Partekatu edukia
Hirigintza eta Etxebizitza
Gaia: Disconformidad con actuación en relación al arreglo de camino.
Hirigintza
Atetzeko alkateari.
Alkate jaun hori:
Erakunde honek […] andrearen idatzi bat jaso zuen 2017ko urtarrilaren 12an. Idatzi hartan, kexa bat helarazi zigun, haren jabetzako lursail bateko bide pribatu batean egindako konponketa-lanetan Atetzeko Udalak egindako jarduketari buruzkoa.
Idatzi hartan, honako hau adierazten zuen:
Eskatu arren, Udalak ez dituela idatziz egiten jakinarazpenak.
Horregatik guztiagatik Atetzeko Udalari eskatzen dio azter ditzala beste aukera batzuk eta berrikus ditzala lanen memorian jabeei egiten zaizkien gehiegizko eskakizunak. Era berean, Atetzeko Udalari eskatzen dio bere gain har ditzala bere erantzukizuna eta, ondorioz, bidearen konponketa-lanak, han egindako lanak direla-eta ari baita hondatzen. Azkenik, eskatzen du proposamen horiek idatziz helaraz dakizkiela eraginpeko lursailen jabeei.
Kexa jaso ondoren, erakunde honek Atetzeko Udalera jo zuen, gai horri buruzko informazio eske.
Jasotako txostenean, honako hauek aipatzen dira:
“Hasteko, komeni da argitzea hizpide dugun eremua bi lursail pribatutatik igarotzen den bide bat dela, eta egoera horren jakitun direla lursailen jabeak.
Erregistroan, lursail horiek osoak direla jasotzen da, eta haietara sarbidea izateko bide-zorra dutela. Informazio-ohar soilaren kopia erantsi da.
Udalak badu, gainera, hiru lursailen jabeen arteko akordio baten berri. Akordioa 2007ko abenduaren 4an egin zuten, eta, haren bidez, bide-zor bat ezarri zuten 59. eta 60. lursailetan zehar, 76. lursailak sarbidea izan zezan.
Horrez gain, han jasotzen da eremu horren urbanizazioak eragindako gastuak bere gain hartzen dituela 76. lursailaren jabeak, eta hura dela onibar nagusia beste bien gainetik.
Aipatutako datu horietatik ondorioztatzen da etxe horietara sarbidea lursail pribatu bat dela egiazki, eta lursail horren gaineko bide-zorra ezarri dela etxetara sarbidea izateko eta zerbitzuak emateko.
Era berean ondorioztatzen da 59. lursaila dela San Martin kalearen mugakide bakarra, eta, horren berri izanda, eremu hori urbanizatzea erabaki zutela jabeek.
Azken batean, hizpide dugun bidea ez da egiazki bide bat, bide-zorra duen lur-zerrenda bat baizik (pertsonen, ibilgailuen eta sareen bide-zorra duena), eta lur-zerrenda horren mantentze-lanak jabeei dagozkie, Erregistroan inskribatutako tituluekin eta 2007ko abenduaren 4 egindako akordioarekin bat etorriz.
Bide-zorraren eraketa eta sarbidearen eraikuntza-lanak 59., 60. eta 76. lursailen jabeek egin zituzten, akordio pribatuen bidez, haien lursailetan etxebizitzak eraikitzeko lizentziak lortzeko helburuarekin, lursail guztietara oinezkoen eta ibilgailuen sarbidea bazela justifikatzeko eskatu baitzien Udalak.
Kexan jasotzen den bezala, egia da pasabide horretan hornidura-sarean izandako ihesak Udalak konpondu zituela; izan ere, hori egin beharra zuen, ihes horiek direla-eta biztanle guztiei zerbitzua ematen dien depositua husten ari baitzen, eta, horrenbestez, ezinbestekoa eta ezin luzatuzkoa baitzen lan horiei berehala ekitea. Hau da, interes publiko nagusiari erantzuteko esku hartu zuen, ezinbestekoa baitzen berehalako neurri administratiboak hartzea, bailarako bizilagun guztiei eragin ziezaiokeen kalte larririk izan ez zedin. Edonola ere, jabeek baimena eman zuten lursailetara sartzeko eta konponketa-lanak egiteko.
Hornidura-sarearen haustura haien kausa bidearen urbanizazio kaskarra izan zen, eta sarbidearen egoera kaskarra ez da, inolaz ere, Administrazioak egindako konponketen ondorioa.
Udal-arkitektoak egin duen eta honekin doan txosten teknikoan jasotzen denez, urteak dira zolarri horrek asentatze-arazoak dituela, eta eremuaren urbanizazio-lan kaskarren ondorio dira, gaizki trinkotutako betelan baten gainean eginda baitago. Horixe ikus daiteke txostenean jasotako argazkietan. Argi ikusten da zolarria erabat mugituta dagoela.
