Bilaketa aurreratua

Ebazpenak

Nafarroako Arartekoaren ebazpena (Q16/576), Lehendakaritzako, Funtzio Publikoko, Barneko eta Justiziako Departamentuari iradokitzeko 55/2009 Foru Dekretua, ekainaren 15ekoa, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioko eta haren erakunde autonomoetako plantilla organikoan euskaraz jakitearen trataera arautzen duena sakon berrikus dezala.

2016 abendua 21

Euskara

Gaia: Valoración del conocimiento de euskera para puestos de enfermería.

Elebitasuna

Lehendakaritzako, Funtzio Publikoko, Barneko eta Justiziako kontseilaria

Kontseilari andrea:

  1. 2016ko urriaren 24an, erakunde honek […] andrearen idatzi bat jaso zuen. Idatzi horretan, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioak erizaintza eta emagin lanpostuetan sartzeko eta horiek betetzeko euskaraz jakiteari ematen dion balorazio murritzaz kexatzen zen andrea.

    Idazki hartan, hauxe zioen:

    1. Erizain eta emagin lanpostuetan, herritarrekiko arreta eta tratua oso garrantzitsua da, eta, beraz, lanpostu horietan sartzeko eta horiek betetzeko euskaraz jakitearen balorazioa %3tik %6ra eta %6tik %10era handitu beharko litzateke eremu mistoko eta eremu euskalduneko lanpostuetarako, hurrenez hurren.
    2. Erizain eta emagin lanpostuak ekainaren 15eko 55/2009 Foru Dekretuaren lehen xedapen gehigarriaren lehen atalean zehazten den lanpostuen zerrendan jaso beharko lirateke.
    3. Etorkizuneko deialdiei begira, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioko Departamentuek eta haren erakunde autonomoek, Euskarabidea Institutuaren aholkularitza aintzat hartuta, proposamen bat landu eta igorri beharko liokete Lehendakaritzako, Funtzio Publikoko, Barneko eta Justiziako Departamentuari, plantilla organikoa berritzeko, modu horretara, erizain eta emagin plazetan lanean hasteko eta horiek hornitzeko deialdietan euskaraz jakitea gehiago balora dadin.
    4. Eremu euskaldunean ez dagoenez ospitalerik, eremu horretako biztanleek eremu mistoko ospitaleetan jaso behar dute ospitale-arreta (adibidez, erditzeen unitatean, amatasun unitatean, haurren unitatean…). Hori dela eta, euskararen ezagutza puntuatzerakoan, kontuan hartu beharko litzateke lanpostu horietan nori eman behar zaion arreta, lanpostua edo plaza zer eremutakoa den baino gehiago. Adibidez, Baztango emakumeei (eremu euskalduna), Nafarroako Ospitale Guneko Erditzeen Unitatean (eremu mistoa) dagokie erditzea.
    5. Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzurako emagin lanpostuak betetzeko deialdian zazpi emagin plaza deitu ditu Administrazioak, eta emagin horiek eremu euskalduneko, mistoko eta ez euskalduneko herritarrei emango diete arreta. Baina plaza horiek Iruñean, Nafarroako Ospitale Gunean (eremu mistoa) eta Tuterako Reina Sofía Ospitalean (eremu ez euskalduna) betetzekoak direnez, euskaraz jakitea 0 eta 1,17 puntu artean baloratzen da.
    6. Euskaraz jakiteak balorazio murritzagoa du, kontuan hartuta ingelesez, frantsesez eta alemanez jakiteak 2 puntuko balioa duela hizkuntza bakoitzeko. Egia da gero eta interes handiagoa dagoela Europar Batasunean modu ofizialean erabiltzen diren hizkuntza horiekiko, baina Nafarroako herritarrek gaztelania eta euskara erabiltzen dituzte eguneroko bizimoduan komunikatzeko.
    7. Eskualdeetako edu eremu urriko hizkuntzen Europako Gutuna aintzat hartuta, Europako eskualdeetako edo eremu urriko hizkuntza historikoak babestea lagungarri da Europako tradizioak eta kultura-aberastasuna mantentzeko eta garatzeko. Aldiz, deialdi hauen baremoari erreparatuta, hizkuntzak jakiteari dagokionez, badirudi gehiago babesten direla Europako hizkuntza nagusiak gure herriko bertako hizkuntza (euskara) baino.

