Partekatu edukia
Ogasuna
Gaia: La inadmisión del Ayuntamiento de Altsasu-Alsasua de una solicitud de revisión de oficio de la nulidad de un procedimiento de inspección del Impuesto de Actividades Económicas.
Ogasuna
Altsasuko alkatea
Alkate jaun hori:
2017ko urriaren 23an, erakunde honek idatzi bat jaso zuen […] jaunak aurkeztua, […] merkataritza-sozietatearen izenean. Idatzi horren bidez, kexa aurkeztu zuen Altsasuko Udalarekiko, ekonomia-jardueren gaineko zerga ikuskatzeko prozedura baten deuseztasuna ofizioz berrikus zedin egin zuen eskaera onartu ez duelako.
Idazki hartan, hauxe zioen:
gaiagatik edo lurraldeagatik organo nabarmen eskumengaberen batek eman baditu. Hain zuzen, 2015eko urriaren 13ko Ebazpenean onartutako ikuskapen-prozeduran halaxe gertatzen da, Udalak ez baitu eskumenik ekonomia-jardueren gaineko zerga egiaztatu eta ikertzeko jarduketarik egiteko, Nafarroako Foru Erkidegoaren Administrazioan soilik baitatza horretarako eskumena (hala du ebatzia Nafarroako Administrazio Auzitegiak, 938/2016 Ebazpenean).
Ez du eskatu Nafarroako Kontseiluaren aurretiazko irizpena, prozeduran beharrezkoa.
Horregatik guztiagatik, eskatu zuen Altsasuko Udalak eska zezala Nafarroako Kontseiluaren irizpena eta ebatzi zezala 2015eko urriaren 13ko Ebazpena ofizioz berrikusteko eskaera, edo, bestela, onartu zezala bidezkoa zela behar ez bezala ordaindutako 415,40 euroak itzultzea, ez baitzegokien ordaintzea, gehi horien interesak itzultzea.
Kexa jaso ondoren, erakunde honek Altsasuko Udalera jo zuen, gai horri buruzko informazio eske.
2017ko abenduaren 27an, erakunde honek eskatutako txosten hori jaso zuen, eta haren kopia bat helarazi zaio interesdunari.
Bistan denez, interesdunak Altsasuko Udalari kexa jarri dio, Udalak ez duelako onartu ekonomia-jardueren zergaren ikuskatze-prozedura ofizioz berrikusteko eskaera.
Kexa jarri duenak adierazi du, Altsasuko Alkatearen 2017ko urriaren 9ko Jakinarazpenean ez dela arrazoirik eman, eta ez duela eskatu Nafarroako Kontseiluaren aurretiazko irizpenik, Ebazpena ofizioz berrikusteko prozeduran beharrezkoa dena.
Altsasuko Udalak bere txostenean defendatzen du egoki jokatu duela interesdunak Ebazpena ofizioz berrikusteko egin duen eskaera ez onartuta, uste baitu Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen 39/2015 Legearen 106.3. artikulua aplikatzea dagokiola. Artikulu horretan arautu da ofizioz berrikusteko eskumena duen organoak interesdunek egindako eskaerak izapidetzeko ez onartzea erabaki dezakeela, autonomia-erkidegoko organo aholku-emailearen (Nafarroako Kontseiluaren) irizpena eskatu beharrik gabe, baldin eta oinarri berdintsuko beste eskaera batzuk funtsari dagokionez ezetsita badaude.
Altsasuko Udala Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legearen 106.3. artikuluan oinarritu da Nafarroako Kontseiluari irizpenik eskatu gabe Ebazpena ofizioz berrikusteko eskaera izapidetzea ez onartzeko. Artikulu horrek honela dio:
Ofizioz berrikusteko eskumena duen organoak, Estatu Kontseiluaren edo autonomia- erkidegoko organo aholku-emailearen irizpena eskatu beharrik gabe, interesdunek egindako eskaerak izapidetzeko ez onartzea erabaki dezake, arrazoiak azalduta, honako kasu hauetan: eskaerak 47.1. artikuluaren arabera deuseztzat jotzeko arrazoiren batean oinarritzen ez direnean, edo argi eta garbi funtsik gabeak direnean, edo oinarri berdintsuko beste eskaera batzuk funtsari dagokionez ezetsita daudenean.
