Partekatu edukia
Hirigintza eta Etxebizitza
Gaia: Denegación de solicitud de colocación de pancartas en fachada.
Hirigintza
Erriberriko alkatea
Alkate jauna:
______________________________________________________________
Kultura, Turismo eta Erakunde Harremanetako Departamentuko kontseilaria
Kontseilari jauna
Jarraian Erriberriko Udalera eta Kultura, Turismo eta Erakunde Harremanetako Departamentura jo nuen, auzi honetan esku hartu dutenez, eta sortutako auzi horren berri emateko eskatu nien.
Herri Administrazio horiek txostenak egin zituzten, eta txosten horiek kexa-espedienteetan sartu dira.
Interesdunek aldarrikapen-pankarta bat jarri nahi zuten –ez zeuden ados Erriberriko Udalaren hirigintza-jarduketa batekin- haien etxebizitzen fatxadetan, eta kexa horiek asmo horrekin dute zerikusia.
Hori jakinda, Erriberriko Udalak –bitartean Kultura, Turismo eta Erakunde Harremanetako Departamentuak txostena egin zuen, eta udalaren irizpidearekin bat eginez pankartak jartzea bidezkoa ez zela esan zuen– pankarta horiek jartzea eragozteko administrazio-egintzak agindu ditu; pankartak jartzeko hirigintza-lizentzia behar dela ezarri du, lizentzia hori ukatu du eta legeria berrezartzeko jarduketak egin ditu (kasu batean isun hertsatzaileak jarri zituen).
Erakunde honen ustez, kexan aipatzen diren pankartak haien jabetza pribatuaren fatxadetan jartzea aldarrikapen, protesta edo kritika egiteko (pankarta horiek tokian interesa duen hirigintza-auzi bati buruzkoak dira, eta auzi horrek kexaren egileei zuzenean eragiten die), herritarren ekintza bat da, eta ekintza hori adierazpen-askatasunerako funtsezko eskubideak babesten du (Konstituzioaren 20. artikulua). Adierazteko modu hori eta protestarako bide hori gure gizarte-ingurunean onargarria da, eta gainerako pertsonen eskubideekin errespetuz jokatuz gero, mezuaren edukiarekin ados egon zein ez, ez dago zertan aurretiazko baimenik eman behar.
Beste ikuspuntu batetik, herritarren ekintza horrekin jabetza pribaturako eskubidea erabili da (pankartak etxebizitzetan jartzen dira), eta ekintza horrek ez du eskubide horren gizarte-eginkizunaren aurka egiten (hirigintzako edo kulturako legeriak jartzen dituen mugen oinarria bera gizarte-eginkizun hori da).
Lurraldearen antolamenduari eta hirigintzari buruzko abenduaren 20ko 35/2002 Foru Legearen 189.1 artikuluak hirigintza lizentzia behar duten egintzak ezartzen ditu, adibidez bide publikotik ikus daitezkeen kartelak jartzea, betiere lokal itxietan ez badaude. Lizentziaren eskakizun hori bere xedearen arabera interpretatzen badugu (hirigintza arloko kontrola ezartzea, egindako ekintzen ondorioen arabera, lurzoruaren eta eraikinaren erabilera gogoan hartuta, babestu beharreko konstituzio-eskubideak ez urratzeko), ondorioztatu behar dugu eskakizun horrek ez duela balio eraikuntza-elementuetan jartzen den edozein karteletarako, kontuan hartu gabe zein ezaugarri edo xede duten, edo bertan geratzeko asmoz jarri diren, edo beste elementu bereizgarriren batzuk dituzten; aitzitik, hirigintzako legeriak edo, bidezkoa bada, kultur legeriak lortu nahi dituen balioen aurka doazen karteletarako balio du.
Erakunde honen ustez, ez da hori gertatzen kexaren xede diren pankartekin. Pankarta horiek protesta-ekintza gisa agertzen dira, ez dira jarri bertan irauteko, eta ez dute fatxada eraldatzen nabarmenki edo hirigintza edo kultur arloko balioak arriskuan jartzeraino; gainera, fatxada eraldaketa hori ez doa onargarria edo arrazoizkoa denaz harago, kontuan hartuta babesteko moduko beste eskubide edo interes batzuk ere daudela, ponderazio-judizioa eginez.
Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiak ekainaren 1eko 805/2001 epaian, uztailaren 5eko 968/2001 epaian eta uztailaren 28ko 1051/2001 epaian bide publikoko fatxadetan kartelak itsasteagatik administrazio-zehapenak ezarri izana aztertu zuen, eta epai horietan zera ondorioztatu zuen: bide publikotik ikus daitezkeen kartelak jartzeko hirigintza lizentzia behar izatea, Administrazioak dioen hori, ez da titulu nahikoa gertakari horiengatik zehapena ezartzeko.
Irizpide horietatik kasu honi dagokionez zera ondorioztatzen da: jartzen diren kartel guztiak ez dira sartzen Erriberriko Udalak hirigintza-lizentzia eskatzeko aipatzen duen legezko suposamenduan.
Gehiago esatearren, kontuan hartu ahal dugu duela gutxiko 5/2015 Foru Legea, Nafarroan hirigintza iraunkorra, hiri-berrikuntza eta hirigintza-jarduera laguntzeko neurriei buruzkoa, Lurraldearen Antolamenduari eta Hirigintzari buruzko abenduaren 20ko 35/2002 Foru Legea aldatzen duena.
Lurraldearen Antolamenduari eta Hirigintzari buruzko Foru Legeari ematen dion idazkeraren arabera, 189.2 artikuluak hirigintza-lizentzia behar duten egintza batzuk jasotzen ditu, eta horien artean jada ez dago kartelak jartzea. Beste alde batetik, 189.ter. artikuluak, erantzukizunpeko aitorpena edo aurretiazko komunikazioa behar duten egintzei buruz, d) letran bide publikotik ikusgarriak diren publizitate kartelak aipatzen ditu.
Erakunde honen iritziz, Lurraldearen Antolamenduari eta Hirigintzari buruzko Foru Legearen duela gutxiko aldaketan legegileak bide publikotik ikusgarriak diren publizitate kartelak jartzea hirigintza-lizentziaren eskakizunetik salbuetsi izana, eta esku-hartze txikiagoa dakarren erantzukizunpeko aitorpenaren edo aurretiazko komunikazioaren araubidean publizitate kartelak aipatu izana, arestian azaldu denaren indargarri da: jartzen diren kartel guztiak edo, kasu honetan gertatu den bezala, pankarta guztiak ez daude hirigintza-lizentzia baten mendean, eta ezaugarriei, xedeei eta gainerako elementu bereizgarriei erreparatu beharko zaie.
Laburbilduz, kexaren jatorrian dagoen auzia, pankartak jartzea, adierazpen askatasunerako eskubidea modu onargarri batean baliatzea da, askatasun hori baliatzeko beste bide batzuei kalterik egin gabe, eta gainera jabetza pribaturako eskubidea ere baliatu da; bada, eskubide horien gizarte-eginkizuna edo hirigintzako edo kulturako legeria edo historia eta arte arloko legeria ez doaz herritarren halako ekintza baten aurka.
Horregatik gomendatzen da kexaren xede diren administrazio-jarduketak ondoriorik gabe utz daitezela.
Ondorioz, eta Nafarroako Foru Komunitateko arartekoari buruzko uztailaren 3ko 4/2000 Foru Legearen 34.1 artikuluak eman dizkidan eskumenei jarraituz, ondoko hau beharrezkotzat jo dut:
Erriberriko Udalari eta Kultura, Turismo eta Erakunde Harremanetako Departamentuari gomendatzea ondoriorik gabe utz ditzatela kexaren egileek haien etxebizitzen fatxadetan aldarrikapen-pankartak jartzeko duen asmoa zuzenean edo zeharka eragozteko edo oztopatzeko agindutako egintzak. Pankarta horietan, kexaren egileek udalaren hirigintza-jarduketa bat aipatzen dute, haien ustez kalte egin dielako.
Nafarroako Foru Komunitateko arartekoaren uztailaren 3ko 4/2000 Foru Legearen 34.2 artikuluari jarraiki, Erriberriko Udalak eta Kultura, Turismo eta Erakunde Harremanetako Departamentuak gehienez bi hilabeteko epean jakinarazi beharko dute gomendio hori onartzen duten eta, bidezkoa izanez gero, hori betetzeko neurririk hartu duten.
Lege-agindu horretan ezarrita dagoenaren arabera, gomendioa onartzen ez bada, Nafarroako Parlamentuan aurkeztuko den 2015. urteko txostenean jasoko da kasua, eta beren-beregi aipatuko da zein Administraziok ez duen aldeko jarrera hartu, posiblea zela uste denean.
Zure erantzuna jasoko dugulakoan, jaso agur bero bat.
El Defensor del Pueblo de Navarra
Nafarroako Arartekoa
Francisco Javier Enériz Olaechea
Partekatu edukia