Bilaketa aurreratua

Ebazpenak

Nafarroako Arartekoaren Ebazpena (Q18/101) Altsasuko Udalari gomendatzea euskararen ezagutza nahitaezkoa ez den eta merezimendu gisa baloratu behar den kasuetan, lehiaketa-fasean ezarritako puntuazio osoa hizkuntza ofizial hori egiaztatu gabe lortu ahal izatea saihestea (hau da, lehiaketaren puntuazio osoan euskararen ezagutzagatiko puntuak sartzea), deialdiak irizpide horri egokituta.

2018 martxoa 27

Euskara

Gaia: La escasa valoración del conocimiento de euskera en dos convocatorias de personal aprobadas por el Ayuntamiento de Altsasu-Alsasua.

Euskara

Altsasuko alkatea

Alkate jaun hori:

  1. 2018ko otsailaren 7an, instituzio honek idazki bat jaso zuen. […] jaunarena, Administrazioan Euskaraz Taldearen ordez, eta haren bidez, kexa aurkeztu zuen. Idazki horretan Altsasuko Udalaren kontrako kexa bat aurkeztu zuen, Udal horrek obra zerbitzuan aritzeko iturgin eta zerbitzu anitzetako lanpostua osatzeko deialdiean eta obra zerbitzuan aritzeko igeltsero eta zerbitzu anitzetako lanpostua osatzeko deialdian, euskara jakiteari oso balorazio-maila txikia ematen zitzaiolako.
  2. Ondoren, erakunde honek Altsasuko Udaletxera jo zuen, horri buruzko informazioaren eske.

    2018ko martxoaren 12an jaso zuen Udalaren txostena erakunde honek, eta interesdunari helarazi zion.Txosten horren bidez, Udalak labur adierazten zuen honako hau, kexaren autoreak alegatutakoari lotuta:

    1. Bi deialdietan, hornikuntza modua lehiaketa-oposizio mugatua da, eta bakoitzean hautagai bakarra aurkeztu da.
    2. Ez da egia euskarazko ezagutza duen hautagai batek ezin duenik lortu hizkuntza horren ezagutzarik gabeko beste batek baino puntuazio altuagoa. Izan ere, kontzeptu horretako puntuazioa gainerako merezimenduekiko gehigarria da, deialdiaren zazpigarren oinarrian adierazten den bezalaxe.
  3. Adierazi den moduan, kexa aurkeztu da Altsasuko Udalak onetsitako lanpostuak betetzeko bi deialdietan euskararen ezagutza behar beste baloratzen ez dela eta.

    Deialdi hauetako zazpigarren eta zortzigarren oinarrietan hau jasotzen da (biak daude berdin idatzita):

    “7. Lehiaketa-fasea.

    Lehiaketa-fasea ez da baztertzailea, eta gehienez 30 puntu lortu ahal izango dira.Helburua da hautagai bakoitzaren merezimenduak baloratzea, eta, nolanahi ere, deialdiko lanpostuaren berezko eginkizunekin zuzenean lotutako gaiei buruzkoa izango da.

    Epaimahaiak baloratuko ditu, III. Eranskinean jasotako baremoari jarraikiz, hautagaiek lehiaketa-oposizioan parte hartzeko eskabidea aurkeztean dokumentalki alegatu eta frogatu dituzten merezimenduak.Agiri horiek jatorrizkoak edo behar bezala konpultsatutakoak izango dira; hala izan ezean, ez aurkeztutakotzat joko dira.

    Epaimahaiak edozein unetan eskatu ahal izango du lehiaketan parte hartzen dutenek alegatutako merezimenduei buruzko datu edo argibide osagarriak emateko.

    Euskararen inguruko proba:

    Gehienez 5 puntu lortu ahal izango dira, baremo honi jarraikiz:

    Udal-esparruan euskararen erabilera eta sustapena arautzen dituen ordenantzarekin bat etorriz, herritarrarekin harreman zuzena ez duten lanpostuetan euskararen balorazioa % 5 izango da, deialdiko puntu guztien gainean (lehiaketa gehi oposizioa).

    Horrenbestez, euskararen ezagutza gehienez 5 puntura arte baloratuko da EGA edo C1 tituluak edukitzeagatik.Maila txikiagoko titulazioei dagokienez, honela egingo da:A1 tituluarentzat 1 puntu, A2 tituluarentzat 2 puntu, B1 tituluarentzat 3 puntu eta B2 tituluarentzat 4 puntu.

