Partekatu edukia
Hirigintza eta Etxebizitza
Gaia: Imposibilidad de construir en parcela.
Hirigintza
Etxarri Aranazko alkate andrea
Alkate andre hori:
2009ko abuztuaren 31n, erakunde honek […] jaunaren idatzi bat jaso zuen, eta idatziaren bidez eskatzen zuen 10. Egikaritze Unitateko lursaileko hirigintza-jarduketaren sistema alda zezatela Etxarri Aranazko Arau Subsidiarioetan.
Kexa horren ondorioz, Q09/569 espedientearen tramitazioa abiarazi zen, eta 2010eko urtarrilaren 4an amaitu zen, gaia konpontzeko bidean zegoela jota. Zehazki, auziaren aldeen arteko aurreakordio bat izan zen, 2009ko azaroaren 19an egindako bileraren ondoren.
2016ko apirilaren 26an, erakunde honek […] andrearen idatzi bat jaso zuen, 2009ko azaroaren 19ko akordio haren ondoren inolako jarduketarik ez zela egin jakinarazten zuena. Horrez gain, azaltzen zuen, lursaila urbanizatzeko ezintasuna dela-eta, hirigintza-jarduketako sisteman akordiorik lortu ez izanagatik, ezin zutela etxebizitza bat eraiki lursail hartan.
Kexa jaso ondoren, erakunde honek Etxarri Aranazko Udalera jo zuen, gai horri buruzko informazio eske.
Jaso genuen txostenak honela dio:
“Udalak tramiteak abiarazi ditu sistema aldatzeko, udal-abokatuaren txosten bat oinarri hartuta; borondatezko birpartzelaziotik konpentsaziora 2012ko apirilaren 26an.
Alegazioak aurkeztu ondoren eta haiek beste aldeari helarazi ondoren, Udalak horri buruzko akordiorik hartu baino lehen, Udalak espedientea geldiarazi zuen, zati txikienak ahoz jakinarazi ondoren ez zuela interesik urbanizazio-lanak egiteko, haren kostuagatik.
Egungo eskaera ikusita, Udala […] andrearekin bildu da eta urriaren 27an bi jabeekin bilduko da, unitatearen garapenean zer interes duten jakiteko, aldeen arteko komunikazioa eta aurretiko jarrera aztertzeko, eta haietako batek urbanizatzeko asmoa badu, jakinarazteko Udala prest dagoela gauzatze-sistema gauzatze publikoko sistemara aldatzeko”.
Agerian geratu denez, kexaren egilearen gurasoen jabetzakoa den lursailaren hirigintza-jarduketaren sistema aldatzeko Etxarri Aranazko Udalaren jarduerarik ezak interesdunari sortu dion egoerarekin lotuta dago kexa, eta horrek lursaila urbanizatzea eta bertan etxebizitza bat eraikitzea eragotzi dio.
Etxarri Aranazko Udalak, bere aldetik, hirigintza-jarduketako sistema pribatua (borondatezko birpartzelazioa) egikaritze-sistema publikora aldatzeko prestasuna adierazi du.
Lurraldearen antolamenduari eta hirigintzari buruzko (aurrerantzean, LAHFL) abenduaren 20ko 35/2002 Foru Legearen 156. artikuluaren hirugarren atalak hau ezartzen du: Jarduketa pribatuko sistema bat ez bada ari garatzen planeamenduan edo egikaritze-unitatearen zehaztapenetan laga, berdinbanatu edo urbanizatzeko betebeharrak betetzeko ezarritako epeen arabera, administrazioak erabaki beharko du, bere kabuz, edo kasuan kasuko, sistemaren arabera horretarako eskubidea duten partikularrek eskatuta, jarduketa sistema horren ordez jarduketa pribatuko beste bat, egikaritze-unitatearen garapena betetzea bermatuko duena, edo jarduketa-sistema publiko bat ezartzea, 1. idatz-zatian xedatutakoaren arabera.
