Bilaketa aurreratua

Ebazpenak

Nafarroako Arartekoaren Ebazpena (Q17/307); horren bidez, Lehendakaritzako, Funtzio Publikoko, Barneko eta Justiziako Sailari iradokitzen zaio, aldez aurretik eskatzen diren arau-aldaketak eginda, langileen hautapen-probak direla-eta gauzatzen diren euskara-mailaren proba espezifikoetan lortutako emaitzen baliozkotasunari eustea, bidezkotzat jotzen duen epean zehar, eta hautagaia ez behartzea euskara-mailaren proba hori errepikatzera, maila edo eskakizun bera edo antzekoa duen bestelako deialdi publikoren batera bere burua aurkezten badu.

2017 maiatza 23

Euskara

Gaia: Falta de expedición de certificado del nivel de euskera por Euskarabidea.

Euskera

Lehendakaritzako, Funtzio Publikoko, Barneko eta Justiziako sailburua

Sailburu andrea:

  1. 2017ko apirilaren 11n, erakunde honek […] andrearen idatzia jaso zuen. Horren bidez, kexa bat aurkeztu zuen Lehendakaritzako, Funtzio Publikoko, Barneko eta Justiziako Sailaren aurrean, enplegu publikoko deialdiei begira ez delako ematen Euskarabidean dagokion proba espezifikoaren bidez lortutako euskara-maila egiaztatzeko ziurtagiririk.

    Idatzi horretan honako hau adierazi zuen:

    1. Nafarroako Foru Komunitateko enplegu publikoko deialdi gehienetan euskararen ezagutza eskatzen da, eta dagozkion titulu ofizialak ez dituzten hautagai guztiei eskaintzen zaie Euskarabidean euskara-mailaren proba bat egiteko aukera.
    2. Dena den, proba horiek egin eta gainditu ostean, hautagaiak ez du Euskarabidearen aldetik inolako ziurtagiririk jasotzen, probak gainditu dituela egiaztatzeko. Hortaz, hizkuntza jakitea eskatzen duen bestelako hautapen-prozesuren batera aurkeztu nahi badu, berriro errepikatu behar ditu aurretik egindako proba berberak.
    3. Euskarabideak eskaintzen dituen ikastaro eta ikastaro trinkoetan, ordea, ez da gauza bera gertatzen; izan ere, ikasleak amaierako azterketa gainditzen duenean, hizkuntza-maila egiaztatzeko ziurtagiri bat ematen zaio, eta ziurtagiri hori baliagarria da Nafarroako langileak hautatzeko prozesuetan. Hori horrela, ez da beharrezkoa probak behin eta berriro egitea.

      Adierazitako guztia aintzat hartuta, interesdunak eskatzen zuen Euskarabidean gauzatzen diren euskara-mailaren proba guztietan (bai ikastaroen bidez bai deialdi publiko batean parte hartzeagatik), horiek gainditzen badira, lortutako maila egiaztatzeko ziurtagiri bat emateko, bestelako deialdietan izena eman ahal izateko xedearekin.

  2. Kexa jaso ondoren, erakunde honek Lehendakaritzako, Funtzio Publikoko, Barneko eta Justiziako Sailera jo zuen, gai horri buruzko informazio eske.

    Jasotako txostenean, honako hau adierazten da:

    1. “(…) andreak aurkeztutako kexa-idatzian honako hau eskatzen du: Euskara ikasteko ikastaroetan egiten den bezalaxe, euskararen ezagutzaren inguruko proba espezifikoetan ere Euskarabideak langileak hautatzeko prozesu guztietan baliagarria den ziurtagiria emateko, hizkuntza horretako ezagutza-maila egiaztatzeko. Horren xedea da enplegu publikoko deialdi bakoitzean proba horiek errepikatu behar ez izatea.
    2. Gaia planteatuta, kasu honetan bidezkoa da euskararen ezagutza egiaztatzeko probak arautzen dituen araubidean ezarritakoa aztertzea.

