Partekatu edukia
Euskara
Gaia: Desacuerdo con valoracion meritos en convocatoria de personal.
Bilinguismoa
Eguesibarreko alkatea
Alkate jaun hori:
2017ko uztailaren 21ean, […] jaunak Administrazioan Euskaraz Taldearen izenean aurkeztutako idatzi bat jaso zuen erakunde honek, eta idatzi haren bidez, Eguesibarko Udalaren aurkako kexa bat helarazi zuen, zerbitzu anitzetako peoi izateko lanpostu bat betetzeko deialdian merezimenduak baloratzeko moduarekin ados ez zegoela-eta.
Idazki hartan, hauxe zion:
Eguesibarreko udal-esparruan euskararen erabilera eta sustapena arautzeko udal-ordenantzaren 17. artikuluan honela dio:
“Euskara baloratuko da, merezimendua dela ezartzen denean, lanpostuaren eginkizun bereziengatik euskaldunekin komunikatu beharra gertatzen ahal denean, eta euskaraz mintzatzeko eskubidea bermatze aldera.
Horregatik, deialdi bakoitzaren oinarrietan zehaztuko dira lanpostu bakoitzerako behar diren merezimenduak eta haien artean euskaraz jakitea, euskaldunekin komunikatu beharra geratzen denean, aipatu eskubide hori bermatze aldera.
Herritarrekin harreman zuzenik ez duten lanpostuetan, deialdiko puntu guztien (lehiaketa gehi oposizioa) % 3ko balorazioa izanen du euskarak. Aitzitik, herritarrekin harreman zuzena duten lanpostuetan, deialdiko puntu guztien (lehiaketa gehi oposizioa) % 6ko balorazioa izanen du euskarak”.
Lanpostuaren eginkizunekin zerikusia duten prestakuntza-ikastaroak egiteagatik, irizpide hauen arabera ateratzen diren puntuazioak emanen dira:
Ikastaro guztien orduak batuko dira, eta 0,01 puntu emanen da ikastaroaren ordu bakoitzeko.
Ez dira baloratuko iraupen-orduak zehaztu gabe dituzten ikastaroak.
Atal honetan 10 puntu lortzen ahal dira gehienez ere.
Kexa jaso ondoren, erakunde honek Eguesibarreko Udalera jo zuen, gai horri buruzko informazio eske.
Jaso genuen txostenak honela dio:
“Kexa Administrazioan Euskaraz Taldearen ordezkariak aurkeztu du.
Uztailaren 3ko 4/2000 Foru Legearen 19.1. artikuluan xedatutakoaren arabera, interes legitimoa duen pertsona fisiko nahiz juridiko orok jo dezake Nafarroako Arartekora, inongo mugarik gabe.
Kasu honetan, kexa-egilearen interes legitimoa zalantzagarria da, gutxienez. Izan ere, Auzitegi Konstituzionalaren doktrinaren arabera (Auzitegi Konstituzionalaren 257/1988 Epaia, abenduaren 22koa [RTC 1988/257]), interes legitimoa eta interes zuzena ez dira kontzeptu bera: lehenengoa bigarrena baino kontzeptu zabalagoa da, eta adierazi nahi du uzi bat aurkezten duen pertsona batek abantailazko posizioa edo onura juridikoa izateko aukera duela, uziak aurrera eginez gero gauzatuko litzatekeena. Hau da, uziaren subjektuaren eta objektuaren arteko lotura dela-eta -horrek zehazten du legitimazio aktiboa-, errekurritutako ekintza administrazio- nahiz jurisdikzio-bidean baliogabetuz gero, berehalako ondorio positiboa (onura) edo negatiboa (kaltea) -baina ziurra (Auzitegi Gorenaren Epaia, 1990eko urriaren 1ekoa [RJ 1990/1454])- izango luke, gaur egunerako nahiz etorkizunerako, uzia aurkeztu duen interes legitimodun pertsona horrentzat; ondorio horrek zuzenean edo zeharka eragingo luke errekurritu duen pertsonaren esfera juridikoan (Auzitegi Gorenaren Epaiak, 1991ko otsailaren 4koa [RJ 1991/1241], 1995eko martxoaren 17koa eta ekainaren 30ekoa [RJ 1995/2387 eta RJ 1995/5111], 1996ko otsailaren 12koa [RJ 1996/1567], 2000ko urtarrilaren 25ekoa eta 2002ko apirilaren 16koa, besteak beste). Beste modu batean esanda, aurkeztutako uziak aurrera eginez gero, edozein abantaila edo onura juridiko sortuko litzateke. Finean, interes legitimoak lotura du, egun nahiz etorkizunean, errekurtsoa aurkeztu duen pertsonaren esfera juridikoan abantaila edo onura bat lortzearekin edota kalte jakin edo zehatzik ez izatearekin, baina onura edo kalte hori beti izango da ziurra, eta hori alegatu edo frogatu egin behar da.