    Ezagutza hori egiaztatzeko, hizkuntza-eskola ofizial batek emandako gaitasun-egiaztagiria edo ofizialki baliokidetzat aitortutako titulua aurkeztu ahal izango dira. Eskabideari kopia konpultsatua atxiki behar zaio.
    Euskararen ezagutzari buruzko proba eskatu nahi dutenek deialdian parte hartzeko eskabide orokorrean hala adierazi beharko dute.

    Lehiaketa-fasea amaitu ondoren, Epaimahaiak Altsasuko Udaleko iragarki-taulan argitaratuko du lortutako puntuazioa.

    8. Oposizio-fasea.

    Oposizio-faseak ariketa hauek barne hartuko ditu eta gehienez 70 puntu lortu ahalko dira.

    8.1. Lehenengo ariketa teoriaren inguruko test moduko galdetegi bat izango da (gai-zerrenda II. Eranskinean dago jasota).Ariketan, gehienez ere, 35 puntu lortu ahal izango dira, eta gutxienez horren erdia lortzen ez dutenak zuzenean baztertuko dira.

    8.2. Bigarren ariketa test moduko beste galdetegi bat izango da, teoriko-praktikoa, lanpostuaren eginkizunei buruzkoa.Ariketan, gehienez ere, 35 puntu lortu ahal izango dira, eta gutxienez horren erdia lortzen ez dutenak zuzenean baztertuko dira.

    8.3. Oposizio-faseko ariketa bakoitza amaitu ostean, Epaimahaiak Udaleko iragarki-taulan jarriko du hautagaien zerrenda, lortutako puntuazioarekin. Era berean, horren bidez jakinaraziko dira hurrengo ariketa egiteko eguna eta lekua.

    8.4. Deialdi bakarra egingo da probetarako. Bertan nortasun-agiri nazionala edo legez antzekoa den agiri bat aurkeztu beharko da, eta edozein arrazoi dela medio iragarkian adierazitako egun, ordu eta lekuan agertzen ez direnak zuzenean baztertuta geratuko dira.

    8.5. Ariketak Epaimahaiak erabakitzen duen hurrenkeran egingo dira, eta egun bakarrean edo gehiagotan egitea erabaki ahalko du.

    8.6. Ariketa bakoitza egiteko gehieneko epea Epaimahaiak zehaztuko du ariketa bera hasi aurretik”.

  4. Oinarri horiek aintzat hartuta, erakunde honek hau erabaki du:
    1. Lehiaketa-oposizioan gehienez ere 100 puntu lor daitezke (30 puntu gehienez lehiaketa-fasean eta 70 puntu gehienez oposizio-fasean). Izan ere, horixe bera adierazten da fase horiei dagozkien atalen hasieran.
    2. Euskararen ezagutza lehiaketa-fasearen barneko merezimendua da. Gehienez 5 puntu lortu ahal izango dira horri dagokionez, ezagutza-maila frogatzeko proba eginda edo hizkuntza-mailaren egiaztagiria aurkeztuta.

      Deialditik ez da ondorioztatzen euskararen balorazioa oposizio-fasearen zati denik.Era berean, ezin da ondorioztatu faseetako batean ere ez dagoenik:edo lehiaketa-fasean dago edo oposizio-fasean dago.

      Zazpigarren oinarrian (Lehiaketa-fasea) euskararen ezagutzari erreferentzia egiten zaio; hortaz, alderdi hori fase horretan puntuagarria dela ondoriozta daiteke.

    3. Zazpigarren oinarrian (III. Eranskinari dagokionez), ondorioztatzen da hautagaiek 30 puntuak lor ditzaketela lehiaketa-fasean euskararen ezagutza egiaztatzeko beharrik gabe (20 puntu emandako zerbitzuengatik eta 10 puntu prestakuntza osagarriagatik).
    4. Euskararen ezagutzagatiko gehieneko 5 puntu horiek lehiaketa-oposizioko 100 puntuko puntuazio osoarekin korrespondentzian ezartzen dira: Herritarrarekin harreman zuzena ez duten lanpostuetan euskararen balorazioa % 5 izango da, deialdiko puntu guztien gainean (lehiaketa gehi oposizioa).Horrenbestez, Euskararen ezagutza baloratuko da, gehienez 5 puntura arte.
  5. Hori guztia aintzat hartuta, erakunde honek ebazten du kexak oinarria duela. Izan ere, onartutako deialdiaren arabera, euskararen ezagutzaren merezimendua neutralizatuta edo gutxietsita gera liteke, puntu guztiak bestelako merezimenduak batuta lor baitaitezke (emandako zerbitzuak eta prestakuntza).

