Bilaketa aurreratua

Ebazpenak

Nafarroako Arartekoaren Ebazpena (Q17/817) Burlatako Udalari gogoratzeko euskararen erabilera eta sustapena arautzeko udal-ordenantzaren 15. artikulua betetzeko betebeharra duela, eta, horregatik, merezimendu bidezko lehiaketetan deialdiko puntu guztien % 5 gorde behar duela euskara baloratzeko; horrela, gainerako merezimenduen bitartez, ezingo da lortu % 95tik gorako puntuazioa (% 10 eta % 90, hurrenez hurren, herritarrekin harreman zuzena duten lanpostuetarako).

2018 otsaila 02

Euskara

Gaia: Desacuerdo con la escasa valoración del euskera en una convocatoria del Ayuntamiento de Burlada-Burlata para la provisión de un puesto de trabajo de jefatura de obras y servicios.

Euskara

Burlatako alkatea

Alkate jaun hori:

  1. 2017ko abenduaren 26an, […] jaunak, Administrazioan Euskaraz Taldea elkartearen izenean, Burlatako Udalari zuzendutako kexa bat aurkeztu zuen erakunde honetan. Horren bidez adierazten zuen euskara jakiteari oso balorazio-maila txikia ematen zitzaiola, Udal horretarako eta haren erakunde autonomoetarako Lan eta Zerbitzuetako buruzagitzako lanpostu baterako deialdian.

    Idazki hartan, hauxe zioen:

    1. 2017ko abenduaren 5ean, Burlatako Udalak deialdi bat argitaratu zuen, oposizio-lehiaketa bidez Lan eta Zerbitzuetako buruzagitzako lanpostu bat betetzeko (B maila).
    2. Burlatako udal-esparruan euskararen erabilera eta sustapena arautzen dituen ordenantzako 14. artikuluak honako hau ezartzen du: Burlatako Udalak lanpostuak betetzeko egiten dituen deialdi guztietan,bhizkuntza hori jakitea merezimendutako sartuko da, eraskinaren ariora euskaraz jakitea beharrezkoa ez bada. Halaber, 15. artikuluan hau gehitzen da: Herritarrarekin harreman zuzena ez duten lanpostuetan euskararen balorazioa % 5 izanen da deialdiko puntu guztien gainean (lehiaketa gehi oposizioa). Aldiz, herritarrarekin harreman zuzena duten lanpostuetan euskararen balorazioa % 10 izanen da deialdiko puntu guztien gainean (lehiaketa gehi oposizioa).
    3. Kexaren xede den deialdian, euskararen balorazioak % 5 izan behar zuen. Hala ere, lehiaketa faseari esleitutako 15 puntuak euskararen ezagutza egiaztatu gabe lor daitezke.
    4. Merezimenduek, euskara eta oposizioaren puntuak zenbatu gabe, muga bat izan behar lukete (deialdiaren puntu guztien % 95). Hala ez bada, baliteke euskararen balorazioak eraginik ez izatea. Praktika hori ohikoa da euskararen merezimenduaren eragina murriztu edo ia erabat ezabatzeko.
  2. Kexa jaso ondoren, erakunde honek Burlatako Udalera jo zuen, gai horri buruzko informazio eske.

    Jaso genuen txostenak honela dio:

    1. Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratutako deialdiaren oinarrien kopia atxiki dut, aurkeztutako kexa horri buruzkoa baita.

      Kopia horretan horiz nabarmenduta daude fase eta proba bakoitzari esleitutako puntuak edo bertan baloratzeko irizpideak. Zehazki, honako hauek baloratzen dira:

      • Esperientzia: 8 puntura arte.
      • Prestakuntza: 7 puntura arte.
      • Euskara: 5 puntura arte.
      • Lehenengo ariketa: 20 puntura arte.
      • Bigarren ariketa: 20 puntura arte.
      • Hirugarren ariketa: 35 puntura arte.
      • Hizkuntza ez-sexista erabiltzea: 5 puntura arte.

        Puntu horien guztien batura 100 puntu dira; hau da, hautapen-prozesuan lor daitekeen puntuaziorik altuena. Horietatik 5 puntu esleitzen zaizkio euskararen ezagutzari, bai Burlatako udal esparruan euskararen erabilera arautzen duen ordenantzak hala xedatzen duelako, bai tokiko erakunde horren plantilla organikoaren datuak aintzat hartuta; (…) alegaziogile jaunak bere idatzian adierazi eta aitortzen duen bezalaxe.