Altsasuko Udalak iritzi dio ez diola Nafarroako Kontseiluari aldez aurretiko txostenik eskatu behar Ebazpena ofizioz berrikusteko eskaera ez onartzeko, ezetsi baitira funtsean eskaera honen oinarri berdintsuko beste eskaera batzuk funtsari dagokionez. Alde horretatik, Udalak uste du prozeduran errekurtso eta eskaera asko aurkeztu direla, jada, kasu honetan berrikusi nahi den Ebazpenari buruzkoak guztiak ere. Adierazten du, era berean, horiei guztiei egoki den erantzuna eman zaiela, oinarriari dagokionez betiere.
Hala eta guztiz ere, erakunde honek iritzi dio Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen Legearen 106. artikuluak arautzen duela auzi bat ofizioz berrikusteko prozedura bat izapidetzean eskuarki eskatu behar zaiola irizpena kontsulta-organoari –gure kasuan, Nafarroako Kontseiluari–, eta, interesdunek egindako eskaerak izapidetzeko ez onartzea erabaki dezakeela, a limine, baldin eta salbuespen hauek ematen badira: berrikusteko eskaerak deuseztzat jotzeko arrazoiren batean oinarritzen ez direnean, edo argi eta garbi funtsik gabeak direnean, edo oinarri berdintsuko beste eskaera batzuk funtsari dagokionez ezetsita daudenean.
Aztergai dugun kasuan, alde batera utzita Altsasuko Udalak kexa-idazkiari erantzunez emandako argibide judizialak, nabarmendu beharra dago interesdunak orain berrikustea nahi duen oinarri berdintsuko auzi batean epaia eman zuela Nafarroako Administrazio Auzitegiak. Epai hartan erabat deuseztzat jo zuen 2014. eta 2015. urteetako ekonomia-jardueren zerga likidatzeko jarduketa, Udalak ez duelako eskumenik zerga horren gaineko ikuskapenak egiteko.
Beraz, ebazpena berrikusteko egin den eskaerak baditu hura izapidetzea onartzeko elementuak, gai honen inguruan hainbat erabaki hartu baitira, antza denez. Horrez gain, ebazpena eman zuen organoak horretarako eskumenik ez duela alegatu da eskaera egitean [urriaren 1eko 39/2015 Legearen 47.1.b) artikulua oinarri hartuta]. Administrazioak hizpide dugun egintza deuseztzat jo daitekeen edo ez erabakitzeko bidea emango dioten elementu guztiak dituenean soilik jakingo da egintza berrikustea egoki den edo ez. Horretarako, alabaina, bete egin behar dira auzi bat ofizioz berrikusteko prozeduraren fase guztiak, legez ezarritakoak.
