren lanpostuak betetzeko beharrezko egiaztagiriak dituzten pertsonak gutxi direlako.Irakasle elkartuen kasuan ere ez da erraza izaten sortzen diren lanpostu huts guztiak betetzea, txandatze-tasa handia dute gainera.

    Hortaz, erraz imajinatu daiteke zailtasun horiek areagotu egiten direla nabarmen nolanahiko murrizketak ―hizkuntza-eskakizunak barne― dituzten lanpostuetarako deialdia egiten denean eta, ondorioz, une honetan ez da bideragarria erizaintzako gradua eskaraz eskaintzea, horretarako gai den irakasleak falta baitira.Horren harira, gaur egun euskaraz eskaini daitezkeen irakasgaien kopurua ere beste ikastetxeetan eskaintzen dena baino txikiagoa da.

    Nolanahi ere, unibertsitateak lanean dihardu, eta hala erakutsi du, gradu horretan eta beste batzuetan geroz eta irakasgai gehiago eskaini ahal izateko euskaraz eta pixkanaka prestakuntza elebiduna eskaini ahal izateko.

    Hortaz, idatzi hau onartzea eskatzen dut eta Arartekoaren erakundeak eskatutako izapidea betetzat hartzea.

  4. 2018ko martxoaren 8an Hezkuntza Sailak igorritako txostena jaso zen eta bertan hau adierazten da:

    “Nafarroako Unibertsitate Publikoaren Plan Estrategikoan programatutako ekintzen artean dago euskarazko irakaskuntza eta horren kalitatea hobetzea.

    Gai horrek interes berezia du Hezkuntza Sailarentzat eta, bereziki horretarako, Nafarroako Unibertsitate Publikoari finantzaketa eskaintzen dio euskarazko irakaskuntza eta horren kalitatea areagotzeko zenbateko hauekin: 161.186 € (2018), 302.075 € (2019) eta 387.816 € (2020). Seigarren klausulan, Hobekuntzetarako finantzaketa, jasota dago eta Nafarroako Unibertsitate Publikoaren Hainbat Urtetarako Finantzaketa Hitzarmenean (2018-2020) zehaztuta.

    Hainbat urtetarako finantzaketa-hitzarmen horretan jasota dago baita ere irakaskuntza-talde berri bakoitzaren sorrerari dagokion finantzaketa, Irakaskuntza-emaitzengatiko finantzaketa atalean. Hitzarmeneko bosgarren klausulan jasotakoaren arabera, 2017ko erreferentziazko zenbatekoa 100.203 €-koa da eta hurrengo ekitaldietan eguneratu egingo da.

    Erizaintzako gradua euskaraz eskaintzeak Hezkuntza Sailaren erabateko babesa izango luke, zalantzarik gabe.Dena den, UPNAk, duen autonomia akademikoaren harira, prestakuntza-eskaintza handitu dezake euskarazko gradu osagarriekin, behin eskuragarri dituen giza baliabideak eta baliabide materialak aztertuta".

  5. Gai horren harira, Nafarroako Parlamentuaren osoko bilkurak, 2018ko otsailaren 15eko saioan onartutako ebazpen bidez, hau adostu zuen:

    Nafarroako Parlamentuak Nafarroako Gobernuari eta Nafarroako Unibertsitate Publikoari erizaintzako gradua, baita eskatzen diren gainerako ikasketak ere, euskaraz egiteko aukera eskaintzeko eskatzen die eta helburu hori betetzeko beharrezkoak diren urrats guztiak eman ditzatela.

  6. Erakunde honek ―parlamentuarentzat zuzenbide konstituzionalaren eta ordenamendu juridikoak aitortutako eskubideak babesteko eta horien erabilera hobetzeko goi-komisarioa da―, Nafarroako Parlamentuak adierazitako nahiaren harira, egoki jotzen du Hezkuntza Sailari eta Nafarroako Unibertsitate Publikoari erizaintzako gradua euskaraz eskaini ahal izateko neurriak har ditzaten iradokitzea, ikasketa horiek aipatutako hizkuntzan egin nahi dituzten ikasleek hala egin dezaten.

    Erizaintzako ikasketak euskaraz ezartzea, kexaren zioa dena, erakunde honen arabera bat etorriko litzateke Euskararen Foru Legearen 1. artikuluak finkatzen dituen helburuekin, hau da: euskararen erabilera arrunta arautzea gizarte bizikidetzaren eta irakaskuntzaren esparruetan, herritarrek euskara erabiltzeko duten eskubidea babestea, euskararen berreskurapena eta garapena babestea Nafarroan eta euskararen erabilera sustatzea, eta euskararen erabilera eta irakaskuntza bermatzea, borondatezkotasun eta mailakatze irizpideei jarraiki.

    Nafarroako Unibertsitate Publikoko araudi erregulatzailearekin ere bat etorriko litzateke; izan ere, maiatzaren 12ko 110/2003 Foru Dekretu bidez onartutako araudi horren estatutuetan hizkuntza hori sustatzeko printzipioa dago, euskarak unibertsitatean duen presentziarekin lotuta.

    Horrez gain, kexan adierazitako moduan, eta aurrez aipatutako ebazpenaren onespena ekarri zuen parlamentu-mozioaren zioan adierazitako moduan, erizaintzako graduko ikasleen artean euskaldun asko egongo lirateke eta horrek iradokitako noranzkoan urratsak ematea egokia litzatekeela azpimarratuko luke.

    Era berean, herritarrei osasun-zerbitzu publikoa ematearekin lotura estua duen diziplina dela hartu behar da gogoan eta zerbitzu horretan erabiltzaileek hitz egiten duten hizkuntzan zerbitzua emateak esanahi berezia du interesdunentzat, are gehiago herritar horiek administraziora euskaraz zuzentzeko eskubidea baldin badute, baita eremu euskaldunean ere, euskara hizkuntza ofiziala baita eta, beraz, erantzunak eta arreta Nafarroak berea duen hizkuntzan jasotzeko eskubidea dute.

    Erakundea jabetzen da aztergai dugunaren moduko gaietan, planifikaziorako eta autoantolaketarako ahalmenekin bat egiten dutenetan, Nafarroako Unibertsitate Publikoak egindako txostenean azaltzen dituen alderdien modukoek eragin dezaketela, hala nola giza baliabide egokiak edukitzearekin lotutakoek, baina pentsatzen du eskumena duen administrazioak neurriak har ditzakeela hasierako zailtasunei aurre egiteko.

  7. Horrenbestez, eta uztailaren 3ko 4/2000 Foru Legearen 34.1. artikuluak aitortzen dizkion eskumenekin bat etorriz, Nafarroako Arartekoak komenigarritzat jo du:

    Nafarroako Unibertsitate Publikoari eta Nafarroako Gobernuko Hezkuntza Sailari iradokitzea neurriak hartzeko unibertsitate horretan erizaintzako gradua euskaraz ezarri ahal izateko, ikasketak aipatutako hizkuntzan egin nahi dituzten ikasleek hala egin ahal izan dezaten.

Lege-agindu horretan xedatzen denez, ukitutakoadministrazio publikoak arartekoaren erabakia onartzen ez badu, erakunde honek erabaki dezake gai hori 2018. urteari dagokion urteko txostenean sartzea eta Nafarroako Parlamentuan azaltzea, jarrera hori izan duen administrazio publikoa berariaz aipatuz, baldin eta arartekoaren iritziz erabakia onartzea posible bazen.

Adeitasunez, zure erantzunaren zain,

El Defensor del Pueblo de Navarra

Nafarroako Arartekoa

Francisco Javier Enériz Olaechea

Partekatu edukia