Bilaketa aurreratua

Ebazpenak

Nafarroako Arartekoaren Ebazpena (Q17/386), Kultura, Kirol eta Gazteriako Departamentuari iradokitzeko, asteroko informazio-buletinean eta Nafarroako herritarrei zuzenduriko txioetan, euskara ere erabil dezala, eta horretarako beharrezko diren neurriak har ditzala.

2017 ekaina 23

Euskara

Gaia: Boletín informativo y tweet solamente en castellano.

Bilinguismoa

Kultura, Kirol eta Gazteria kontseilaria

Kontseilari andrea:

  1. 2017ko maiatzaren 15ean, erakunde honek Hizkuntza Eskubideen Behatokiko zuzendariaren, […] andrearen, idatzi bat jaso zuen. Idatzi hartan, Kultura, Kirol eta Gazteria Departamentuaren aurkako kexa bat adierazi zuen, informazio-buletina eta erakundearen txioak gaztelania hutsean argitaratzeagatik.

    Idazki hartan, hauxe zion:

    1. 2017ko maiatzaren 8an, Kultura, Kirol eta Gazteria Departamentuaren asteko buletinaren informaziori buruzko txio bat gaztelania hutsean argitaratu zela. Gainera, informazio-buletin hori, gaur-gaurkoz, hizkuntza horretan soilik argitaratzen dela.
    2. Euskarak ez duela leku handirik departamentu horren sare sozialetan.
  2. Kexa jaso ondoren, erakunde honek Kultura, Kirol eta Gazteria Departamentura jo zuen, gai horri buruzko informazio eske.

    Jaso genuen txostenak honela dio:

    “Hizkuntza Eskubideen Behatokiko zuzendariak, [...] andreak, kexa bat aurkeztu zuen Kultura, Kirol eta Gazteria Departamentuaren aurka informazio-buletina eta txioak gaztelania hutsean argitaratzeagatik. Aurkeztutako kexa horri erantzunez Nafarroako Arartekoak 2017ko maiatzaren 22an bidalitako idatziari dagokionez (Q17/386 espedientea), hau adierazi nahi da:

    Alde batetik, Kultura, Kirol eta Gazteria Departamentuaren asteko informazio-buletinaren berri ematen zuen txioa zela-eta aurkeztutako kexari dagokionez, bai, txioa gaztelania hutsean argitaratu zen. Gainera, buletin hori, gaur-gaurkoz, hizkuntza horretan soilik argitaratzen da. Horrekin lotuta, adierazi behar da txio hartan Nafarroako Gobernuko Komunikazio Zerbitzuak, Herritarrekiko eta Erakundeekiko Harremanetako Departamentuko Komunikazio Zuzendaritza Nagusiari atxikitakoak, astelehenero osatzen eta argitaratzen duen kultur agenda zabaldu zela. Kultura, Kirol eta Gazteria Departamentuak astero zabaltzen duen kultur agenda zabaltzeari dagokionez, adierazi behar dut lanean ari garela Departamentuko hainbat komunikazio-kanaletan ematen den informazioaren euskarazko edukiak ugaritzeko, zerbitzu hobea emateko xedez.

    Bestalde, Departamentuaren sare sozialetan euskarak duen presentzia txikia dela-eta egindako kexari dagokionez, jakinarazi behar dizut euskararen erabilera handitzeko helburua sare sozialetara zabaltzeko asmoa dagoela, bai Kulturako Zuzendaritza Nagusiaren esparruan bai Nafarroako Kirolaren eta Gazteriaren Institutuaren esparruan.

    Horri dagokionez, lehiaketara atera da on line komunikazio-zerbitzua, Nafarroako Kirolaren eta Gazteriaren Institutuaren webgunearen eta sare sozialen bidezkoa, eta horren baldintza teknikoen agirian jaso da sormen- eta hedapen-lanetan gaztelania eta euskara erabiliko direla, biak batera nahiz bereizita.

    Era berean, Kultura Zuzendaritza Nagusiaren on line edukietan ere euskara laster batean sartzea aurreikusi da.

    Euskarazko komunikazioari dagokionez zerbitzu hobea emateko asmoz, departamentu honek azken bi urte hauetan egin dituen eskaintzetan eta/edo kontratu publikoetan kontuan hartu da eta baloratu egin da euskararen ezagutza. Besteak beste, hauetan:

    • 2016. urtean:
      • Kulturako Zuzendaritza Nagusiaren Parte-hartzerako Planaren eskaintza: euskara jakitea eskatu da (C1 maila edo baliokidea). Kontratua 2016ko abenduan amaitu zen.
      • Nafarroako Museoaren jarduera didaktikorako kontratuaren eskaintza: hezitzaile bat elebiduna izatea eskatu zen. Kontratua 2016ko urriaren 1ean hasi zen, eta 2017an luzatu egin da; 2018an ere luzatu egin daiteke kontratu hori.
      • Nafarroako Foru Komunitatean hirugarren adinekoentzako ariketa fisikoaren kanpaina eta haurren gizentasunaren prebentziorako kanpaina diseinatzeko, koordinatzeko eta gauzatzeko laguntza teknikoa (Nafarroako Kirolaren eta Gazteriaren Institutuaren urriaren 13ko 690/2016 Ebazpen bidez esleitua): lizitatzaileei, kaudimen teknikoko baldintzatzat, eskatu zitzaien euskaraz irakasten den eta esku-hartzea hizkuntza horretan egiteko eskatzen duten ikastetxeetako jarduna euskaraz dakien profesional batek egitea.
      • Kirol Etxea garbitu, bertako mantentze-lanak egin eta zuzentzeko zerbitzuari laguntzeko kontratua (209/2016 Ebazpena, martxoaren 14koa, Nafarroako Kirolaren eta Gazteriaren Institutuarena): lizitatzaileei kaudimen teknikoko baldintzatzat eskatu zitzaien jendearen arretarako langileei arreta euskaraz eta gaztelaniaz emateko protokolo bat ezartzeko konpromisoa aurkeztea. Era berean, lizitatzaileei eskatu zitzaien har zezatela konpromisoa jendearen arretarako langileak euskara ikasten has zitezen.
    • 2017. urtean:
      • Kulturako Plan Estrategikoa: euskara jakitea eskatu da (C1 maila edo baliokidea).
      • Nafarroako Errege Artxibo Nagusiaren zeregin osagarrietarako kontratua, Kultura Zuzendaritza Nagusia - Vianako Printzea Erakundearen urtarrilaren 23ko 18/2017 Ebazpen bidez esleitua […] enpresari. Harrera-lekuan erabiltzaileei harrera egiteko lanpostua: artxibo-laguntzailearen profila duen pertsona bat, euskaraz ongi moldatuko dena bai hitzez bai idatziz.

