Bilaketa aurreratua

Ebazpenak

Nafarroako Arartekoaren ebazpena (Q15/9); horren bidez, Iruñerriko Mankomunitateari iradokitzen zaio, Iruñeko San Kristobal kaleko 42. zenbakian dagoen eskualdeko hiri garraio zerbitzuko 7. lineako geldialdiari dagokionez, motorra gelditzeko konpromisoa betearazteko neurriei kalterik eragin gabe, neurri osagarriak baloratu ditzala, etxe inguruan jasaten den zarata murrizteko asmoz.

2015 otsaila 25

Energia eta ingurumena

Gaia: Molestias por ruido que una línea de autobuses origina diariamente en una vivienda.

Ingurumena

Iruñerriko Mankomunitateko lehendakaria:

Lehendakari jauna:

  1. 2015eko urtarrilaren 9an […] jaunak aurkeztutako idazkia jaso nuen. Bertan, Iruñerriko Mankomunitatearen gaineko kexa bat planteatu zidan, autobusen 7. lineak bere etxebizitzan sortzen dituen zaraten ondorioz.

    Idazkian, honakoa azaldu zidan:

    1. Autobusen 7. linea San Kristobal kaleko 42. zenbakian geratzen da eta bertan etxebizitzak daude (geltokitik bi metrora, kexaren egilea bertan bizi baita).

    2. Egunero-egunero, autobusek geltoki horretan erregulatzen dituzte ordutegiak, martxan dauden motorrek egiten duten zaratarekin. 6:45ean eta 22:30ean, gutxi gorabehera, erregulazio horiek askoz luzeagoak dira.

    3. Bi seme-alaba dituzte, sei eta lau urtekoak, eta behin baino gehiago esnatzen dira autobusen zaratagatik.

    4. Hainbat aldiz proposatu dio Mankomunitateari geltoki hori aldatzeko eta hiru geltoki aurrerago kokatzeko, bertan ez baitago etxebizitzarik. Dioenez, Irabia Ikastetxearen ondoan, zelai handi bat dago, geldialdiak erregulatzeko, zaraten ondoriozko eragozpenik sortu gabe.
    5. Hainbat aldiz zuzendu da Mankomunitatearengana, baina, gaur arte, oraindik ez da arazoa konpondu.

      Hori dela eta, Mankomunitateak beharrezko neurriak har ditzala eskatu zuen, San Kristobal kaleko 42. zenbakian 7. linearen geltokitik hurbil dauden etxebizitzetan zarata arazoak konpontzeko.

  2. Ondoren, Iruñerriko Mankomunitatera jo nuen, aipatutako gaiari buruzko informazioa eskatzeko.

    2015eko otsailaren 9an, txostena jaso nuen Mankomunitatearen eskutik eta kexa espedientean sartuta ageri da.

  3. Azaldu denez, 7. lineako autobusek egiten duten zaratagatik aurkeztu da kexa, interesdunaren bizilekutik oso hurbil baitaukate geltokia (San Kristobal kalea, 42. zenbakia). Etxebizitzan egiten den zarata horren jatorria, etxebizitzaren eta geltokiaren arteko hurbiltasunaz gain, geltoki horretan autobusen ordutegia erregulatzeko egiten diren jarduerak dira. Izan ere, ibilgailua gelditu eta motorra martxan egoten da denbora luzez.

    Iruñerriko Mankomunitatearen txostenean gai honetan egindako jarduerak azaltzen dira eta, dioenez, arazoa ez da motorren geldialdia soilik, baizik eta leku horretatik, San Kristobal kalea Txantrea eta Orvina auzoetako arteria nagusietako bat izanik, orduro hamazazpi autobus inguru pasatu eta geratzen direla. Jakinarazi zaigunez, enpresa emakidadunari zigor espediente bat ireki zaio, motor geldialdien betebeharra urratu duelako.

  4. Herri administrazioen ardura da hiritarrak gehiegizko zaraten aurrean babestea, batez ere beren etxeetan, eta, beraz, eremu horretan horiek saihesteko neurriak zorroztu egin behar dira, zaratei aurre egiteko. Ardura horri dagokionez, tokiko erakundeek, toki araubidearen legediak ematen dizkion eskumenez baliatuz, eragozpenak sor ditzaketen jarduerak baimentzen dituztelako edo zerbitzu publikoen titular direlako, berebiziko zeregina dute.

    Kasu honetan, kontuan hartuta egoera honen ezaugarri bereziak- zehazki, kexan aipatu den geltokia etxebizitzatik oso gertu dagoela-, Iruñerriko Mankomunitateak geldialdi konpromisoa urratzeagatik har ditzakeen zigor neurriei kalterik eragin gabe, eta edonola ere konpromiso hori zaintzeko ezartzen diren jarduerei kalterik eragin gabe, erakunde honi beharrezkoa iruditu zaio honakoa iradokitzea:

    1. Aipatu geltokiaren kokapena aldatzeko aukera baloratu dadila, hala, etxebizitzetarako irisgarritasuna edo hurbiltasuna galdu gabe, logikoki halako zerbitzu publiko batean beharrezkoa baita, etxebizitza horien gertutasuna murriztu dadin.

    2. Edonola ere, lineako ordutegien erregulazio geldialdia (ibilgailuak luzaroan geratuta baitaude hor) beste leku batean egin dadila, interesdunak adierazitakoa egokia izan daitekeelarik, ez baitago etxebizitzarik hain hurbil.

Ondorioz, eta Nafarroako Foru Komunitateko Arartekoaren uztailaren 3ko 4/2000 Foru Legeko 34.1 artikuluak egozten dizkidan eskumenez baliatuz, honakoa proposatu dut:

Iruñerriko Mankomunitateari iradokitzea, Iruñeko San Kristobal kaleko 42. zenbakian dagoen eskualdeko hiri garraio zerbitzuko 7. lineako geldialdiari dagokionez, motorra gelditzeko konpromisoa betearazteko neurriei kalterik eragin gabe, neurri osagarriak baloratu ditzala, etxe inguruan jasaten den zarata murrizteko asmoz.

  1. Egungo geltokiaren kokapena aldatzea, etxebizitzen gertutasuna murrizteko, erabiltzaileentzako irisgarritasuna zaintzeari kalterik eragin gabe.

  2. Lineako ordutegiak erregulatzeko geldialdia beste toki batean kokatzea, etxebizitzetatik urrunago dagoen toki batean egin dadin.

Nafarroako Foru Komunitateko Arartekoaren uztailaren 3ko 4/2000 Foru Legeko 34.2 artikuluaren arabera, Iruñerriko Mankomunitateak gehienez ere bi hilabeteko epean adierazi beharko du iradokizun hau onartzen ote duen eta, hala badagokio, berau betetzeko zein neurri hartu dituen.

Lege testu horretan ezarritakoaren arabera, iradokizun hori onartzen ez bada, kasua 2014. urteko txostenean sartu ahalko da, ondoren Nafarroako Parlamentuan azaltzeko, eta berariaz adieraziko da administraziok ez duela aldeko jarrerarik erakutsi, hala jokatzea posible izan arren.

Zure erantzunaren zain, jaso agur bero bat.

Nafarroako Arartekoa

Francisco Javier Enériz Olaechea

Partekatu edukia