Legegilearen arabera, interesdun izateko legitimazioa izango du interes bat lortu nahi duen pertsonak, baina ez, Legeak berariaz hala xedatzen duenean salbu, legaltasuna era abstraktuan lortu nahi duen pertsonak.
Kasu honetan, eta kexaren edukia ikusita, ondorioztatu behar da kexa aurkeztu duenak ez duela interes legitimorik; izan ere, deialdiaren oinarrietako lehiaketa-aldian baloratutako merituen haztapena dena delakoa izanda ere, ez luke lortuko aintzat hartzeko moduko onura materialik.
Baldintza horiek kontuan hartuta, kexa atzera bota behar zen, kexa aurkeztu zuen pertsonak ez zuelako interes legitimorik.
Kexaren edukiari dagokionez, adierazi behar da lehiaketa-aldiko hainbat merituren haztapenarekin ez dela inongo araudirik urratzen. Kexaren idatzian aitortu bezala, euskara jakiteari ematen zaion puntuazioarekin (deialdiko puntu guztien % 3, beste ehuneko bat izan beharko litzatekeen eztabaidatu gabe) Eguesibarreko udal-esparruan euskararen erabilera eta sustapena arautzeko udal-ordenantza (20. NAO: 2013ko urtarrilaren 13a) betetzen da; ordenantza horretako 17. artikuluan, zehazki, honela jasotzen da:
“Euskara baloratuko da, merezimendua dela ezartzen denean, lanpostuaren eginkizun bereziengatik euskaldunekin komunikatu beharra gertatzen ahal denean, eta euskaraz mintzatzeko eskubidea bermatze aldera.
Horregatik, deialdi bakoitzaren oinarrietan zehaztuko dira lanpostu bakoitzerako merezimendu zehatzak. Besteak beste, euskaraz jakitea, euskaldunekin komunikatu beharra gertatzen denean, aipatu eskubide hori bermatze aldera.
Herritarrekin harreman zuzenik ez duten lanpostuetan, deialdiko puntu guztien (lehiaketa gehi oposizioa) % 3ko balorazioa izanen du euskarak. Aitzitik, herritarrekin harreman zuzena duten lanpostuetan, deialdiko puntu guztien (lehiaketa gehi oposizioa) % 6ko balorazioa izanen du euskarak”.
Hala, artikulu horretan, hau eskatzen da, soil-soilik: euskararen ezagutza baloratzea, deialdiko puntu guztien ehuneko baten bidez. Deialdi horretan, 100 puntu daude guztira, eta euskarari ematen zaion balorazioa bat dator Ordenantzan adierazitakoarekin.
Kexa-egileak adierazitako inguruabarrek ez diote eragiten, inolaz ere, egiazkotasunari, euskararen ezagutza bat baitator Ordenantzan adierazitakoarekin. Gainerako merezimenduen eta oposizioko proben balorazioari dagokionez, organo eskudunari dagokio, bere ahalmenak eta eskubideak gauzatuz, oinarriak onartzean beharrezko eta egoki ikusten duen haztapena ezartzea, betiere arauek zehaztutako mugen barruan, eta horiek urratu gabe.