    2. Adierazitakoa aintzat hartuta eta erantsi diren oinarriak aztertu ondoren, esango nuke hautapen-prozesuan behar bezala ezarri dela euskararen balorazioan % 5eko ehunekoa, eta alegaziogilea oker dagoela adierazten duenean 90 puntutik 5 puntu ematen direla (guk esan bezala, 100 puntutik 5 puntu ematen dira). Izan ere, hori ez litzateke bat etorriko udal-araudiarekin, euskararen garrantzia adierazitako % 5etik gorakoa izango baita.

      Beste kontu bat da (baina ulertzen dugu ez dela aztertu beharrekoa) (…) jauna zein iritzi legitimo eta subjektibo duen euskarak Administrazioan izan behar duen garrantziari eta aplikatzeko moduei buruz. Burlatako Udala hautapen-prozesu guztietan euskara baloratzearen alde dago, lanpostu batean euskaraz jakitea derrigorrezkoa ez denean Eta horrela aplikatzen da duela urte batzuetatik, arazorik gabe".

  3. Adierazi dugun bezala, kexa gai honi buruzkoa da: Burlatako Udalerako eta haren erakunde autonomoetarako Lan eta Zerbitzuetako buruzagitzako lanpostu bat (B maila) lehiaketa-oposizio bidez betetzeko deialdian euskara baloratzeko modua.

    Kexaren egilearen arabera, Burlatako udal-esparruan euskararen erabilera eta sustapena arautzen dituen ordenantzak ezartzen du euskararen balorazioa % 5 izango dela, nahiz eta gainerako merezimenduen balorazioa % 95en baliokidea izan, deialdian lehiaketa faseari esleitutako puntu guztiak kontuan hartuta. Hala ere, kexaren xede den deialdian, euskararen balorazioa % 5,56koa bada ere, lehiaketaren faseko puntu guztiak lor daitezke euskararen ezagutza egiaztatu gabe.

    Burlatako Udalak, berriz, txosten batean azaldu ditu bere jokabidea justifikatzeko arrazoiak:

  4. Euskarari buruzko abenduaren 5eko 18/1986 Foru Legeak honako hau ezartzen du bere 17. artikuluan eremu mistoan euskarak duen erabilerari buruz (5. artikuluan zehazten da Burlata eremu mistoan dagoela):

    Herritar guztiek euskara nahiz gaztelania erabiltzeko eskubidea dute Nafarroako Administrazio Publikoei zuzentzeko.

    Eskubide horren erabilera bermatzeko, Administrazio horiek honako hau egin dezakete:

    1. Urteroko lanpostuen eskaintza publikoan zehaztu zein lanpostutarako den nahitaezkoa euskaraz jakitea.
    2. Gainerako lanpostuetara iristeko deialdietan euskararen ezagutza merezimendu gisa baloratu”.
  5. Lege-aurreikuspen horrekin bat, Burlatako Udalak euskararen erabilera eta sustapena arautzen dituen ordenantza onetsi zuen. Bada, ordenantzaren zioen adierazpenaren atalean hau ezartzen da: Burlatako Udalarentzat, udalerriko bi hizkuntza berezkoetariko bat da euskara. Gainera, ordenantza honetan, kontuan hartzen du euskararen sustapen eta normalizazioari dagokionez herritarrek duten aldeko jarrera (…).

    Normalizazio eta sustapeneko helburu horiek lortzeko, 5. artikuluan honako hau xedatzen da: Herritarrek Burlatako Udalari gaztelaniaz nahiz euskaraz egiteko eskubidea dute. Horren harira, Ordenantzako 7. artikuluak hau ezartzen du: Ahoz, Udalari euskaraz egitea hautatzen duten herritarrei hizkuntza horretan egingo zaie harrera. Horretarako, Udalak jarduketa-plan bat diseinatu eta burutuko du, lantokietan, jendeari harrera egin behar bazaio, udal langile euskaldunak izatea bermatzeko, betiere ordenantza honen V. kapituluak dioen bezala.

    Bestalde, 14. artikuluan zehazten da lanpostu publiko batera iristeko euskara jakitea derrigorrezkoa ez den kasuetan, ezagutza hori merezimendu gisa baloratuko dela; eta 15. artikuluan baloratzeko modua azaltzen da:

    Herritarrarekin harreman zuzena ez duten lanpostuetan euskararen balorazioa % 5 izanen da deialdiko puntu guztien gainean (lehiaketa gehi oposizioa). Aldiz, herritarrarekin harreman zuzena duten lanpostuetan euskararen balorazioa % 10 izanen da deialdiko puntu guztien gainean (lehiaketa gehi oposizioa).

