Bilaketa aurreratua

Ebazpenak

Nafarroako Arartekoaren ebazpena (Q16/692); horren bidez, Iruñeko Udalari gogorarazten zaio bete egin behar duela herritarrek Udalari euskaraz zuzendu eta hizkuntza horretan erantzuna jasotzeko duten eskubidea.

2017 otsaila 13

Euskara

Gaia: Falta de redacción en euskera del modelo de solicitud de cambio de domicilio fiscal.

Euskera

Iruñeko alkatea

Alkate txit gorena:

  1. 2016ko abenduaren 9an, erakunde honek […] jaunaren idatzia jaso zuen. Horren bidez, kexa bat aurkeztu zuen Iruñeko Udalaren aurrean, Errolda Zerbitzuan emandako zerga-egoitzaren aldaketarako eskabidearen eredua euskaraz ez egoteagatik

    Idatzi horretan honako hau adierazi zuen:

    1. Iruñeko Udaleko Euskarari buruzko Ordenantzak herritarrei aitortzen die udal horri gaztelaniaz edo euskaraz zuzentzeko eta Administrazioaren aldetik hizkuntza berean erantzuna jasotzeko eskubidea.
    2. Iruñeko Udalak ez du eskubide hori beti betetzen, eta batzuetan ez die euskaraz erantzuten Udalari hizkuntza horretan zuzentzen zaizkion herritarrei. Horixe bera da Errolda Zerbitzuan gertatzen dena.
    3. Iruñeko Udalak gaztelaniaz eskaintzen ditu bakarrik zerga-helbidea aldatzeko agiriak, sistema informatikoa horrela dagoelako programatuta.

      Horregatik guztiagatik, Iruñeko Udalari eskatu zitzaion erroldak kudeatzeko erabiltzen duen programa informatikoan beharrezkoak diren aldaketak egiteko, zerga-helbidea aldatzeko beharrezko dokumentazioa euskaraz izateko helburuarekin.

  2. Kexa jaso ondoren, erakunde honek Iruñeko Udalera jo zuen, gai horri buruzko informazio eske.

    Jasotako txostenean, honako hau adierazten da:

    Azaroren 7an, Iruñeko Udaleko Gobernu Gardena Saileko idazkari teknikoak interesdunari erantzun zion, […] jaunak 2016ko urriaren 10ean (erregistro zk.: 39589) aurkeztutako eskabideari dagokionez.

    Erantzun horren bidez jakinarazi zitzaion eskatutako aldaketa horrek (Udala horretan lanean ari da) ez zuela berekin ekartzen bakarrik dokumentu hori elebiduna izatea; izan ere, hori eginda dago jada. Aldaketa horrek bestelako garapen teknologikoak ere berekin ekartzen ditu, izapidea telematikoki sartu ahal izateko; eta horrekin batera, beste dokumentu asko euskarara itzuli behar dira. Zeregin horietan guztietan ari da orain lanean Iruñeko Udaleko Euskara Zerbitzua.

    Horrenbestez, interesdunari jakinarazi zitzaion bezala, jakinarazten dizugu Iruñeko Udala aldaketa horietan lanean ari dela; horiek ahal bezain laster eraginkor bihurtuko dira".

  3. Islatu den moduan, kexa lotuta dago Iruñeko Udalari euskaraz zuzentzeko eta hizkuntza berean erantzuna jasotzeko eskubidearekin.

    Iruñeko Udalak bere txostenean adierazten du zerga-helbidea aldatzeko eskaera itzulita dagoela jada, baina kexa aurkeztutako herritarraren eskaerari erantzun osoa eman ahal izateko, programa informatiko bat prestatu behar da, eta horrek, garapen teknologiko konplexuagoa eskatzen du; baina horretan lanean ari dira.

