Bilaketa aurreratua

Ebazpenak

Nafarroako Arartekoaren Ebazpena (Q17/418). Arartekoak, ebazpen honen bidez, Ultzamako Udalari gomendatzen dio berariaz eta zehatz-mehatz azter ditzala kexagileak salatutako gertaerak, Ultzamako Udalak egur-ustiaketen esleipenean eta herriko ustiaketa-eremu mikologikoaren kudeaketan egindako balizko irregulartasunei lotutakoak.

2017 abuztua 01

Nekazaritza, Merkataritza, Industria eta Turismoa

Gaia: Lotes de leña y actuaciones en Parque Micológico Ultzama.

Nekazaritza

Ultzamako alkateari.

Alkate andre hori:

  1. Erakunde honek [...] jaunaren idatzi bat jaso zuen 2017ko maiatzaren 25ean. Idatzi hartan, kexa bat helarazi zigun, Ultzamako Udalaren aurkakoa, egur-sorten esleipena eta herriko parke mikologikoan onartzen diren zenbait jarduketa direla-eta.

    Idatzi hartan, honako hau adierazten zuen:

    1. Badakiela Ultzamako Udalak legez ezarritako gehienekotik gorako egur-sortak esleitu dituela (6.000 kilogramotik gorakoak), eta 10.000, 12.000 eta 15.000 kilogramoko sortak eman dizkiela zenbait auzotarri.
    2. Horrez gain, ez dagoela ados Udalak Ultzamako Parke Mikologikoan egiten dituen edo onartzen dituen jarduketa hauekin:
      • Ibilgailuei baso-bideetan zirkulatzen uztea
      • Ibarreko biztanleei kobratzea, perretxikoak eta onddoak jasotzeagatik
      • Parke Mikologikoaren parte ez diren ibarreko lur-eremuak haren parte balira bezala izendatzea
      • Parke Mikologikoaren publizitate handiegia egitea, jende gehiegi erakartzen baitu
    3. Hainbat aldiz jo duela parkearen arduradun nagusiarengana, eta ez duela ikusi bere erreklamazioen aldeko jarrerarik.
  2. Kexa jaso ondoren, erakunde honek Ultzamako Udalera jo zuen, gai horri buruzko informazio eske.

    Jasotako txostenean, honako hauek aipatzen dira:

    “Hasteko, adierazi nahi dugu kexagileak ez duela inoiz Udalera jo, Nafarroako Arartekoaren aurrean kexa jarri aurretik, ez duela eskaerarik egin eta ez duela udal-arduradunekin elkartzeko hitzordurik eskatu, bere iritziak eta kexak zuzenean adierazteko eta, hartara, erantzun zuzen eta pertsonala jasotzeko udal-ordezkarien edo udal-teknikari eta -langileen aldetik.

    Ultzamako Udalean bada zinegotzi bat, goizero, urte osoan eta etenik gabe, iradokizunei eta kexei erantzuten diena eta eskatzen duen pertsona ororekin biltzen dena.

    Horregatik guztiagatik, Udalak zinez uste du egoera honetan askoz eraginkorragoa izango litzatekeela auzia interesdunarekin modu hurbilagoan eta zuzenagoan lantzea, eta auzi horiei modu zuzenagoan heltzeko prest dagoela jakinarazi nahi du.

    Bukatzeko, adierazi nahi du Udalak ulertzen duela herri-administrazioak hari zuzendutako kexen aurrean pasibotasunez eta utzikeriaz jokatzen duenean jo behar dela Arartekoarengana, eta horri erantzuten diotela eta horrek justifikatzen dituela Nafarroako Arartekoaren figura eta haren bulegoan aurkezten diren kexen arreta eta ebazpena.

    Hau da, udalak ulertzen du Arartekoaren Bulegoak administrazioaren mendekoen eskubideen alde jarduten duela, eskatu ostean herri-administrazioek eskubide horiek urratzen dituztenean betiere. Hizpide dugun auzian EZ DA HALAKORIK GERTATU, interesduna ez baita aurrez Udalarekin harremanetan jarri, haren eskaerei erreklamazioei erantzun diezaien.

    Kexan aipatzen diren alderdi zehatzei dagokienez:

    1. Nafarroako Gobernuaren Mendi Zerbitzuko langileek, hau da, baso-teknikariek, markatzen eta zehazten dituzte Ultzamako biztanleek egurraren herri-ustiaketa dela-eta jasotzen dituzten egur-sortak. Halaxe egin izan da urtero, eta eskakizun hori bete behar da Mendi Zerbitzuak baimena emango badu Ultzamako herri-lurretako egurra aprobetxatzeko. Etxeetarako egur-sortak (epaitzek) behin markatu eta zenbakitu ondoren, eskatzaileen artean zozkatzen dira. Zozketa udalbatzak adosten du, indarrean dagoen ordenantzarekin eta aplikatzekoa den legediarekin bat etorriz.
    2. Ultzamako Udalak, udalbatzaren akordio bidez, udalerriaren parte handi bat parke mikologiko izendatzea erabaki zuen 2007an, herri-ustiaketa hori arautzeko eta, baliabide hori agor ez dadin, ustiaketa jasangarria bermatzeko, ingurumenaren eta berdintasunaren ikuspegitik. Parkea dagokion araudi erregulatzaileari jarraituz gobernatzen da. Sasoia nolakoa den, araudi hori urtero berritzen edo egokitzen da, eta Ultzamako Udalaren webguneko gardentasun-atarian argitaratuta dago, interesdun ororen esku-eskura.