      Lehenbizi uztailaren 30eko 203/2001 Foru Dekretua aztertu behar da. Horrek, 1.1 artikuluan zehazten du Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren eta haren erakunde autonomoen plantillako zein lanpostuan jakin behar den euskara (Hezkuntza eta Kultura Departamentuko irakasle lanpostuak kanpo direla), bai eta zer jakite maila behar den ere.

      Agindu horren hirugarren atalak adierazten du, eskuartean dugun gaiari dagokionez, aurreko atalean aipatzen diren jakite-maila horiek frogatzeko, proba espezifikoak egingo zaizkiola hautagaiari, Nafarroako Administrazio Publikoaren Institutuak eratuak, kasurako behar den jakite-maila duen neurtzeko; edo bestela prestakuntza jakin bat izatea eskatuko da frogatzat (...).

      Halaber, Lehendakaritzako, Justiziako eta Barneko sailburuaren martxoaren 8ko 18/2004 Foru Arauak (Nafarroako Administrazio Publikoetako lanpostuak betetzearren hizkuntzen jakintza-maila neurtzeko berariazko probak arautzen dituena), honako hau ezartzen du 1. artikuluan: Euskarazko, frantsesezko, ingelesezko eta alemanezko jakintza-maila Nafarroako Administrazio Publikoetako lanpostuak betetzeko probetan neurtzearren, Nafarroako Administrazio Publikoaren Institutuak abuztuaren 12ko 130/1998 Foru Aginduan xedaturikoaren arabera antolatzen dituen proba espezifikoetan foru-agindu hau izango da arau. Era berean, 5.2 artikuluan adierazten da balorazioak lau urterako balioko duela. Eta 7. artikuluan jasotzen da hizkuntzen jakintza-maila foru-agindu honen arabera neurtzeak ofizialki balioko duela bakarrik lanpostuak betetzeko; hortaz, ezingo da erabili prozedura horietatik aparte.

      Bere aldetik, ekainaren 15eko 55/2009 Foru Dekretuak (Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioko eta haren erakunde autonomoetako plantilla organikoan euskaraz jakitearen trataera arautzen duena), 4. artikuluan ezartzen du, euskararen jakintza-maila egiaztatzeko, titulu ofizialak aurkeztu daitezkeela, edo bestela, Nafarroako Administrazio Publikoaren Institutuak espresuki antolatutako azterketa egin ahal dela; bost zailtasun-maila dira, eta eman daitekeen gehieneko balorazioaren 1/5 emango zaio maila bakoitzari.

      Azkenik, apirilaren 29ko 26/2015 Foru Dekretuak (A1, A2, B1 eta B2 euskara-mailak egiaztatzeko ziurtagiri ofizialak sortzen dituena eta haiek jaulkitzeko arauak ematen dituena), maila horiek egiaztatzeko probak egiteko sistema ezartzen du eta hori egiteko arduradunak diren organoak zehazten ditu.

      Ziurtagiri horiek baliozkotasun iraunkorra dute; hala ere, gaurko egunera arte, ez da deialdirik egin.

    3. Amaitzeko, eta aurretik adierazitako guztiarekin bat etorriz, hauek dira Nafarroako Administrazio Publikoetan lanpostuak betetzeko prozeduretan euskara-maila egiaztatzeari dagokionez indarrean dagoen araudiak ahalbidetzen dituen bideak:
      1. Hizkuntzaren titulu edo ziurtagiri ofiziala.
      2. Euskarabideak hautapen-prozesu bat dela-eta antolatzen dituen proba espezifikoak gainditzea; horiek, kexaren egileak esan bezala, deialdi horretarako dira baliagarriak bakarrik.
      3. Euskarabideak –oro har eta urtean bi aldiz– martxoaren 8ko 18/2004 Foru Aginduan xedatutakoari jarraikiz deitzen dituen proba espezifikoak gainditzea; horien baliozkotasuna lau urtekoa da”.
  3. Islatu den moduan, kexa lotuta dago Administrazio publikoan lanpostuak betetzeko prozesuetan euskara-maila egiaztatzearekin.