Horrenbestez, lehiaketa-aldiko balorazio- eta haztapen-aukera ugariren artean, organo eskudunak oinarrietan jasotzen dena aukeratu du, eta aukera horrek ez du urratzen inongo xedapenik. Kexa-egileak proposatutako aukera izan zitekeen organo eskudunak, bere ahalmenak baliatuz, oinarriak onartzean hauta zezakeen haztapen-aukera bat -beste hainbat bezala-, baina aukera hori onartu ez izanak ez dakar, ezinbestean, egindako haztapena aldatu beharra, kexa-egileak adierazten duen moduan.
Nolanahi ere, adierazitakoa kontuan hartuta, jakinarazi da, azken deialdi horretan, organo eskudunak deialdiaren oinarriak onartzeko dituen ahalmenak baliatuz, Udalak erabaki duela oposizio- eta lehiaketa-aldiko puntuazioa baloratzea (euskara baztertuta) deialdiko puntu guztiak lortzeko euskara jakitea ezinbestekoa den puntuaziora iritsi arte. Aurrerantzean ere, irizpide hori izango da, printzipioz.
Argi ikusi denez, Eguesibarreko Udalean zerbitzu anitzetako peoi izateko lanpostu bat oposizio-lehiaketa bidez esleitzeko deialdian euskara baloratzeko moduak eragin du kexa.
Kexa-egilearen arabera, Eguesibarreko udal-esparruan euskararen erabilera eta sustapena arautzeko udal-ordenantzak ezartzen du euskararen balorazioak lehiaketa-aldirako deialdian esleitutako puntu guztien % 3 izan behar duela, eta gainerako merezimenduen balorazioak, puntu guztien % 97. Kexa eragin duen deialdian, ordea, euskarari % 3ko balorazioa eman arren, ez zaie inongo mugarik jarri baloratutako gainerako merezimenduei; horrenbestez, lehiaketa-aldirako zehaztutako puntu guztiak lor daitezke euskararen ezagutza egiaztatu beharrik izan gabe.
Eguesibarreko Udalak, bestalde, bere txostenean azaldu du kexa eragin duen deialdian euskararen ezagutza baloratzeko aukeratu duten modua legezkoa dela. Hala ere, adierazi du hurrengo deialdietan baloratzeko modu hori aldatu egingo dela, lehiaketa-aldiko puntu guztiak lortu ahal izateko euskararen ezagutza egiaztatzea beharrezkoa izan dadin.
Eguesibarreko udal-esparruan euskararen erabilera eta sustapena arautzeko udal-ordenantzak hau agintzen du 1. artikuluan: Ordenantza honen xedea da euskararen erabilera sustatu eta normalizatzea, Udalaren eskumeneko esparru guztietan
.
Euskararen erabilera sustatu eta normalizatzea lortzeari dagokionez, 2. artikuluan adierazten da euskara jakitea behartzen ez den lanpostuetarako hizkuntza hori baloratzeko ehunekoa zehaztea 1. artikuluan aipaturikoa lortzeko bitarteko espezifiko bat dela.
Era berean, honela dio 6. artikuluan: Herritarrek Eguesibarreko Udalarekin euskaraz aritzeko eskubidea dute
. Horri dagokionez, Ordenantzaren 8. artikuluan, honela zehazten da: Herritarren artean euskararen erabilera sustatzeko, behar bezala adieraziko da langileen eta lanpostuen euskara-maila, eta hura erabiltzeko pizgarriak ezarriko
.
Bestalde, 16. artikuluan xedatzen denez, lanpostuak betetzeko egiten diren deialdi guztietan, euskaraz jakin beharrik ez dagoenetan, merezimendua izanen da euskaraz jakitea; hain zuzen, 17. artikuluan zehazten da nola baloratuko den merezimendu hori. Honela:
“Euskara baloratuko da, merezimendua dela ezartzen denean, lanpostuaren eginkizun bereziengatik euskaldunekin komunikatu beharra gertatzen ahal denean, eta euskaraz mintzatzeko eskubidea bermatze aldera.
