Bilaketa aurreratua

Ebazpenak

Nafarroako Arartekoaren ebazpena (Q16/459), Garapen Ekonomikorako Departamentuari gomendatzeko, Euskarari buruzko Foru Legearen 8. artikuluan jasotakoarekin bat etorriz, kexan aipatzen diren errotuluen edukia ahalik eta azkarren zuzentzeko beharrezkoak diren neurriak har ditzala, “Santa María de Eguiarte” errotulua izan ezik.

2016 abendua 15

Euskara

Gaia: Incorrecciones ortográficas de nombre de municipios en euskera.

Elebitasuna

Lehen lehendakariordea eta Garapen Ekonomikorako kontseilaria

Kontseilari jauna:

  1. 2016ko abuztuaren 9an […] jaunaren idatzi bat jaso zuen erakunde honek. Idatzi horren bidez, kexa bat adierazi zuen Garapen Ekonomikorako Departamentuaren aurrean, trafikoko seinaleetan txertatutako udalerrien euskarazko izen batzuetan akats ortografikoak zeudela eta.

    Idatzi horretan azaldu zuen hainbat errepidetako seinaletan udalerri batzuen euskarazko izena gaizki idatzita zegoela edo ez zegoela osorik idatzita, eta horiek zuzentzeko eskatu zuen:

    1. N-121 errepidean, Lantz herrirako bidegurutzean. Noranzkoetako batean, herriaren izena ondo idatzita agertzen da (Lantz), Euskarari buruzko Foru Legearen arabera, baina beste noranzkoan, Behobia aldera, gaizki idatzita ageri da (Lanz).
    2. Santiago Bideko errepidean, A-12an, hainbat karteletan Santa María de Eguiarte dago adierazita, eta 124/1997 Foru Dekretuaren arabera, izen ofiziala Egiarte litzateke huts-hutsik.
    3. Eremu mistoko kartel batzuetan, herri batzuen izena gaztelaniaz soilik adierazita dago, eta euskarazko izena ez da agertzen. Horrela gertatzen da, adibidez, Gares, Lizarra eta Deierriko hainbat herritan (Allotz, Zurukuain, etab.); horietan herrien izenak gaztelaniaz soilik ageri dira.
  2. Kexa jaso ondoren, erakunde honek Garapen Ekonomikorako Departamentura jo zuen, gai horri buruzko informazio eske.

    Jaso genuen txostenak honela dio:

    “Hauek dira kexan aipatzen diren bide-seinale zehatzak:

    1. N-121 errepidean, Lantz herrirako bidegurutzean. Noranzkoetako batean, herriaren izena ondo idatzita agertzen da (Lantz), Euskarari buruzko Foru Legearen arabera, baina beste noranzkoan, Behobia aldera, gaizki idatzita ageri da (Lanz).
    2. Santiago Bideko errepidean, A-12an, hainbat karteletan Santa María de Eguiarte dago adierazita, eta 124/1997 Foru Dekretuaren arabera, izen ofiziala Egiarte litzateke huts-hutsik.
    3. Eremu mistoko kartel batzuetan, herri batzuen izena gaztelaniaz soilik adierazita dago, eta euskarazko izena ez da agertzen. Horrela gertatzen da, adibidez, Gares, Lizarra eta Deierriko hainbat herritan (Allotz, Zurukuain, etab.); horietan herrien izenak gaztelaniaz soilik ageri dira.

      a) eta c) ataletan adierazitakori dagokionez, informazio hau da jakin beharrekoa:

      1. Nafarroako Gobernuak, 2006ko irailaren 18ko Gobernu Akordioan, hainbat neurri onartu zituen euskararen inguruan, eta akordio hori garatze aldera, 2006ko irailaren 25ean eginiko saioan erabaki zuen, horri buruzko Jarduera Plana onartzen ez den bitartean, Nafarroako Errepide Sareko seinaleak gaztelaniaz eta euskaraz errotulatzeari buruzko agindua onartzea.

        Agindu horretan, desberdindu egiten dira errotulazio batzuen eta besteen jarraibideak: batetik, herriaren sarrera eta irteeretakoak (horiek 1.c atalean arautzen dira), eta, bestetik, toponimoen, lurralde izenen eta herriaren sarrera-irteeretan ez dauden udalerrien izenen kartelak (horiek 1.a eta 1.b ataletan arautzen dira). Azken kasu honetan, bereizi egiten dira, orobat, izendapen ofizial bakarra (gaztelaniaz soilik, euskaraz soilik edo gaztelaniaz-euskaraz soilik) duten udalerrien izenak errotulatzeko jarraibideak, eta izendapen ofiziala ele bietan duten udalerrietarako jarraibideak.