      Hori guztia aintzat hartuta, kexaren egileak eskatzen zuen erizain eta emagin plazak hornitzeko eta horietan lanean hasteko hurrengo deialdietan euskararen ezagutzaren baremoa berrikusteko.

  2. Kexa jaso ondoren, erakunde honek Lehendakaritzako, Funtzio Publikoko, Barneko eta Justiziako Departamentura jo zuen, gai horri buruzko informazio eske.

    Jaso genuen txostenak honela dio:

    1. “Kexaren egileak bere idatzian dio Erizaintzako eta Erizaintza Obstetriko-Ginekologiko espezialitateko Erizaintzako (Emagin) lanpostuak betetzeko azken deialdietan euskaraz jakitea ez dela merituen artean behar adina baloratzen, eta bere desadostasuna adierazten du arrazoi horregatik.
    2. Horren harira, komeni da argitzea Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuaren eskumena dela lanpostu horietan sartzeko deialdiak onartzea eta izapidetzea –izan ere, urriaren 20ko 11/1992 Foru Legearen Estamentu eta Espezialitateen arabera banatu beharreko osasun arloko langileen lanpostuak dira–, baita kexa honetan adierazitako lanpostuak hornitzeko deialdiak onartzea, izapidetzea eta erabakitzea ere (Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioko eta haren erakunde autonomoetako organo batzuetako langileriaren arloko eskurantzak zehazten dituen otsailaren 21eko 30/2005 Foru Dekretuaren 9. Artikuluko b) eta c) atalak).
    3. Eskumen hori betez, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren zerbitzuko lanpostuak eskuratzerakoan eta betetzerakoan euskaraz jakitearen trataerari buruz indarrean den araudia bete beharko du, ezinbestean, Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuak. Eginbehar horren eraginari dela eta, aipatzekoa da Nafarroako Administrazio Publikoetan euskararen erabilera arautzen duen otsailaren 10eko 29/2003 Foru Dekretuaren III. Titulua.
      Araudi horren arabera, Foru Administrazioko plantilla organikoko zenbait lanpostutan nahitaezko baldintza da euskaraz jakitea.
    4. Aurrez aipatutako deialdi horietan euskara meritutzat baloratzeari dagokionez, arau hau da betetzekoa: 55/2009 Foru Dekretua, ekainaren 15ekoa, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioko eta haren erakunde autonomoetako plantilla organikoan euskaraz jakitearen trataera arautzen duena.
      Euskarak eremu euskaldunean izango duen tratamendua arautzen du foru-dekretu horren 2. artikuluak. Hau adierazten du bere lehen puntuan:
      Eremu euskalduneko herrietan aritzeko diren lanpostuetan sartzeko, euskaraz jakitea merezimendu kualifikatu gisa hartzeak merezimendu baremoaren gainerakoari esleitu zaion puntuazio osoarekiko ehuneko 6ko balorazioa izanen du, betiere plantilla organikoan nahitaezkotzat jo ez bada.
      Dekretuaren 3. artikuluak, bestalde, eremu mistoaz dihardu, eta hau xedatzen du beren lehen puntuan:
      Eremu mistoko herrietan aritzeko diren lanpostuetan sartzeko, euskaraz jakitea merezimendu kualifikatu gisa hartzeak merezimendu baremoaren gainerakoari esleitu zaion puntuazio osoarekiko ehuneko 3ko balorazioa izanen du, betiere plantilla organikoan nahitaezkotzat jo ez bada.
      Aipatutako arauetan xedatutakoaren arabera, ondorioztatu behar da bi deialdiak bat datozela ordenamendu juridikoarekin, merituen baremoko gainerako alderdiei esleitutako guztizko puntuazioa aintzat hartuta, aurreikusitako ehunekoak aplikatu direlako, 100eko 6 eta 3, hurrenez hurren, eremu euskalduneko eta mistoko plazak betetzeko ondorioetarako”.
  3. Agerian geratu denez, kexaren arrazoia da Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioak eta haren erakunde autonomoek euskaraz jakiteari oso balio gutxi ematen diotela lanpostuetan sartzeko eta horiek betetzeko deialdietako merituen baremoetan. Balorazio hori honako arau honetan jasotzen da: 55/2009 Foru Dekretua, ekainaren 15ekoa, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioko eta haren erakunde autonomoetako plantilla organikoan euskaraz jakitearen trataera arautzen duena.