      Horiek horrela, zilegi da desadostasunak izatea indarrean dagoen erregulazioarekin eta Udalak aukeratutako ustiaketa-ereduarekin (Parke Mikologikoa), baina esan beharra dago udalak hartutako erabakiak irizpide demokratikoei erantzuten diela (biztanleen gehiengoari), horri buruzko erabaki guztiak udaleko organo nagusiak hartu dituelako, hau da, udalbatzak, eta organo hori gehiengoaren iritziaren ordezkaria delako".

  3. Adierazi den bezala, hauek dira kexa jartzeko arrazoiak: interesdunak salatutako balizko zenbait irregulartasun, Ultzamako Udalak egindakoak, egur-ustiaketaren esleipenean eta herriko ustiaketa-eremu mikologikoaren kudeaketan.

    Ultzamako Udalak, bestalde, bere jarduketaren arrazoiak azaldu ditu txosten batean.

  4. Kexagileak dio Ultzamako Udalak baimendutako gehienekotik gorako sortak esleitu dituela, hau da, 6.000 kilogramotik gorakoak. Jasotako txostenean, Ultzamako Udalak ez dio ezer kexagilearen salaketaren alderdi jakin horri buruz; besterik zehaztu gabe dio etxeetarako egur-sortak (epaitzek) aplikatzekoa den ordenantzaren eta indarrean dagoen legediarekin bat etorriz esleitzen direla.

    Bestalde, interesdunak balizko zenbait irregulartasun agerian jartzen ditu, Ultzamako ustiaketa-eremu mikologikoan egiten ariko liratekeenak (ibilgailuak baso-bideetan zirkulatzea, ibarreko biztanleei perretxikoak eta onddoak jasotzeagatik kobratzea, Parke Mikologikoaren parte balira bezala izendatzea haren parte ez diren ibarreko lur-eremuak... ). Salaketaren alderdi jakin horiek ere ez ditu aztertzen Ultzamako Udalak kexa dela-eta igorri duen txostenean.

  5. Erakunde honek egiaztatu du udal-ordenantzak (behin betiko onespenarekin 2005eko abuztuaren 3an Nafarroako Aldizkari Ofizialaren 92. alean argitaratutakoak) 27. artikuluan jasotzen duela, familia-unitateei esleituko zaizkien egur-sortei dagokienez, Udalak urtean urteko bolumena ezarriko duela, kontuan hartuta mendiak eman ditzakeen baliabideak, eta, beharrezkoa bada, ustiaketa eten dezakeela, Udalak egokitzat jotzen duen unera arte.

    Bestalde, ikusi da udalerrian erroldatutako pertsonentzako tarifa berezi eta murriztu bat ezarri dela Ultzamako ustiaketa-eremu mikologikoaren funtzionamendu-arauetan. Era berean, egiaztatu da onartu egiten dela ibilgailuak sartzea eta aparkatzea, zenbait baldintzarekin bada ere.

    Ustiaketa-eremu mikologikoaren parte ez diren lurrak haren parte balira bezala aipatzeari dagokionez, berriz, erakunde honek uste du jardunbide horrek, egiazkoa balitz, hautsi egingo lituzkeela ustiaketa-eremu mikologikoa sortzea baimendu zuen Foru Aginduan ezarritako baldintzak (Foru Agindu horretan ezartzen da Ultzamako Udalari dagokiola mugak seinaleztatzea) eta eremu horretan aplikatzekoa den legeria (13/1991 Foru Legea, abenduaren 31koa, Nafarroako baso-ondarea babesteari eta garatzeari buruzkoa).

    Horregatik guztiagatik, erakunde honek uste du egokia dela Ultzamako Udalari gomendatzea berariaz eta zehatz-mehatz azter ditzala kexagileak salatutako gertaerak, Ultzamako Udalak egur-ustiaketen esleipenean eta herriko ustiaketa-eremu mikologikoaren kudeaketan egindako balizko irregulartasunei lotutakoak.

  6. Horrenbestez, eta uztailaren 3ko 4/2000 Foru Legearen 34.1 artikuluak aitortzen dizkion eskumenekin bat etorriz, Nafarroako Foru Komunitateko Arartekoak beharrezkotzat jo du:

    Ultzamako Udalari gomendatzea berariaz eta zehatz-mehatz azter ditzala kexagileak salatutako gertaerak, Ultzamako Udalak egur-ustiaketen esleipenean eta herriko ustiaketa-eremu mikologikoaren kudeaketan egindako balizko irregulartasunei lotutakoak.

Kontuan hartuz 4/2000 Foru Legea, uztailaren 3koa, Nafarroako Foru Komunitateko Arartekoari buruzkoa, eta Lege horren 34.2 artikuluarekin bat etorriz, bidezkoa da Ultzamako Udalak jakinaraztea, aginduzkoa denez, gehienez ere bi hilabeteko epean, erabaki hau onartu duen eta, hala bada, erabakia betetzeko zer neurri hartu dituen.

Lege-agindu horretan xedatzen denez, ukitutako administrazio publikoak arartekoaren erabakia onartzen ez badu, erakunde honek erabaki dezake gai hori 2017. urteari dagokion urteko txostenean sartzea eta Nafarroako Parlamentuan azaltzea, jarrera hori izan duen administrazio publikoa berariaz aipatuz, baldin eta arartekoaren iritziz erabakia onartzea posible bazen.

Zure erantzunaren zain, adeitasunez agurtzen zaitut,

Nafarroako Arartekoa

Francisco Javier Enériz Olaechea

Partekatu edukia