        Era berean, 2016tik hona, Departamentuko zerbitzuetan eta bulegoetan errotuluak egokitu egin dira euskarazko izenak jartzeko, Kultura Zuzendaritza Nagusiak eta Nafarroako Kirolaren eta Gazteriaren Institutuak bultzatuta”.

  3. Argi geratu den moduan, 2017ko maiatzaren 8an Kultura, Kirol eta Gazteria Departamentuaren asteko informazio-buletinari buruzko txio bat gaztelania hutsean egin izanak, informazio-buletina gaztelania hutsean argitaratu izanak eta euskarak departamentu horren sare sozialetan duen presentzia urriak eragin zuen kexa.

    Kultura, Kirol eta Gazteria Departamentuak adierazi du txio hartan Nafarroako Gobernuko Komunikazio Zerbitzuak astelehenero osatzen eta argitaratzen duen kultur agenda zabaldu zela; geroago agenda zabaltzeari dagokionez, gaineratu du lanean ari direla Departamentuko hainbat komunikazio-kanaletan ematen den informazioan euskarazko edukiak ugaritzeko. Horrez gain, adierazi du aurreikusita dutela euskararen erabilera hainbat sare sozialetan geroz eta gehiago zabaltzeko asmoa, bai Kultura Zuzendaritza Nagusiaren esparruan bai Nafarroako Kirolaren eta Gazteriaren Institutuaren esparruan. Azkenik, adierazi du euskararen ezagutza kontuan hartu dela azken aldiko eskaintzetan, esleipenetan eta/edo kontratu publikoetan.

  4. Euskarari buruzko 18/1986 Foru Legeak, abenduaren 15ekoak, euskara eta gaztelania Nafarroako berezko hizkuntzatzat aitortzen ditu, eta, oro har, herritar guztiek bi hizkuntza horiek ezagutzeko eta erabiltzeko daukaten eskubidea aitortzen du.

    Horrez gain, abenduaren 10eko 29/2003 Foru Dekretuak, Nafarroako administrazio publikoetan euskararen erabilera arautzen duenak, adierazten du, xedapenak, oharrak, argitalpenak, iragarkiak eta mota guztietako publizitatea gaztelaniaz izatea galarazi gabe, Nafarroako Foru Komunitateko administrazioko zerbitzu nagusiek biztanle guztientzat egiten dituzten informazio-foiletoak, kanpainetako material grafikoa, argitalpenak edo antzeko idazkiak gaztelania hutsean, edizio bakar elebidunean, edo gaztelaniazko eta euskarazko edizio bereizietan idatzita egon ahalko direla, kasuen arabera argitalpenaren ardura duen Departamentuko kontseilari titularraren erabakiari jarraituz.

  5. Horregatik, txio bat eta asteko informazio-buletina euskaraz ez argitaratzeak eragin zuenez kexa, eta Kultura, Kirol eta Gazteria Departamentuaren nahia denez euskara gehiago erabiltzea departamentu horren sare sozialetan, erakunde honek uste du beharrezkoa dela Kultura, Kirol eta Gazteria Departamentuari iradokitzea herritar guztientzat diren komunikazio-modu horiek euskaraz ere idazteko, horretarako hartu behar diren neurriak hartuta.
  6. Horrenbestez, eta uztailaren 3ko 4/2000 Foru Legearen 34.1 artikuluak aitortzen dizkion eskumenekin bat etorriz, Nafarroako Foru Komunitateko Arartekoak beharrezkotzat jo du:

    Kultura, Kirol eta Gazteriako Departamentuari iradokitzea, asteko informazio-buletinean eta Nafarroako herritarrei zuzenduriko txioetan, euskara ere erabil dezala, eta horretarako beharrezko diren neurriak har ditzala.

Uztailaren 3ko 4/2000 Foru Legean, Nafarroako Foru Komunitateko Arartekoari buruzkoan, 34.2. artikuluan zehazturikoarekin bat etorriz, bidezkoa da Kultura, Kirol eta Gazteria Departamentuak jakinaraztea, aginduzkoa denez, gehienez ere bi hilabeteko epean, erabaki hau onartu duen eta, hala bada, erabakia betetzeko zer neurri hartu dituen.

Lege-agindu horretan xedatzen denez, ukitutako administrazio publikoak arartekoaren erabakia onartzen ez badu, erakunde honek erabaki dezake gai hori 2017. urteari dagokion urteko txostenean sartzea eta Nafarroako Parlamentuan azaltzea, jarrera hori izan duen administrazio publikoa berariaz aipatuz, baldin eta arartekoaren iritziz erabakia onartzea posible bazen.

Zure erantzunaren zain, adeitasunez,

Nafarroako Arartekoa

Francisco Javier Enériz Olaechea

Partekatu edukia