Bilaketa aurreratua

Ebazpenak

Nafarroako Arartekoaren ebazpena (Q16/225), Imotzeko Udalari gogorarazteko langabezian dauden pertsonak kontratatzeko hautaketa prozesuetan berdintasuna, merituak eta gaitasunak aintzat hartu behar direla (baloratuko diren alderdiei dagozkien modulazioetan kalterik eragin gabe), eta hautaketa esparru horretan hartzen diren erabakiekin bat etorri behar dela, hautatuei kategoria desberdinetako funtzioak esleitzerako orduan ere (hau da, peoi edo ofizial izango diren). Era berean, gomendatzen zaio kexa eragin duen hautaketa prozesuan egindako jardunak atzera eraman ditzan eta ofizial lanposturako kontratatuko den pertsona aukeratzeko irizpide objektiboak ezarri eta aplika ditzan.

2016 maiatza 31

Enplegu publikorako sarbidea

Gaia: Desacuerdo con desempate utilizado en contratación de personal.

Funtzio publikoa

Imotzko Alkatea

Alkate jauna:

  1. 2016ko apirilaren 27an, […]ren idazkia jaso zuen erakunde honek. Horren bidez, kexa jarri zuen Imotzeko Udalaren aurrean, langabetuak hautatzeko prozedura bat dela-eta, bere puntuatze berbera zuen beste izangai bati esleitu baitzioten ofizial lanpostua, prozeduraren oinarrietan ezarritako irizpiderik jarraitu gabe.
  2. Jarraian, erakunde honek Imotzeko Udalera jo zuen, planteaturiko gaiari buruzko informazioa eskatzeko.

    2016ko maiatzaren 18an, udalaren informazioa sartu zen. Administrazio-espedienteko dokumentazioa bidali ziguten.

  3. Islatu den bezala, Imotzeko Udalak, udalerrirako interesekoa den proiektu bat exekutatze aldera, langabetuak hautatzeko deitu duen prozesu bati buruzkoa da kexa.

    Udalak ofizial lanpostua kexagileak adina puntu (85 puntu, izangaiei ematen zaien gehieneko puntuatzea) dituen izangai bati esleitzea erabaki duelako aurkeztu du kexa.

    Beste izangaiak jorratuko den proiektua ezagutzen duela adieraziz oinarritu du Imotzeko Udalak erabakia (2016ko apirilaren 7ko akordioa).

    Kexagilea ez dago erabakiarekin ados, eta adierazi du berdinketa hausteko orduan ez dela hautapen prozeduraren oinarrietan aurreikusitako irizpiderik aplikatu, eta gaineratu du ofizial lanpostua betetzeko gai dela.

  4. Berdintasun, merezimendu eta gaitasun printzipio orokorren mende dago Nafarroako herri-administrazioen zerbitzurako langileen hautapena, horiek gidatzen baitute funtzio eta enplegu publikoetarako sarbidea.

    Aipatu prozedurari aplikatzekoak dira printzipio orokor horiek, albo batera utzi gabe hautapen prozesua berezia dela (langabetuei eta horiek lanean txertatzeari zuzendutakoa da, udalerrirako interesekoa den proiektu bat exekutatuz), eta espezialitate horrek modulazioak ekar ditzakeela balorazioko xede diren alderdiak zehazteko unean.

    Herri-administrazioaren jarduera gidatzen duen objektibotasun printzipioarekin bat egiten duten printzipio horien ondorioz, prozeduran aurretik ezarritako irizpide objektiboekin bat eginez egin behar da hautapena (esku artean dugun kasuan, merezimendu lehiaketa da, Imotzeko Udalak aurretik onartutako baremoari jarraiki).

    Irizpide objektibo horiek oinarritu behar dituzte hautapen prozeduraren azken ebazpen edo erabaki guztiak, bai, oro har, izangaiak kontratatzeari buruzkoak, bai hautatuko pertsonen artean kategoria anitzeko eginkizunak esleitzeari buruzkoak.

  5. Kexa eta Imotzeko Udalak bidalitako informazioa aztertuta, oinarritutzat jo behar da kexa, izan ere, ez dugu ikusi ofizial lanposturako hautapena aurretik ezarritako irizpide objektibo baten arabera egin denik.

    Espedientean jaso da lau langabetu hautatu zirela Imotzeko ondarea egokitzeko proiektua egiteko (onartutako baremoaren arabera, 85 punturekin bi kasutan, eta 75 punturekin beste bi kasutan).

    Era berean jaso da langile horietako hiru peoi gisa kontratatu zirela, eta bat lehen mailako ofizial gisa. Alabaina, ofizialaren hautapena ez zen aurretik ezarritako irizpide objektibo batean ere oinarritu, eta ebazpen egintzan aipamen bakarra jaso da -orokorra, eta, erakunde honen ustez, urria-, hau da, izangaiak proiektua ezagutzen duela baino ez da esan.

    Ofiziala hautatzeko aurretik ezarritako irizpiderik ez egoteaz gain -irizpideak modu orokorrean mintzatu dira hautapenaz, ezer zehaztu gabe goi-mailako kategoriarako-, baremoko irizpideak aplikatuz, kexagileak eta hautatuak berdindu egin zuten (85 puntu), eta, era berean, lehenengoaren curriculumean 1994tik ofizial lanetan aritu dela jaso da. Inguruabar horiek kexa indartu dute, horien bidez babestu baitaiteke ez zegoela arrazoi objektiborik beste izangai bat hautatzeko ofizial lanposturako.

  6. Horrenbestez, eta Nafarroako Foru Komunitateko Ararteko erakundearen uztailaren 3ko 4/2000 Foru Legearen 34.1. artikuluak esleitu dizkidan ahalmenekin bat eginez, beharrezkoa ikusi dut:
    1. Imotzeko Udalari gogoraraztea berdintasun, merezimendu eta gaitasun printzipioak behatu behar dituela langileak hautatzeko prozeduretan, baita langabetuak kontratatzeko prozeduretan ere (balorazio xede diren alderdietan egon daitezkeen modulazioak bazter utzi gabe), eta eremu horretan hartzen diren erabaki guztietan jardun behar duela horrela, baita hautatuen artean kategoria ezberdineko funtzioak esleitzeko orduan ere (esku artean dugun kasuan, peoi edo ofizial).

       

    2. Imotzeko Udalari gomendatzea atzera eraman ditzala kexa arrazoitu duten hautapen prozedurako jarduerak, eta irizpide objektiboak ezar eta aplika ditzala pertsona bat ofizial gisa kontratatzeko orduan.

Nafarroako Foru Komunitateko Arartekoaren uztailaren 3ko 4/2000 Foru Legearen 34.2. artikuluari jarraiki, egokia da Imotzeko Udalak gehienezko bi hilabeteko epean adierazi dezala, aginduzkoa baita, legezko betebeharrei buruzko gogorarazpen hau onartzen duen ala ez, eta, hala balitz, baita betebeharrak betetzeko hartutako neurriak onartzen dituen ala ez adieraz dezala ere.

Legezko agindu horretan ezarritakoarekin bat etorriz, gogorarazpena edo gomendioa ez onartzeak kasua Nafarroako Parlamentuari azalduko zaion urteroko txostenean, 2016. urteari dagokionean, sartzea ekarri ahal izango du, eta berariaz aipatuko da aldeko jarrerarik eduki ez duen administrazioa, aldeko jarrera edukitzea posible zela uste denean.

Zure erantzunaren zain, adeitasunez agurtzen zaitu,

Nafarroako Arartekoa

 

Francisco Javier Enériz Olaechea

Partekatu edukia