Bilaketa aurreratua

Ebazpenak

Nafarroako Arartekoaren Ebazpena (Q17/620), hiru hilean behin ohiko osoko bilkura egin behar dela gogorarazteko, uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legeak, Nafarroako Administrazio Lokalari buruzkoak, 77. artikuluan xedatzen duenaren arabera. Horrez gain, gogorarazten zaio legezko betebeharra duela herritarrek aurkezten dizkieten eskaerak ebazteko, eta Herritarren Batzarrak deialdi-eskaera bat egiten duenean, batzar horretako kideen legezko kopuruaren laurden batek, gutxienez, deituta, ohiz kanpoko deialdia egin behar duela.

2017 urria 20

Toki-entitateen funtzionamendua

Gaia: Falta de celebración de sesiones en Concejo de Berasáin/Beratsain.

Toki-erakundeen funtzionamendua

Beratsaingo Kontzejuko presidentea.

  1. 2017ko irailaren 11n, erakunde honek […] andrearen idatzi bat jaso zuen, eta bertan kexa bat adierazi zuen, Beratsaingo Kontzejuan osoko bilkurarik egiten ez dela eta.

    Idazki hartan, hauxe zion:

    1. Beratsain kontzeju irekia da, eta 2016ko ekainaren 3tik ez da bertan osoko bilkuraren deialdirik egin. Horren ondorioz, oraindik ez dira onartu ez Kontzejuaren 2016ko ekitaldiko kontuak, ez 2017ko ekitaldiko aurrekontu orokor bakarra.
    2. 2016ko apirilaren 3an, auzotar batek instantzia bidez eskatu zuen hurrengo osoko bilkura deitzeko, zenbait auzi jorratzeko, baina ez du erantzunik jaso.
    3. Era berean, 2016ko ekainaren 28an, beste auzotar batzuekin batera, ohiz kanpoko osoko bilkura baterako deialdia egiteko eskatu zuen, kontuan harturik uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legeak, Nafarroako Administrazio Lokalari buruzkoak, 77. artikuluaren 2.b) letran, zehazten duela ohiz kanpoko bilkura egingo dela Udalbatzako kideen legezko kopuruaren laurdenak, gutxienez ere, eskatzen duenean. Zinegotzi bakoitzak ezin izanen du urtean horietako hiru baino gehiago egin daitezen eskatu.

      Hori guztia dela eta, Beratsaingo Kontzejuko presidenteak bere karguari dagozkion funtzioak bete zitzala eskatu zuen, eta erantzun ziezaiela Kontzejuko auzotarrek egindako eskaerei.

  2. Kexa jaso ondoren, erakunde honek Beratsaingo Kontzejura jo zuen, gai horri buruzko informazio eske.

    Jaso genuen txostenak honela dio:

    “Neu buru naizen Beratsaingo Kontzejuan urtebete baino apur gehiago daramagu osoko bilkurarik egin gabe; ukaezina da hori, egia den aldetik. Horri dagokionez, neure gain hartzen dut egoera arraro horren ardura, nahiz eta, geroago, horri buruzko zenbait gogoeta egingo ditudan; horrez gain, berriro ere ohiko bilkura-jarduerari heltzeko asmoa agertzen dut, betiere egoera normalizatzen bada eta bizikidetza-maila egokiak lortzen badira, Kontzejuaren administrazio-jarduera egokia xede duen kudeaketa egiten ahalegintzeko.

    Nolanahi ere, adieraziko da 2016ko ekitaldiari dagozkion Kontzejuko kontuak eta 2017rako Aurrekontu Orokor bakarraren espedientea gehiengoz onartu zirela Beratsaingo Kontzejuan 2017ko irailaren 20an egindako ohiz kanpoko bilkuran. Horrekin lotuta, aipatu behar da espediente horiek osatu -Kontzejuak berak emandako dokumentazioaren arabera- eta paperean jasotzeaz arduratu zen enpresak ([…]) uztailaren erdi aldera aurkeztu zituela, uda bete-betean, eta garai horretan nahiko zaila dela behar besteko quoruma lortzea, funtsean, Kontzejuko kideen opor-aldia dela-eta.