    Udalak kexa dela-eta aurkeztutako txostenean alegatutakoa onartzen bada (hau da, euskararen puntuazioa gainerako merezimenduei atxikitzen zaiela), ondorioztatuko genuke lehiaketa-oposizioan lor daitekeen gehieneko puntuazioa 105 puntu direla (30 puntu lehiaketa-fasean, 70 puntu oposizio-fasean, eta 5 puntu euskararen ezagutzagatik).Eta, kasu horretan, ez litzateke beteko oinarri arautzaileetan jasotzen den % 5eko ehunekoa, udal-ordenantzan aurreikusitakoari dagokionez. Eta, horrez gain, oposizioaren 70 puntuen eta lehiaketaren 30 puntuen baturaren ondoriozko zifra gaindituko litzateke.

  6. Euskarari buruzko Foru Legeak honako hau ezartzen du 15. artikuluan euskararen erabilerari buruz (5. artikuluan zehazten da Altsasu eremu euskaldunean dagoela): Administrazio Publikoek eta izaera publikoko enpresek gaikuntza progresiboa sustatuko dute, eremu euskaldunean zerbitzua ematen duten langileak progresiboki euskararen erabileran gaitu daitezen. Administrazio bakoitzak, berari dagozkion eskumenen esparruan, zehaztuko du zein lanpostutarako izanen den nahitaezkoa euskaraz jakitea, eta gainerakoentzat, merezimendu kualifikatutzat hartuko da besteren artean.

    Hortaz, euskararen ezagutza merezimendu kualifikatua da eta nahitaez baloratu behar da lehiaketa-oposizioaren kasuan, eremu euskalduneko udalerrietan lanpostuak betetze aldera.Euskara merezimendu gisa ez baloratzeak administrazioaren jarduketa legez kontrakoa izatea ekar dezake.

  7. Hori dela eta, erakunde honek bidezkotzat jotzen du Altsasuko Udalari gomendatzea euskararen ezagutza nahitaezkoa ez den eta merezimendu gisa baloratu behar den kasuetan, lehiaketa-fasean ezarritako puntuazio osoa hizkuntza ofizial hori egiaztatu gabe lortu ahal izatea saihestea (hau da, lehiaketaren puntuazio osoan euskararen ezagutzagatiko puntuak sartzea), deialdiak irizpide horri egokituta.
  8. Horrenbestez, eta uztailaren 3ko 4/2000 Foru Legearen 34.1 artikuluak aitortzen dizkion eskumenekin bat etorriz, Nafarroako Arartekoak beharrezkotzat jotzen du:

    Altsasuko Udalari gomendatzea euskararen ezagutza nahitaezkoa ez den eta merezimendu gisa baloratu behar den kasuetan, lehiaketa-fasean ezarritako puntuazio osoa hizkuntza ofizial hori egiaztatu gabe lortu ahal izatea saihestea (hau da, lehiaketaren puntuazio osoan euskararen ezagutzagatiko puntuak sartzea), deialdiak irizpide horri egokituta.

Nafarroako Foru Komunitateko Arartekoaren erakundea arautzen duen uztailaren 3ko 4/2000 Foru Legearen 34.2. artikuluari jarraikiz, eta aginduzkoa betez, Altsasuko Udalak bi hileko epean jakinarazi beharko du ebazpen hau onartzen duen eta, dagokionean, hura betetzeko zer neurri hartu dituen.

Gomendio horretan xedatzen denez, ukitutako administrazio publikoak arartekoaren erabakia onartzen ez badu, erakunde honek erabaki dezake gai hori 2018. urteari dagokion urteko txostenean sartzea eta Nafarroako Parlamentuan azaltzea, jarrera hori izan duen administrazio publikoa berariaz aipatuz, baldin eta arartekoaren iritziz erabakia onartzea posible bazen.

Adeitasunez, zure erantzunaren zain,

Nafarroako Arartekoa

Francisco Javier Enériz Olaechea

Partekatu edukia