    Interesdunak adierazten du langileak hautatzeko proba bakoitzean egin daitezkeen maila-proba espezifikoak baliagarriak direla bakarrik dagokion hautapen-proba horietarako; eta, hortaz, hautagaiak bestelako deialdi publiko batera aurkeztu nahi badu, proba errepikatu behar du.

    Lehendakaritzako, Funtzio Publikokoko, Barneko eta Justiziako Sailak, bestalde, txostenean azaldu du kexagaiari aplikatu dakiokeen erregimen juridikoa.

  4. Ekainaren 15eko 55/2009 Foru Dekretuak (Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioko eta haren erakunde autonomoetako plantilla organikoan euskaraz jakitearen trataera arautzen duena) 4. artikuluan arautzen du euskararen ezagutza. Hain zuzen, honako hau adierazten du:

    "4. artikulua. Euskaraz jakitea nola frogatu.

    1. EGA titulua edo beste titulu ofizial bat, Hizkuntzen Europako Erreferentzia Marko Bateratuaren C1 mailaren baliokidea, izateak, aurreko artikuluetan euskara jakiteaz aipaturiko gehieneko balorazioa jasoko du.
    2. Titulu hori izan ezean, Hizkuntzen Europako Erreferentzia Marko Bateratuaren A1 maila edo baliokidea izateak gehienez eman daitekeen puntuazioaren 1/5 jasoko du, A2 maila izateak 2/5, B1 izateak 3/5 eta B2 izateak 4/5. Bestela, Nafarroako Gobernuak antolatutako ikastaroetan gainditutako urrats bakoitzak gehienez eman daitekeen puntuazioaren 1/12 jasoko du.
    3. Euskara maila frogatzeko, Nafarroako Administrazio Publikoaren Institutuak espresuki antolatutako azterketa egiten ahal da; bost zailtasun maila izanen dira, eta hizkuntzari ematen ahal zaion gehieneko balorazioaren 1/5 emanen zaio maila bakoitzari".
      Hori horrela, ondorioztatu da Nafarroako Administrazio Publikoen aurrean euskararen ezagutza frogatu ahal izateko EGA titulua edo Hizkuntzen Europako Erreferentzia Marko Bateratuaren A1, A2, B1, B2 edo C1 mailen baliokidea den titulu ofizialen bat izan behar dela. Era berean, euskararen ezagutza Nafarroako Administrazio Publikoaren Institutuak xede horretarako deitutako proba espezifikoak gaindituz froga daiteke.

      Bestalde, Lehendakaritzako, Justiziako eta Barneko sailburuak emandako martxoaren 8ko 18/2004 Foru Aginduak Nafarroako Administrazio Publikoetako lanpostuak betetzearren hizkuntzen jakintza-maila neurtzeko berariazko probak arautzen ditu, eta ez du ezartzen kexan aipatutako proba espezifikoen baliozkotasunari aplika dakiokeen erregimena, hau da, laneratze jakin bateko hautaketa-prozedura bat dela-eta antolatzen direnei (horien balorazioa prozesu jakin horretarako da baliozkoa soilik).

  5. Euskara Nafarroako berezko hizkuntza da eta hizkuntza ofiziala eremu euskaldunean. Nafarroako Administrazio Publikoek euskara ezagutzea eska dezakete enplegu publikoa eskuratzeko betebehar espezifiko gisa edo meritu kualifikatu gisa, beste meritu batzuen artean.

    Lehendakaritzako, Funtzio Publikoko, Barneko eta Justiziako Sailak ez ditu justifikatzen bere txostenean laneratzeko prozedura jakin bat dela-eta antolatzen diren euskararen ezagutza-mailaren probetan lortutako euskararen frogatutako ezagutza-mailaren baliozkotasuna laneratze-proba horietara soilik mugatzea gomendatzen duten arrazoiak, eta, beraz, hautagaiak ezagutza-mailaren proba errepikatu behar izatea beste deialdi publiko batera aurkezten bada.