Udal-teknikariak argi adierazi du zer arrisku izan dezakeen bide horretan edukiera handiko kamioiak ibiltzeak eta zenbaiteraino hondatuta dagoen, eta segurtasuna bermatzeko berehalako neurriak hartzea gomendatu du.
Gauzak horrela eta bide hori lursail pribatua izanik, Udalak sarbidearen konponketa-lanak egiteko agindua eman zien 59. eta 60. lursailen jabeei, horretarako legezko betebeharra baitute (Lurraldearen Antolamenduari eta Hirigintzari buruzko 35/2002 Foru Legearen 87.1. B artikuluan jasotzen denez, haien betebeharra da segurtasunari, osasungarritasunari, apaintasun publikoari eta bizigarritasunari dagokienez, lurrak eta eraikinak behar den egoeran mantentzea, kasuan kasuko xedearen arabera, behar diren lanak eginez egoera hori kontserbatu edo konpontzeko eta beharrezkoak edo eskagarriak diren zerbitzuez hornitzeko, betiere ondasunaren erabilera eta ezaugarriak kontuan harturik).
Bistan denez, lanak egiteko agindua lursailen jabeei eman behar zaie, hau da, 59. eta 60. lursailen jabeei.
Esanak esan, lanen kostua handia dela ikusirik, udalbatzak akordio bat proposatu zien hiru lursailen jabeei. Akordio horretan, eremuaren urbanizazio-lanak egitea eta, ondoren, hura bide publikotzat Udalari ematea proposatu zitzaien, betiere, behar bezala urbanizatuta ematekotan, aurreikusitako erabilerarako.
Elkarrizketa horiek, ordea, ez dute aurrera egin, espediente honen oinarri den kexak argi erakusten duenez, eta arrazoi hori dela-eta, udal teknikariaren txostenean adierazitakoarekin bat, lanak egiteko agindua emango du Administrazioak.
Azaldutakoa oinarri hartuta, administrazio honek uste du ez dagokiola [...] andreak jarritako kexari erantzutea, administrazioaren jarduna egokia izan baita. Eta, edonola ere, interesdunak uste badu Administrazioak kalte egin diola, modu egokian jardun beharko lukeela, ondarearen gaineko erantzukizuna eskatuz, 39/2015 Legean ezarritakoaren arabera”.
Adierazi den bezala, kexaren jatorrian dauden auziek bide batekin dute lotura, Eguaratseko jabego pribatuko eta erabilera publikoko bide batekin, hain zuzen. Interesdunak alderdi hauetan ditu desadostasunak: a) bidearen zolarriaren asentatze-arazoak konpontzeko lanetarako ezarritako zenbatekoan; b) Atetzeko Udalak bide horretako kalteei lotuta egin duen diagnostikoan ‒interesdunak uste du kalte horiek jabeen baimenik gabe ihesak konpontzeko Udalak egindako jarduketen ondorio direla–, eta c) Atetzeko Udalak egindako proposamenak idatziz komunikatu ez izanean.
Udalak, bestalde, bere jarduketaren arrazoiak azaldu ditu txosten batean.
Eguaratseko 2. poligonoko 59., 60. eta 76. lursailetarako sarbidea ematen duen jabego pribatuko eta erabilera publikoko bidearen urbanizazio kaskarra konpontze aldera Atetzeko Udalak agindutako lanen gehiegizko kostuari lotuta, hau dio Atetzeko Udal Plan Orokorraren hirigintza-araudiko 41 bis artikuluak, sarbidea lursail pribatuetan zehar egin beharreko lursailetan eraikitzeko baldintzei dagokienez:
“Bide publikotik sarbiderik ez duten lursailetan ere eraiki daitezke etxebizitzak, baldintza hauek betetzen badituzte, betiere:
Bideak hartzen duen eremua erabilera publikokoa bada".
41 bis artikulu horretatik ondorioztatzen da bide publikotik sarbiderik ez duen lursail batean etxebizitza bat egiteak zenbait betebehar sortzen dituela, lursailera oinezkoentzako eta ibilgailuentzako sarbide pribatu egoki bat egiteko betebeharra, besteak beste.
Hau da, erakunde honek ulertzen duenez, bide publikotik sarbiderik ez duten lursailetako etxeetara sartzeko bideak urbanizatzeko baldintzak ez dira oso zorrotzak, Udal Plan Orokorrak ezartzen baitu nahikoa dela egokiak izatea lursail horren jabeek oinezkoentzako eta ibilgailuentzako sarbidea izateko. Aski da ibilgailu partikularrentzako moduko bide bat egitea eta ez dago zertan egin beharrik edukiera handiko kamioientzako moduko bide bat, Atetzeko Udalak bere txostenean dioen bezalakoa.