Horregatik, deialdi bakoitzaren oinarrietan zehaztuko dira lanpostu bakoitzerako behar diren merezimenduak eta haien artean euskaraz jakitea, euskaldunekin komunikatu beharra geratzen denean, aipatu eskubide hori bermatze aldera.
Herritarrekin harreman zuzenik ez duten lanpostuetan, deialdiko puntu guztien (lehiaketa gehi oposizioa) % 3ko balorazioa izanen du euskarak. Aitzitik, herritarrekin harreman zuzena duten lanpostuetan, deialdiko puntu guztien (lehiaketa gehi oposizioa) % 6ko balorazioa izanen du euskarak”.
Aurreko arau horietatik ondorioztatzen da Eguesibarreko Udalaren nahia dela euskararen erabilera sustatzea eta normalizatzea bere eskumen-esparruan, eta, horretarako, beste zenbait ekintzen artean, espezifikoki baloratu behar du haren ezagutza hura jakitea halabeharrezkoa ez den lanpostuetarako.
Erakunde honen iritziz, kexa eragin duen deialdian euskararen ezagutza baloratzeko moduak ez ditu betetzen Eguesibarreko udal-esparruan euskararen erabilera eta sustapena arautzeko udal-ordenantzaren helburuak eta aginduak, lehiaketa-aldiari esleitutako puntu guztiak lor baitaitezke euskaren ezagutza egiaztatu beharrik gabe, eta, beraz, horrek indargabetu egiten du haren ezagutza merezimendutzat baloratzea.
Dena den, Eguesibarreko Udalak jakinarazi du aldatu egin duela etorkizuneko deialdietan euskara baloratzeko irizpidea, kexa-egileak adierazitakoaren ildotik. Horregatik, erakunde honek egoki ikusten du Eguesibarreko Udalari gogoraraztea, bere udal-ordenantzan xedatutakoren arabera, legezko betebeharra duela euskararen ezagutza merezimendutzat baloratzeko hura jakitea halabeharrezkoa ez den lanpostuetarako, euskararen ezagutza egiaztatu gabe lehiaketa-aldirako ezarritako puntu guztiak lortu ahal ez izateko.
Horrenbestez, eta uztailaren 3ko 4/2000 Foru Legearen 34.1 artikuluak aitortzen dizkion eskumenekin bat etorriz, Nafarroako Arartekoak beharrezkotzat jo du:
Eguesibarreko Udalari gogoratzea euskararen erabilera eta sustapena arautzeko udal-ordenantzaren 16. artikulua betetzeko betebeharra duela, eta, horregatik, merezimendu bidezko lehiaketetan deialdiko puntu guztien % 3 gorde behar duela euskara baloratzeko; horrela, gainerako merezimenduen bitartez, ezingo da izan % 97tik gorako puntuazioa (% 6 eta % 94, hurrenez hurren, herritarrekin harreman zuzena duten lanpostuetarako).
Nafarroako Foru Komunitateko Arartekoaren uztailaren 3ko 4/2000 Foru Legearen 34.2 artikuluarekin bat etorriz, bidezkoa da Eguesibarreko Udalak jakinaraztea, aginduzkoa denez, gehienez ere bi hilabeteko epean, erabaki hau onartu duen eta, hala bada, erabakia betetzeko zer neurri hartu dituen.
Legez ezarritakoa betez, erabakia ez onartzeak kasu hau Nafarroako Parlamentuari aurkezten zaion 2017ko urteko txostenean txertatzea ekar dezake, berariaz adierazita zer administraziok ez duen erabakiaren aldeko jarrera hartu, horretarako aukera dagoela uste izan arren.
Zure erantzunaren zain, adeitasunez,
Nafarroako Arartekoa
Francisco Javier Enériz Olaechea
Partekatu edukia