Kexaren xede den Etxarri Aranazko 10. Egikaritze Unitatearen kasuan, egiaztatuta geratu da udalerri horretako Udalak Egikaritze Unitatearen urbanizazio-proiektua 2007ko maiatzaren 16an onartu zuela, eta 2009ko maiatzaren amaiera aldera, kexaren egilearen aitak konpentsazioko sistema pribatua lankidetzako sistema publikora aldatzea eskatu zion Udalari, hori baita, gainera, udalerriko Egikaritze Unitate gehienetan aplikatzen dena.
Beraz, kexaren egilearen aitak jarduketa-sistema aldatzeko eskaera egin zuenetik zenbat denbora pasatu den ikusita (zazpi urte baino gehiago), agerikoa da Etxarri Aranazko 10. Egikaritze Unitaterako aurreikusitako borondatezko birpartzelazioko jarduketa-sistema pribatua garatzea ezinezkoa dela, eta, beraz, egokia litzateke LAHFLren 156.3 artikuluan ezarritakoa aplikatzea eta aurreikusitako jarduketa-sistema sistema publiko batez ordezkatzea.
Horren haritik, Etxarri Aranazko Udala, kexa dela-eta igorritako txostenean, prest agertzen da 10. Egikaritze Unitaterako aurreikusitako gaur egungo hirigintza-jarduketaren sistema, borondatezko birpartzelaziokoa, jarduketa publikoko sistema batez ordezkatzeko.
Konstituzioaren 103.1 artikuluak ezartzen du Administrazio Publikoen jardutearen oinarrizko hastapenetako bat jardutearen eraginkortasunaren printzipioa dela. Printzipio hori Sektore Publikoaren Araubide Juridikoaren urriaren 1eko 40/2015 Legearen 3.1 artikuluan garatu da, eta Nafarroako Tokiko Administrazioari buruzko uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legearen 1. artikuluan. Eraginkortasun-printzipioak, prozeduraren planoan, prozedurak bizkortasunez, arrazoizko epe baten barruan eta bidegabeko luzapenik gabe ebaztea eskatzen du, eta hiritarrek administrazio egokia izateko eskubidearekin lotuta dago, haien gaiak arrazoizko aldi batean konpontzeko.
Erakunde honek aitortzen du Etxarri Aranazko Udalak agertutako prestasuna kexaren egilearen gurasoen lursaila dagoen Egikaritze Unitaterako aurreikusitako jarduketa pribatuko sistema publiko batez ordezkatzeko. Hala ere, erakunde honen ustez, beharrezkoa da Udal horri gomendatzea, LAHFLren 156.3 artikuluan ezarritakoa eta eraginkortasunaren printzipioa aplikatu ditzala, eta aipatutako aldaketa onartzeko beharrezko izapideak arindu ditzala, eta egikaritze-unitatea ahalik azkarren gauzatu dezala.
Horrenbestez, eta uztailaren 3ko 4/2000 Foru Legearen 34.1 artikuluak aitortzen dizkion eskumenekin bat etorriz, Nafarroako Arartekoak beharrezkotzat jo du:
Etxarri Aranazko Udalari gomendatzea 10. Egikaritze Unitaterako aurreikusitako jarduketa-sistema pribatua jarduketa-sistema publiko batez ordeztea onartzeko izapideak arindu ditzan, eta unitate horren egikaritzea arindu dezan.
Kontuan hartuz 4/2000 Foru Legea, uztailaren 3koa, Nafarroako Foru Komunitateko Arartekoari buruzkoa, eta Lege horren 34.2 artikuluarekin bat etorriz, bidezkoa da Etxarri Aranazko Udalari jakinaraztea, aginduzkoa denez, gehienez ere bi hilabeteko epean, gomendio hau onartu duen eta, hala bada, erabakia betetzeko zer neurri hartu dituen.
Lege-agindu horretan xedatzen denez, ukitutako administrazio publikoak arartekoaren gomendioa onartzen ez badu, erakunde honek erabaki dezake gai hori 2016. urteari dagokion urteko txostenean sartzea eta Nafarroako Parlamentuan azaltzea, jarrera hori izan duen administrazio publikoa berariaz aipatuz, baldin eta arartekoaren iritziz erabakia onartzea posible bazen.
Adeitasunez, zure erantzunaren zain geratzen naiz,
Nafarroako Arartekoa
Francisco Javier Enériz Olaechea
Partekatu edukia