Ikusirik hainbestekoa dela bidearen urbanizazio kaskarra konpontzeko egin beharreko lanen kostua –interesdunak dio 100.000 eurokoa dela–, erakunde honek uste du egokia dela Atetzeko Udalari iradokitzea balora dezala bidea urbanizatzeko jarritako baldintzak aldatzeko aukera, bide hori erabiltzen duten lursailen jabeen beharretara egokitu daitezen, oinezkoen eta ibilgailuen sarbideari dagokionez.
Kexaren egileak uste du haren lursailera sarbidea ematen duen bidea ez litzatekeela hain azkar hondatuko Atetzeko Udalak 2011an, 2014an eta 2016an ur-ihesak konpontzeko egindako lanegatik ez balitz.
Konstituzioaren 106.2 artikuluan ezartzen denez, subjektu pribatuek, legeak finkatutako eran, eskubidea dute, beren ondasun eta eskubideetan izandako kalte guztien ordaina jasotzeko, ezinbesteko kasuetan izan ezik, baldin eta kalte horiek herri-zerbitzuen funtzionamenduaren ondorioz gertatu badira.
Konstituzio-arauaren garapenean, hau da, urriaren 1eko 40/2015 Legean, Sektore Publikoaren Araubide Juridikoarenean, berretsi egiten da eskubide hori, eta zehaztu egiten da eskubide hori izango dela baldin eta kalte hori zerbitzu publikoen funtzionamendu normal edo anormalaren ondorioz sortu bada. Tokiko araubideari dagokionez, berriz, Toki Araubidearen Oinarriei buruzko 7/1985 Legeak (apirilaren 2koak) eta Nafarroako Toki Administrazioari buruzko 6/1990 Foru Legeak (uztailaren 2koak) arautzen dute ondasunen gaineko zer erantzukizun duten tokiko erakundeek.
Aurreko arauek ezartzen dute partikularrek eskubidea dutela Administrazioaren aldetik kalte-ordainak jasotzeko, baldin kalte horiek zerbitzu publikoaren funtzionamendu normalaren edo anormalaren ondorio badira eta baldin kaltea egiazkoa, ekonomikoki ebaluatzeko eta banakatzeko modukoa bada. Jurisprudentziak, bestalde, behin eta berriro erakutsi du (Goi Auzitegiaren 2006ko ekainaren 27ko sententziak, esaterako) Administrazioak ondasunen gaineko erantzukizuna izan dezan, beharrezkoa dela baldintza hauek betetzea:
Eskatzailearen betebehar juridikoa ez izatea kalte hori zentzuz jasatea, bere jarreragatik egindakoa bada.
Ondarearen gaineko erantzukizun horri lotuta, jurisprudentzian finkatutako doktrina da erantzukizun hori objektiboa dela ulertzea, eta, horrenbestez, ez kontutan hartzea Administrazioak zuzenbidearen aurka jokatu duen edo ez, haren jardunaren emaitza edo kaltea zuzenbidearen aurkakoa den edo ez baizik, nahiz eta ezinbestekoa den kausa-ondorio lotura bat egotea zerbitzu publikoaren funtzionamenduaren eta eragindako kalteen artean (izan funtzionamendu hori normala edo anormala). Horrenbestez, emaitzaren gaineko erantzukizuna da, eta berdin dio administrazioaren jarduna normala edo anormala izan. Erantzukizun hori egozteko, aski da haren ondorio zuzena egiazko kalte bat izatea, ekonomikoki ebaluatzeko eta banakatzeko modukoa bada eta eskatzaileak legez jasan beharrekoa ez bada.
Erantzukizuna egon dadin, kalte-ordainen eskatzaileak gertaeren frogak eman behar ditu. Administrazioak, bere aldetik, frogatu egin behar du kausa-ondorio loturarik ez dagoela, zerbitzuak egokiro funtzionatu duelako, ezinbesteko kausa egon delako edo kaltetuaren iruzurraren edo utzikeriaren frogak badirelako, halakorik izan bada.
Kexa eragin duen egoerari dagokionez, interesdunak dio Atzetzeko Udalak konponketa-lanak egin zituela haren lursailera sarbidea ematen duen bidean, 2011ko ekainean, 2014ko azaroan eta 2016ko abuztuan izandako ur-ihesak konpontzeko. Interesdunak dioenez, Atetzeko Udalak jabeen baimenik gabe eta haiei aurrez jakinarazi gabe egin zituen ihesak konpontzeko lanak. Lan horietan, Udalak legarrezko betelana egin zuen bidean, eta ez zenez ongi egin, behar baino azkarrago hondatu da. Hori horrela izanik, kexa jarri duenak uste du badela kausa-ondorio lotura Udalak egindako konponketaren eta bidearen egungo egoeraren artean.