    Kexaren egileak erizaintzako eta erizaintza obstetriko-ginekologiko espezialitateko erizaintzako (emagina) lanpostuak betetzeko azken deialdien kasu zehatza planteatu du, eta lanpostu horietan sartzeko eta plazak betetzeko hurrengo deialdietan euskaraz jakiteari dagokionez baremoa berrikusteko eskatu du.

    Lehendakaritzako, Funtzio Publikoko, Barneko eta Justiziako Departamentuak jakinarazitakoaren arabera, Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuari dagokio, berez, kexaren egileak aipatutako deialdiak onartzeko eta izapidetzeko eskumena, baina erakunde autonomo horren deialdietan euskara meritutzat baloratzeko, honako arau hau hartzen da oinarri: 55/2009 Foru Dekretua, ekainaren 15ekoa, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioko eta haren erakunde autonomoetako plantilla organikoan euskaraz jakitearen trataera arautzen duena.

  4. Nafarroako Foru Eraentza Berrezarri eta Hobetzeari buruzko Lege Organikoaren 9. artikuluak dio gaztelania dela Nafarroako hizkuntza ofiziala eta euskarak ere hizkuntza ofizialaren maila izango duela Nafarroako eskualde euskaldunetan. Xedapen horretan xedatzen denez, foru-lege batek eskualde horiek zehaztuko ditu, euskararen erabilera ofiziala arautuko du eta, Estatuko legeria orokorra abiapuntutzat hartuta, hizkuntza horren irakaskuntza antolatuko du.

    Agindu horrekin lotuta, abenduaren 15eko Euskarari buruzko 18/1986 Foru Legeak dio, 2. artikuluan, gaztelania eta euskara Nafarroako berezko hizkuntzak direla. Eta, halaber, gaztelania dela Nafarroako hizkuntza ofiziala, eta euskara ere ofiziala dela Nafarroako Foru Eraentza Berrezarri eta Hobetzeari buruzko Lege Organikoan eta Euskarari Buruzko Foru Lege honetan bertan aurrez ikusitako eran. Lege-adierazpen horretatik ondorioztatzen denez, beraz, Nafarroan badira berezko bi hizkuntza, horietako bat ofiziala Nafarroa osoan (gaztelania), eta bestea koofiziala Nafarroako zati batean (euskara).

    Legezko kontsiderazio horri erantzuten dio Euskarari Buruzko Foru Legean jasotako araudi guztiak, eta haren ezinbesteko helburu dira, zehazki, herritarrek euskara jakin eta erabiltzeko duten eskubidea babestea, euskararen berreskurapena eta garapena begiratzea euskararen erabilera sustatzeko neurriak adieraziz, eta erabilera hori eta irakaskuntza bermatzea, borondatezkotasun-, mailakatze- eta errespetu-irizpideei jarraiki.

    Euskararen estatus horretatik eta helburu horietatik abiatuta, araua interpretatzean horiek izan behar baitute ardatz eta gidari, legeak, kasu honi berariaz dagokionez, zenbait xedapen jasotzen ditu Nafarroan funtzio publikora iristeari buruz, zehazki 15. eta 17. artikuluetan ezarritakoak, herritarrek Nafarroako berezko bi hizkuntzetatik edozein erabiltzeko duten eskubidea bermatzearekin gai horrek duen lotura dela eta.

