Partekatu edukia
Hezkuntza eta Irakaskuntza
Gaia: Disconformidad con la falta de oferta de euskera en las escuelas infantiles de Pamplona.
Hezkuntza eta irakaskuntza
Bigarren presidenteordea eta Eskubide Sozialen kontseilaria
Kontseilari jauna:
2016ko ekainaren 24an, erakunde honek Behatokiaren zuzendaria den […] andrearen idazki bat jaso zuen, Eskubide Sozialen Departamentuan kexa bat aurkeztu zuena, Iruñeko haur-eskoletan euskarazko eskaintzaren gabeziarekin ados ez zegoela adierazteko.
Hona hemen idatzi horretan adierazi zenidana:
2016ko martxoan zabaldutako aurrematrikulazioa egiteko aldian Udalak gurasoei egindako inkestan, %38k euskaraz matrikulatzeko nahia adierazi zuen. Hau da, eskaintza, plaza kopurua handitu arren, eskariaren azpitik dago, eta Iruñeko erdigunea euskarazko eskaintzarik gabe geratu da.
Horregatik, urrats gehiago ematea eskatzen zenuen, biztanleriaren hizkuntza-eskubideak bermatzeko, Nafarroako Gobernuaren bost haur-eskoletako bakar batean ere euskarazko eskaintzarik ez dagoela azpimarratuz.
Kexa jaso ondoren, erakunde honek Eskubide Sozialen Departamentura jo zuen, gai horri buruzko informazio eske.
Jaso genuen txostenak honela dio:
Era berean, Pertsonen Autonomiarako eta Garapenerako Nafarroako Agentziaren Estatutuak onartzen dituen irailaren 3ko 172/2015 Foru Legearen 25. artikuluak ezartzen du erakunde autonomo horren mende egongo direla Nafarroako Gobernuaren haur-eskolak, eta haiek antolatzea eta koordinatzea ere erakunde horri dagokiola.
Horren haritik, aipatutako irailaren 3ko 172/2015 Foru Dekretuaren 21.2 artikuluak haur-eskola horien kudeaketa Familiaren eta Adingabeen Zuzendariordetzari esleitzen dio.
Agerian geratu den moduan, Eskubide Sozialen Departamentuaren mendeko Iruñeko haur-eskoletako euskarazko irakaskuntzaren eskaintzarekin du zerikusia kexak.
Horren haritik, kexaren egileak azaltzen du udalerri horretan hamazazpi haur-eskola daudela, eta haietako hamabi Iruñeko Udalaren mendekoak eta bost Eskubide Sozialen Departamentuaren mendekoak direla. Era berean, […] andreak adierazten du Udalak euskarazko irakaskuntza eskaintzen duela haren haur-eskoletako lautan, eta, horretarako, banaketa geografiko homogenoaren irizpideari jarraitzen diola, eta, aldiz, Eskubide Sozialen Departamentuaren mendeko haur-eskola bakar batean ere ez dela euskarako irakaskuntzarik eskaintzen.
Euskarari buruzko abenduaren 15eko 18/1986 Foru Legeak funtsezko helburutzat ezartzen du euskararen berreskurapena eta garapena begiratzea Nafarroan, haren erabilera sustatzeko neurriak adieraziz, eta, zehazki esanda, kasu honi dagokionez, euskararen irakaskuntza bermatzea, borondatezkotasun-, mailakatze- eta errespetu-irizpideei jarraituz, Nafarroako errealitate soziolinguistikoaren arabera (1.2 artikulua).
Gainera, Foru Lege horrek euskara Nafarroako berezko hizkuntzatzat hartzen du, eta, horren ondorioz, herritar guztiek dute hizkuntza hori jakiteko, ikasteko eta erabiltzeko eskubidea (2.1 artikulua).
Horrez gain, botere publikoei beharrezko neurriak hartzeko betebeharra ezartzen die, hizkuntza dela-eta herritarrak diskriminatu ez daitezen (3.1 artikulua).
Euskararen irakaskuntzari dagokionez, 19. artikuluak aitortzen du herritar guztiek dutela irakaskuntza euskaraz izateko eskubidea (...) hezkuntza-maila desberdinetan, ondoko kapituluetan ezarritako eran; horrek Administrazio Publikoek beharrezkoak diren baliabide pertsonalak, teknikoak eta materialak emango dituztela, eskubide hori betetzeko (22. artikulua).
Zehazki, Nafarroako eremu mistoan, Iruñea dagoen eremuan, Foru Legeak bi aurreikuspen ezartzen ditu Administrazio publikoetarako, aplikagarriak direnak, ez betebehar gisa (erakunde honen ustez, ordez, betebeharrak dira), baina bai Eskubide Sozialen Departamenturako printzipio gisa Iruñeko bost haur-eskolaren ardura duen administrazioa den aldetik; aurreikuspen horiek euskara irakaskuntzan pixkanaka, progresiboki eta behar adina sartzea da, ikastetxeetan euskarazko irakaskuntza duten lerroak sartuz, hala eskatzen dutenetan, eta hezkuntza-maila ez-unibertsitarioetan euskara irakastea hala nahi duten ikasleei (25. artikulua).