    Bestalde, herriko zenbait auzotarrek ohiz kanpoko bilkurak egitea eskatzeko aurkeztutako idatziari dagokionez (bi familiatako kideek soilik sinatu zuten), jakinaraziko da presidente honen eta ni buru naizen Kontzejuko kide gehienen asmoa dela hartutako akordioak (auzo-mugei dagozkienak) betetzea. Akordio horiek, hain zuzen ere, hitzez-hitzezkotasunez beteko dira -ezin zitekeen bestela-, eta ez mesfidantzaz eta alderdikeriaz jokatuz. Gainera, akordio horietako zenbait jarduera, hala nola mendia garbitzeko markatzea, dagoeneko egin dira Nafarroako Gobernuaren basozainen jarraibideak zorroztasunez betez.

    Gaiaren funtsari dagokionez, esaldi bakarrean laburbildu daiteke: BIZIKEDATZA-MAILARIK EZA. Hain zuzen ere, egoera horrek eraman du presidente hau muturreko egoera horretara; dena den, onartzen dugu egoera hori bai funtzionalki bai eskumenei dagokienez behin-behinekoa dela. Egoera zail eta larri horretan, beldurra, mehatxuak, irainak, salaketak eta irainengatiko epaiketaren bat ere izan dira; hain zuzen ere, azken horren berri bere garaian eman zitzaion Nafarroako Gobernuko Toki Administrazioaren Departamentuari, jakin zezaten Kontzejuan zer-nolako egoera korapilatsua bizi dugun, bai administrazio publikoko erakunde gisa bai maila pertsonalean, bertako kide asko muturreko egoeran baitaude.

    Egoera horrek eragina du Kontzejuaren egunerokoan, jakinik 30 biztanle inguru biltzen dituen erakunde bat dela, herri txiki-txiki bati dagozkion kudeaketa-arazoekin, eta beti -edo horretan saiatu izan da, behintzat- adostasunean oinarrituta funtzionatu izan duela. Hain zuzen, adostasun horri esker lortu izan da, hainbeste urtean, Kontzejuko azpiegitura-mailak eta bertako jendearen bizi-kalitatea nabarmen hobetzea. Horregatik da arraroa egungo bizikidetza-maila eskasa edo hutsala; ez da, inolaz ere, egoera baketsua. Egoera horretan, presidente hau saiatu da gutxieneko bizikidetza-baldintzak lortzen, ez soilik Kontzejuaren administratzearekin loturiko gaietarako, baita, eta bereziki, herri txiki honetako biztanleen artean bizikidetza baketsu bat lortzeko ere. Orain artean, ordea, ez da horrelakorik lortu”.

  3. Argi geratu den moduan, kexa bi arrazoik eragin dute: bata, Beratsaingo Kontzejuan ohiko bilkuren deialdirik ez egitea, eta bestea, auzotarren eskakizunei ez erantzutea.

    Bestalde, Beratsaingo Kontzejuak bere txostenean adierazi du zer arrazoi izan dituen horrela jokatzeko; zehazki, herriko elkarbizitza-arazoekin lotu du ohiko bilkuren deialdirik egin ez izana.

  4. Uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legeak, Nafarroako Administrazio Lokalari buruzkoak, honela dio 89. artikuluan: Kontzeju irekiaren eraentzan aritzen diren kontzejuen funtzionamendua eraentza horretan gobernatzen eta administratzen diren udalerrietako herritarren biltzarrendako finkatutakoari lotuko zaio.