    Hala, 15. artikuluak dio, eremu euskalduneko erabilera ofizialaz ari dela, Administrazio Publikoek eta izaera publikoko enpresek gaikuntza progresiboa sustatuko dutela, eremu euskaldunean zerbitzua ematen duten langileak progresiboki euskararen erabileran gaitu daitezen, eta Administrazio bakoitzak, berari dagozkion eskumenen esparruan, zehaztuko duela zein lanpostutarako izango den nahitaezkoa euskaraz jakitea, eta gainerakoentzat, merezimendu kualifikatutzat hartuko dela besteren artean. Eta 17. artikuluak dio, eremu mistoko erabilera ofizialaz ari dela, herritar guztiek euskara nahiz gaztelania erabiltzeko eskubidea dutela Nafarroako Administrazio Publikoei zuzentzeko, eta administrazio horiek, herritarren eskubide horren erabilera bermatzeko, honako hau egin dezaketela: a) urteroko lanpostuen eskaintza publikoan zehaztu zein lanpostutarako izango den nahitaezkoa euskaraz jakitea; b) gainerako lanpostuetara iristeko deialdietan euskara jakitea merezimendu moduan baloratu.

  5. Arau horiek xedatzen dutena garatzeko, ekainaren 15eko 55/2009 Foru Dekretuak, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioko eta haren erakunde autonomoetako plantilla organikoan euskaraz jakitearen trataera arautzen duenak, euskararen jakintzaren gaineko tratamendu hau arautzen du eremu euskaldunean:
    1. “Eremu euskalduneko herrietan aritzeko diren lanpostuetan sartzeko, euskaraz jakitea merezimendu kualifikatu gisa hartzeak merezimendu-baremoaren gainerakoari esleitu zaion puntuazio osoarekiko ehuneko 6ko balorazioa izanen du, betiere plantilla organikoan nahitaezkotzat jo ez bada.
    2. Zenbait lanpostuk herritarrekin duten harreman mailaren arabera, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioko eta haren erakunde autonomoetako plantilla organikoak ezartzen ahalko du eremuko euskalduneko lanpostuetan sartzeko eta horiek betetzeko deialdietan euskararen balorazioa merezimendu-baremoaren gainerakoari esleitu zaion puntuazio osoarekiko ehuneko 10 arte areagotzea”.

      Bestalde, foru-dekretu horren 3. artikuluak honako hau arautzen du, euskarak eremu mistoan izango duen tratamenduaren gainean:

      1. “Eremu mistoko herrietan aritzeko diren lanpostuetan sartzeko, euskaraz jakitea merezimendu kualifikatu gisa hartzeak merezimendu baremoaren gainerakoari esleitu zaion puntuazio osoarekiko ehuneko 3ko balorazioa izanen du, betiere plantilla organikoan nahitaezkotzat jo ez bada.
      2. Zenbait lanpostuk herritarrekin duten harreman mailaren arabera, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioko eta haren erakunde autonomoetako plantilla organikoak ezartzen ahalko du eremu mistoko lanpostuetan sartzeko eta horiek betetzeko deialdietan euskararen balorazioa merezimendu-baremoaren gainerakoari esleitu zaion puntuazio osoarekiko ehuneko 6 arte areagotzea”.
  6. Kexa-jartzaileak azaltzen du zergatik, bere ustez, areagotu egin behar diren ekainaren 15eko 55/2009 Foru Dekretuaren 2. eta 3. artikuluetan arautzen diren balorazio-ehuneko horiek. Kexak adierazten dituen lanpostuen deialdien egoera zehatzari begiratuta, kaxa-jartzaileak adierazten du euskararen ezagutzaren balorazioa murritzagoa izan zela ingelesaren, frantsesaren eta alemanaren ezagutzaren aldean: 2 punturekin baloratu zen hizkuntza horietako bakoitzaren ezagutza, eta euskararen ezagutza, aldiz, 1,17 punturekin baloratu zen.

