Partekatu edukia
Euskara
Euskara
Malerrekako Mankomunitate Lehendakaria
Lehendakari jauna,
Jarraian, erakunde hau Malerrekako Mankomunitatearekin harremanetan jarri zen, sortutako egoeraren berri eman ziezaion.
Mankomunitateak interesdunari jakinarazi zion espedientean jasotako txostena eman du.
Jasota geratu denez, kexa aurkeztu da soilik euskaraz idatzita zegoen testu bat jakinarazi zaiolako kexagileari (egiaztatu denez, laguntzak emateko ebazpena).
Malerrekako Mankomunitateak, ostera, azaldu du kexagileak komunikazioa jaso zuela eta aurka agertu zela jakinarazpena euskaraz baino ez zegoelako.
Emandako txostenean adierazi denez, ados ez zegoela adierazi ondoren, Mankomunitatetik dokumentua gaztelaniaz ere igortzeko aukera eskaini zitzaion […] andreari; kexaren egileak erantzun zuen ez zela beharrezkoa.
Nafarroako Foru Eraentza Berrezarri eta Hobetzeari buruzko Lege Organikoak eta Euskarari buruzko Foru Legeak ezarri zuten Nafarroako eremu euskaldunetan euskara eta gaztelania hizkuntzek osatutako koofizialtasun araubidea dagoela.
Koofizialtasun horretan oinarrituz, Euskarari buruzko Foru Legearen 11. artikuluak (eremu euskaldunari buruzkoa; horren parte da Doneztebe) hauxe ezarri zuen:
Erabilitako hizkuntza edozein izanik, administrazio jarduera guztiak baliozkoak izanen dira eta legezko eraginkortasun osoa izanen dute.Horren ondorioz, herri-administrazioko organoek parte hartzen duten ekintza guztiak, baita administrazio jakinarazpen eta adierazpenak ere, bi hizkuntzetan idatzi beharko dira, interesatu guztiek espreski bakar bat erabiltzea aukeratzen badute izan ezik
.
Lege aginduarekin bat etorriz, aipatutako eremu euskaldunean herri-administrazioek jakinarazpenak euskaraz eta gaztelaniaz bideratzeko betebeharra daukate, interesdun guztiek espresuki bi hizkuntza horietako bat erabiltzea aukeratu badute izan ezik.
Erakunde honen iritziz, kasu honetan betebehar hori ez zen bete, jakinarazpena euskaraz baino ez baitzen bideratu, eta soilik interesduna kexu agertu zenean eskaini zitzaion jakinarazpen hura gaztelaniaz jasotzeko aukera.
Betebeharra eremu euskalduneko bi hizkuntza ofizialetan jakinarazteari edo komunikatzeari dagokio, herritarrek horren gaineko adierazpen zehatzik egin beharrik gabe.
Legeak aipatutako aukeraketa komunikazioak bi hizkuntza ofizialetako bakarrean egiteari dagokio, interesdun guztiek hala adosten badute. Kasuan kasuko egintzan herritar interesdunek aukeratzeko eskubide hori ez badute, Administrazioaren betebeharra arau orokorra betetzea da, alegia, jakinarazpena bi hizkuntzetan igortzea.
Horrenbestez, erakunde honek adierazi behar du kexa argudiatuta dagoela; horrez gain, lege betebeharrak gogorarazi behar ditu.
Horrenbestez, eta uztailaren 3ko 4/2000 Foru Legearen 34.1 artikuluak ematen dizkion ahalmenekin bat etorriz, Nafarroako Foru Komunitatearen Arartekoak honako hau beharrezkotzat jo du:
Malerrekako Mankomunitateari gogorarazi behar zaio administrazioaren jakinarazpenak eta komunikazioak euskaraz eta gaztelaniaz idazteko lege betebeharra daukala, salbu eta interesdun guztiek hizkuntza horietako bakarra erabiltzea espresuki aukeratzen badute.
Nafarroako Foru Komunitateko Arartekoari buruzko Uztailaren 3ko 4/2000 Foru Legearen 34.2. artikuluarekin bat etorriz, Malerrekako Mankomunitateak, nahitaezkoa den gisan, eta gehienez bi hilabeteko epean, gogorapen hori onartzen duen jakinarazi behar du, eta, hala bada, aipatutakoa betetzeko hartutako neurriak azaldu behar ditu.
Aipatutako lege aginduan ezarritakoarekin bat etorriz, gogorapena ez onartzeak kasua 2016. urteari buruzko urteko txostenean sartzea eragin dezake, Nafarroako Parlamentuaren aurrean aurkeztuko dena, eta balizkotzat jotako unean aldeko jarrera hartu ez zuen administrazioa berariaz aipatuko da.
Zuen berrien zain, adeitasunez,
Nafarroako Arartekoa
Francisco Javier Enériz Olaechea
Partekatu edukia