        Bestalde, aipatutako Aginduaren 2. atalean zehazten da arauak data (horretatik) aurrera izango duela eragina, honen arabera:

        1. Eraikuntzako lanetan jarri beharreko bide-seinaleen kartel berrietan.
        2. Bide-seinaleen kontserbazio, mantentze edo berriztatze lanak direla eta, seinale horiek aldian behin ordeztu behar direnean”.
      2. Kexaren a) atalean adierazitako kartelak (Lantz) ez dira herriaren sarrera-irteeretakoak, NA-2523 eta N-121-A errepideen bidegurutzean zer noranzko hartu erakusten dutenak baizik, eta azken errepide horren ertzean jarrita daude, eremu euskaldunean.

        Kexaren c) atalean adierazitako gorabeherak (Lizarra, Gares, Allotz, Zurukuain... udalerriak), eremu mistoan kokatutakoak dira eta hala deskribatzen dira, zehaztu gabe noranzkoa adierazten duten kartelak diren edo herriaren sarrera-irteeretakoak.

        Aginduaren 1. ataleko idatz-zatietan adierazitakoa kexan aipatutako kartelen eta horien kokapeneko hizkuntza-eremuaren izaerara aplikatuz gero, bi kasuetan, euskarazko izenak gehitu beharko lirateke lehendik gaztelaniaz dauden errotuluetan, edo udalerri bakoitzerako onartutako izendapen ofizial bakarra erabili beharko litzateke, herritarrak bere idatzian adierazitakoaren ildoan.

        Zehazki, behin eta berriro aipatutako Aginduaren 2. atalean xedatutakoari jarraituz, kartelak berritzea egokitzen denean, honako testu hauek erabili beharko dira (kexan ez da horri buruz ezer zehazten):

        • Lantz
        • Estella-Lizarra
        • Puente la Reina/Gares
        • Alloz/Allotz
        • Zurucuain/Zurukuain
      3. NA-2523 eta N-121-A errepideen bidegurutzetik hurbil Lantz herrirako noranzkoa adierazten duten bide-seinaleen errotuluen artean dagoen ustezko kontraesana (N-121-A errepidearen Irunerako noranzkoan Lanz testua ageri da, eta Iruñerako noranzkoan, aldiz, Lantz errotulua), hain zuzen, aipatutako Agindu horren 2. atalean xedatutakoaren ondorio da.

        Bi kartelak 2007. urtetik zeuden errotulatuta, Lanz testuarekin. Alabaina, 2013. urtean, errepide-istripu batek hondatu egin zuen Iruñerako noranzkoan zegoen kartela, eta ordeztu egin behar izan zuten. Lan hori egiterakoan, Lantz testua erabili zen, Aginduaren jarraibideekin bat etorriz.

        Jarraibide horiekin bat etorriz, Irunerako noranzkoan dagoen kartelaren errotulazioa Lantz testuarekin ordeztuko da, kontserbazio, mantentze edo berriztatze lanak egitea egokitzen denean.
        Kexaren b) ataletan adierazitakori dagokionez, Departamentu honek zera jakinarazi behar du:

        1. 124/1997 Foru Dekretuan ez da ezer zehazten kexan adierazitakoari buruz.
        2. Gai horri berari buruz txosten bat egin zuen 2012an orduko Sustapen eta Etxebizitza Departamentuak, Arartekoari igortzeko, aurkeztutako kexa baten ondorioz zuk zeuk eginiko eskaera baten harira (12/76/C erreferentzia). Labur adierazita, horrela zioen txostenak:

          Eskaeran aipatzen diren karteletan, Santa María de Eguiarte errotulatutako testuaren ondo-ondoan, Monasterio, Eliza, Ermita, Kolegiata izendapenari dagokion piktograma gehitzen da, eta zehaztasunez definitzen da seinalatu nahi zen interes turistiko eta kulturaleko eraikina: Andre Maria eliza. Hau da, kartel horiek ez zuten adierazten horren inguruko geografia-esparru bereko beste lekurik.

          Bi eskaeretan aipatutako kartelak Nafarroako Turismo Seinaleen esparrukoak dira. Zehazki, Nafarroako Errepide Sareko Seinale Turistikoen proiektuaren baitan jarri ziren aipatutako kartelak. Proiektu horren II. fasean, 2007. urtean, unitate hauen baitan:

          • A-12 autobideko kartelak:……………C-001, C-006
          • NA-7320 errepideko geziak:…………F-002, F-003, F-004
          • Kokapeneko kartela:…………………C-004

            Turismoko Produktuen Marketin eta Garapen Zerbitzuak adierazitako deseinu, piktograma eta testuak errespetatuz. Zerbitzu horrek egin zituen aipatutako proiektuaren sustatzaile lanak, eta seinaleak ezartzeko beharrezko finantzaketaren %100 jarri zuen.