  6. Aurreko arauak aintzat hartuta ondorioztatzen da, Burlatako Udalak bere eskumen-esparruan euskara sustatu eta normalizatu nahi duela. Horretarako, besteak beste, hizkuntza horren ezagutza espezifikoki baloratu behar du euskaraz jakitea derrigorrezkoa ez den lanpostuak betetzeko orduan.

    Kexaren xede den deialdiaren seigarren oinarrian ezartzen da lehiaketaren fasean hautagaiek gehienez hamabost puntu lor ditzaketela, honela banatuta:

    1. Esperientzia: gehienez zortzi puntu.
    2. Prestakuntza osagarria: gehienez zazpi puntu.
    3. Euskara: gehienez bost puntu.
  7. Erakunde honen arabera, kexaren xede den deialdian euskararen ezagutza baloratzeko moduak ez ditu betetzen Burlatako udal-esparruan euskararen erabilera eta sustapena arautzen dituen ordenantzan jasotzen diren helburu eta aginduak (ordenantza hori Euskarari buruzko Foru Legean jasotako aginduak garatzeko onetsi zen). Izan ere, lehiaketa faseari esleitutako puntuazio osoa euskararen ezagutza egiaztatu gabe lor daiteke, eta horrela ezagutza hori indargabetu egiten da baloratzeko merezimendu gisa.

    Adibidez, bi hautagaik gehieneko puntuazioa lortzen badute esperientzia eta prestakuntzaren ataletan (zortzi eta zapi puntu, hurrenez hurren), eta horietako batek, gainera, euskararen ezagutza egiaztatu ahal badu, horrek ez luke ezertarako balioko, lehiaketa faseari dagokionez deialdian ezarritako puntu guztiak lortu dituztelako jada (hamabost puntu). Egoera hori ez dator bat Burlatako udal-esparruan euskararen erabilera eta sustapena arautzen dituen ordenantzaren helburu honekin: udal langile euskaldunak izatea, herritarrek Udalari euskaraz zuzentzeko duten eskubidea bermatzeko.

    Hori dela eta, erakunde honek bidezkotzat jotzen du Burlatako Udalari gogoraraztea legez behartuta daudela, udalaren beraren ordenantzan xedatutakoarekin bat etorriz, euskara merezimendu gisa baloratzera, hizkuntza hori jakitea derrigorrezkoa ez den lanpostuetan. Era berean, saihestu egin behar dute lehiaketa faserako ezarritako puntu guztiak euskararen ezagutza egiaztatu gabe lortu ahal izatea.

  8. Beraz, eta Nafarroako Foru Komunitateko Arartekoaren erakundea arautzen duen uztailaren 3ko 4/2000 Foru Legearen 34.1. artikuluak ematen dizkion eskumenen arabera, hau jo du beharrezkotzat:

    Burlatako Udalari gogorarazi euskararen erabilera eta sustapena arautzen dituen ordenantzako 15. artikulua bete egin behar duela, eta, horregatik, merezimenduen lehiaketetan deialdiko puntuazioa osoaren % 5 gorde behar duela euskara baloratzeko. Hortaz, gainerako merezimenduek ezingo dute % 95 baino gehiago izan (% 10 eta % 90 herritarrekin harreman zuzena duten lanpostuetarako).

Nafarroako Foru Komunitateko Arartekoaren erakundea arautzen duen uztailaren 3ko 4/2000 Foru Legearen 34.2. artikuluari jarraikiz, eta aginduzkoa betez, Burlatako Udaletxeak bi hileko epean jakinarazi beharko du ebazpen hau onartzen duen eta, dagokionean, hura betetzeko zer neurri hartu dituen.

Lege-agindu horretan xedatzen denez, erreparatutako administrazio publikoak arartekoaren erabakia onartzen ez badu, erakunde honek erabaki dezake gai hori 2017. urteari dagokion urteko txostenean sartzea eta Nafarroako Parlamentuan azaltzea, jarrera hori izan duen administrazio publikoa berariaz aipatuz, baldin eta arartekoaren iritziz erabakia onartzea posible bazen.

Adeitasunez, zure erantzunaren zain,

Nafarroako Arartekoa

Francisco Javier Enériz Olaechea

Partekatu edukia