    Otsailaren 10eko 29/2003 Foru Dekretuaren (Nafarroako Administrazio Publikoetan euskararen erabilera arautzen duena) 24. artikuluak hau ezartzen du: Nafarroako Foru Komunitateko Administrazio Publikoak euskaraz gaitzeko ikastaroak antolatuko ditu, eta, horien bidez, euskaraz gai diren langileen behar besteko kopurua izanen dela ziurtatzera joko da, horrela Euskarari buruzko Foru Legean, Foru Dekretu honetan eta bere aplikazioaren ondoriozko araudian eta planetan ageri diren helburuak bete ahal izateko.

    Zati horretatik ondorioztatzen da Administrazioak bermatu behar duela euskara gai diren langileen behar besteko kopurua. Helburu hori betetzen lagundu dezakeen neurri bat izan daiteke funtzio publikora sartzean euskararen ezagutza-maila frogatzeari aplika dakizkiokeen betebeharrak malgutzea. Funtzio publikora sartzean euskararen ezagutza-maila frogatzeko moduei aplika dakizkiokeen betebeharrak malgutzearen harira, erakunde hau O16/4 ofiziozko jardueran alde agertu zen. Dagoeneko badu horren berri Lehendakaritzako, Funtzio Publikoko, Barneko eta Justiziako Sailak.

    Horregatik guztiagatik, erakunde honek uste du egokia dela Lehendakaritzako, Funtzio Publikoko, Barneko eta Justiziako Sailari iradokitzea, aldez aurretik eskatzen diren arau-aldaketak eginda, langileen hautapen-probak direla-eta gauzatzen diren euskara-maila egiaztatzeko proba espezifikoetan lortutako emaitzen baliozkotasunari eustea, bidezkotzat jotzen duen epean zehar, eta hautagaiari maila egiaztatzeko proba hori errepikatzera ez behartzea maila edo eskakizun bera edo antzekoa duen bestelako deialdi publikoren batera bere burua aurkezten badu.

  6. Horrenbestez, eta uztailaren 3ko 4/2000 Foru Legearen 34.1 artikuluak ematen dizkidan eskumenekin bat etorrita, Nafarroako Foru Komunitateko Arartekoak uste du hau komeni dela:

    Lehendakaritzako, Funtzio Publikoko, Barneko eta Justiziako Sailari iradokitzea, aldez aurretik eskatzen diren arau-aldaketak eginda, langileen hautapen-probak direla-eta gauzatzen diren euskara-maila egiaztatzeko proba espezifikoetan lortutako emaitzen baliozkotasunari eustea, bidezkotzat jotzen duen epean zehar, eta hautagaiari maila egiaztatzeko proba hori errepikatzera ez behartzea maila edo eskakizun bera edo antzekoa duen bestelako deialdi publikoren batera bere burua aurkezten badu.

Uztailaren 3ko 4/2000 Foru Legearen (Nafarroako Foru Komunitateko Arartekoari buruzkoa) 34.2 artikuluarekin bat etorrita, Lehendakaritzako, Funtzio Publikoko, Barneko eta Justiziako Sailak txosten bat egin behar du, derrigorrezkoa den heinean, bi hilabeteko epean, ebazpen hau onartzen duen ala ez adieraziz, eta, bidezkoa bada, ebazpena betetzeko hartutako neurriak adierazi beharko ditu.

Lege-agindu horretan ezarritakoarekin bat etorriz, legezko betebeharren oroigarria ez onartzeak berekin ekar lezake auzia Nafarroako Parlamentuari aurkezten zaion urteko txostenean (2017. urteari dagokiona) sartzea, berariaz adieraziz dagokion Administrazioak ez duela aldeko jarrera hartu, hori egiteko aukera bazegoen ere.

Zure erantzunaren zain, adeitasunez agurtzen zaitut,

Nafarroako Arartekoa

Francisco Javier Enériz Olaechea

Partekatu edukia