Atetzeko Udalak, bere aldetik, onartu egiten du ihes haiek konpontzeko lanak kexan deskribatu diren moduan egin zirela, ezinbestekoa zelako berehala ekitea; izan ere, ihes horiek direla-eta Eguaratseko biztanle guztiak hornitzen dituen depositua husten ari zen, eta, horrenbestez, ezinbestekoa eta ezin luzatuzkoa zen konponketa-lan horiei berehala ekitea. Udalak dio lan horiek kaltetutako jabeen onespenarekin egin zirela. Bukatzeko, Atetzeko Udalak dio uraren hornidura-sarearen haustura haiek bidearen hasierako urbanizazio kaskarra zela-eta gertatu zirela, eta lan haiek ez dutela eragin sarbide horren egungo egoera.
Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko 39/2015 Legeak, urriaren 1ekoak, 65. artikuluan zehazten du ondasunen gaineko erantzukizunaren prozedurak ofizioz abiaraz ditzakeela Administrazioak.
Erakunde honek uste du Atzetzeko Udalak, ihes haiek konpontze aldera, presaz esku-hartu zuelako ez zutela jakin interesdunek nola egingo ziren lan haiek zehatz-mehatz, ez eta zer beste aukera zeuden ere. Erakunde honek ez du baliabiderik ebaluatzeko ea ihes haiek konpontzeko hartutako neurriak egokiak ziren edo ez, ez eta lan horiek bidea hain azkar hondatzean eraginik izan duten edo ez ebaluatzeko ere.
Egoera horren aurrean, ikusirik, batetik, bi bertsio daudela kexan aipatzen den bidearen egoera kaskarraren kausei buruz eta, bestetik, ez dagoela argi kaltetutako jabeen aurretiazko baimenik bazen edo ez, erakunde honek uste du beharrezkoa dela Atetzeko Udalari iradokitzea abiaraz dezala, ofizioz, ondarearen gaineko erantzukizunaren espediente bat, aztertzeko eta baloratzeko ea baden kausa-ondorio erlaziorik Udalak bide horretan egindako konponketa-lanen eta harrezkero bidea hain azkar hondatu izanaren artean.
Bukatzeko, kexaren egileak Atetzeko Udalari eskatzen dio idatziz helaraz diezazkiola komunikazioak, bere lursailera sarbidea ematen duen bidea urbanizatzeko proposatzen diren aukerei buruzkoak.
Hau dio Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko 39/2015 Legeak, urriaren 1ekoak, 36. artikuluan, administrazioaren jarduketen formari buruz:
Administrazio-organoek eskumena ahoz baliatzen dutenean, egintzak idatziz jasota geratu behar badu, mezua ahoz jaso duen beheragoko organoko titularrak edo funtzionarioak jasoko eta izenpetuko du, eta, egintza komunikatzean, adieraziko du zer agintarik emana den. Ebazpenak badira, eskumenaren titularrak baimendu behar du ahoz eman dituen ebazpenen zerrenda bat, edukia azalduz”.
Aipatutako 36. artikulu horretan jasotakoarekin bat, uste du egokia dela Atetzeko Udalari gogoraraztea haren legezko betebeharra dela idatziz komunikatzea zer aukera dauden kexan aipatutako lursailerako sarbidea urbanizatzeko.
Kontuan hartuz 4/2000 Foru Legea, uztailaren 3koa, Nafarroako Foru Komunitateko Arartekoari buruzkoa, eta Lege horren 34.2 artikuluarekin bat etorriz, bidezkoa da Atetzeko Udalak jakinaraztea, aginduzkoa denez, gehienez ere bi hilabeteko epean, erabaki hau onartu duen eta, hala bada, erabakia betetzeko zer neurri hartu dituen.
Lege-agindu horretan xedatzen denez, ukitutako administrazio publikoak arartekoaren erabakia onartzen ez badu, erakunde honek erabaki dezake gai hori 2017. urteari dagokion urteko txostenean sartzea eta Nafarroako Parlamentuan azaltzea, jarrera hori izan duen administrazio publikoa berariaz aipatuz, baldin eta arartekoaren iritziz erabakia onartzea posible bazen.
Zure erantzunaren zain, adeitasunez agurtzen zaitut.
Nafarroako Arartekoa
Francisco Javier Enériz Olaechea
Partekatu edukia