Bilaketa aurreratua

Ebazpenak

Nafarroako Arartekoaren Ebazpena (Q15/81). Haren bidez, Iruñerriko Mankomunitateari iradokitzen zaio kexaren egilearekin elkarlanean jarraitzeko lokalean dauden iragazketen jatorria detektatzen, egokiak diren neurriak hartuta.

2015 martxoa 24

Hirigintza eta Etxebizitza

Gaia: Falta de solución filtraciones de agua en un local.

Etxebizitza

Iruñerriko Mankomunitateko lehendakaria

Lehendakari jauna:

  1. […] jaunak aurkeztutako idatzi bat jaso nuen 2015eko otsailaren 10ean, eta hartan kexa adierazi zuen, bere lokalean iragazketa batzuk dituelako.

    12/1272 kexa espedientean eztabaidatutakoari jarraipena emateko aurkeztutako idatzi horretan (gai horri berari zegokion), interesdunak hau adierazi zuen:

    1. Aipatutako espediente horretan, Iruñeko Udalak eta Iruñerriko Mankomunitateak azaldu zuten iragazketa horien jatorria higiezinaren barnean dagoen kutxatila baten egoera izan zitekeela (lokalaren denda ostean), zehazki sotoaren sabaian, eta hura konpontzea jabeari zegokiola. Kutxatila irazgaitz bihurtzeko beharra adierazi zen, iragazketen beste arrazoi batzuk aintzat hartu ahal izateko.
    2. Bere aldetik, kutxatila konpondu zuen. Hala ere, ur iragazketak gertatzen ziren dendan. Igeltseroak lokalera joan zirenean eta pikotxarekin sotoaren sabaia zulatzen hasi zirenean, ohartu ziren iragazketen jatorria ez zegoela kutxatilan eta pentsatu zuten, beharbada, burdinazko hodietako baten pitzadurak izango zirela. Ondorioz, hodi haiek PVCzko batzuk jarrita ordeztu ziren.

      Gainera, ikusi zuten zurezko habe batzuk ustelduta zeudela eta, era berean, ordeztu edo konpondu egin zituzten.

      Eraberritze lan horien ondoren, minikamera bat infiltratu edo sartu zen, iragazketa gehiagorik bazegoen egiaztatzeko, eta ezetz ondorioztatu zen.

      Egiaztatzeko proba horiek egin bitartean Iruñerriko Mankomunitateko saneamendu arduraduna egon zen ([...] jauna).

    3. Aurrekoa gorabehera, iragazketa gehiago gertatu dira sotoko lurrean. Zulo bat egin zen kutxatila berri bat kokatu ahal izateko. Etengabe betetzen da urez eta denbora guztian aritu behar izaten da ura ateratzen.

      Aipatutako zulo hori maila bateraino baino ez da betetzen, eta ez du gainditzen sotoko lurra. Horrek iradokitzen du gainerako ura beste toki batetik iragaziko dela.

    4. Aipatutako konponketa lan horiek egin eta gero, Iruñerriko Mankomunitateko langileak zenbait alditan joan dira lokalera, bai argazkiak egiteko, bai laginak hartu eta minikamera bat sartzeko minetatik.

      Harremanetan egon da Iruñerriko Mankomunitateko saneamendu arduradunarekin, eta hark, 2014ko ekainean, jakinarazi zioen erregistro bat egitea erabaki zutela Txapitela kalearen 12.eko etxartean, lortutako emaitzaren arabera, zegozkion neurriak hartze aldera.

      Ez daki jarduketa horiek zertan diren.

    5. 2014ko azaroan Pintamonasko belenan dagoen mineta buxatu egin zen, eta, ondorioz, lokaleko sotoko lurrean dagoen kutxatilatik ur ugari atera zen, mugakide den lokalera eta hurbileko eraikinera iragazi zen, eta gertu dagoen etxabeetakoren bat urez bete zen. Arazo horren ondorioz baimena eskatu zuten ura ateratzeko ponpa bat jartzeko, eta eman zuten.

      Interesdunak, kexarekin batera, aipatu diren konponketa lanen faktura aurkeztu zuen, 8.191,70 eurokoa.