    Herritarren batzar horien araudia foru-lege horren 32. artikuluan dago zehaztuta, baldintza hauetan:

    1. Kontzeju irekiaren araubidean jardunen dute ehun biztanle baino gutxiagoko udalek.
    2. Kontzeju irekiaren eraentzan funtzionatzen ahalko dute baita ere zenbait udalek, beroietan arrazoi geografikoak direla, udaleko interesen kudeaketa hobetzearren edo hala komenigarri egiten duten beste inguruabarrak sortzen badira, horretarako herritar gehiengoaren eskaera, udalbatzaren bi hereneko gehiengoaren aldeko erabakia eta Nafarroako Gobernuaren onespena beharko direlarik.
    3. Kontzeju irekiaren eraentzan, Udalaren gobernua eta administrazioa alkateari dagozkio, zeina hauteskundetarako legeriaren arabera eta hautesle guztiek osaturiko Herritarren Batzarraren bidez hautatua baita.
    4. Bertan horretarako usadio, ohitura edo tradiziorik izan ez bada, ondoko arau hauetara moldatuko dira beren funtzionamenduan:
      1. Alkateari dagokio udala ordezkatzea, eta, oro har, udaletan alkateak dituen eskurantzak ere.
      2. Alkateak batzorde bat izendatzen ahalko du, gutxienez bik eta gehienez lau kidek osatutakoa, bere eginkizunetan lagunduko diotenak eta kanpoan edo gaixorik balego, izendapen ordenaren arabera, bere ordez arituko direnak. Batzorde hori ere, alkateak edo Herritarren Batzarrak haren gain utzitako eskurantzen jabe izanen da.
      3. Herritarren Batzarrari dagozkio udaletan korporazioaren osoko bilkurak bere gain dituen eskurantzak.
      4. Ordezko gisa aplikatuko da Herritarren Batzarrean, eraentza lokaleko legeriak Udalaren osoko bilkurarentzat ezarrita duen funtzionamendu eraentza”.

        Beraz, Beratsaingo Kontzejuan ohiko osoko bilkurak egiteari dagokionez, bai eta ohiz kanpoko bilkurak egiteko eskaerari dagokionez ere, uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legean, Nafarroako Administrazio Lokalari buruzkoan, 77. artikuluan, ezarritakoa aplikatu behar da. Bertan, honela dio:

        1. Osoko bilkura arrunta gutxienez ere hilabetean behin eginen da 20.000 biztanle baino gehiagoko udaletan; bi hilabetean behin 5.001 eta 20.000 biztanle bitarteko udaletan, eta hiru hilabetean behin 5.000 biztanle baino gutxiagoko udaletan.
        2. Ohiz kanpoko osoko bilkurak izanen dira:
          1. Udalbatzako buruak erabakitzen duenean.
          2. Udalbatzako kideen legezko kopuruaren laurdenak, gutxienez ere, eskatzen duenean. Zinegotzi bakoitzak ezin izanen du urtean horietako hiru baino gehiago egin daitezen eskatu.
          3. Legezko xedapen batek agintzen duenean.
        3. Arestiko zenbakiko b) idatz-zatiak aipatzen duen kasuan, bilkura eskatzen denetik egiten denera bitarte ezin dira hamabost egun baliodun baino gehiago igaro. Deialdian sartuko da ekimenaren egileek proposaturiko gai-zerrenda, eta buruak beste gai batzuk ere sar ditzake, bilkura eskatu dutenek onartzen badute.

          Aipatutako zinegotzi-kopuruak eskatzen duen osoko bilkura egiten ez bada zehaztutako epean, hartarako deia automatikoki egina geldituko da epe hori bukatu eta bosgarren egun balioduneko hamabietarako. Korporazioko idazkariak horren berri emanen die korporazioko kide guztiei lehen adierazitako epea bukatu eta biharamunean. Burua edo legez haren ordezko izan behar duena ez badaude, osoko bilkura balio osoz eratuta egonen da foru lege honetako 79.1 artikuluan eskaturiko quoruma betetzen baldin bada; kasu horretan, bilkurako buru arituko da, bertaratuen artean, korporazioko kide zaharrena dena”.