Adierazitako eskubideen bermea segurtatu egin behar da, dagokion zerbitzuaren titulartasuna edozein dela ere. Horregatik, aztertutako kasuaren modukoetan, ezinbestekoa da zerbitzu bera ematen duten herri-administrazioen arteko koordinazioa.
Adierazi dugun moduan, Iruñean hamazazpi haur-eskola daude, eta haietako hamabi Iruñeko Udalaren mendekoak eta bost Eskubide Sozialen Departamentuaren mendekoak dira. 2016/2017 ikasturterako, Iruñeko Udalak haren mendeko lau haur-eskolatan eskaintzen du euskarazko irakaskuntza. Hala ere, Eskubide Sozialen Departamentuak ez du euskarazko irakaskuntzarik eskaintzen haren mendeko haur-eskola bakar batean ere.
Erakunde honek 12/1043 kexan adierazi zuen moduan, herritarrek Iruñean euskarazko irakaskuntza izateko duten eskubidea bermatzeko, hizkuntza horren irakaskuntzaren eskaintza modu homogeneoan banatu behar da hiriko auzoen artean. Gizarte- eta hezkuntza-zerbitzuetan nagusi izan behar duen printzipioarekin lotuta dago hori, herritarrek lana eta familia uztartzeko duten eskubidea estu lotuta dagoelako zerbitzu horiekin.
Iruñearen kasuan, gainera, Eskubide Sozialen Departamentuaren mendekoak diren bost haur-eskoletatik, lau haur-eskola Iruñeko Udalaren eskaintza iristen ez den auzoetan daude, eta, beraz, argi dago bi administrazioen jarduera eta eskaintza koordinatu egin behar dela.
Bestalde, zerbitzuaren prestazioa optimoa izan dadin, inplikatutako administrazioen lankidetza aktiboa behar da, zerbitzuaren prestazioaren jarraipena egiteko burututako analisiak, azterketak edo inkestak partekatzeko.
Horretarako, kasu honetan, Nafarroako Gobernuak bere txostenean adierazten du haren mendeko haur-eskoletan euskarazko lerro bat sartzeko, aurrez eskariaren azterketa egin behar dela. Horri dagokionez, kexaren egileak adierazi du Iruñeko haur-eskoletan, matrikulatzeko aldian, Udalak, martxoan, haurren matrikulazioa egin zuten gurasoak inkestatu zituela, lehentasunezko hizkuntza-ereduari buruzko galderak eginez. Horregatik, Nafarroako Gobernuak Iruñeko haur-eskoletan euskararen eskariari buruzko azterketa gehiago egingo dituen edo dituen datuak baliatuko dituen alde batera utzita, erakunde honek Eskubide Sozialen Departamentuari gomendatzen dio Iruñeko Udalarekin partekatzeko gai horri buruz egiten dituzten analisiak, azterketak edo inkestak.
Horregatik, erakunde honen ustez egokia da Eskubide Sozialen Departamentuari gomendatzea Iruñeko Udalarekin koordinatu ditzala udalerri horretako haur-eskoletako euskarazko irakaskuntza-eskaintzak, hizkuntza horretako irakaskuntzaren eskaintza hiriburuko auzoetan modu homogeneoan banatzen dela bermatzeko, eta eskariarekin lotutako analisiak, azterketak edo inkestak partekatu ditzatela.
Horrenbestez, eta uztailaren 3ko 4/2000 Foru Legearen 34.1 artikuluak aitortzen dizkion eskumenekin bat etorriz, Nafarroako Foru Komunitateko Arartekoak beharrezkotzat jo du:
Eskubide Sozialen Departamentuari gomendatzea Iruñeko Udalarekin koordinatu ditzala udalerri horretako haur-eskoletako euskarazko irakaskuntza-eskaintzak, hizkuntza horretako irakaskuntzaren eskaintza hiriburuko auzoetan modu homogeneoan banatzen dela bermatzeko, eta eskariarekin lotutako analisiak, azterketak edo inkestak partekatu ditzatela.
Kontuan hartuz 4/2000 Foru Legea, uztailaren 3koa, Nafarroako Foru Komunitateko Arartekoari buruzkoa, eta Lege horren 34.2 artikuluarekin bat etorriz, bidezkoa da Eskubide Sozialen Departamentuari jakinaraztea, aginduzkoa denez, gehienez ere bi hilabeteko epean, gomendio hau onartu duen eta, hala bada, erabakia betetzeko zer neurri hartu dituen.
Lege-agindu horretan xedatzen denez, ukitutako administrazio publikoak arartekoaren gomendioa onartzen ez badu, erakunde honek erabaki dezake gai hori 2016. urteari dagokion urteko txostenean sartzea eta Nafarroako Parlamentuan azaltzea, jarrera hori izan duen administrazio publikoa berariaz aipatuz, baldin eta arartekoaren iritziz erabakia onartzea posible bazen.
Zure erantzunaren zain, adeitasunez,
Nafarroako Arartekoa
Francisco Javier Enériz Olaechea
Partekatu edukia