Partekatu edukia
Toki-entitateen funtzionamendua
Gaia: Denegación de empadronamiento en Concejo de Igoa.
Toki-erakundeen funtzionamendua
Basaburuko alkate andrea
Alkate andre hori:
2017ko irailaren 7an, […] jaunak aurkeztutako idazki bat jaso zuen erakunde honek. Idazki horren bidez, kexa bat aurkeztu zuen Basaburuko Udalaren aurrean, bere alaba eta haren ama Igoa kontzejuko etxe batean erroldatzea ukatu izana zela-eta.
Idazki hartan, hauxe zion:
Ez du ulertzen zergatik ukatu dien erroldatzea Udalak, bere ustez aurkeztutako agirien bidez behar bezala egiztatu baita erroldatu nahi diren pertsonak benetan bere etxean bizi direla, eta, alaba familia-liburuan agertzen ez bada ere, bere alaba gisa izena emanda dagoelako Espainiak Caracasen duen Kontsuletxe Nagusiko Erregistro Zibilean.
Hori guztia dela eta, Basaburuko Udalari eskatu zion ekin ziezaiela bere alaba gazteena eta haren ama 2017ko abuztuaren 8an Espainiara iritsi zirenetik bizi diren etxean erroldatzeko izapideei.
Kexa jaso ondoren, erakunde honek Basaburuko Udalera jo zuen, gai horri buruzko informazio eske.
2017ko urriaren 3an, eskatutako informazioari sarrera eman zitzaion erakunde honetan, eta haren kopia bat kexa-egileari bidali zitzaion.
Argi geratu den moduan, kexa-egileak Igoako etxe batean bizi diren bi pertsona Basaburuko udalerrian erroldatzeko izapideei lotuta aurkeztu zuen kexa hori.
Kexa-egileak bere alaba gazteena eta haren ama beste bi seme-alabekin bizi den etxean erroldatu ahal izateko Basaburuko Udalak zer errekerimendu egin zizkion azaldu du. Adierazi duenez, bere alaba gaztea eta haren ama abuztuan iritsi ziren, eta Udalak ez ditu erroldatzen bizi diren etxean, nahiz eta bertan bizi direla egiaztatzeko beste hainbat dokumentu aurkeztu diren. Horrez gain, kexa-egileak gaineratu duenez, alaba gazteena matrikulatuta duten ikastetxean adierazi diete beharrezkoa dela alaba erroldatuta egotea matrikulatuta jarraitu ahal izateko.
Basaburuko Udalak, bestalde, interesatuari zer errekerimendu egin dizkion eta hark zer erantzun aurkeztu dituen azaldu du bere txostenean.
Idazkariordetzaren 2015eko martxoaren 16ko Ebazpenean -Estatistika Institutu Nazionaleko Lehendakaritzaren eta Autonomia Erkidegoekiko eta Tokiko Erakundeekiko Eskumenak Koordinatzeko Zuzendaritza Nagusiaren 2015eko urtarrilaren 30eko Ebazpena, udal-erroldaren kudeaketarako Udalei ematen zaizkien jarraibide teknikoei buruzkoa, argitaratzekoan-, 2.3. atalean, honela dio erroldatzea eskatzen den etxea egiaztatzeko aurkeztu beharreko dokumentazioari buruz:
“Espainian dauden pertsonak zer etxebizitzatan bizi diren adierazten duen administrazio-erregistroa da errolda. Beraz, helburua da gertaera bat jasota geratzea; horregatik, hasiera batean, ez da zertan helburua aldatu, ez bizilagun horrek dagokion etxean bizitzeko izan ditzakeen edo izan ezin ditzakeen eskubideengatik, ez gertaera hori ziurtatzeko agiri bat egitearen ondorioz sor litezkeen eskubideengatik.
Helburu horrekin bat, errolda kudeatzeko udal-jarduera arautzen duen funtsezko araua apirilaren 2ko 7/1985 Legean, Toki-araubidearen oinarriak arautzekoan, 17.2. artikuluan, jasotakoa da; zehazki, honela dio: Udalek beren erroldak eguneratuta mantentzeko beharrezko jardute eta eragiketak egingo dituzte, erroldan jasotako zehaztasunak errealitatearekin bat etor daitezen
.
Horregatik, Toki-erakundeen biztanleria eta lurralde-mugaketari buruzko Erregelamenduaren 59.2. artikuluan herritarrei dokumentuak aurkeztea eskatu ahal izateko Udalari aitortzen zaion eskumenaren xede bakarra da «emandako datuak egiazkoak direla ziurtatzea», artikuluak berak hitzez hitz adierazten duen moduan.
Horrenbestez, udal-kudeatzaileak erroldan ageri diren datuak errealitatearekin bat datozela ziurtatu bezain laster, ez du eskumenik herritarrari exigitzeko gertaera hori egiaztatzen duen beste ziurtagiriren bat aurkezteko.
Eta, bereziki, Udalak bizilagunari «etxea okupatzea egiaztatzen duen agiria» (Toki-erakundeen biztanleria eta lurralde-mugaketari buruzko Erregelamenduaren 59.2. artikulua) eskatu ahal izateak ez die toki-erakundeei inolako eskumenik ematen jabetzarekin, hiri-alokairuekin edo, oro har, izaera juridiko-pribatuarekin loturiko gaiak epaitzeko; hau da, titulu horren xede bakarra da bizilagun hori adierazitako etxean bizi dela frogatzea.