  4. Euskarari buruzko abenduaren 15eko 18/1986 Foru Legeak, ezinbesteko helburuak jasotzen ditu (1. artikulua), eta, hortaz, horiek dira Nafarroako administrazio eta botere publiko guztiek bermatu behar dituztenak; hauek dira: a) Herritarrek euskara jakin eta erabiltzeko duten eskubidea babestea eta hori betetzeko tresnak zehaztea. b) Euskararen berreskurapena eta garapena begiratzea Nafarroan, euskararen erabilera sustatzeko neurriak adieraziz.

    Euskara Nafarroako berezko hizkuntza da. Horixe ezartzen du 18/1986 Foru Legeko 2. artikuluak; horrek, era berean, Foru Legearen ezinbesteko helburutzat jasotzen du [1.2.a) artikulua] herritarrek euskara jakin eta erabiltzeko duten eskubidea babestea eta hori betetzeko tresnak zehaztea.

    Abenduaren 15eko 18/1986 Foru Legeko 17. artikuluak herritar guztiei aitortzen die eremu mistoan euskara nahiz gaztelania erabiltzeko eskubidea, Nafarroako Administrazio Publikoei zuzentzeko. Hortaz, herritar guztiek dute legezko eskubidea Iruñeko Udalari euskaraz zuzentzeko, eremu mistoan baitago.

  5. Iruñeko Udalaren esparruan, euskararen erabilera eta sustapena arautzeko ordenantzak, 5. artikuluan, honako hau xedatzen du:

    Herritarrek Iruñeko Udalari gaztelaniaz nahiz euskaraz zuzentzeko eskubidea dute.

    Era berean, Ordenantza bereko 6. artikuluak honako hau ezartzen du: Idatziz, Administrazioari euskaraz egitea hautatzen duten herritarrei hizkuntza berean erantzungo zaie. Horretarako, euskara itzultzailearen zerbitzua erabiliko da eta horrexek emango ditu bertsio ofizialak, bai herritarren eskearena gaztelaniaz, bai hari eman behar zaion udal erabaki edo erantzunarena.

  6. Iruñeko Udalak jakinarazi du lanean ari direla errolda kudeatzen duen programa informatikoa aldatzeko, baita beharrezkoak diren dokumentuak itzultzeko ere. Hala ere, adierazi du oraindik ezin zaiola erabateko erantzuna eman kexan jasotako guztiari.

    Hori dela eta, erakunde honek beharrezkotzat jotzen du Iruñeko Udalari gogoraraztea bete egin behar duela herritarrek Udalari euskaraz zuzentzeko eta hizkuntza berean erantzuna jasotzeko duten eskubidea.

  7. Horrenbestez, eta uztailaren 3ko 4/2000 Foru Legearen 34.1 artikuluak ematen dizkion eskumenak erabiliz, Nafarroako Foru Komunitateko Arartekoak beharrezkotzat jotzen du:

    Iruñeko Udalari gogoraraztea bete egin behar duela herritarrek Udalari euskaraz zuzentzeko eta hizkuntza berean erantzuna jasotzeko duten eskubidea.

Nafarroako Foru Komunitateko Arartekoari buruzko uztailaren 3ko 4/2000 Foru Legearen 34.2 artikuluarekin bat etorriz, bidezkoa da Iruñeko Udalak adieraztea, bi hilabeteko gehienezko epean, legezko betebeharren oroigarria onartzen duen, bai eta, hala badagokio, horiek betetzeko hartutako neurriak ere.

Lege-agindu horretan ezarritakoarekin bat etorriz, legezko betebeharren oroigarria ez onartzeak berekin ekar lezake auzia Nafarroako Parlamentuari aurkezten zaion urteko txostenean (2016. urteari dagokiona) sartzea, berariaz adieraziz dagokion Administrazioak ez duela aldeko jarrera hartu, hori egiteko aukera bazegoen ere.

Zure erantzunaren zain, adeitasunez agurtzen zaitut,

Nafarroako Arartekoa

Francisco Javier Enériz Olaechea

Partekatu edukia