      Iruñerriko Mankomunitateari eskatu zioen kasua berrikus dezala eta begira dezala zein den lokalean gertatzen diren iragazketen jatorri zehatza.

  2. Ondoren, Iruñerriko Mankomunitatera jo nuen, kexaren berri emateko eta aipatu den kontu honi buruzko informazioa emateko eskatzeko.

    2015eko martxoaren 9an, eskatutako txostena jaso genuen eta kexaren espedienteari gehituta dago.

  3. Argi ikusi den moduan, […] jaunak bere lokalean dauzkan iragazketen ondorioz aurkeztu zen kexa, eta iragazketa horien jatorria ezin izan da zehaztu.

    Interesdunak azaldu du, aholkatu zizkioten zenbait lan edo jarduketa gauzatu baditu ere (Iruñeko Udalak eta Iruñerriko Mankomunitateak pentsatu zutelako iragazketak kutxatilaren egoerarekin lotuta egon zitezkeela), iragazketak berdin gertatu direla ondoren.

    Bere aldetik, Iruñerriko Mankomunitateak azaldu du laguntza ematen jarraitzen duela, nahiz eta kontuan izan behar den eraikineko jabeek izan beharko luketela irazgaitz bihurtzeko eta hura drainatzeko beharrezkoak diren bitartekoak jarri behar lituzketenak. Gehitu du, alde horretatik, arazo gehien eman ditzakeen inguruan mineta zehatz-mehatz aztertzeko, Mankomunitateak erabaki zuela erregistro bat eraikitzea, hartara, langileak bertan sartzeko eta mineta in situ edo tokian bertan aztertzeko. Zehazten duenez, erregistro hori etxarte partikular batean egin behar da eta oraindik ez dira lortu beharrezkoak diren baimenak.

  4. Erakunde honek, kasuaren aurrekariak eta interesdunak eta Iruñerriko Mankomunitateak adierazitakoa ikusirik, egoki eta bidezko ikusten du erakunde horri iradokitzea […] jaunarekin elkarlanean jarraitzeko, lokalean dituen iragazketen jatorria bilatu eta aurkitzeko, eta helburu horretarako beharrezkoak diren neurriak hartuta.

    Bereziki, jabetza pribatuko etxartean egitea aurreikusita dagoen erregistroaren baimenari dagokionez, hura jabeei dagokie. Edonola ere, beharrezkoa da ohartaraztea, ur iragazketek jabeei dagozkien erabilera, kontserbatze eta berritze legezko betebeharretan duten eraginaren ondorioz, egoera horren berri eman dakiokeela Iruñeko Udalari, gauzatzeko agindu bat igortzea baliozta dezan.

  5. Ondorioz, eta 4/2000 Foru Legeak, uztailaren 3koak, Nafarroako Foru Komunitateko Arartekoari buruzkoak, 34.1 artikuluan, egozten dizkidan ahalmenen arabera, egoki eta bidezko jo dut:

    Iruñerriko Mankomunitateari iradokitzea kexaren egilearekin elkarlanean jarrai dezala lokalean dituen iragazketen jatorria detektatzen, egokiak diren neurriak hartuta.

4/2000 Foru Legearen, uztailaren 3koaren, Nafarroako Foru Komunitateko Arartekoari buruzkoaren, 34.2 artikuluaren arabera, egokia da Iruñerriko Mankomunitateak jakinaraztea, egokia edo bidezkoa den moduan, gehienez ere bi hilabeteko epean, iradokizun hau onartzen duen edo ez, eta, hala bada, betetzeko hartutako neurriak zein diren.

Legezko agindu horretan jasota dagoenarekin bat eginez, iradokizuna ez onartzeak ekarri ahal izango du 2015eko urteko txostenean sartzea kasua. Nafarroako Parlamentuan azalduko da, eta berariaz aipatuko da aldeko jarrera azaldu ez duen administrazioa, jarrera hori izatea posible zela uste bada.

Zure erantzunaren zain, adeitasunez,

Nafarroako Arartekoa

Francisco Javier Enériz Olaechea

Partekatu edukia