          Hori guztia dela eta, erakunde honek beharrezko ikusten du Beratsaingo Kontzejuari gogoraraztea legezko betebeharra duela, gutxienez, hiru hilean behin ohiko osoko bilkuraren deialdia egiteko, uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legean, Nafarroako Administrazio Lokalari buruzkoan, 77. artikuluan araututakoa betez.

  5. Bestalde, toki-erakunde batera jo eta idatziz eskaera bat egiten duen herritar orok du eskubidea erantzuna jasotzeko, ordenamendu juridikoan ezarritako epearen barruan.

    Hori ondorioztatzen da, oro har, administrazio publiko guztietarako, urriaren 1eko 39/2015 Legean, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearena arautzekoan, 21. artikuluan zehazten denaren arabera; informazio-printzipio modura, administrazio publikoek edozein prozedura ebazteko duen betebeharra eta hori aplikatzekoa den araudian zehaztutako epeetan egitekoa ezartzen du.

    Obligazio bera ezartzen die uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legeak, Nafarroako Administrazio Lokalari buruzkoak, 138. artikuluan, Nafarroako entitate lokalei.

    Interesdunak adierazi du, 2016ko apirilaren 3an, auzotar batek hurrengo osoko bilkuran zenbait auzi jorratzeko eskaera egin zuela, instantzia bidez, baina ez duela horren erantzunik jaso. Era berean, kexa-egileak adierazi duenez, 2016ko ekainaren 28an ohiz kanpoko osoko bilkura baterako deialdia egiteko eskatu zuen, beste bederatzi auzotarrekin batera, kontuan harturik uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legeak, Nafarroako Administrazio Lokalari buruzkoak, 77. artikuluaren 2.b) letran zehazten duela ohiz kanpoko bilkura egingo dela Udalbatzako kideen legezko kopuruaren laurdenak, gutxienez ere, eskatzen duenean.

    Horregatik, erakunde honek beharrezko ikusten du Beratsaingo Kontzejuari gogoraraztea legezko betebeharra duela herritarrek aurkezten dizkieten eskaerak ebazteko, eta Herritarren Biltzarrak deialdi-eskera bat egiten duenean, biltzarreko kideen legezko kopuruaren laurden batek, gutxienez, deituta, ohiz kanpoko deialdia egin behar duela.

  6. Horrenbestez, eta uztailaren 3ko 4/2000 Foru Legearen 34.1 artikuluak aitortzen dizkion eskumenekin bat etorriz, Nafarroako Arartekoak beharrezkotzat jo du:
    1. Beratsaingo Kontzejuari gogoraraztea legezko betebeharra duela, gutxienez, hiru hilean behin ohiko osoko bilkuraren deialdia egiteko, uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legean, Nafarroako Administrazio Lokalari buruzkoan, 77. artikuluan araututakoa betez.
    2. Beratsaingo Kontzejuari gogoraraztea legezko betebeharra duela herritarrek aurkezten dizkieten eskaerak ebazteko, eta Herritarren Batzarrak deialdi-eskera bat egiten duenean, biltzarreko kideen legezko kopuruaren laurden batek, gutxienez, deituta, ohiz kanpoko deialdia egin behar duela.

Kontuan hartuz 4/2000 Foru Legea, uztailaren 3koa, Nafarroako Foru Komunitateko Arartekoari buruzkoa, eta Lege horren 34.2 artikuluarekin bat etorriz, bidezkoa da Beratsaingo Kontzejuak jakinaraztea, aginduzkoa denez, gehienez ere bi hilabeteko epean, erabaki hau onartu duen eta, hala bada, erabakia betetzeko zer neurri hartu dituen.

Legez ezarritakoa betez, erabakia ez onartzeak kasu hau Nafarroako Parlamentuari aurkezten zaion 2017ko urteko txostenean txertatzea ekar dezake, berariaz adierazita zer administraziok ez duen erabakiaren aldeko jarrera hartu, horretarako aukera dagoela uste izan arren.

Zure erantzunaren zain, adeitasunez,

Nafarroako Arartekoa

Francisco Javier Enériz Olaechea

Partekatu edukia