            Esparru horretan, orduko Sustapen eta Etxebizitza Departamentuaren esku-hartzea erabat instrumentala izan zen, Nafarroako errepideei buruzko martxoaren 23ko 5/2007 Foru Legean xedatutakoaren arabera, hori baita ekimena fisikoki gauzatzeko eskumena duen Departamentu bakarra.

            Hortik ondoriozta daitekeenez, kartel horiek ezartzearen xedea da bide publikoaren erabiltzaileei jakinaraztea zer noranzko hartu behar duten beren ibilgailuekin interes turistiko eta kulturaleko eraikina bera, Andre Maria eliza, bisitatu ahal izateko, eta ez horren inguruko geografia-esparru bereko beste leku bat.

            Eraikinaren titularrak ere ez du informazioa ematen den karteletan jarritako testuari buruzko inolako desadostasunik adierazi eta igorri.

            Horrenbestez, kexaren b) atalean adierazitako karteletako errotulazioa seinaleztatu nahi den mugarri turistikoarekin bat datorrela uste dugu, eraikinaren titularraren eta Turismoko Produktuen Marketin eta Garapen Zerbitzuaren irizpidea betetzen duelako, eta indarrean den araudia errespetatzen duelako. Beraz, ez dago zertan aldatu.

            Gaur egun, Nafarroako Gobernua arau-esparru berri bat ezartzeko azterketa zorrotz eta zehatza egiten ari da, hizkuntza-eskubideak betetzeko bidean aurrerapausoak eman ahal izateko. Horrela jasotzen da, adibidez, hizkuntza-politikari buruzko programa-akordioan, baita Gobernuaren irudi korporatiboan, komunikazioetan, seinaleetan eta dokumentuetan euskararen presentzia eta erabilera areagotzeko akordioetan ere. Zehazki, hauek dira akordio horiek:

          • Arauzko esparru egoki bat garatzea, herritarren hizkuntza-eskubideak bermatzeko.
          • Ekitaldi publiko, harreman eta protokolozko ekitaldi guztietan eta, oro har, foru-erakunde publikoen irudi korporatiboan euskarak presentzia egokia izan dezan ziurtatzea.
          • Administrazioaren esparruan herritarrei ahal bezainbat euskaraz erantzuten saiatzeko konpromisoa hartzea, haien hizkuntza-eskubideak bermatzeko, eta, horretarako, langileen diagnostikoa egitea eta ele biko ibilbideak prestatzea eta martxan jartzea”.
  3. Azaldutakoaren arabera, Nafarroako Errepide Sareko zenbait errepidetan eremu euskaldunean nahiz eremu mistoan dauden hainbat udalerritako bide-seinaleekin loturik dago kexa, seinale horiek gaztelaniaz soilik idatzita ageri direlako.
  4. Santa María de Eguiarte errotulazioari dagokionez, erakunde honek egina zuen aurrez gaiari buruzko analisi bat, eta honakoa adierazi zuen:

    Alde horretatik, egiaztatu dut Eguiarte toponimoa erabili dela soil-soilik Andre Maria eliza adierazteko, eta ez horren inguruan geografia-esparru bera izan dezaketen beste leku batzuk adierazteko, eta toponimo hori zuzen erabilita dagoela, hori erabili izan baita betidanik eliza erromaniko hori izendatzeko. Areago, kexan aipatutako dokumentazioan ( http://toponimianavarra.tracasa.es/; NAFARROAKO TOPONIMIA ETA MAPAGINTZA. TOPONIMIA Y CARTOGRAFIA DE NAVARRA argitalpenaren XXVI. Liburukiaren hainbat orrialde, eta 1:10.000 eskalako Nafarroako Toponimia Planoaren 140. orria), Departamentuaren txostenean adierazten denez, ez da Santa María de Egiarte erreferentziarik agertzen eraikinari buruz. Hain zuzen ere, Nafarroako toponimia ofizialaren datu-basea kontsultatuta, Andre Maria eliza de Eguiarte izendapenarekin agertzen da. Era berean, egiaztatu dugu Euskarari buruzko Foru Legearen 8.1 artikuluaren arabera, eremu mistoko eta ez euskalduneko lekuetako toponimoen izendapen ofiziala ezartzerakoan, gaztelaniaz dagoen izendapena soilik manten daitekeela, baldin eta jatorriz eta tradizioz euskarazko beste izendapenik ez bada izan.

    Horrenbestez, kasu honetan errotulazioa bat dator indarrean den legediarekin.

