Partekatu edukia
Energia eta ingurumena
Gaia: Solicitud de información del cobro de tasa por traspaso de actividad.
Ingurumena
Bertizaraneko alkateari.
Alkate jaun hori:
Erakunde honek [...] andrearen idatzi bat jaso zuen 2017ko maiatzaren 30ean. Idatzi hartan, kexa bat helarazi zigun, Bertizaraneko Udalaren aurkakoa, ez ziolako erantzunik eman jarduera bat eskualdatzeagatik kobratu nahi zioten tasa bati buruzko informazioa edo azalpenak eskatu zituenean.
Idatzi hartan, honako hau adierazten zuen:
Hostalak baduela taberna modura atondutako eremu bat han ostatu hartuta dauden bezeroentzat, kafetegi- eta taberna-zerbitzua emateko jarduera-lizentzia baten mendekoa, eta 2002az geroztik duela lizentzia hori. Ez dela inoiz eskualdatzerik egin, urte hartan eraiki baitzen, eta aurrez ez baitzegoen negoziorik leku horretan.
Horregatik guztiagatik, Bertizaraneko Udalari eskatzen dio erantzun diezaiola aurkeztu duen informazio-eskaerari.
Kexa jaso ondoren, erakunde honek Bertizaraneko Udalera jo zuen, gai horri buruzko informazio eske.
2017ko ekainaren 26an jaso zuen eskatutako txostena, eta haren kopia bat helarazi zion interesdunari.
Adierazi den bezala, Bertizaraneko Udalak erantzunik eman ez ziolako aurkeztu zuen kexa interesdunak, ez ziolako erantzun 2017ko martxoaren 28an egin zion informazio-eskaerari.
Kexagileak adierazten duenez, 2002an emandako jarduera-lizentzia batean aurreikusitako tasa baten kobrantzari buruzko informazioa eskatu du, eta ez du erantzunik jaso.
Bertizaraneko Udalak, bestalde, jakinarazi du tasa hori jasoa dagoela interesdunak eskatutako jarduera-lizentzian, 2002ko urriaren 22an emandakoan.
Herri-administrazioaren betebeharra da eskatzaileek egindako eskaera guztiak berariaz ebaztea, horixe ezartzen baitu, 21. artikuluan, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko 39/2015 Legeak, urriaren 1ekoak. Arau horrekin bat etorriz, herritarren eskubidea da, Administrazioari zuzendutako eskaera bat egiten dutenean, dagokion prozedura abiaraztea eta egindako eskaeraren edukiari buruzko erantzun zehatza jasotzea.
Tokiko araubideari dagokionez, Nafarroako Administrazio Lokalari buruzko 6/1990 Foru Legeak, uztailaren 2koak, 318. artikuluan, eskubide hori aitortzen du. Artikulu horretan aipatzen denez, Tokiko entitateak behartuta daude beren eskumeneko gaietan egiten zaizkien eskaera guztiak ebatzi eta jakinaraztera
eta, epe zehatzagorik ez dagoenean, hiru hilabeteko ezartzen du horretarako.
Aztergai dugu kasuan, Bertizaraneko Udalak ez zuen bete kexaren egileari erantzuteko betebeharra, hark 2017ko martxoaren 28an informazio-eskaera aurkeztu zuenean, bere garaian eskatu eta ordaindu zuen jarduera-lizentzia batean aurreikusitako tasari buruzko azalpenak jasotzeko helburuarekin.
Ematen dion erantzuna edozein izanda ere, Administrazioak egokiro erantzun behar dio herritar batek egindako informazio- edo azalpen-eskaera bati, izan aurrean jarri zaion auziaren gaineko azalpenak emanez, izan egoki deritzon arrazoiak direla-eta azalpenak emateari uko eginez, edo izan eskaera ez onartuz, legez ezarritako kasuetan.
Horregatik, erakunde honek gogorarazi egiten dio zein diren haren legezko betebeharrak, kexaren egileak egindako informazio- edo azalpen-eskaerari erantzun diezaion.
Horrenbestez, eta uztailaren 3ko 4/2000 Foru Legearen 34.1 artikuluak aitortzen dizkion eskumenekin bat etorriz, Nafarroako Foru Komunitateko Arartekoak beharrezkotzat jo du:
Bertizaraneko Udalari gogoraraztea haren legezko betebeharra dela kexagilearen informazio- edo azalpen-eskaerari erantzutea.
Kontuan hartuz 4/2000 Foru Legea, uztailaren 3koa, Nafarroako Foru Komunitateko Arartekoari buruzkoa, eta Lege horren 34.2 artikuluarekin bat etorriz, bidezkoa da Bertizaraneko Udalak jakinaraztea, aginduzkoa denez, gehienez ere bi hilabeteko epean, erabaki hau onartu duen eta, hala bada, erabakia betetzeko zer neurri hartu dituen.
Lege-agindu horretan xedatzen denez, ukitutako administrazio publikoak arartekoaren erabakia onartzen ez badu, erakunde honek erabaki dezake gai hori 2017. urteari dagokion urteko txostenean sartzea eta Nafarroako Parlamentuan azaltzea, jarrera hori izan duen administrazio publikoa berariaz aipatuz, baldin eta arartekoaren iritziz erabakia onartzea posible bazen.
Zure erantzunaren zain, adeitasunez agurtzen zaitut.
Nafarroako Arartekoa
Francisco Javier Enériz Olaechea
Partekatu edukia