Bilaketa aurreratua

Ebazpenak

Nafarroako Arartekoaren ebazpena (Q16/566). Horren bidez, Berako Udalari gomendatu zaio interesdunaren etxebizitzara joateko bidea konpondu dezala, bertatik pasatzeko aukera egokia bermatuz.

2016 abendua 05

Herri Lanak eta Zerbitzuak

Gaia: Disconformidad con falta de contestación para arreglo de pista.

Herri-lanak

Berako Alkatea

Alkate jauna,

  1. 2016ko urriaren 20an erakunde honek [...] andreak aurkeztutako idatzia jaso zuen. Horren bidez, kexa bat jarri zuen Berako Udalaren aurrean, haren etxebizitzara doan bidea konpontzeko egindako eskaerari erantzunik eman ez ziotelako.

    Zera azaldu zuen idazki horretan:

    1. Hainbat aldiz eskatu diola Berako Udalari haren etxebizitzara doan bidea konpondu dezan, baina ez duela erantzunik jaso.
    2. Bide horretatik ezin dela lur orotako ibilgailua ez den beste ibilgailurik igaro eta, ondorioz, ezin dela normaltasunez igaro. Ezin direla haren etxebizitzaraino iritsi galdara konpontzeko teknikariak, etxetresnen mantenua egiten dutenak, gasolio zerbitzukoak... edo sortu dakiokeen beste edozein zerbitzu ematen dutenak.
    3. Bere garaian todo-uno bota zutela bertan eta noizbehinka berritu egin izan dutela, baina momentu honetan ezin dela bide horretatik igaro.
    4. Joan den astean autoa matxuratu zitzaiola aipatutako bidean, auto-barrenetan emandako golpe baten ondorioz.

      Hori guztia dela eta, Berako Udalari esku-hartzeko eskatu dio, etxebizitzaraino doan pista egokitu dezan.

  2. Jarraian, erakunde honek Berako Udalera jo zuen, planteaturiko gaiari buruzko informazioa eskatzeko.

    Hauxe adierazi da jasotako txostenean:

    “2016ko urriaren 24an udalean [...] andreak aurkeztutako kexa helarazi digun mezu elektronikoa jaso dugu. Horren bidez, jakin dugu ez dagoela ados haren etxera iristeko bidea konpontzeko egindako eskaerari ez zaiolako erantzunik eman.

    Igorritako mezuari erantzunez, honakoa adierazi beharrean nago:

    Udal honen Sarrera eta Irteera Erregistroa eta 012an jasotako kexak aztertu ondoren, jasotako kexen artean ez da kexagileak aurkeztutako idazkirik aurkitu.

    Interesdunarekin harremanetan jarri ondoren, adierazi digu zenbait kexa-mezu igorri dituela web-orriaren bidez eta horietako azkena irailaren 19an birbidali zigula.

    Hori ikusita, adierazi behar dizut ahozko erantzuna eman zaiela eta horien bidez, honakoa jakinarazi dela: Lurzoru Ez Urbanizagarriaren Arauen 9. artikuluaren arabera, beraiei dagokie bidea konpontzea, nahiz eta udalak egin zaion eskaera aintzat hartuko duen, posible denean aurrera eramateko.”

  3. Agerian geratu denez, kexa interesdunaren etxebizitzarako sarbideko bidearen egoera dela-eta aurkeztu zen.

    Toki-araubidearen oinarriak arautzen dituen legearekin bat eginez, Berako Udalak badu eskumena herri barruko bide publikoen zoladura eta errepideak eta baserri-bideak zaintzeko [(25.1 d artikulua)].

    Kasu honetan, emandako eskumenaz baliatuta, egokitu behar den bidearen ezaugarri eta erabileraren araberako zerbitzua ematen saiatu behar du udalak.

    Udalaren zerbitzuak herritarrei ematen zaien tratuaren berdintasunaren printzipioa bete behar du, horregatik, errepideak eta baserri-bideak, antzeko kasuetan lortu diren baldintza berdinetan ez bada, gutxienez, oso antzekoetan egon daitezela eskatu behar da.

  4. Bera bezalako herrien erdigunetik aldenduta dauden etxebizitzen egoera, Nafarroako udalerrien testuinguruan, ohikoa eta arrunta da eta babesa merezi du.

    Erakunde honen iritziz, etxebizitzak eta etxe multzoak sakabanatuta daudenean udalari dagokio bertara iristeko bideak egokitzea, bide horietatik igarotzeko aukera egon dadin, horrelako kasuetarako normalean onartutako irizpide edo konponbideak baliatuz eta arrazoizko epeetan.

  5. Horrenbestez, eta Nafarroako Foru Komunitateko Ararteko erakundearen uztailaren 3ko 4/2000 Foru Legearen 34.1. artikuluak esleitu dizkidan ahalmenekin bat eginez, beharrezkoa ikusi dut:

    Berako udalari gomendatzea interesdunaren etxebizitzarako bidea konpondu dezala, bertatik igarotzeko aukera egoki bermatuz.

Nafarroako Foru Komunitateko Arartekoari buruzko uztailaren 3ko 4/2000 Foru Legearen 34.2. artikuluari jarraiki, bidezkoa da Berako Udalak, nahitaezkoa den moduan, gehienez ere bi hilabeteko epean jakinaraz dezala iradokizun hau onartu duen eta, hala balegokio, zein neurri hartuko duen betetzeko.

Legezko agindu horretan ezarritakoarekin bat etorriz, gomendioa ez onartzeak kasua Nafarroako Parlamentuari azalduko zaion urteroko txostenean, 2016. urteari dagokionean, sartzea ekarri ahal izango du, eta berariaz aipatuko da aldeko jarrerarik eduki ez duen administrazioa, aldeko jarrera edukitzea posible zela uste denean.

Zuen berrien zain, adeitasunez,

Nafarroako Arartekoa

Francisco Javier Enériz Olaechea

Partekatu edukia