  5. Kexan adierazitako gainerako errotulazioei dagokienez, honela dio abenduaren 15eko Euskarari buruzko 18/1986 Foru Legeak:
    1. Foru Komunitateko toponimoek gaztelaniaz eta euskaraz izanen dute izendapen ofiziala, honako arau hauen arabera:
      1. Eremu euskaldunean, izendapen ofiziala euskarazkoa izanen da, non ez den beste izen bat gaztelaniaz; hala bada, biak erabiliko dira.
      2. Eremu mistoan eta eremu ez-euskaldunean, izendapen ofiziala gaur egungoa izanen da. Hala ere, gaztelaniaz adierazitakoek euskarazko izendapen desberdin, jatorrizko eta tradizionala baldin badute, biak erabiliko dira.
    2. Nafarroako Gobernuak, Euskaltzaindiaren aldez aurreko txostena kontuan izanik eta artikulu honen lehendabiziko atalean aurrez ikusitakoaren arabera, Foru Komunitateko toponimoak eta lurralde, herri eta herriarteko bideen izen ofizialak erabakiko ditu eta, orobat, horren berri eman beharko dio Parlamentuari. Herri barruko bideen izena jartzea udal bakoitzari dagokio.
    3. Gobernuak erabakitako izenak, aurreko ataletan xedatutakoaren arabera, legezkoak izanen dira ondorio guztietarako Nafarroa osoan, eta errotulazioa haiekin bat etorriko da. Nafarroako Gobernuak errotulazio publikoaren normalizazioa arautuko du, betiere Estatuak bere egin dituen nazioarteko arauak errespetatuz”.
      Garapen Ekonomikorako Departamentuak bidalitako erantzunean, ondorioa bera auzitan jarri gabe, adierazten da Nafarroako Gobernuaren 2006ko agindu baten arabera, kontserbazio, mantentze edo berriztatze lanak egokitzen diren bezain azkar egingo dela gaztelaniazko eta euskarazko errotulazioa.

      Erakunde honek ulertzen duenez, irizpide horrek zera dakar: eginbide administratibo baten bidez (aipatutako agindua) legearen betebeharra eta eragina etetea, legean jasotako arauak alde batera utzita. Etete horren arrazoia, gainera, jarduera administratibo batek baldintzatzen du (errotulu publikoen kontserbazio, mantentze eta berriztatze lanak), eta jarduera hori gauzatzeko eskumena legea betetzeko ardura duen Administrazioarena berarena da.

      Azken batean, irizpide hori ontzat emateak, are gehiago betetzea eskatzen den lege-eginbehar hori sortu zenetik denbora luzea igaro dela kontuan hartuta (1986koa da Euskarari buruzko Foru Legea), lege-eginbeharra indargabetzea dakar eta, finean, Legea ez betetzeko denbora sine die luzatzea.

      Hori dela eta, beharrezkotzat jo dugu Garapen Ekonomikorako Departamentuari gomendatzea zuzen dezala, ahalik eta azkarren, kexaren egileak aipatzen dituen kartelen edukia.

  6. Horrenbestez, eta uztailaren 3ko 4/2000 Foru Legearen 34.1 artikuluak aitortzen dizkion eskumenekin bat etorriz, Nafarroako Foru Komunitateko Arartekoak beharrezkotzat jo du:

    Garapen Ekonomikorako Departamentuari gomendatzea, Euskarari buruzko Foru Legearen 8. artikuluan jasotakoarekin bat etorriz, kexan aipatzen diren errotuluen edukia ahalik eta azkarren zuzentzeko beharrezkoak diren neurriak har ditzala, Santa María de Eguiarte errotuluaren kasuan izan ezik.

Kontuan hartuz 4/2000 Foru Legea, uztailaren 3koa, Nafarroako Foru Komunitateko Arartekoari buruzkoa, eta Lege horren 34.2 artikuluarekin bat etorriz, bidezkoa da Garapen Ekonomikorako Departamentuari jakinaraztea, aginduzkoa denez, gehienez ere bi hilabeteko epean, gomendio hau onartu duen eta, hala bada, erabakia betetzeko zer neurri hartu dituen.

Lege-agindu horretan xedatzen denez, ukitutako administrazio publikoak arartekoaren gomendioa onartzen ez badu, erakunde honek erabaki dezake gai hori 2016. urteari dagokion urteko txostenean sartzea eta Nafarroako Parlamentuan azaltzea, jarrera hori izan duen administrazio publikoa berariaz aipatuz, baldin eta arartekoaren iritziz erabakia onartzea posible bazen.

Zure erantzunaren zain, adeitasunez,

Nafarroako Arartekoa

Francisco Javier Enériz Olaechea

Partekatu edukia