    Arartekoaren erakunde honek deritzo, azaldu den lege-araubideari begiratuta, ekainaren 15eko 55/2009 Foru Dekretuak arautzen dituen balorazio-ehunekoen aplikazioak (alegia, euskara baino gehiago baloratzea ingelesa, frantsesa eta alemana) eragin disfuntzionalak eta, are, legez kanpokoak izan ditzakeela, aintzat hartuta euskara Nafarroako hizkuntza propioa, eta Nafarroaren zati batean, koofiziala dela, eta kontuan izanda, era berean, lege horren beraren helburuak. Arartekoaren erakunde honek orain gutxi adierazi du (13/794/F espedientea) hizkuntza horiei euskarari baino balorazio handiagoa ematea ez datorrela bat, egoera oso jakin eta arrazoituetan izan ezik, Nafarroako Foru Eraentza Berrezarri eta Hobetzeari buruzko Lege Organikoaren 9. artikuluarekin eta Euskarari Buruzko Foru Legearekin; izan ere, arau horiek posizio jakin batean uzten dute euskara foru-ordenamendu juridikoan, eta deialdi horiek dakartzaten ondorioak ez datoz bat posizio horrekin.

    Horrenbestez, kontuan izan behar da kexa jartzearen arrazoia, funtsean, arau honen aplikazioa izan dela: ekainaren 15eko 55/2009 Foru Dekretua, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioko eta haren erakunde autonomoetako plantilla organikoan euskaraz jakitearen trataera arautzen duena. Hori horrela, erakunde honek egoki deritzo foru-dekretu horren sakoneko berrikuspena egin dezala gomendatzea Lehendakaritzako, Funtzio Publikoko, Barneko eta Justiziako Departamentuari, horren bidez dekretua Euskarari Buruzko Foru Legeak gaur egun finkatzen dituen funtsezko helburuetara egokitzeko. Hauek dira helburu horiek: a) herritarrek euskara jakin eta erabiltzeko duten eskubidea babestea, eta b) euskararen berreskurapena eta garapena begiratzea euskararen erabilera sustatzeko neurriak adieraziz.

    Arauaren berrikuspen sakon eta oso horrek bermatu beharko luke euskaraz jakiteak tratamendu eta balorazio egokia izatea Nafarroako Foru Komunitatearen Administrazioko eta haren erakunde autonomoetako lanpostuetan, eta horien artean sartu behar dira kexan adierazitako erizainen eta emaginen lanpostuak.

  7. Horrenbestez, eta uztailaren 3ko 4/2000 Foru Legearen 34.1 artikuluak aitortzen dizkion eskumenekin bat etorriz, Nafarroako Foru Komunitateko Arartekoak beharrezkotzat jo du:

    Lehendakaritzako, Funtzio Publikoko, Barneko eta Justiziako Departamentuari iradokitzea 55/2009 Foru Dekretua, ekainaren 15ekoa, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioko eta haren erakunde autonomoetako plantilla organikoan euskaraz jakitearen trataera arautzen duena sakon berrikus dezala.

Kontuan hartuz 4/2000 Foru Legea, uztailaren 3koa, Nafarroako Foru Komunitateko Arartekoari buruzkoa, eta Lege horren 34.2 artikuluarekin bat etorriz, bidezkoa da Lehendakaritzako, Funtzio Publikoko, Barneko eta Justiziako Departamentuak jakinaraztea, aginduzkoa denez, gehienez ere bi hilabeteko epean, erabaki hau onartu duen eta, hala bada, erabakia betetzeko zer neurri hartu dituen.

Lege-agindu horretan xedatzen denez, ukitutako administrazio publikoak arartekoaren erabakia onartzen ez badu, erakunde honek erabaki dezake gai hori 2016. urteari dagokion urteko txostenean sartzea eta Nafarroako Parlamentuan azaltzea, jarrera hori izan duen administrazio publikoa berariaz aipatuz, baldin eta arartekoaren iritziz erabakia onartzea posible bazen.

Zure erantzunaren zain, adeitasunez,

Nafarroako Arartekoa

Francisco Javier Enériz Olaechea

Partekatu edukia