Horregatik, titulu hori askotarikoa izan daiteke:
Indarrean den ohiko etxebizitza-erabilerarako alokairu-kontratua, azken alokairu-ordainagiriaz batera.
Udalak beste dokumentu-mota batzuk ere onar ditzake, beharrezko ikusten dituen egiaztapenak eginda (argi-hornidura, ur-hornidura, etab.).
Era berean, udal-kudeatzaileak bestelako bitarteko batzuk (udaltzaingoaren txostena, zerbitzuaren beraren ikuskaritza, etab.) erabiliz ere egiaztatu ahal izango du bizilagun hori benetan etxe horretan bizi den, eta hala izanez gero, erroldan izena eman ahal izango dio”.
Basaburuko Udalak, 2017ko irailaren 20an eginiko azken errekerimenduan, interesatuei eskatu zien etxejabearen jabetza-baimena aurkezteko, jakin baitzuen bizi diren etxeko alokairu-kontratua ez dagoela indarrean, Igoa Kontzejuak hura etetea erabaki ondoren; horrez gain, alaba gazteena erroldatzeko, amaren baimena eskatu zen, adingabearen jaiotza-agirian ageri baita gurasoak dibortziatuta daudela.
Interesdunak, bere aldetik, adierazi du hainbat dokumentu aurkeztu dituztela Igoan dagoen etxean bizi direla egiaztatzeko (etxeko argindarraren hornitzaileari alta eman izanaren agiriaren kopia, etxean gertaturiko gorabehera batekin lotuta udaltzaingoan aurkezturiko salaketa…).
Udal-erroldaren kudeaketari buruz udalei emandako jarraibide teknikoak ikusirik, erakunde honek uste du ez dela derrigorrezkoa interesdunak erroldatu nahi diren etxeko jabearen baimena aurkeztea, baldin eta beste bitarteko batzuen bidez egiaztatu badaiteke bertan bizi direla.
Ildo horretan, jarraibide horietan zehazten denez, herritarrei dokumentuak aurkeztea eskatu ahal izateko udalei aitortutako eskumenaren xede bakarra da emandako datuak benetakoak direla egiaztatzea.
Horregatik, eta erroldaren kudeaketarako jarraibideetan adierazten den moduan, udal-kudeatzaileak erroldan ageri diren datuak errealitatearekin bat datozela ziurtatu bezain laster, ez du eskumenik herritarrari exigitzeko gertaera hori egiaztatzen duen beste ziurtagiriren bat aurkezteko. Horrenbestez, Udalak bizilagunari etxea okupatzea egiaztatzen duen agiria (Toki-erakundeen biztanleria eta lurralde-mugaketari buruzko Erregelamenduaren 59.2. artikulua) eskatu ahal izateak ez die toki-erakundeei inolako eskumenik ematen jabetzarekin, hiri-alokairuekin edo, oro har, izaera juridiko-pribatuarekin loturiko gaiak epaitzeko, titulu horren xede bakarra baita bizilagun hori adierazitako etxean bizi dela frogatzea.
Erroldatu nahi den etxean bizi direla egiaztatzeko, beste zenbait agiri ere onartzen dira, jabetza-tituluaz, alokairu-kontratuaz eta etxejabearen baimenaz gain, betiere beharrezko jotzen diren egiaztapenak egin ondoren (argindarraren hornidura, urarena, etab.).
Era berean, jarraibideetan zehazten denaren arabera, udal-kudeatzaileak bestelako bitarteko batzuk (udaltzaingoaren txostena, zerbitzuaren beraren ikuskaritza, etab.) erabiliz ere egiaztatu ahal izango du bizilagun hori benetan etxe horretan bizi den, eta hala izanez gero, erroldan izena eman ahal izango dio.
Horregatik guztiagatik, erakunde honek beharrezko ikusten du Basaburuko Udalari gomendatzea ez diezaiola exijitu kexa-egileari bere alaba eta haren ama erroldatu nahi dituen etxearen jabearen baimena etxe horretan bizi direla egiaztatzeko, eta onar ditzala beste agiri batzuk bertan bizi direla egiaztatu ahal izateko frogatzat.
Horrenbestez, eta uztailaren 3ko 4/2000 Foru Legearen 34.1 artikuluak aitortzen dizkion eskumenekin bat etorriz, Nafarroako Arartekoak beharrezkotzat jo du:
Basaburuko Udalari gomendatzea ez diezaiola errekeritu kexa-egileari bere alaba eta haren ama erroldatu nahi dituen etxearen jabearen baimena etxe horretan bizi direla egiaztatzeko, eta onar ditzala beste frogagiri batzuk bertan bizi direla egiaztatu ahal izateko.
Nafarroako Foru Komunitateko Arartekoaren uztailaren 3ko 4/2000 Foru Legearen 34.2 artikuluarekin bat etorriz, bidezkoa da Basaburuko Udalak jakinaraztea, aginduzkoa denez, gehienez ere bi hilabeteko epean, erabaki hau onartu duen eta, hala bada, erabakia betetzeko zer neurri hartu dituen.
Legez ezarritakoa betez, erabakia ez onartzeak kasu hau Nafarroako Parlamentuari aurkezten zaion 2017ko urteko txostenean txertatzea ekar dezake, berariaz adierazita zer administraziok ez duen erabakiaren aldeko jarrera hartu, horretarako aukera dagoela uste izan arren.
Zure erantzunaren zain, adeitasunez,
Nafarroako Arartekoa
Francisco Javier Enériz Olaechea
Partekatu edukia