Alde horretatik, Auzitegi Gorenak (Administrazioarekiko Auzien Sala, 5. atala) 2001eko azaroaren 12ko epaian adierazitakoa ekarriko dugu hona:
Auzitegi honetako jurisprudentzian, tradizioz, bi fase bereizi dira era honetako prozeduretan. Lehen fasean espediente bat irekitzen da eta, egoki diren izapideak bete ondoren, Administrazioak erabakitzen du «prima facie» ea egintzan baden edo ez den hura berrikustea beharrezko egin lezakeen gorabeherarik. Era horretako gorabeherarik badagoela irizten baldin badio, bigarren faseari ematen zaio hasiera. Bigarren fase horretan, Estatu Kontseiluari edo harekin pareka litekeen autonomia-erkidegoko organo aholku-emaileari irizpena eman dezala eskatzen zaio, eta, hark emandako irizpenaren arabera, kasuan kasuko egintza deuseztatzea edo ez erabakitzen da. Horiek horrela, jurisprudentziak etenik gabe adierazi du baldin prozedura osorik izapidetu ez bada, adierazi berri ditugun bi faseetan, ezin daitekeela bide jurisdikzionaletik berrikusteko auziaren oinarrira iritsi egintza administratiboak eta xedapen orokorrak ofizioz berrikusteko prozeduran. Izan ere, auziaren oinarria aztertu ahal izateko, lehenik, egoki den prozedura bete behar du berrikusteke den egintza edo araudia gauzatu duen Administrazioak; eta Estatu Kontseiluaren aldeko irizpena prozedura horren funtsezko pieza da. Beraz, gerta liteke izapide hori ez betetzea, dela Administrazioak jarduketarik egin ez eta haren isiltasunagatik eskaera onartu ez dela jo delako, dela Administrazioak berariaz ebatzi duelako ez duela onartzen auzia berrikustea. Horrelakoetan, hartu beharreko bide egokia ez da Jurisdikzioa delako egintza edo araua aztertzen hastea, baizik eta, hala baldin badagokio, Administrazioari bigarren fasea izapidetzen has eta hura buka dezala agintzea, hark ebatzi behar baitu, berariaz eta egoki den moduan ebatzi ere, aztergai den egintza deuseztagarria den edo ez (2000ko urriaren 24ko epaia, 1992ko maiatzaren 7ko epaia -Botere Judizialaren Lege Organikoaren 61. artikuluko Sala Bereziarena, 1990ko urriaren 22ko epaia, 1988ko apirilaren 18ko epaia eta 1983ko otsailaren 21eko epaia, besteak beste).
Kontuan izanik banan-banaka aztertu behar dela zergatik ez diren onartu Ebazpena ofizioz berrikusteko eskaerak, Nafarroako Kontseiluari irizpenik eskatu gabe, erakunde honek egoki irizten dio Altsasuko Udalari gomendatzea, batetik, onar dezala Ebazpena ofizioz berrikusteko kexaren egileak egin duen eskaera, eta, bestetik, Nafarroako Kontseiluari espedientea bidal diezaiola, egoki diren izapideak egin ondoren betiere.
Horrenbestez, eta uztailaren 3ko 4/2000 Foru Legearen 34.1 artikuluak aitortzen dizkion eskumenekin bat etorriz, Nafarroako Arartekoak beharrezkotzat jo du:
Altsasuko Udalari gomendatzea, batetik, onar dezala kexa jarri duenak Ebazpena ofizioz berrikusteko egin duen eskaera izapidetzea, eta, bestetik, Nafarroako Kontseiluari espedientea bidal diezaiola, egoki diren izapideak egin ondoren.
Nafarroako Foru Komunitateko Arartekoari buruzko uztailaren 3ko 4/2000 Foru Legearen 34.2. artikuluarekin bat etorriz, egoki da Altsasuko Udalak jakinaraztea, aginduzkoa denez, gehienez ere bi hilabeteko epean, ebazpen hau onartu duen eta, hala bada, ebazpen hau betetzeko zer neurri hartu dituen.
Lege-agindu horretan xedatzen denez, ukitutako administrazio publikoak arartekoaren erabakia onartzen ez badu, erakunde honek erabaki dezake gai hori 2017. urteari dagokion urteko txostenean sartzea eta Nafarroako Parlamentuan azaltzea, jarrera hori izan duen administrazio publikoa berariaz aipatuz, baldin eta arartekoaren iritziz erabakia onartzea posible bazen.
Zure erantzunaren zain, adeitasunez,
Nafarroako Arartekoa
El Defensor del Pueblo de Navarra
Francisco Javier Enériz Olaechea
Partekatu edukia